Rosalia Fernandez Rial-en poesia
Larunbata, 2016-10-29Aste honetan "Literatur Amuak" egitaraua antolatu dute Ondarroan. Gaur (urriaren 29an, 12:15ean) "Todos os mares o mar. Galizierazko poesia" emanaldia egingo da, galizieraz, euskarazko azpitituluekin. Galiziako lau idazlek hartuko dute parte bertan, haien artean amu honetan protagonista duzuen Rosalia Fernandez Rial. Iñigo Astizek euskaratu ditu jarraian irakurri ditzakezuen poemak.
Rosalia Fernandez Rial (Carballo, 1988). Filosogia lizentziatua eta Hizkuntza, Literatura eta Adierazpen Dramatikoan doktore. Akordeoia jotzen du, antzezlea da eta batez ere idazlea. Nagusiki, poeta. Bost liburu ditu kalean: En clave de sol (2009), Átonos (2011), Vinte en escena (2012), Un mar de sensacións (2012), Ningún amante sabe conducir (2014) eta Contra-acción (2016). Zuzeneko emanaldietara moldatu ohi ditu beti bere testuak, eta diskoak ere osatu ditu bere lanekin.
I ESZENA: (AHANZTURA)
Inoiz
inork
ez gaitu itxaroten.
Inoiz ez dute gutaz galdetu.
Absentziaren aberrian
jo dugu hondoa;
itsasontzirik gabe,
itsasorik gabe.
Bere harea ahaztu duen
basamortu baten goragaleetara
desterratu gaituzte.
Eta, inongo ez den bihotz honetatik,
txisturik gabeko haize bat sortzen dugu.
Nomada ikusezinok
bizitoki dugun haizea.
Ezerezaren aurpegiz
estali gaituzte.
Baina…
SOILIK ETXERIK GABEKOOK
IKUS DITZAKEGU IZARRAK.
- ESZENA: (KALE GUZTIAK)
Hotz handiegia
lo egiteko
-dio zure ezpainetako izotz-puskak-.
Hotz handiegia.
Eta hiriari ez zaizkio kabitzen
gure gorputzak
bere patriketan.
Kalea
da gure dei dezakegun leku bakarra.
Baina ez dardararik egin, maitea.
Eraikinak zuhaitzak dira
eta ume nekropoliak dituzte,
flotatzen ez duten ozeanoetan
itotako irlak.
“Haiek”
asfalto bertikaleko zulo bat daukate,
argirik gabeko leiho bat
gauaren barrunbeetan.
Eta guk?
Guk, kale guztiak.
VII. ESZENA: (KALE KANTOIA)
Gauez egiten ditudan
kale kantoiak
hiriaren proak dira.
Ni, maskaroirik ederrena.
Sirena ezpalekoa naiz;
nire kantak
haize-arrosak fumatzen ditu
papar-hegal ezezagunetan.
Jada desorientatuak.
Eta ezpainetan ditudan arrainek
ezagun dituzte
aldirietako zulo guztiak.
Zeren eta ilunabarrero,
iparrik gabeko itsasontzi gehiegi
atrakatzen baitzaizkit bizkarrean.
Ozeanozko dantzan
mugitzen naizela diote;
ipar-haizearen bertigoarekin muxukatzen dudala.
Ulertzen dute maitasuna
fabrikatzeagatik kobratzea.
Baino inork ez daki
zenbat piratarekin
oheratu behar dudan
lotara joan ahal aurretik.
HIRIGUNEAREN AMAIERA
Asfaltoaren azalean
idazten ditu kaleak
bereizten gaituzten zauriak.
Lerro artean;
Koka arrastoak
nire autotik
zure oheraino.
Azeleratzen naute,
zentzua harrapatzen didate,
faroak pizten dituzte nire baitan.
Eta ni motorrean zamalka,
trostan egiten ditut
gure hanka, hortz
ezpain, oihu,
ukimen!
urakanera iritsi arteraino
geratzen diren kilometroak.
Zauriak elkar larrutuz soilik
zarratu ahal bagenitu bezala.
ZUBI MUGIKORRA
Ibaiaren beste aldetik,
zure perfila
orban bat litzateke
ostertzean:
argi absentzia
minuskuloa
muga zerutiar artean.
Ni beste ertzean banengo,
nire erdiko hatza bestekoa zinateke.
Bihotza,
nire hatza bestekoa.
Orduan, izango nuke azazkalen ertzaz
zurekin jolasterik,
edo baita zu zapaltzea ere,
hatz mamia desbideratu,
eta nire hatz marken
itzal huts bilakatuz.
Baina…
alde berean gaude,
aldameneko
bihotz,
eta ez naiz gai
ibaia gurutzatzeko
zu gabe.