Ana Jakari elkarrizketa
Orain urtebete pasa argitaratu zuen Ez zen diruagatik estreinako lana, mendekotasun material eta psikologikoei buruzko nobela.Osteguna, 2015-04-30Andoainen jaioa, 1978an, Iruñean bizi da egun. Aspalditik du idazketarako grina, eta gaztelaniaz poesia argitaratu duen arren, iaz kaleratu zuen estreinako lana euskaraz, Ez zen diruagatik izeneko eleberria, Elkar etxearen eskutik. Olga 40 urte inguruko andrea du narratzailea eta protagonista, etxetik kanporatua izateko arriskuan dagoena, eta bizitzan norabide zehatzegirik gabe dabilena. Olgarekin batera ezagutuko ditugu Dani gaztea, gay dela-eta gurasoenetik ospa egin behar izan duena, eta Mikel eta Monika bikote zertxobait berezia. Mendekotasunei, burujabetzari eta diruari buruzko hausnarketak tartekatzen ditu eleberri honek, eta horretaz guztiaz hitz egin dugu Jaka egilearekin.
Lehen liburua duzu euskaraz eta baita estreinakoa ere narratiban. Zer baldintza elkartu dira jauzi hori egitera animatzeko?
Alde batetik istorio bat neukalako, eta genero hori behar nuen, pertsonaiak eta abar garatzeko hobeto egokitzen zitzaiolako. Bestalde, euskararekin neuk ere izan dut neure garapena. Lehenengo ikasten hasi nintzen, gero irakurtzen, eta azkenik idazten. Poesia euskaraz idaztera ez naiz oraindik ausartu, niretzat poesiak askoz trebezia handiago eskatzen baitu, hizkuntza askoz hobeto ezagutzea. Narrazioak beste gauza batzuk eskatzen ditu, baina hizkuntzaren ezagutzarekin hain lotuta ez daudenak.
Gustura zaude emaitzarekin?
Bai, oso prozesu polita izan da hizkuntzarekikoa. Hizkuntzak gozatzeko dira, beste gauza batzuen artean eta komunikatzetik harago. Oso polita izan da euskararen alde hori ere erabili ahal izatea.
Zer-nolakoa izan da prozesua?
Nahiko mantsoa. Idazten hasi baino lehenagoko pausoak (egitura pentsatu, pertsonaiak irudikatu…) nahiko luzeak izan dira. Gero zuzenketaren aldi horrek ere hartu du tarte bat.
Orduan planifikatuta zeneukan nondik nora joango zen eleberria?
Bai. Ez guztia, dena dela. Izan ere, niretzat literaturaren alderdi oso inportante bat da idazten zoazen heinean aurkitzen duzuna, orduan den-dena ez dago pentsatua. Idazle batzuk horrela funtzionatzen dute, baina hori ez da nire kasua. Egiturari buruzkoak bai pentsatzen ditut aurretiaz: gauza zehatz batzuk gertatzen dira, toki batzuetan…
Bai, esana duzu hasiera batean Monikak zeukala garrantzia gehien, eta Olgak ez hainbeste.
Bai, hasiera batean Monika eta Mikelen harreman hori zen erdigunea, baina gero Olga agertu zenean berak hartu zuen eleberriaren nortasuna. Oso goiz jabetu nintzen horretaz, eta egitura aldatu zen, baina batez ere pertsonaien pisua, hori berriro pentsatu behar izan nuen.
Idazteari ekin zenionean, Olga ez zen narratzailea baino?
Nik beste nobela bat idatzi nuen gaztelaniaz, duela urte dexente. Gogoratzen naiz nobela lagun bati pasa niola, eta hark esan zidala narratzailea ez zegoela ondo definitua. Asko markatu zidan komentario horrek. Arrazoia eman behar izan nion, eta, orduan, hau idazterakoan, hori izan zen nire obsesioetako bat. Oso ondo marraztu nahi nuen narratzailea, hainbeste, ezen azkenean protagonismoa hartu zuen.
Diferentea izan da irakurleen harrera? Beste genero bat, beste hizkuntza bat…
Erabat diferentea. Generoarenak badu zerikusirik, normalean, poesia idazten dugunok baino ez dugu poesia irakurtzen, eta eleberrien kasuan ezberdina da, badagoelako publiko zabal bat.
Gaztelaniazko merkatua ere oso ezberdina da. Uste dut euskarazko merkatua atseginagoa dela, arreta gehiago eskaintzen zaie liburuei, bai argitaletxeen, bai irakurleen aldetik. Gaztelaniazko merkatuan best-sellerren ekoizpena bultzatzen dute argitaletxe handiek, eta horietatik batzuk irabazle ateratzen dira eta horiek izaten dira gehien irakurtzen direnak. Munduko beste merkatu handietan ere gauza bera gertatzen da. Ezberdintasun handiak sortzen dira horien eta salmenta oso txikiak dituzten beste guztien artean, aniztasunaren kalterako.
Ezberdintasunak ere egon badaude gure merkatu txikian, badira egile ospetsuak eta salmenta handiko liburuak, baina ez da inondik inora gauza bera. Hasteko, euskaraz argitaratzen den gehien-gehiena ezagutzera ematen da. Inpresioa daukat kultura asko zaintzen denaren seinale dela. Giro ona dago, osasuntsua. Aukera gehiago dago idazleentzat eta horrek aberasten du gure kultura, eta denok askeago egiten. Gaiak lantzeko adibidez, beldur gutxiago dago. Merkatu handietan eskaintza sakabanatzen da; zer nahi hura izan, beste ezer probatu barik askotan. Gurean, aldiz, jendea prestuago ikusten dut ateratzen dena ezagutzeko, eta baloratzeko.
Irakurleekin-eta hitz egin duzu?
Bai, irakurle-talde batzuetan egon naiz, eta gustura egon ere, egia esan. Batzuetan ondo, eta pare batean oso ondo ibili naiz. Harreraren harira, esan behar dut kuriosoa dela elkarrizketetan neuri ez didatela sekula galdetu ea eleberri autobigrafikoa den. Baditugu aurreiritzi horiek, nahikoa klasistak-edo, Olga bezalako pertsonaia batek ez lukeela libururik idatziko.
Gatozen pertsonaia nagusi horretara, bada. Olgak ez du, gure ohiko irizpideen arabera, arrakasta handirik izan bere bizitzan. Hala ere, liburuan ez zaigu biktima pasibo gisa agertzen. Hori ere nahita izan da?
Erantzukizunaren gaia jorratu nahi nuen, mendekotasunarekin lotuta. Karitateaz hitz egiten badugu, goitik beherako harremanez ari gara, eta iruditzen zait inportantea dela nork berak bizi duen egoeraren erantzunkizuna bere gain hartzea, egoera hori berak eragindakoa izan ala ez, eta horri buelta ematen saiatzea. Eleberriak azken batean ildo hori lantzen du. Biktima bazara beti leku berean zaude, ez zara mugitzen.
Carson McCullersek, adibidez, asko gustatzen baitzait bere obra, pertsonaiak deskribatzen ditu, zer gertatzen zaien eta zer egiten duten, paisaia soziala marrazten du, nolabait. Ez du epaitzen, ez du esaten zer egin beharko luketen pertsonaia horiek, baina koadro hori egitean bere salaketa egiten du.
Neuk beste modu batera egiten dut nire “salaketa”, pertsonaiei gauzak aldatzeko aukerak emanez. Hori da beste gaietako bat: ea askatasunik badagoen, aske ote garen gauzak aldatzeko…
Maskulinitate eta feminitate estereotipatuari ihes egin nahi izan diozu eleberrian. Nahita egina?
Erabaki kontzientea bada, baina bada baita ere niri interesatzen zaizkidan gauzei buruz hitz egitea, niri ez baitzaizkit interesatzen rol tipikoagoak, ez daude nire bizitzan: bikote heterosexual tipikoa, adibidez. Horri buruz asko hitz egin da, eta niri ez zait erakargarria gertatzen, ezta kritikatzeko ere.
Olga sortzean interesatzen zitzaidan zinikoa izatea, andrea izatea, kritikoa… ezaugarri jakin batzuk izan zitzala, funtsean. Nahiko natural irten zitzaidan, egia esan. Maskulinitatearen inguruan esfortzu handiagoa egin behar izan nuen beste eredu batzuk topatzeko, machoak ez zitzaizkidan interesatzen, ezta betiko aitak ere.
Familia-ereduaren inguruan, zera esan behar dut: nik nahiko modu inkontzientean egin nuen hiru pertsonaien elkarketa, eta kritikari batek (Iraitz Urkulo) aipatu zuen, azken batean, hiru horiek familia bat osatzen zutela, bestelako familia-eredu bat. Zuzen zebilen. Familia bat osatzeko edo elkartzeko ez da beharrezkoa odola edo ez dakit zer partekatzea, beste aukera batzuk daude, eta hori baino gehiago, beharra ere, sarritan. Gaur egungo gizartean horrelakoak sortzen dira, eta hor daude.
Ematen du aukera bakarra dagoela: bikotea hartu eta horrekin seme-alabak izan. Gero, aukera horri aldaketak egiten dizkiogu: seme-alabak kendu, maitale bat jarri… baina beti horren inguruan. Coca-Colak atera dituen azken iragarkietan [adopzio gurasoak, eta guraso homosexualak agertzen dira, besteak beste], edo whatsappean ipini dituzten ikur berrietan [bi gizon alabarekin, bi andre semearekin] ikusten da, betiko familia daukagu, eta hori ez dugu aldatuko. Sailkapen berriak sortu bai, baina egiturari eutsita. Uste dut horrekin apurtzea inportantea dela.
Mendekotasun bat baino gehiago aipatzen dira: Daniren igeltsua, Monikaren mendekotasuna Mikelekiko, diru-beharra…
Mendekotasunen gaia izan zen abiapuntua, horri buruz hitz egin nahi nuen, batetik mendekotasun emozionalak egongo lirateke, bikoteetan edo bestelako harremanetan, eta gero diruarekikoa. Dirua agertzea nahi nuen, mendekotasunak ekonomikoak ere izaten direlako, edo askotan elkartzen direlako horretan.
Hain zuzen, Mikel eta Monikaren arteko harremana nahiko berezia da. Mikel bakarrik ezagututa inpresio zehatz bat jaso daiteke horri buruz, baina Monikaren pasarteekin kolokan jartzen da bertsio hori. Istorio batek aurpegi asko dituela adierazi nahi zenuen?
Iruditzen zait mendekotasuna, kasu honetan bikote batean, beti gertatzen dela bi pertsonen erruz. Alde bakarra erakusten baduzu ematen du bata biktima dela eta bestea erruduna, hortaz, niretzat funtsezkoa zen Monikaren ahotsa agertzea. Gainera, horrelako pertsonaia bati buruz hitz egin nahi nuen: zergatik sortzen diren harreman horiek, nola irits daitekeen pertsona bat egoera horretara… bere problematika ere ager zedila. Ez zitzaidan egokia iruditzen beste pertsonaiekin elkartzea, Mikeli ere aukera eman nahi niolako beste bizitza bat irudikatzeko. Horregatik aukeratu nuen bakarrizketa moduan ematea, horren bitartez, gainera, bere buruan sar nintekeelako. Nobela barruan erritmo bat markatzeko ere balio izan du.
Bazen justizia kontu bat ere, nahiz eta ez zaidan gehiegi gustatzen termino horietan aritzea. Monika epaitua izango bazen, eta argi zegoen Olgak, Danik eta Mikelek epaituko zutela (oso modu agerikoan egin ez arren), berak ere aukera izan behar zuen bere defentsa egiteko. Era berean, Mikelen alde ilunak ere azaleraratzen ditu, ez baita oso pertsonaia garbia.
Mendekotasun horri buruz jarduteko, berariaz sortu zenuen bikotea, esan dezagun, ezohiko bat?
Ez nuen nahi bikote guztiz tradizional bat izatea. Oso ulergarria suertatuko litzateke Mikel agobiatzea horrelako harreman normal batean, eta orduan mendekotasunaren gaia ezkutuago geratuko litzateke. Orduan beste modu horretara planteatu nuen: ez, bikotea oso irekia da, Monikak dena ulertzen du, eta hala ere haien artean mendekotasun hori sortu da. Nahita egin nuen, haien arteko mendekotasun psikologikoa interesatzen zitzaidalako, eta, hortaz, gainontzeko zama kendu nahi nion, monogamiarena, adibidez. Mikel, teorian, aske da nahi duena egiteko, baina egiatan ez, beraien arteko beste lotura hori dagoelako, eta lotura horren pisua nabarmentzeko, kontzienteki sortu nuen harremana liberalago bat.
Kontraesan hori asko interesatzen zitzaidan, teorian libre direla nahi dutena egiteko baina gero ez dela egiazko libertatea. Kontu horietan, sarritan, oso azalean geratzen gara, esaten dugu “guk harreman ireki bat daukagu”, baina gero benetan ez badira sakoneko dinamikak landu, eta bikote horretako biak ez badira indartsu, ez badira guztiz burujabe ezin diote horri eutsi. Ahalduntzearen kontura gatoz berriro. Gauzak egiteko ez da nahikoa baldintza batzuk ezartzea eta zeure burua eskema horren barruan egotera behartzea. Aurrez lanketa bat egin behar duzu, benetako askatasuna landu.
Zenbat eta askatasun gehiago, erantzukizun handiagoa…
Askatasuna ez da ematen dizuten zerbait. Hori da eleberriko beste gai nagusietako bat. Adibidez, Mikel eta Monikaren arteko harremanean, Monikak ematen dio askatasuna Mikeli, baina Mikelek ez badu hartzen… eta alderantziz. Harremanetan, eta baita gizarte-mailan ere, kontua ez da batak besteari askatasuna ematea, kontua da norberak hartzea aske izateko erantzukizuna. Askatasuna ez da opari bat.
Autoritatearen kontra dagoen pertsona da Olga. Eskola garaiari buruzko hausnarketa jakingarriak dira: mojekiko harremana, neska “espabilatuek” zer-nolako aukerak zituzten…
Mojekin badaukat obsesio txiki bat… Adibidez, geltokietan mojaren bat dago beti. Aurreko eleberrian ere, gaztelaniaz idatzitakoan, moja batzuk agertzen ziren, momentu batean, geltoki batean. Horrez gain, Olga nondik datorren apur bat hobeto ulertzeko ere egokia iruditzen zitzaidan. Baina gehienbat nire tema horren ondorioz izan da, agertzea nahi nuen. Ni ez naiz mojetara joan, baina bai apaizetara. Mojak andre-eredu ikaragarri interesantea dira, batetik zer-nolako autonomia daukaten, eta zer esklabo diren bestetik. Gaiarekin ere bazuen zerikusirik.
Karitatearekin lotu nuen nik kontua…
Nahiko intuitiboki egin nuen, baina orain azpimarratu duzunez, bai, lotura hori ere badago, eta kritika egiteko asmoa, kristautasunetik datorkigun sistema horri, gaur daukagunaren oinarria dena. Goian daudenek lagundu egin behar dute behean dagoena, eurak ondo sentitzeko, baina azken batean pobreek bere horretan jarrai dezaten.
Azkenaldian asko hitz egiten da “inklusiboa” izan behar horretaz, eta horizontaltasunaz, eta horretaz ari naiz, parekotik parekora eman behar da laguntza, eta ez goitik behera, laguntza-mota horrek ez baitu ezer konpontzen. Adibidez, Euskalerria Irratirako prestatu dudan testu batean lagun toxikoei buruz hitz egin dut. Zer egin behar da kalte egiten diguten lagunekin? Baztertu, laguntzen saiatu? Ni harremana sendatzeaz mintzatu naiz testuan. Ez da onartu behar lagunak egiten dizun kalte hori, jakina, baina dinamikak alda daitezke, eta, esan bezala, harreman hori sendatzeko prozesu bat egin daiteke, horizontalki, biek adostuta.
Gizarte osasuntsua izateko beharrezkoa da denak hartzea barnean eta gure arteko harremanak osasungarriagoak izatea, eta ez besterik gabe jendea baztertzea “eroa” delako, eta laguntza txiki bat emanda.
Amaiera nahiko baikorra du eleberriak, ezta? Olgarentzat, behintzat. Badirudi iparrorratzen bat aurkitu duela: lanean hasi, Juantxorekikoak egin...
Nahi nuen amaieran garbi geratzea hiru pertsonaia nagusiek dutela hurrengo hitza, bakoitzak bere bizitzari dagokionean. Batzuk gure gustukoagoak izango dira, eta beste batzuk ez hainbeste. Mikel nire laguna balitz nahiko nuke Monikarekin uztea, baina azkenean, logika baten barruan, eta erabat zoriontsua zen bukaera bat egokia iruditzen ez zitzaidanez, buelta eman nion horri. Batzuk beste batzuk baino gehiago mugitu dira. Dani oraindik oso gaztea da, orduan aukera guztiak zabalik dituenez, oso etorkizun irekia marraztu diot. Olga, bere aukeren barruan, pauso txiki batzuk ematen hasten da.
Gero, eleberriaren motorretako bat da ea Mikelek zer egingo duen: Monikaren bueltatu, utzi… Monika nahiko gaizki dago eta oso zaila du ateratzea, funtsean ez du ezer aldatzen, bere mendekotasunean harrapatuta segitzen du. Mikel itzuli egiten da, baina dagoeneko ez da nahikoa, eta itzulera horrek ez du ezer konpontzen, denak berdin jarraitzen du.
Pertsonaia bakoitzak bere zama du, eta horren araberako aukerak edo irtenbideak dituzte.
Dirua agertzen zaigu izenburutik bertatik. Azken urteotako pobretze orokorrarekin batera etorri zaizu gaia lantzeko bulkada?
Lehenagotik zetorkidan interesa. Gainera, gai honen inguruan idazteaz pentsatzen hasi nintzenean krisiaren ondorioak ez zeuden hain orokortuta. Pixka bat erreparoa eman zidan gaian sartzeak, ikusita egoera nola joan den okertzen, eta gizarte-laguntzen gaia jorratzea ere, gaur egun jende askok behar baititu. Akaso laguntza horien kontrako kritika bezala ulertuko zen… Baina gaia lehenagotik neukan eta aurrera egin nuen, egoerak egoera.
Mendekotasunaz hitz egiten baduzu burujabetzaz ere hitz egin behar duzu. Lehenengo burujabetza bizirautearena da, eta hor alderdi ekonomikoak badu pisurik. Horregatik hitz egin nahi nuen diruaz. Ideia etorri zitzaidan esperientzia batzuk bizi izan ondoren. Teorikoki badakigu baliabide ekonomikoak beharrezkoak direla burujabe izateko, baina horretaz benetan jabetzen zara esperientzia batzuk bizitzen dituzunean.
Bestalde, azaletara eraman nahi nuen gaia, harreman intimoetara, horietan ere badaudelako horrelako mendekotasunak, banatzen ez diren senar-emazteak, ezin dutelako banakako bizitza ordaindu. Hori ikusten da orain, baina beti gertatu izan da, eta hor sartzen da, baita ere, andreen burujabetzaren kontua. Andreen independentzia lortzeko zer borrokatu da? Lan egiteko eskubidea, alegia, diru-iturri propioak eduki ahal izatekoa.
Azkenik, Olga behartuta dago, lan bat hartzea erabakitzen duenean, eskaintzen dioten lan hori onartzera. Dirua ematen dizunak agintzen du zure bizitzan, azken finean. Hori ere islatu nahi nuen eta horregatik jarri nuen banku batean lanean, azpimarratzeko.
Ospital eta bankuen arteko lotura ere izan duzu hizpide.
Heriotza eta osasunaren botere-sistema lantzen da, zeharka bada ere, mendekotasuna kontuarekin lotuta. Iradokitzen da Monikak buru-gaixotasunak izan ditzakeela, edaten ere agertzen da, akaso alkoholismoarekin lotura izan dezake… Gaixotasunaren estigmatizazioaz apunte txiki bat egiten dut. Ospitala metafora bat da, osasun-sistemak nola bideratzen gaituen.
Une batean Olgak esaten du, “hor ere bizitzak salbatzen dira” eta egia da, hor daude bi aldeak. Osasun-sistema behar-beharrezkoa dugu, baina bestetik, kontuan izan behar dugu sistema hori ideologiak markatzen duela. Gai horiek azkenaldian landu izan ditu feminismoak.
Ekonomian berdin, hor ere erabaki politikoak hartzen dira, eta sarritan lotuta daude bietakoak. Nolabait sistemaren zutabeak irudikatu nahi nituen.
Gaiz beste, iazko udan zutabegintzan aritu zinen, nahiko modu intentsiboan. Abuztuan, albisteen lehortea ere izaten denean, egunero idatzi zenuen zutabe bat Berria egunkarian. Zer moduzko esperientzia izan zen? Gustura jardun zenuen?
Oso esperientzia ona izan zen, aukera izan nuelako nahi nuenaz hitz egiteko, alde horretatik askatasun handia eman zidaten eta hartu nuen. Oso garai egokia izan zen, eta denbora aldetik ere, hilabete oso bat izatea jarraian, ondo etorri zitzaidan, gauza pila bati buruz hitz egin ahal izan nuen. Gizarte-gaiak landu nituen batez ere, eta gero nire tema batzuk, literaturarekin lotuak eta abar. Formatua bera oso atsegina izan zen.
Nekosoa ere izan zen, abuztuan izan zelako, baina erdi-oporretan egon nintzen eta horri esker nahiko ondo joan zen.
Liburuan jorratu gabe utzitako bestelako kezka edo gogoeta batzuei bide emateko moduz izan zen?
Bai, beti ditugu tema batzuk, eta gero berriak sortzen dira, eta horiek jorratzeko aukera izan nuen. Prentsako lanetan urrutiagotik egiten dira gauzak, nobeletan gehiago sartzen zara, pertsonaiak daude eta kasik hezur-haragizkoak dira zuretzat. Prentsan, ordea, kanpotik-edo hitz egiten duzu. Zuzenagoa izaten ere saiatu nintzen, mezuak garbiagoak ematen. Genero guztiz ezberdina da.
Berriro egingo nuke, baina tantaka. Niretzat ondo egon zen hilabete bakarra izan zelako, baina egunero idaztea bolada luze batez… ez dakit ahalko nukeen. Ni oso mantsoa naiz idazten, eta oso pertsona lasaia sormen-lanak egiteko. Denbora pila bat behar izaten dut, eta burua pixka bat reseteatzea, tartean behin.
Orain aste batzuk Iruñean egin diren “Jornadas Bizarras” jardunaldi feministetan tailerra eman duzu, idazketa erotikoari buruz: KontaLizunak. Zer-nolako esperientzia izan da hori?
Ni Lumatza-kidea naiz eta beraiek eskatu zidaten tailerra egiteko. Hasteko, nahi nuen ikusi ea zenbat jende zetorren eta ea haiek zer nahi zuten, baina nire planteamendua zen erreparatzea egon badagoen literatur erotikoari, mainstream deitzen dioten horri, eta horren aurrean zerbait bizarroa sortzea: zerbait ezberdina, gurea.
Jendeak idatzi nahi zuen, batez ere. Nik gauza teoriko batzuk prestatu nituen lan egiteko, baina azkenean ariketa praktikoak egin genituen. Ariketen asmoa zen bakoitzari plazera ematen dioten gauzei buruz hitz egiteko tresnak ematea, norberak egiteko bere bidea, askatasun osoz.
Ariketak egin genituen, adibidez, sexitasunari buruz, narrazio harrigarriagoei buruz, bulba haserretuen inguruan… Literatur tailerra baino, erotismo-tailerra izan zen.
Zer moduz gidari-lanetan?
Egin izan dut beste tailerren bat, eta saiatzen naiz jendearen nahiei arreta ematen. Askotan jendeak bultzadatxo bat behar du, baina bidea emanez gero gogoz heltzen diote. Jendeak gogo asko du gauzak esateko, beren buruak adierazteko.
Beste proiekturik ba al duzu esku artean? Euskarazko narratibarekin jarraitu nahi duzu ala poesiara itzuliko zara?
Aspalditik ari naiz apunteak hartzen beste eleberri bat egiteko, baina ideia solteak baino ez dira, ezer zehatzik ez. Bitartean, nobela zuzentzeko prozesuan ari ginela banuen beste poesia-lan bat adostua, gaztelaniaz. Oso poesia-lan txikia da, 50 poema ingurukoa, jostaria baina aldi berean alaia. Dena ondo bidean, proiektu hori hurrengo udazkenean aterako da, oso edizio txikian, 50 bat ale.
Narratibako beste zerbait egiten hasi aurretik uste dut promozio-lanak, elkarrizketak, irakurle-taldeak eta hori dena pasatzea behar dudala, eta horren ondoren heldu ahal izango diodala berriro idazketari.