Elkarrizketak

Aimar Uribesalgorekin solasean

Aimar eta Eņaut Uribesalgo anaiek osatzen dute Pobresiak poesia-bikoaOstirala, 2014-12-05

Duela urtebete inguru argitaratu zuten Uribesalgo anaiek lehen poesia-fanzine eta -diskoa, Pobresiak izenpean: Burgesaren gauerdiko eztula. Aimarrek idazten ditu poemak, eta irudiak eta musikaren ardura, ostera, Eņautek dauka. Hasieratik, errezitaldiak egin dituzte han eta hemen, eta pixkana-pixkana, gero eta jende gehiagok ezagutzen du beraien lana. Aimarrekin hitz egin dugu, poesiaz, gizarte-gaiez eta beste hainbat gauzaz.

Aimar Uribesalgorekin solasean

Azalduko zeniguke, pixka bat, zertan datzan Pobresiak proiektua, nola sortu zen, noiz, zer bilakaera izan duen.

Duela urtebete pasa sortu zen proiektua, 2013ko udan, gutxi gorabehera. Kontua da nik jada baneuzkala poema batzuk idatzita; horiekin hiru fanzine atera nituen eta hemen Oņatiko tabernetan banatu nituen. Ia denak gaztelaniaz ziren, dena gaztelaniaz idazten nuelako, dena gaztelaniaz irakurtzen dudalako. Gero nire anaia insistitzen hasi zen, poema horiek grabatu egin beharko genituzkeela. Orduan pentsatu nuen grabatzen baldin bagenituen, ez zitzaigula hainbeste kostatuko euskarari garrantzia ematea. Orduan, uda horretan hasi nintzen poema batzuk euskaraz idazten eta ikusi nuen funtzionatu zezaketela. Idatzitakoetatik batzuk aukeratu eta irailean grabatu egin genituen, nire lehengusu baten grabadorarekin, musika-munduan dabil bera. Abenduan atera genuen azkenean. Laster egingo du urtebete, baina ez dugu ospatuko.

Eta zertan datzan proiektua? Bada poema batzuk idatzizkotik entzutezkora pasatzean. Hori minimoki polita izateko musika jarri genion: ordenagailuz, lagunen kolaborazioekin… Lagunei eskatu genien irakurtzeko, CDan denbora guztia ez zitezen izan ahots berberak eta soilik mutilenak.

Zuk idazten dituzu testuak, eta anaiak irudiak eta musika ipini, errezitaldietan zurekin batera irakurri… Nolakoa da elkarlana?

Lan-banaketa perfektu bat daukagu, esan nahi dut, gizartean lanaren banaketa dago: lehen baserrietan hainbat egiteko zeneuzkan, baina, gaur egun, zure egitekoak gero eta zehatzagoak dira. Bada nik poemak idazten ditut eta anaia gauza teknikoagoez (diseinua, grabaketa, marrazkiak, soinua) arduratzen da.

Beste alde batetik, ideiei dagokionez ere, nahiko perfektua da elkarlana. Ez dakit zergatik, baina azkar eta ondo elkar ulertzen dugu, iritzi antzerakoak dauzkagu. Nik zerbait esan nahi dudanean zerbaiti buruz, nire anaia izaten da ulertzen lehena, adibidez, familian eztabaida bat badago. Alde horretatik konpenetratu egiten gara. Beste alde batetik, haserretu ere egiten gara, eta horrexegatik konpontzen gara ondo, haserretu egiten garelako eta ez dugulako ezer ezkutatzen. Ez dago pilatutako tentsiorik. Gainera, nire anaiak daukan beste alde on bat da gauzak aurpegira esaten badizkiozu ez dituela gaizki hartzen, are, gustatu egiten zaio horrela hitz egitea, eta niri ere bai.

Esan zenuenez, Eduardo Galeano irakurri arte ez zenuen jakin zuk idazten zenuen hura poesia izan zitekeenik. Zer kritika egingo zenioke gaur egun jasotzen dugun literatur hezkuntzari?

Literatur hezkuntzari egingo niokeen kritika lotuta dago hezkuntzari orokorrean egingo niokeenarekin. Hau da, derrigortuta gaude sistemak esaten duen garaian, sistemak ematen digun eduki horiek denak ikastera, norberak bere interes propioz ikasi beharrean; ez soilik gauza indibidual moduan, baita gauza sozial moduan ere, lotuta baitaude maila indibiduala eta soziala, norberak bere interesak eta beharrak kontuan hartuta ikasi beharrean. Bueno, hori da hezkuntza-sistemaren ezaugarri orokorra.

Literaturan ez dakit zehazki zer ematen den, asko edo gutxi ematen den, ez naiz asko akordatzen, baina gauza konkretu batzuk ematen dira, eta beste batzuk ez. Ematen diren gauza konkretu horiek dira klasikoak, edo ezagunenak; baina, noski, ikusita zer gizartetan bizi garen, ezagunenak ez dira justu aldaketa sozial baten bidera begira daudenak, edo ez daukate kritika sozial handirik, edo baldin badaukate oso gauza tipikoak esaten dituzte. Agian, esan dezakegu gaur egungo gizartearen berme ideologikoak direla. Azken finean, ezarrita dauden botere-harremanei eusteko edo aldaketa moteltzeko balio dute. Baina ez gaitezen absolututan erori, ez baita horren sinplea. Hego Euskal Herrian euskal literatura irakasteak badauka eta (edo eduki izan du, behintzat) izaera “iraultzaile” bat, zapaldua dagoen hizkuntzari inportantzia bat ematearena, alajaina. Ipar Euskal Herriaren kasua ez dut ezagutzen. Bestalde, estiloa ere, beti antzerakoa izaten da, eta mundu hau, bai edukiz eta bai formaz, oso anitza izan daiteke. Pobresiak-ek toki gutxi dauka hezkuntza formalean, zenbait tabu ukitzen ditugulako eta ideologikoki dituen ideiak hegemonikoak ez diren neurrian asimilatu ezin dituelako.

CDan grabatu, autoeditatu, zuzenean aurkeztu. Zergatik aukeratu bide hori?

Autoedizioan egitea aukeratu genuen egin ahal genuelako eta merkea zelako. Egin genezakeen lehengusua ezagutzen dugulako (grabadora daukana), bestela ez dakit egingo genukeen, ez genuen baliabiderik edukiko. Orain, jada grabadora bat daukagu, Pobresiak-i esker irabazitako diruarekin erosia. Hurrengo CDa gure grabadorarekin aterako dugu, baina momentu hartan ez geneukan horrelako ezer.

Ez genuen planteatu ere egin argitaletxe batekin ateratzea. Ez dakit, ez dugu mundu hori ezagutzen eta ez zitzaigun okurritu ere. Autoediziorik ez balego seguru asko ez genuen aterako.

Eta zabaltzeko beharra? Poemek berek jorratzen dituzten gaiekin al du zerikusia?

Gure hasierako asmoa zen bakarrik CDa ateratzea eta CDko poema fanzine batean biltzea. Aurkezpen bat ere egin nahi genuen, oņatiarrei esateko kaleratu zela. Aurkezpena nola egin pentsatzen ari ginela okurritu zitzaigun zuzenean bota genitzakeela poemetako batzuk. Orduan emanaldi hori egin genuen Oņatiko gaztetxean, funtzionatu egin zuen, jendeari gustatu zitzaion eta horrela hasi ginen. Gauza kasual batetik etorri zen gainontzeko guztia, aurretik ez geneukan pentsatuta emanaldiak egitea, baina gustura gelditu ginen, jendeari gustatu zitzaion, eta aurrera. Ez zen izan goazen hau zabaltzera kritika soziala daukalako eta komeni delako zabaltzea. Ez da goazen mundua aldatzera bidean gure hondar alea ipinita. Da ondo pasatzen dugula eta jendeari gustatu egiten zaiola. Azkenean, efektua berdina da, zu zabaltzeko asmo horrekin joan edo ez joan, baina arrazoia ez.

DSC00044

Galeano gustuko duzu. Zer beste autore irakurtzen dituzu?

Bada orain Bukowski deskubritu dut. Oņatiar batek bertso-liburu bat atera zuen, Pertzuak, eta bertan aipatzen zuen. Gero, Frantzian mahatsa biltzen ari nintzela batek liburu bat laga zidan, eta jakin nuen Bukowski poeta zela. Poema batzuk oso onak ditu, beste batzuk oso txarrak, baina hori beti gertatzen da, nireak ere batzuk oso txarrak dira, baina beste batzuk oso onak. Euskarazko poesian Ainhoa Mendibil da gehien atsegin dudana, eta ia erreferente bakarra, ez baitut poesia askorik irakurtzen, ez gazteleraz eta gutxiago euskaraz.

Gero, saiakera irakurtzen dut, %90-95ean. Orain giza ekologia, ekonomia ekologikoa, ekonomia politikoa jorratzen duten lanekin ari naiz batez ere. Ingelesa ikasten ari naiz, eta horri buruzko testu asko daude sarean, horregatik ari naiz horrelakoak irakurtzen. Bestela denetik: historia, filosofia, politika… Adibidez, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean oso ona iruditu zitzaidan, Kartzelako poemak baino hobea. Bertolt Brecht ere irakurri izan dut, gutxi bada ere.

Aurreko urtean Durangoko Azokan izan zinen lagun batekin, fanzinea eta diskoak saltzen. Zer nolako esperientzia izan zen? Zer aukera du autoeditatutako lan batek euskal kulturaren plaza handienean ezagutzera emateko?

Toreatzeko… Nik ez dakit zer aukera daukan, nik dakit guri zer gertatu zitzaigun, baina noski, gu ez gara bereziki saiatu zabaltzen eta saltzen. Batez ere kontzertuetan saltzen dugu, ez gara hori baino gehiago mugitu. Kontua da, fanzinea atera genuen garaian zela justu Durangoko Azoka, eta nire anaiari esan nion joateko. Berak ez zuen nahi, eta neu joan nintzen. Kale iskinan ipini ginen eta saldu genuen zerbait, ez dakit zenbat. Jende gehienak paso egiten du, baina batzuek interes handia dute poesian eta orduan erosten dizute, soilik poesia delako. Orduan, lagun baten bitartez, lortu genuen Topatukoen standean ipintzea fanzinea, eta hor ere saldu zen zeozer. Horrez gain, azoka alternatiboan ere ipini genuen, ez naiz akordatzen zela iritsi ginen horra, Bergarako gaztetxekoen bidez-edo… Beraz, azoka alternatiboan eta ofizialean egon ginen gu, ez dakit inork lortu duen horrelako dibertsitatea…

Faltan somatzen duzu horrelako lanak bideratzeko zirkuituak egotea, ala gaztetxeek asetzen dituzte behar horiek?

Gu ere ez gara saiatu gehiegi zabaltzen… Ez dut hainbeste pentsatu gai hauetaz, galdetzen badidazu ea zirkuitu bat egon beharko litzatekeen bada nire erantzuna da, boteprontoan, baietz, ondo egongo litzatekeela. Ez dakit gaztetxeek asetzen dituzten behar horiek, koordinazio bat eta lan bat egin beharko litzateke eta ni, orain ez nago hori egiteko prest.

Pobresiak ez da nire lehentasuna, beste mila gauzatan nabil. Ez dut baztertzen nire lehentasun bilakatzea, dirua ere irabazten dugu, baina proiektura bakarrik bideratzen dugu. Hasiko bagina diru gehiago irabazten, akaso denbora gehiago ere eskaini beharko genioke eta gauzak aldatuko lirateke. Ez dut ezinezko ikusten, edozein gauza gerta daiteke, baina ez da gure lehentasuna ezta asmoa ere.

Literatura eta kulturaren mundu establezitutik kanpo zabiltza, esan nahi dut, ingurugiro zientzietan lizentziatuta zara eta alor horretan egiten duzu lan, ez zara argitaletxeekin kontaktuan jarri poesia argitaratzeko… Zer iritzi duzu kanpotik mundu horri buruz?

Oso iritzi orokorra daukat. Hor daudela industria batzuk, eta kultura edo arte hori merkatuan jartzen dute. Enpresa potenteagoak egongo dira, eta txikiagoak. Potenteek daukate gaitasun gehien jendea erakartzeko. Askotan akordatzen naiz Sarrionandiarekin Moroak liburuagatik, eta berak hor esaten du zentsurak baduela garrantziarik, baina garrantzitsuagoa dela, eta ez dakit zer hitz erabiltzen duen berak zehazki, merkatuak berak egiten duen selekzioa, zer gauza hartzen dituen eta zer uzten duen kanpoan. Hori beste zentsura mota bat da, ez da zuzena, zeharka gertatzen da. Gehien kontsumitzen dena enpresa poteenteenen esku dago, eta bertako edukiak igartzen da ez direla oso erradikalak, ulergarria den moduan. Esan nahi dut, adibidez, telebista-kateetan ez dira hasiko bat-batean gauza erradikalak esaten, batez bestekoetan mugitzen dira.

Gainera, lehenik eta behin, horrelako produktuak ez dira gehiegi kontsumitzen, gehien irakurtzen dutenak emakumeak dira, eta helduagoak. Fizkioa saiakera baino gehiago, eta fikzio hori ere nahiko tipikoa: amodiozko istorio batzuk, detektibeenak… Asko esaten du bizi garen gizarteaz, konexio zuzena egin dezakezu: literatura hori eta fabrikan zortzi ordu pasatzea. Dena bat da, errealitatea bat da.DSC00048_1

Izenburutik beretik garbi gelditzen da kezka sozial eta politikoak dituzula. Familiak, patriarkatuak eta abarrek ere badute presentziarik poemetan.

Ingurumen-zientziak ikasi ditudanez horrelako analogia bat ipiniko dut. Metabolismo biologikoa da zelula batek edo organismo batek egiten duena, kanpotik energia eta materia hartzen du, metabolizatzen eta transformatzen du, bere burua izaten jarraitu ahal izateko, eta ondoren bota egiten du. Gizarteak ere horrela funtzionatzen du maila sozialean, hori da metabolismo soziala. Nik, Aimar moduan, informazio bat eta esperientzia batzuk kontsumitu ditut, eta orduan, horrela adierazten ditut, beste moduren batera ere adieraz nitzake. Kontua da gauza batzuk hartu ditudala, eta horren arabera bota dudala gero. Gauza horiek lirateke irakurri ditudan kontuak eta bizi izan ditudanak, testuinguru jakin batean bizi naizelako. Horregatik azaltzen dira klase sozialak eta patriarkatua, hor bizi naizelako.

Niri irakurtzea gustatuko litzaidakeena idazten dut.

Pobreziaren eta poesiaren arteko lotura?

Justu bi hitzek ondo egiten dute bat. Pobreziaren kontzeptua oso mamitsua da. Guk esaten dugu, gu Pobresiak gara, eta orduan batek esan dezake: aizu, baina zu ez zara pobrea, Euskal Herrian bizi zara, Europakoa zara, klase ertainekoa zara, unibertsitatera joan zara, eta nik ez zaitut gosez hiltzen ikusten, igual argal bai, baina gosez hiltzen ez. Orduan hitz jokoa egiten duzu eta esaten diozu: bai, baina segun zer den pobrea izatea, igual pobrea izatea ez da ahalik eta ondasun eta zerbitzu gehien ez edukitzea, baizik eta beste gauza batzuen falta. Nahi duzun guztia jan dezakezu, eta Hawaiira joan, baina gabezia batzuk dituzu. Biztanleriaren behar psikologikoak, adibidez, ez daude aseta. Zoriontasuna ez doa gora kontsumoarekin batera. Beldurra, inbidia, kohesio sozial falta, lehiakortasuna eskolan zein lan munduan edo harreman sozialetan, etab. Hezkuntza sistema den fabrikatik lan-ahalmen forman irtetzen gara, eta lan-ahalmen hori merkantzia bat besterik ez da: prezio bat du (soldata), eskaria dago (langabezia horregatik existitzen da, eskari gutxi dagoelako), eta kapitala pilatzeko dinamikaren barnean ekoizpen faktore bat besterik ez da, eta hortik esplotazioaren kontu guztia. Eta, gainera, gizarteko hainbat aparatuk eredu hau mantentzeko edo oreka ezberdintasun sozialerantz aldatzeko funtzioa dute: indar armatuak, polizia, komunikabideak, hezkuntza-sistema, gehien kontsumitzen den kultura, etab. Guztia, noski, demokrazia, askatasuna, jasangarritasuna, giza eskubideak edo horrelako kontzeptu hutsalez makillatuta. Zein atrebitzen da esaten horren guztiaren aurrean pobreak ez garenik? Zure sistemak gauza material asko eman dizkizu, baina beste batzuk ez, hori da sistemaren tranpa, horrela sortu da klase ertaina deritzona eta klaseen arteko borrokaren gainbehera ere. Pobreziaren kontzeptua lagungarria da hori esplikatzeko.

Amaitzeko, poema gehiago kaleratzeko asmorik ba al duzue? Lehen fanzine honetan daudenak baino askoz poema gehiago irakurtzen dituzue errezitaldietan.

Bai, orain bertan badauzkagu beste bi CD egiteko adina poema. Ez dakidana da noiz aterako dugun. Nire anaiak insistitu dit pixka bat, baina nik esan nion ikasturte honetan ez genuela aterako. Berari ere ondo datorkio, lanpetuta dabilelako. Ni ere antzeko, beste kontu batzuetan nabil, eta proiektu honek denbora eskatzen du. Ez dakit noiz aterako dugun, agian hurrengo ikasturtean, agian bi edo hiru urte barru. Kontzertuak bai egingo ditugu. Hurrengoa Lekeition abenduaren 12an, eta gero Soraluzen, abenduaren 26an.

 

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)