Ainara Gorostitzu Mujikarekin solasean
Behiala euren jaioterria utzi behar izan zuten 11 lagunen testigantzak jaso ditu 'Aldamenekoa' liburuanOstirala, 2013-03-08Hamaika lagunen testigantzak jaso ditu Ainara Gorostitzu Mujika kazetariak Aldamenekoa liburuan. Euren jaioterria utzi behar izan zuten guztiek, hainbat arrazoi direla medio. ‘Gu’ izenordearen erraietan sartu eta norbera izan litekeen ‘bestea’ topatzeko aukera ematen digu Aldamenekoak.

Tene Mujika beka jaso eta gero idatzi zuen Ainara Gorostitzu Mujikak Aldamenekoa (Elkar, 2012) liburua. Ikor Kotxen argazkiek lagunduta datoz testigantzak: hamaika lagun aurrez aurre; irakurleari, edo kazetariak egin moduan, entzuteko prest dagoenari so.
Aliona Mocreac (Moldavia), Souad Bricha (Maroko), Anwar El Hag (Palestina), Zuriñe Anzola (Venezuela), Chelo Rincon eta Armando Valbuena (Kolonbia), Claudia Fonseca (Nikaragua), Ana Murcia (El Salvador), Angele Goyeneche (San Franciscon bizi den euskal herritarra), Pedro Nuño (Espainia) eta Omar Sarr (Senegal) elkarrizketatu ditu egileak.
Lehenik eta behin, zerk eraman zintuen gai hau aukeratzera?
Premiak. Premia pertsonal batek. Gelditu eta ingurura begira jartzeko premiak.
Hamar bat urte neramatzan lanaren eta estresaren erritmoan, eta, lana uztean, gelditzean, ohartu nintzen hamar urte horietan ikaragarri aldatu zela inguratzen nauen guztia. Aldaketa hori ikusi, entzun, usaintzen hasi nintzen, eta galderaz bete zitzaidan burua. Autobusean mutil gazte bat diskoz beteriko poltsa garraiatzen ikusi, eta “inor ba ote du etxean zain?”, galdetzen nion neure buruari; okindegiko errumaniarraren irribarrearen atzean ze ilusio gordetzen ote zen; agurearekin pasiran zebilen andreak zer utzi ote zuen jatorrian… Aldamenekoaren atea jo eta galdera horiei erantzuna emateko topatu nuen bide bat izan zen liburua.
Kazetari gisa oso modu ezberdinean kokatuko zinen lan honen aurrean, Berrian edo Hik Hasin egindakoen aldean; besteak beste, kazetariaren tempoa lana prestatu eta idazteko orduan guztiz ezberdina delako, ezta?
Bilaketa-, galdeketa eta idazketa-prozesua guztiz desberdinak izan dira.
Egunkarian ia egunero gai bat jorratzen duzu, eta banuen gelditu eta, denbora luzez, gai batean sartzeko, irakurtzeko, entzuteko eta sakontzeko gogoa. Azaletik sakonera pasatzeko gogoa nuen.
Galdeketa edo elkarrizketak eurak ere oso bestelakoak izan dira: konfiantza izan da elkarrizketa hauetako klabea. Hasieratik garbi neukan konfiantza ematea eta hartzea izango zela aurrean nituen pertsona haien bizitzetan sartzeko modu bakarra. Ez nituen ezagutzen, eta euren bizitza kontatzeko eskatu behar nien. Konfiantza eman behar nien konfiantza eskatu aurretik. Horregatik, batetik, ezin nituen galdetegi itxiak eraman elkarrizketetara, eta bestetik, galdera askori erantzun diet grabagailua jarri aurretik.
Elkarrizketetan asko gozatu dut, nahiz eta entzun ditudan gauza asko mingotsak izan diren; gero, idazketa-prozesua gogorra izan da.
Testigantzei buruz zera esan zenuen liburuaren aurkezpenean: ‘Ez dira istorio bereziak edo ez ohikoak’. Nolakoa izan zen elkarrizketatuak aukeratzeko prozesua? Badirudi badagoela aurretik pentsatutako nolabaiteko aniztasun bat emigratzeko arrazoietan (ekonomikoak, politikoak, historikoak…), testigantzak osotasunean begiratuta…
Etorkinei buruz, prentsan, titular dramatikoak, zenbakiak, paperak, datuak, arauak, legediak irakurtzera ohituak gaude. Niri ez zitzaidan hori interesatzen. Periodikoetan agertzen ez diren “historia txikiak” kontatzeko gogoa neukan. Izen eta abizenak dituzten pertsonak, futbola edo musika maite dutenak, lotsatiak, irribarretsuak, hizlariak, literatura zaleak… ezagutu eta ezagutarazi nahi nituen. Haiek ikusarazi nahi nituen. Pertsona arruntak, zu eta ni bezalakoak, edo zu eta ni bezain desberdinak. Aldamenekoaren atea jo eta aurkituko genukeen pertsona hura ezagutu nahi nuen.
Argi neukan ez nituela hamar drama, ez hamar historia epiko kontatu nahi. Hamar historia erreal entzun nahi nituen, eta horiek kontatu. Batzuk bere txikitasunagatik egingo zaizkigunak gertuko, bestea urruntasunak egingo du interesgarri. Horregatik, marko irekiarekin abiatu nintzen; hiru baldintza jarri nituen zuk aipatzen duzun aniztasun hori bermatze aldera: jatorria (Moldavia, Maroko, Espainia, Senegal, Kolonbia, Palestina, El Salvador, Nikaragua, Venezuela, eta Euskal Herriko pertsonak elkarrizketatu ditut); gaur eguneko bizilekua (Irurtzun, Idiazabal, Barakaldo, Altsasu, Gasteiz; Bermeo, Orereta, Ordizia eta Donostia) eta emigratzeko arrazoia (ekonomikoa, politikoa, militarra, maitasuna, sexuala..). Hurrengo baldintza, kontalaria izatea zen.
Zein jarrerarekin joaten zinen haiengana, entzuteko edo galdetzeko asmoarekin? Inprobisaziorako tartea egon zen?
Izutzeraino harritu naiz neure aurreiritziekin. Uste ala ez, jarrera batekin zoaz beti elkarrizketa batera –edo nahinora. Eta ez nuen aldarte berdinarekin jo Souad Bricharen etxeko atea edota Angele Goyenecherena. Ez Omar Sarrena edo Pedro Nuñorena. Bere burua zapiaz estaltzen duen emakumearen senarrak elkarrizketa haiei buruz zer iritzi ote zuen pentsatzen harritu ninduen neure buruak; baina egongelara sartzean, eta orduak igaro ahala, hasi nintzen aurreiritziak kanpoan uzten.Souad ikusten eta ez emakume-marokoar-etorkin bat. Erraietaraino sartuak ditugu etorkinei buruzko aurreiritziak; nik behintzat bai. Aurpegi bat, izen eta abizenak, zaletasunak, irribarre bat jartzen dizkiozunean etorkin bati, zeure begirada aldatzen da, eta pertsona ikusten hasten zara; niri behintzat hala gertatu zait prozesu honetan.
Testigantzak errealak dira, baina haiek antolatzeko eta kontatzeko modua literaturatik ere baduela iruditu zait. Zer izan zenuen presente idazkera/tonua topatzeko orduan?
Besteren historiak nituen esku artean, eta, horrek, ikaragarrizko balioa zuen niretzat. Errespetu ikaragarrizkoa ematen zidan. Alabaina, euren historia kontatzera ohitua ez dagoen jendearen historiak ziren, sekula euren historiaz galdetu ez dioten jendea –nori galdetu diote?. Historia errealek ez dute hasiera bat eta bukaera bat; historia bakoitzaren barruan hamaika historia daude, eta zer eta nola kontatu erabakitzeko buelta asko eman ditut. Ideia batekin abiatu, eta elkarrizketek beste norabait eraman gintuzten kasu askotan. Kontakizunak, historia errealen gaineko kontakizunak, nondik abiatu, non bukatu, nondik pasa, zer alboratu, zer kontatu. Hori izan da nire estilo ariketa. Ez nuen esan nahi ez nuenik idatzi nahi. Ez zezatela nire hitzek nik esan nahi ez nuenik esan.
Bestetik, behin neure buruan historiak egin nituenean, ohartu nintzen hutsuneak zeudela; batzuetan nabarrak, bestetan sakonak; elkarrizketa-garaian beste bide batetik jo genuelako. Eta nik, idaztean, ezin nituen zulo haiek bete, ezin nuen literatura egin, eta gertakariak edo pertsonaiak edo bi urte inbentatu. Kasu batzuetan berriro elkarrizketatu nituen, baina hutsune gehiago agertzen ziren… hori idazketa-ariketa konplexuagoa izan da.
Tonuan bada prentsako artikuluen aldean aldaketarik: banekien tonu hurbila erabili behar nuela, eta horretan laguntzen zidan kazetaria, ni neu, Ainara, presente egiteak, nahiz eta deseroso sentitu.
‘Pertsonak direla ahazten zaigu mugaren alde honetakoei, delinkuenteak, langabetuak, asko jota langileak direla pentsatzen dugu, baina ahaztu egiten zaigu immigrante baino lehenago pertsonak direla’. Dio Pedro Nuñok. Arrazakeria gai gisa ez da modu guztiz esplizituan azaltzen liburuan, baina oso presente daude bertakoon erreakzioak, kontraesanak, beldurrak eta sarri gutxiesteak…
Omar Sarrek hala dio: “hemen aurkitu dudan onena jendea da; eta, hemen aurkitu dudan okerrena ere, jende da; jende bat”. Administrazioei daukaten ardura kendu gabe, geuk ere geure aldamenekoa ondo ala gaizki senti dadin eragiten dugu. Omar Omar bezala ikusten duten lagunak dira Altsasun aurkitu duen onena; eta gure miseria guztien errudun egiten duten etorkin-beltza ikusten dutenekin sufritzen du.
Testigantzen artean euskaldunok etorkin izan garenean (Ameriketan…) bizi izan ditugunak ekarri nahi izan duzu gogora, Angele Goyenecheren testigantzarekin. Beharrezkoa zen kontrapuntu hori gogora ekartzea, herri honetan ahaztu dugu zer den beste aldean egotea?
AEBetako euskal joakinen artean ere denetarik topatu nuen. Liburuan ere kontatu nuen: Renon Euskal joakinen afari batean han bizi den bizkaitar bat ezagutu nuen; haren arabera, Euskal Herriko mugak itxi egin behar zaizkie immigranteei.
Angele Goyenechek ez du ahaztua emigrantea dela. Han hemengo, hemen hango sentitzen da, eta hala sentiarazi dute. Gazte eta single, AEBetara bere kabuz joan zen emakume baten historia ezagutu nahi nuen.70 urteak beteak dituen andre hari entzuten nionean, nik Omar hogeita gutxi urteko senegaldarra nuen gogoan; biek sweet promised land-ararekin amesten zuten emigratzeko hegazkinak hartu zituztenean, eta, gutxi-asko, barrakoi bat topatu zuten. Angelek bera bezala joandako erkideen laguntza izan zuen, hitz, dantza eta otoitz egiteko komunitate bat, eta geu ere oraindik emoxionatzen eta haixetzen gara “amerikanuak” telebistan ikusten ditugunean; aldiz, kalean lauzpabost senegaldar baldin badaude espaloian solasean, beste aldera gurutzatzen dugu.
Krisiarekin badirudi etorkinen errealitatea beste fase batean sartzen ari dela. Estatistikek diote bigarren olatuaren amaieran egon gaitezkeela, horrelako sentsaziorik eduki duzu?
Liburua ideia izatetik liburu izatera iritsi den arte, bi urte hauetan asko aldatu da egoera ekonomiko eta soziala. Krisiak asko okertu du etorkinen egoera, ekonomikoki okerren dauden egoera estutu duen neurrian, eta argi dago ez duela hobera egingo. Etorkin asko itzultzen edo itzultzea pentsatzen hasi dira, eta bertako zenbait ere emigratzeko asmotan dira.
“Gu” eta “beraiek” zakuei begira jartzen gaituzte gure diruen kudeatzaileek, “gu” bertakoak eta “beraiek” kanpokoak; eta hala partitzen dituzte ardurak eta kulpak. Baina, zakurik egotekotan, ez dut uste bi horiek direnik; etorkinek “gu” osatzen dutela ulertzeak begirada enfokatzen lagunduko liguke.
.