Izet Sarajlic: Bosnia-Herzegovinako poeta
Asteazkena, 2013-09-25Izet Sarajlicen gerraren egunerokotik egin zuen poesia. Bere pasarte biografikoei estuki atxikirik, bonbek eta frankotiratzaileen begi-xedeek poemaren mugak zedarritzen zituzten unean. Sarajevoko setioan, Bosnia-Herzegovinan.
Noski, zaila da tabernan
bonbak erortzen diren bitartean
poemak idaztea.
Zailagoa den gauza bakarra ez idaztea da.
Izet Sarajlic (1930-2002) Bosnia-Herzegovinako poetarik ezagunenen artean topatuko dugu. Hogaita hamar poesia liburu baino gehiago idatzi zituen, hamabost hizkuntza baino gehiagotara itzuliak izan direnak ostera. Poeta, itzultzaile, saiakera egile, filosofo, gerraren baitatik poesia egiteari eutsi zion idazlea.
Material xumeak erabiltzen ditu Saraljic-ek bere poematan. Datu aurobiografiko zehatzak, hizkera garbia, poema osoa zeharkatzen duten irudi-sentsazio argiak, narratibaren elementuak poesian egoki paratzen dakien ahotsa. Poesiaren zauri-erronka nagusietako bat sendatzea lortu zuen haren eskuak: nola lortu autobiografikoa den hori unibertsal bilakatzea, edonoren pausaleku?
Sarajevoko setioaren hasieran idatzi zuen Sarajevo War Journal lana, “idatzi nahi izan ez nukeen liburu bakarra”. Granadako Valparaiso argitaletxeak eman berri du gazteleraz. Hemen dituzue zipriztin batzuk:
YUGOSLAVIA OHIKO LAGUNEI
Zer gertatu zaigu, lagunok?
Ez dakit zer egiten duzuen orain.
Zer idazten duzuen.
Norekin edan.
Zer liburu irakurri.
Ez dakit
oraindik ere lagunak garen.
GIZA SAMURTASUNA
Giza samurtasuna,
Non zaude?
Agian
soilik liburuetan?
NIRE POEMA BERRIAK
Zu izan ezik guztiek irakur ditzaketen
poemak
nireak kontsidera litezke oraindik?
POESIA KRITIKARIAK
Zergatik ez dute poesia kritikariek
poesiarik idazten
poesiari buruz guztia baldin badakite?
Jakinez gero,
agian nahiago lukete poesia idatzi poesiari buruz baino.
Poesia kritikariak zaharren modukoak dira,
haiek ere guztia dakite maitasunari buruz.
Ez dakitena da maitasuna egiten.
AITOR DUT
Nerudak idatzi du: “Confieso que he vivido”.
Nik aitor dut
sarri hiltzen nintzela poemetan.
Agian bertso batekin saiatzen nintzen
heriorekin
adiskidetzen
presa sartu eta
zurea baino lehen irits zedin.
Gizajoa ni,
guztiz kontrakoa gertatu da.