Elkarrizketak

Agus Perezi elkarrizketa

Ostirala, 2021-07-16

Agus Perezek Aititaren betaurrekoak saiakera plazaratu du Ganbila bildumaren barruan, Susa eta EHAZEren eskutik. Bertan, hogeita hamar urtez arte eszenikoetako kritikari gisa egidako ibilbidearen kronika pertsonala egiten du, umorez, gertutasunez eta zorroztasunez. Antologia txiki bat ere badakar liburuak, urteotan idatzitako 2.000 testuetatik aukeratutako 30 kritika.

Agus Perezi elkarrizketa

Hogeita hamar urte eman duzu kritikagintzan. Bertigoa emango du atzera begiratzeak, ezta?

Bitxia egiten zait bertigoaren hasierako aipamen hori, bizitza errealean bertigoa izaten dudalako askotan, batez ere besteek eragindako bertigoa –auzo-bertigoa esan genezake– baten batek balkoi bateko edo eskailera bateko baranda batetik gorputza gehiegi ateratzen duenean.

Ordea, kritikagintzan izandako urte hauek ez didate bertigo berezirik ematen, batere ez ez esatearren. Izatekotan, gogobetetze sentsazio handia ematen didate eta harrotasun puntu bat beharbada, baina ni ez naiz iraganaren zale, uste dut. Ondo da jakitea iraganean zer egin duzun, orain egiten ari zarena hobeto kokatzeko eta, geroari begira, gauzak nondik joan litezkeen jakiteko. Nondik gatozen jakitea bezalakoa da: ondo da hori ezagutzea, baina ezin gara bizi iraganeko lorietatik tiraka, gaztetako abenturak eta orduko frankismoaren kontrako batallitak beti errepikatzen. Horrek esan nahi du orainean ez duzula ezer aipagarririk esateko, eta horrelako jendeak aspertu egiten nau.

Liburu honetan kritikagintzaz gogoeta egin duzu, eta zure lanen antologia batekin batera. Joan gaitezen partez parte: nondik nora sortu zitzaizun liburu hau egiteko beharra?

Orain, seguruenik, aurrekoarekiko kontraesan betean jausiko naiz, baina une jakin batean iruditu zitzaidan urte hauetan guztietan egindako lana nonbait jasota geratu beharko zela. Bestela, «gauza horiek guztiak galduko dira, negar-anpuluak euritan lez», Blade Runner gogoan, badakizu.

Eta bestetik, hasiera-hasieratik iruditeria kolektiboan hain errotuta –oraindik ere– dagoen kritikari ahalguztidunaren irudia apurtu, lehertu, txiki nahi nuenez, iruditu zitzaidan jardun honen barrunbeak edo tripak airean erakutsita (ze irudi nazkagarria, bide batez esanda), jendeak beste eraikitze mental bat egingo lukeela kontu honetaz, eta hori lagungarria izan zitekeela arte eszenikoen kritikariaren rola birdefinitzen eta birkokatzen. Alde horretatik, gustatzen zait ustea ekarpen txiki bat egin diodala era kolektiboan eraiki behar dugun kritikariaren rolari, eta ekarpen txiki hori liburuan kondentsatzen da, baina hiru hamarkadako jarduera koherente –nik uste– eta jarraituaren fruitua ere bada.

Liburuan aipatzen duzu titulua –Aititaren betaurrekoak– kazetaria ere bazen zure aitonari loturiko anekdota batetik datorrela. Ofizioa edo joera ere, hari hartu zenion?

Bada, bai eta ez (kontraesanetan jarraitzen dugu), zeren eta, liburuan azaldu bezala, ni abenduan jaio eta bera hurrengo otsailean zendu zen. Beraz, ez dut harengandik gogorapen handirik, baina etxean noizean behin komentatzen zen bere lanbidea, eta nik uste dut irudi lauso hark zerbait piztu zuela nigan, hor ikusi nuelako besteengan eragiteko bide posible bat. Eta gero, aititak zezenketa-kritikari jarduten zuen (horreur!) eta umore zuriko liburuak idazten zituen. Seguruenik horrek guztiak eragina izan zuen nigan, baina ni ez naiz horretaz kontziente izan liburu hau etorri arte.

Lehenengo atala kritikagintzaz mintzo da baina ez akademiatik, saiakeratik, analisi bibliografikotik, testigantzatik eta lekukotasunetik baizik. Hasieratik argi zenuen tonua hori izango zela?

Bai. hasieratik nuen argi huraxe izango zela liburuaren ikuspuntua, hau da, neure bizipen pertsonaletatik abiatua izango zela. Edo, hobeto esanda, bizipen pertsonalek kutsatua, alderdi akademikotik hartua izan beharrean. Nik uste dut arlo profesionalean bizitzan egin dudan guztiak asko izan duela alde pertsonaletik, bai irakaskuntzan bai kritikagintzan. Itzulpengintzan jardun dudanean ere alde pertsonalak rol nabarmena jokatu duelakoan nago, nahiz eta arlo horretan alde teknikoek pisu erabakigarriagoa duten. Hala ere, adibidez, liburuak eta testuak itzultzen edo zuzentzen ditudanean sano jorratzen ditut egilearekiko kontaktua eta haren ikuspegia, harekin negoziatzen dut beti, eta horretan ere behin baino gehiagotan eskertu didate nire jarduteko manera.

Eta bestetik, ez zait kostatzen aitortzea plano akademikoan ez daukadala prestakuntza berezirik kritikagintzan aritzeko. Beste bi arloetan prestakuntza jaso dut, baina kritikagintzan autodidakta naiz –uste dut gure belaunaldiko asko izan garela autodidaktak hainbat gauzatan– eta autodidakta izateak ez du zertan esan nahi ezjakina izatea. Lan akademikoa ondo dago jakintzan eta ezagutzan aurrera joan nahi badugu, baina egunkari batean dibulgazio tonua nagusitu behar da, irakurleak ez baditugu uxatu nahi behintzat.

Azkenik, alde pertsonalari lehentasuna emateak ez du esan nahi pertsonalismotik edo partzialtasunetik jokatzea, pertsonak lehen planoan kokatzea baizik, hau da, taula gainean egin diren artistak eta aulkietan egon diren ikusleak beti zugan presente egotea. Liburuari ere izaera hori eman nahi nion, irakurleari paradigma berriaren eraikuntzan laguntzeko, zutabe doriko baten gainean dagoen kritikari antigoalekoaren figura uzkaili eta gure artean dabilen bitartekariarena promozionatzeko.

Estilo aldetik ere, zure testuak aurretik irakurri dituenari ez zaio arrotza egingo… badu umoretik, ironiatik, paradoxatik. Koherentea da liburuko tonua, orain arte idatzi duzun guztiarekin?

Tonuaren aldetik Euskaldunon Egunkarian eta Berrian baino apur bat libreago ibili naiz, asertibitatea asko jorratu baita betidanik bietan. Eta ni ere bat nator jarrera horrekin, baina uste nuen liburu batean –egitura babesle baten menpe ez egotean– estilo edo tonu solteagoak izango zirela egokiak. Hala ere, saiatu naiz moderatua izaten, errespetua delako nire bizitzaren ipar nagusietariko bat. Hala ere, errespetua merezi duenari zor zaio, ez edonori, ez gaitezen hori bezain zozoak izan, mesedez. Eta bai, zuk esan bezala, nolabaiteko umorea eta ironia darizkie testuei, eta purrustadatik hurbil egon daitezkeen lerroak ere idatzi ditut, baita mingarriak izan zitezkeen pasarte batzuk kendu ere. Dena den, hedabide bietako kritika hautatuen artean satira gupidagabeak ere aurkituko ditu irakurleak, eta seguru nago barre politak botako dituela haiek irakurtzean.

Beraz, esan daiteke orain arte baino solteago idatzi nahi izan dudala, baina gero beti zara egitura baten parte, ez dituzu gauzak zeuk bakarrik egiten –eta eskerrak–, jende asko dago liburu baten atzean, eta era batean edo bestean haiekin konpartitzen duzu ardura. Zuk idatzi eta sinatu bai, baina nigan behintzat, pisu handia dauka lagundu dizutenak ere kontuan izateak.

Kritikagintza ez dirudi esker oneko lana, are gutxiago hain “gertukoa” den kultura batean. Horren lekukotzak ere eman dituzu testigantzetan: beharra zenuen, nolabait, egindakoekin eta ez egindakoekin kontuak kentzeko?

Egia da kritikagintza ez dela esker oneko lana, baina tira, batek ez du idazten lagunak egiteagatik. Horrela izango balitz, laster utziko niokeen kontu honi. Izan ere, nik uste dut lehen hamar-hamabost urteetan ez nuela agurrik ere jaso konpainia ofizialistetako inongo kiderengandik, baina horren zergatia da –seguru nago– haiek ez dutela inoiz euskaraz irakurtzen. Beharbada ez zekiten ezta Euskaldunon Egunkaria existitzen zela ere (tori purrustada!).

Denbora garrenean, ordea, talde gazteagoak eta berritzaileagoak agertzearekin batera –euskaldunagoak ere baziren, jakina–, lagunarteko giroan sentitu naiz haietariko askorekin, eta azken hamar urteetan, demagun, askotan jasotzen ditut esker oneko mezuak, bai idatziz bai pertsonalki. Horrek gogobetetze handia ematen dizu, esaten dizutelako ondo harrapatu duzula beren lanaren funtsa edo ikusi egin dituzula haiek planteatzen ez zenituzten gauza batzuk…

Gogoan dut Anarik esandakoa Euskaldunon Egunkaria zarratu zutenean: «Garrantzitsua ez da nola irakurri dugun guk Egunkaria baizik eta Egunkariak nola irakurri gaituen gu». Era horretan asmatu duzula esaten dizutenean, ikaragarri ona da, zinez.

Kritika bide, hiru hamarkadaren kronista bilakatu zara. Zuk Lali Marimonekin batera egindako lana izango da azken hamarkadetan gertatu denari pista jarraitzeko bide bakarrenetako bat. Zama zaizu hori?

Zama baino gehiago, lana, eta ondo egindako lanak emandako poza (ondo egin dugunean). Eta txarto egin dudanean, ezinegon handia, kritika kaxkarrak, komenientziazkoak edota akastunak atera ditudanean. Pribilegio sentsazioa ere bai askotan, euskarazko proiektu estrategiko handi horren parte lehen urtetik izateagatik eta euskarak bete gabe edo nahiko abandonatua zeukan arte eszenikoen kritika arloa nolabaiteko txukuntasunez betetzeagatik.

Zuk esan bezala, Lali Marimonekin batera egin dut lan arlo honetan hasieratik, eta bera katalana denez, atoan ulertu zuen egunkariaren proiektuak euskararentzat zeukan garrantzia. Bestetik, eta liburuan azaldu bezala, kritika bat ganoraz argitaratzeak ekoizpen-lan asko eskatzen ditu aurretiaz eta ostean, eta bere lanetan bermatuta gehi bere ikuspegiaren kontrasteaz elikatuta atera dira kritikak beti. Argi dago bion proiektu komuna dela, bizitzan ditugun beste asko bezala.

IMG_8541

Denera 2.000 kritika inguru dira idatziak dituzunak, baina 30 ekarri dituzu antologiara. Zeren arabera aukeratu dituzu?

Egia esan, nire hasierako asmoa zen ordura arte egindako kritikak ahanzturan ez galtzea (Blade Runnerren sindromea berriro), baina gero, ez dakidala zergatik, konplikatu egin nintzen eta artikuluak idazten hasi, baina nire hasierako asmoa zen ahalik eta kritika, artikulu eta elkarrizketa gehien salbatzea. Gero, zorionez, inguruan duzun ekipoa dator eta amultsuki esaten dizute ‘nora zoaz, lagun?’.

Horren ostean, 300 bat hautatu nituen, Euskal Herriko konpainia guztiak eta hemendik kanpoko batzuk kontuan hartuta. Fase horretako asmoa zen nolabaiteko oreka lortzea konpainia guztien presentzian, liburua ere izan zedin Euskal Herriko antzerkigintzaren erakusgarri, baina gero konturatu nintzen bide horretatik ez nindoala inora eta ez zitzaidala niri tokatzen besteen lanak salbatzea, samaritanismo neurrigabeak jota banengo bezala.

Orduan, onenak bakarrik –onenak ene ustez, betiere– hautatzeari ekin nion, nire ustezko izen onaren mesedetan –horrek esan nahi du ez nituela kritika txarrenak aukeratu– eta balizko irakurle sufrituaren hobe beharrez. Hala ere, hautaketa drastiko horretan urteotan jorratu ditudan lau arte eszenikoak tartekatu nituen: antzerkia, dantza, performancea eta zirkua. Estilo aldetik borobilak izan behar ziren, eta aldi berean niretzat bereziki kuttunak, emanaldiak nigan utzi zuenagatik edo idaztean lortu nuen mailagatik. Dena den, irakurleak dauka azken hitza, zelan ez.

Zure lanetan euskal taldeen lanek protagonismo berezia dute, baina garrantzia eman diozu Euskal Herrira etorritako konpainiei ere euskaratik begirada luzatzeari. Zergatik apustu hori?

Bai, nola esan… Kontua beti izan da arte eszenikoak euskaraz komentatzea, euskararen munduari ekarpen hori egitea, euskarazko irakurleak Euskal Herriko agertokietan gertatzen denari buruzko iruzkin txukunak jasotzea, geure mundu ikuskeratik abiatuta eta geurean zentratuta, horrela bakarrik egin diezaiokegulako ekarpenen bat munduari. Baina kulturan ganorazko ekarpenak egiteko, geure etxetik kanpokoak ere jaso behar ditugu, zelan ez, eta horra dator Katalunia, Espainia, Galizia eta beste herri batzuetako lan interesgarriak euskaraz ere komentatu beharra.

Liburuan aipatzen duzu azken garaietan dantzarekin atxikimendu handiagoa sentitu duzula, testuak idazteko orduan. Zer ematen dizu dantzak, ikusle gisa, antzerkiak ematen ez dizuna?

Zaila da kontu hori. Antzerkiak, beharbada, gehiago jotzen digu buruan. Intelektualki gehiago eragiten digu seguruenik, eta dantzarekin alderdi asko konpartitzen ditu, noski, baina dantzak alde espiritualagoei deitzen die, gehiago zentratzen da alde estetikoetan bere izaeragatik beragatik. Hurbilago dago arte hutsetik, eta maila handikoa bada, beste maila batera eroaten du ikuslearen espiritua. Nolabait esateko, ikusle trebatuak sentitu ahal du minutu labur batzuez edo ordubetez mundutik kanpo dagoela, hutsean flotatzen balego bezala, eta sentsazio horrek, dantzak eta zirkuak bakarrik eman diezazukete, koreografoaren edo sortzaile batzuen diseinuagatik eta dantzarien edo zirku-artisten diziplinatze eta sakrifizio ikaragarriagatik eta talde-lan jarraituaren fruitu bezala.

Kritikari jardunari begira, autodidakta naiz horretan ere. Kamikaze xamar hasi nintzen dantzari buruz idazten, baina hor ere ikusi nuen bete beharreko hutsunea euskarazko kulturan. Baina urtean 30 edo 50 dantza lan ikusten badituzu, zertxobait ikasten duzu, eta urtero Miarritzeko Dantza Maitaldira (Le Temps d’aimer la danse festibala) joaten naizenean Le Monde, Le Figaro eta enparauen kritikak irakurri eta konturatzen naiz hango kritikariak nire antzeko tonu eta bideetatik mugitzen direla –edo ni haienetan, hobeto esanda–, eta horrek nolabaiteko segurtasuna ematen dizu.

Bestetik, arlo honetan ere nahi nuen txikitu ohiko kritikarien eredu hanpatu eta hutsala, eta denborak frogatu dit zenbat eta ezjakinago izan orduan eta hitz potoloagoak, ustez intelektualagoak eta estilo kriptikoagoa baliatu ohi dutela, beren gabeziak ke-laino horren atzean ezkutatzeko, nik uste.

Duela urte batzuk beste bilduma batzuetan bilatu beharko zuen lekua horrelako lan batek, egun Ganbila topatu du habia. Saiakera gisako lehenengo lana izan da bilduman. Euskaraz, antzerki testugintza literarioaz gain, zer dago egiteke saiakeraren arloan?

Bada, seguruenik, nirea baino akademikoagoa den saiakeraren bat, kritikagintzaren rol horizontalari buruzkoa, eta gero interesgarria izango litzateke belaunaldi berrien rolaz hausnartzea, dramaturgia berriez eta ustez berriez, Europan gaindituta omen dagoen antzerki postdramatiko delako horretaz, eta Euskal Herriko talde aurreratuen lengoaia eszenikoez. Ikertzen hasita, hainbat gai ditugu zain.

Zuri, pertsonalki, zer da kritikari ibilbideak eman dizun onena?

Jardun honetaz asko ikasi izana, euskaraz sano trebatu izana, Euskal Herri osoko errepide, txoko eta jende asko ezagutu izana, une ordainezin batzuk prentsaurrekoetan agintariek esandako txorakerien kontura, Euskaldunon Egunkaria, Egunero eta Berriaren parte izatearen ohorea… eta laguntasun batzuk jorratzearen aukera, noski.

Eta ibilbide horrek ekarri dizun erronkarik zailena?

Maila egokia ematea, bai euskararen aldetik bai arte eszenikoen gaineko iruzkinetan. Zail-zaila ere ez da inoiz izan, baina beti dago presente egunkariaren paper urritasuna ez duzula alferrik erabili behar, eta are gutxiago irakurlearen denbora.

Euskaldunon Egunkaria eta Berriari loturik ezagutu dugu zure ibilbidearen parterik handiena. Ez kasualitatez, Mikel Lizarralde Kultura saileko arduradunak idatzi du hitzaurrea. Zer nolako balantzea egiten duzu, elkarrekin egindako bideaz?

Esan bezala, ohore handitzat dut proiektu horretan parte hartu izana, nire ekarpena lan-talde militante eta kohesionatu bati emanez. Sukarrietako Eskola-saiakuntzarako Zentroko talde pedagogikoaren kide nintzela, behin esan zidaten «leku hau urre meategia da», eta ni pozik. «Baina zu meatzari zaude hemen», gehitu zuten gero. Egia berdaderoa. Egunkarian eta Berrian, berdin. Handik urre asko atera dezakezu meatzari legez, gizartearen esku jartzeko gero. Sentsazio horrek ez du parekorik, benetan.

Zer-nolako etorkizuna opa zenioke euskarazko antzerki kritikagintzari, nola irudikatzen duzu modu ideal batean?

Bada, hasteko eta behin, antzerkia eta arte eszenikoak landuko lirateke irakaskuntza-maila guztietan –Iparraldean aurreratuago doaz kontu horretan– eta ikasleek prestakuntza-saio bat edo batzuk jasoko lituzkete antzerkilarien aldetik antzerki-emanaldietara joan baino lehen. Jarraian, ondo legoke ikusitakoa idatziz komentatzea, horrela trebatuko liratekeelako kritikari bezala. Bestetik, antzerki eskoletako ikasleek antzezlan kopuru finko bat ikusi beharko lukete ikasturtean zehar, maila bakoitza gaindu ahal izateko.

Beste plano batean, finkatzen joango litzateke kritikari horizontalaren rola, eta kritikariak aukera edukiko luke beste kritikari batzuekin gauzak planifikatzeko, eztabaidatzeko eta informazioak zein balizko jakituria konpartitzeko. Alde horretatik, oso pozik nago Arantzazu Fernandez Iglesiasek Berrian urtarriletik hasitako elkarlanarekin, berarekin ondo betetzen baita paragrafo honetan esan dudan guztia, baina bi baino gehiago izango bagina, are emankorragoa izango litzateke panorama.

Azkenik, ondo legoke kritikariaren gaineko irakurketa edo analisi kritikoak noizean behin agertzea, kritikariak bere gabeziak antzeman –estiloan, lanen hautaketan, haien gaineko ikuspegian…– eta haiek zuzentzen joan zedin. Horren ezean, oso zeregin bakartia bihurtzen da hau guztiau, eta arriskua dago autokraziaren tentazioan jausteko.

Elkarrizketa honen uberan:

Agus Perez Arratsean saioan

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)