Eduardo Estevezen poesia
Osteguna, 2016-10-27Aste honetan "Literatur Amuak" egitaraua antolatu dute Ondarroan. Larunbatean (urriaren 29an, 12:15ean) "Todos os mares o mar. Galizierazko poesia" emanaldia egingo da, galizieraz, euskarazko azpitituluekin. Galiziako lau idazlek hartuko dute parte bertan, haien artean amu honetan protagonista duzuen Eduardo Estevez. Iñigo Astizek euskaratu ditu jarraian irakurri ditzakezuen poemak.
Eduardo Estévez (Buenos Aires, 1969). Argentinan eta Venezuelan eman zuen gaztaroa, eta bere ibilbideko lehen idatzitako bi liburuak gazteleraz argitaratu bazituen ere, 1998an Só paxaros saíron desta boca liburuaz geroztik galizieraz idatziko ditu bere lanak. Bederatzi poema liburu argitaratu ditu, guztira. Paperean batzuk, eta webgunerako formatuan beste batzuk. Letra de Cal eta Retagarda Edicions argitaletxeen sortzaile, literatur ikastaro eta tailerrak ematen ditu eskola eta liburutegietan.
Ondoan eseri zitzaion
autobusera igotzean ikusi
eta bertan esertzea erabaki zuen
lekua libre zegoelako
eta neska gaztea zelako eta eder
zirudielako aurpegi erdia estaltzen zion
ilearen atzean
baina ez zuen kontuan hartu leku hori
zela hain zuzen ere desegokiena
hari begiratu ahal izateko
biratu beharra zuen
era nahiko lotsagabean
gainera
neskak burua
apur bat okertuta zuen
irakurtzen zebilen libururantz eta ileak
aurpegia estaltzen zion justu
bere alderantz
eta beraz bidaian ordu
erdi edo hiru ordu laurden zeramatzanean
eskuetako azazkal
motz
eta esmalte transparentedunak
begi zeharka zaintzearekin
konformatu behar izan zuen
arkatz bat zeukan eta harekin
hartzen zituen oharrak orri ertzeetan
letra bizkor eta txikia zuen
miopiak galarazten zion
zer idazten zuen bereiztea
ordu
erdiz edo hiru ordu laurdenez eskuak begiratu zizkion
hatz finak
eta horrek neurrian
nolabait ere zoriontsu sentiarazi zuen
nolabait ere
triste
supituan neskak
begirada altxatzen du
aurpegia agerian utziz eta bera
itzuli eta begira gelditzen zaio
keinuari buruz
neskak egin dezakeen
interpretazioaren axolarik gabe
begirada garbia zuen eta lunarea
justu ezkerreko begiaren azpian
baina autobusa
heltzen ari zen mutilaren helmugara
eta zutitu egin zen
nahasi xamar gidatu zituen
bere urratsak aterantz
eta botoia sakatu zuen
gidariari adierazteko
hurrengo geldialdian
jaisteko asmoa zuela
Egunero esertzen da
alboko mahaian
kafea ordaindu ahalko zenioke
edo bere begiekin
poema bat idatzi
kafearekin amets egingo duzu
baina zure arimak hautatu ditu ja
poemaren ezinegon laburra
hura joaten ikustearen heriotza txikia eta
zure aurreko
katilu bakartia
tuñonen ametsak
tabernako mahai baten gainean
raul gonzalez tuñon poetak
fotogramak zabaltzen ditu
boedon pasatako haurtzaro batenak
(edo oroimeneko beste edozein
txokotakoak bestela)
pelikula horretan urperatutako kaleak daude
(ametsean venecia bilakatzen dira
eta noia edo fisterra deitzen dira)
baina akaso poetak nahasten ditu
bere aitaren historiekin
beste nostalgia baten fikzioekin
zuri-beltzekoa da kontakizuna
eta itsasontziak ditu kaleetan
eta umeak murgilka eta korrika eta barrezka dabiltza
eta akaso atzealdean
lainoa sumatu daiteke
balea-portu bat
eta katxalote gorpuak
balea
bakar batek ere ez ditu
zubipetik pasatzen den ibaiko
urak sekula nabigatu
inoiz noria bat egon zen
baina orain izena baino ez da
eta egurrezko zaldietan
ez dabil ume tristerik
pianolak oihartzun egiten du harzolan
poetaren (asmatutako) oroitzapenetan
eta euriak
memoria urtzen du
uholdea jo eta errepikan hasten denean
magalhães
eta magalhães-i buruzko poema
zeina hasi baitzen munduari bira eman
eta espezien irletaraino iristen
oharkabean ailegatu zen
baleen lurrera
edo beren itsasora
esan behar nuke
negu lehorra zen
edo akaso ezin da
lurralde haientzako
bestelako oihalik imajinatu
imajinatu mundua mapek diotena
baino zabalagoa dela uste duzula
eta hartzen duzula itsasontzia
zeina txikia baita
ostertzarekin alderatuta
zein da zure ziurtasunaren neurria?
zein da ausardiaren eta zoriaren arteko muga?
imajinatu gizon txiki haren begiak
araucanía-ra iristerakoan
inmentsitate helkor hura guztia
irudika dezakezu
animalia haien aurrean
badia huts
eta bere
eta eder hartan
izua ala bakea
zer sortuko litzateke beren kantetatik?
baina magalhães-en patua
luzea zen oraindik
eta eutsi egin zion
ezohiko harmonia hari
eta bidaia ziurgabearekin jarraitu zuen
edo bere kemenaren muga
ikustatuko zuen akaso
izaki mugagabe haien aurrean
partitu zen
proa hegoalderantzago jarri zuen
bilatutako igarobidearen obesioan
topatu zuen
eta bere izena jaso zuen oinordetzan
eta pazifikoa izendatu zuen
muturrean zegoen ozeanoa
imajina ezazu gehiago ezinean
mundu ezagun osoa
gurutzatu ostean
eta ertzak inguratu eta gero
zer eta beste ostertz bat deskubritzea
are eta nekagarriagoa
aurre egin zion itsaso berri hari magalhães-ek
eta baita menpean hartu ere
baina halakorik jakin gabe hil zen
borrokaldiaren beroan
zeharkatu zuen lantzan
berriz entzun zuen
baleen kantua
hango hura
bere ostertza ote den
edo ez den
ziur jakiterik ez duenaren penarentzat
fondoko musika modura