Amuak

Eva Guerreroren “Destruccion mutua asegurada”

Asteazkena, 2016-02-10

Eva Guerrero dantzariak Destruccion mutua asegurada liburu-objektua plazaratu du. Bertan hiru dantza pieza eta bideodantza lan baten sormen prozesuetan sortutako materialak eta testuak bildu ditu, oholtza gaineko azken emaitzan ikus ahal izan direnak eta itzalean geratutakoak. Mugimendu baten pentsamendua irakurtzeko aukera ematen duen liburua.

Asko izaten dira sortze prozesu baten bazterrean geratzen diren materialak, modu autonomo batean balekoak direnean ere lan baten osotasunari begira erabili gabe geratzen direnak adibidez. Lan eszeniko bat sortzeko orduan nabarmena izaten da hori, talde lanarekiko talkan eraldatu, baztertu, birsortu egiten direlako material horiek, are gehiago lehengai testualak direnean. Hasieran testu bat zena begirada bat izaten amai dezake, metafora bat zena mugimendu bat, poema baten moduan abiatu zena esaldi bat edo hitz bat.

Hiru testu mota bildu ditu egileak liburu honetan: eszenan agertutako testuak, koreografiak sortzeko erabilitakoak, edo koadernoan geratutakoak. Haiekin batera bozetoak, eskemak, marrazki eszenikoak, lan kaieretan apuntatutako oharrak, irudiak, erreferentziak, planoak...

Era horretako materialak berreskuratu ditu Eva Guerrerok, eta haiekin izaera propioa duen lan berri bat sortu: Destruccion mutua asegurada. “Suntsipena” hitzaren definiziotik abiatuta, ikerketa egin zuen egileak lau urtez. hiru dantza pieza eta bideodantza lan bat, eta ondotik etorri da liburu-objektua, Doos kolektiboa bere taldeak autoeditatua, Happyending estudioaren diseinua eta Belleza Infinitaren zabalkundearekin. 2015ean abiatutako crowdfunding kanpaina bati esker plazaratu du liburua.

destruccion

Liburu-objektu hau harribitxia da, literatur lanen eremua gainditu eta arte liburuen estetika eta ildoetara lerratzen dena: letra tipoa, maketazioa, poemekin osaturik atxikitako separatak, liburuaren azala... guztiak iradokitzen du ez ohiko liburu baten aurrean gaudela. Dantza piezatan erabilitako eta ez erabilitako -aipatutako- poema eta testuekin batera gogoetak, mugimendu mapak, definizioak, poema bisualak, hitzak... irakurketa esperientzia bilakatzea lortzen du liburuak.

Gerra nuklearren mehatxuaren harira aipatu izan da historikoki “Destruccion mutua asegurada” horrek islatzen duen ideia, alegia, gatazka batean inplikaturiko bi aldeek gerra nuklearra hasiz gero alde guztien suntsipen ekidinezina aurreikusten dela. Eva Guerrerok pertsonen arteko harremanetara eraman du ideia hori, bikote lehiara, pertsonen arteko sentimenduen bulkadara.

Gorputzari atxikirik egindako bidaia, zeinean pertsonak diren protagonista. Mugimendu baten pentsamendua irakurtzeko aukera eskaintzen duen liburua.

IRAKURRI elkarrizketa EITBn

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)