'Esateko idazten dena': hiru elkarrizketa
Arantxa Iturbe, Juan Kruz Igerabide eta Aizpea Goenaga elkarrizketatu ditugu, Galeuscako hitzaldien hariraOstirala, 2012-10-26Arantxa Iturbe, Juan Kruz Igerabide eta Aizpea Goenaga izango dira aurtengo Galeuscaren baitako hitzaldietan euskarazko ekarpena egingo duten idazleak. 'Esateko idazten dena' izango dute hizpide, hedabideak, ahozkotasuna eta arte eszenikoen ikuspegitik hurrenez hurren.
Arantxa Iturbe: 'Esateko pentsatuta idatzitakoak dituen balioak une horretan, eta ez beste batean, gauzatzen dira. Airezko literatur balioak dira. Magikoak'.
'Esateko idazten dena: hedabideak' izeneko atalaren barruan parte hartuko duzu. Zeintzuk izango dira zure hitzaldiaren ardatzak?
Abiapuntua: hedabideetan ere, eta bereziki irratian, esateko idatzi egin behar dela. Oso gauza ebidentea ematen du horrela esanda. Baina naturaltasuna eta freskotasuna aitzakia hartuta, esan egiten du gero eta gehiagok, idatzi gabe. Eta antzematen da.
Eta gero bi ohar: esateko idazteko esateko idazten ari zarela ahaztu gabe idatzi behar da, eta idatzitako horrek, ahotsez airean idatzitakoan esaten duela kontuan izanik.
Zer izan dezake literaturatik hedabideetan esateko idazten denak?
Dena edo ezer ez. Esateko idazten ez denak bezalaxe. Idazteak ez du literatura ziurtatzen? Edo bai? Idatzitako guztia al da literatura?
Hedabideetakoa (batez ere irratigintzan) erdibide bat da ahozkotasunaren ezaugarriak eta literatura idatziaren artean?
Erdibidea baino biak batera, intentzio horrekin egin ezkero. Ahoz esandakoan hartzen du zentzua idatziak. Zentzuak, batzuetan. Batek idatzi arren, esaten duenak berea eransten diolako idatziari. Beti. Idatzitakoa errepikagarri da. Esandakoa, errepikaezin.
Agian antzerkian ematen denaren (edo eman behar litzatekeenaren) antzeko zerbait da? Hau da, esateko idatzia den arren nolabaiteko literatur balioa gordetzen duena...
Zalantzarik gabe. Beharbada “gorde” ez da aditzik egokiena. Ze, antzerkian bezala irratigintzan, edo esateko beste edozein formatutan, esateko momentu horrek du garrantzia. Eta esateko pentsatuta idatzitakoak dituen balioak une horretan, eta ez beste batean, gauzatzen dira. Airezko literatur balioak dira. Magikoak.
Galeuscan egingo duzun hitzaldia... hitzez hitz irakurriko duzu? (alegia, esateko idatzi duzu?)
Kontraesanak maite ditudan arren, esateko idatzi egin behar dela defendatzera doanak ezin bestela egin! Ez-ta nahi ere. Hitzez hitz esango ditut esateko idatzitakoak. Eta horretarako pentsatutakoak. Hori bai. Ezin dut esan nola esango ditudan. Hori... esateko momentua iritsitakoan...
JUAN KRUZ IGERABIDE: 'Beharbada, laster ahotsak eta belarriak berriro protagonismo handia hartuko dute'.
'Belarriak begi direnean' izena du Galeuscan irakurriko duzun testuak. Nondik nora jo duzu bertan?
Belarritik begirako bidearen laburpen teoriko bat egiten saiatu naiz, gizakiaren pentsamoldea ahozkotasunetik idatzira pasatu zenekoa agertzen eta gaur egungo ahozkotasuna idatzizko prozesuen mende dagoela erakusten. Etorkizuneko burutazio batzuk ere agertu ditut (ahozkotasuna idatzizkotik harago iritsiko ote den edo); ironia pixka batez irakurtzekoak dira noski.
Ahozkotasuna oso presente dago gure kulturan (besteak beste, bertsolaritzaren eraginez), baina literatura idatziaren ikuspegitik nahikoa landu eta gogoetatu dugun gaia da ahozkotasunarena?
Ahozko literatura (termino kontraesankorra berez) eta literatura idatzia bi mundu dira; jakina, ahozkotasunean dago idatzizko kulturaren oinarria, baina, idatzizko testuak erabiltzen hasi ginenetik, burua beste modu batera erabiltzeko aukera izan genuen. Egia da ahozko tradiziotik baliabide ugari har ditzakegula, gure diskurtsoari bizitasuna emateko adibidez, baina baliabideok azken batean idatzizko legeetara makurturik geratzen dira, hots, erretorikazko baliabide bihurturik; azken batean, literatura idatzia belaki baten antzekoa da, dena xurgatzen du, baina belakia beti belaki, bere zulotxo eta hodixkekin (alegia, bere bide propioekin)
Egun idatzizkoa gailentzen da, zure ustez, ahoz ari garenean ere, oinarrian idatzizkoaren mekanismoak ditugulako. Bi modutara funtzionatzen ikasi behar genuke?
Zer egin behar genukeen, auskalo. Dena den, maneiatu behar dugun informazio multzoa gero eta handiagoa da, eta iritsiko da une bat idatzizko alfabetoa baino modu arinago bat baliatu beharko duguna. Beharbada, laster ahotsak eta belarriak berriro protagonismo handia hartuko dute (seguru asko, ordenagailuetan letraz letra idatzi beharrik ez da izango). Zer eragin izango du horrek literaturan? Berebizikoa, agian. edo, literaturak aparteko mundu bati eutsiko dio?
Poesia bera oso lotua egon da, bere hastapenean, ahozkoarekin. Horren lekuko poesia eta kantagintzaren artean dagoen lotura estua. Zure ustez urrun daude egun biak, poesia eta kantagintza? Elkarren harremana berreskuratu beharko lukete?
Kantagintza eta poesia oso loturik egon dira betidanik, idatziaren eta ahozkoaren arteko zubi ezinobea osatuz. Artea egin nahi denean, poesiaren bila hasten da artista; kantaria letra bila; eskultorea, hitzezko parezkotasun bat eskainiko dion zerbaiten bila... Poesiak eta kantuak oraindik ere uztarturik jarraitzen dute, eta poesiaren bizileku eta hedagarri da kantua, eta kantuaren bizigarri poesia. Poema batzuek egokiagoak dirudite kantatzeko, ahozko egituretara egokituagoak dirudite, baina gaur egungo musikak testurik bihurrienari ere doinu/soinu egoki bat asmatzeko baliabide ugari ditu, elektronikoak barne (gauza harrigarriak egin daitezke, eta ia mugagabea dirudi arlo horrek).
Belarrira itzuliko gara berriro?
Belarria, oro har, sintetikoagoa da begia baino (alfabetoari dagokionez behintzat), eta datorkigun munduan informazio eta eduki asko sintetizatu beharrean izango gara; seguru asko ahotsak eta belarriak abiada handiagoa eta “xurgatze” globalagoa egiteko aukera emango digute. Horrek esan nahi du ahozkotasunak protagonismo handiagoa har dezakeela. Beharbada, mundu postalfabetiko baterantz goaz. Aieru-jolas moduan diot hori. Izan ere, aldez aurretik, gauzak dauden moduan, oraindik ere alfabetizazio-lan handia geratzen da egiteko munduan.
AIZPEA GOENAGA: 'Aurreko ereduak alde batera utzi eta berriei ekin behar diegu'.
'Esateko idazten dena: arte eszenikoak' atalaren barruan egingo duzu hitzaldia. Zeintzuk izango dira zure hitzaldiaren oinarriak?
Hezkuntzaren garrantzia, esateko idazten direnen prestigio beharra, kultura eta jakinduriaren sozializazioa, eta batez ere, gaur egun erreboluzio baten atarian gauden honetan gurea bezalako hizkuntza bat ondo kokatu beharraren garrantziaz. Mundu birtual honi loturiko sorkuntzak gauzatzen hasi dira, eta garatze horrek nora garamatzan ere ez dakigu. Aurreko ereduak alde batera utzi eta berriei ekin behar diegu. Esate baterako, geroz eta errazagoa izango da euskal antzerkia jatorrizko hizkuntzan munduratzea, baina horretarako prestatzen joan behar dugu. Egileengandik hasita.
Antzerkia da literatur generoen artean esateko idazten den kasu argi bat. Baina hala ere, askok esaten du antzerki testuak aztertzen eta baloratzen direnean literatur idazkuntzatik aztertzen direla, ez ahozkotasunetik. Zuri ere horretara jotzen dela iruditzen zaizu?
Gurean oso gutxi jorratu eta baloratu den genero bat denez, oso gutxi dira testu dramatiko bat “entzun eta ikusteko” gai direnak. Zenbat antzezlan irakurri dituzten galdetzen baduzu inguruan, erantzunak ezjakintasun honen klabea emango lizuke. Logikoa da ezagutzen den esparrutik aztertzea. Zorionez literatur dramatiko egile oso baliotsuak ditugu. Orain “fenomeno” batek gertatu beharko luke, badagoen hori ezagutu eta estimatzeko. Hori esaten dudanean, gure testu baten halako "exito" ikaragarri bat gertatzea edo kanpoko sari bat jasotzetik etorriko litzatekeen "fenomenoaz" ari naiz. Hau da, gure literatura dramatikoa ikusgarri bilakatuko duen gertakizun batez. Eta halakorik gertatzeko atarian gaudela uste dut. Oso egile onak ditugu eta nahiz eta kamikaze modura aritu, ondo ereiten ari dira.
Beste genero batzuetan trebatutako idazleek antzerkia idazten dutenean, sarri gertatzen da irakurria izateko antzerkia idazten dutela, antzezteko zaila den testu literarioa osatuz. Testua antzerkilariek idatzia denean, kontrakoa gertatzen da: literatur balioa baino gehiago gorputzarekin, dramaturgiarekin osatzen diren testuak izaten dira. Literaturatik (zentzu ertsi batean) datozen idazleek ikasi eta ulertu behar lukete gehiago oholtza gaineko lana zertan datzan?
Egia da, batzuetan, beste genero batean iaioak direnen testuak, antzezteko “gogorrak” gerta daitezkeela, gehienetan ekintza dramatikoa faltan izaten dutelako eta testuak, hain zuzen ere, ez direlako entzuteko izaten. Egia da baita ere, beste kasu batzuetan antzerki testu batzuk literatur balio ahula izan dezaketela. Baina nire ustez behintzat asko dira benetako literatur dramatiko diren makina bat euskal egileren testuak. Zoritxarrez asko eta asko argitaratu gabeak, eta agian, hortik sor daiteke irudipen hori. Hala ere, antzinako Grezian esate baterako antzezlanen egilea izaten zen askotan antzezlanaren protagonista, eta historian zehar oso arrunta izan da antzerki idazlea aktore izatea. Ez du zertan irakasle batek aktore batek baino hobeto idatzi behar.
Zalantzarik gabe, oso aberasgarria da, beste genero batean idazten duenak literatur dramatikoari egin diezazkiokeen ekarpenak.
Egin daiteke literatura gorputzarekin, argiekin... edo soilik ahotsarekin?
Antzerkiak, arte guztiek bezala, bere garatzearen prozesu horretan esperimentazioa behar du. Hala ere, antzerkiaren handitasunetariko bat, zuzeneko gertutasunaz eta, ikuslearekiko loturaz gain, konflikto edo korapilo bat arteak bateratuz garatzeko aukerak ematen dio.
Posible ikusten duzu ahozkotasuna eta literatur kalitatea orekatzen eta uztartzen dituen antzerkirako idazketa bat egitea?
Dudarik gabe. Eta hala behar du gainera. Azken hogeita hamar urte hauetan ohartzen ez bagara ere aurrerapauso handiak egin dira bide honetan. Hala ere, asko dago egiteko. Aurrera begira, baina baita atzera ere. Zulo nabarmenak ditugu, esate baterako, gure klasikoak ez ditugu ezagutzen. Eta antzoki nazional edo publiko bat ez edukitzeak, eskola “ofizial” bat ez egoteak, egileen garapena erabat itotzen du. Idazle batek bere nobela argitaratu behar duen bezalaxe, antzerki idazle batek bere lana taula gainean ikusi behar du. Eskola bat sortu behar da. Esperimentazio eta “gure” literatura dramatikoaren bidea modu sendoago batean erein, emaitzak jaso ahal izateko. Orain arte, egindako ahalegin guztiak inolako babesik gabe egindako ahalegin indibidualak izan dira.