Esti Martinez Diaz de Cerio: “Nire poesia prosaikoa dela esango nuke”
Ostirala, 2018-04-06Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren lehen edizioan, Esti Martinez Diaz de Cerio saritu dute. Sari honi esker, Balea Zuria argitaletxeak lehen liburua plazaratuko dio laster. Poema sarituen inguruko zertzelada batzuk eman dizkigu ondoko elkarrizketan.

Saritua izan den poemarioa labur-labur azaltzea eskatuko bagenizu, nola laburbilduko zenuke?
Narrastien azalberritzea erabili dut metafora gisa, bizitzan ematen diren aldaketak nolabait irudikatzeko. Narrastiek azala aldatzen dute hazi ahal izateko eta hiru fasetan egiten dute. Poemarioa ere hiru fasetan banatuta dago.
Tematika aldetik, bada hari edo hizpide jakinen bat ala oparoa da gaietan?
Tematikari dagokionez, gai ezberdinak jorratu ditut: beldurra, aldaketa, distantzia, beharrak, kanpotik barrura eta barrutik kanpora begiratzen duten leihoak, gaur egungo gizarte mozorrotuaz hitz egiten duten poemak, gogoeta intimoak...
Eta estilistikoki, nola definituko zenuke zure poesia? Ba al duzu gustuko korronte edo idazleren bat?
Nire poesia nahiko prosaikoa dela esango nuke, narraziotik dezente duena. Poema asko laburrak dira eta nahiko bisualak.
Zaila egiten zait idazle edo korronteren batekin lotzea. Poesia irakurtzen dudanean aldatzea gustatzen zait.
18 poema-lan aurkeztu dira guztira. Eta horien guztien artean, zurea izan da saritua. Hori jakinda, are pozgarria izango zen albistea.
Bai, jakina. Bilduma oso bat aurkeztu behar zela kontuan izanda, 18 poema lanen artean irabazlea nintzela jakitea oso pozgarria izan zen.
Diru ekarpena garrantzitsua izanik ere, zure poemak liburu batean plazaratuko direla jakitea ere gustagarria izango da.
Bai, hala da. Diru ekarpena garrantzitsua izateaz gain, horrelako sariek argitaletxeetako atariraino eramaten zaituzte eta aurretik ezer argitaratu ez dugunontzat katapulta moduko bat da; poemak koaderno eta ordenagailutik atera eta ezagutarazteko aukera ematen diguna.
'Poesia eta Pentsamendua' zikloan hartuko du parte
Liburua plazaratzearekin bat, ekainean Poesia eta Pentsamendua zikloan hartuko duzu parte. Aurretik egin al duzu errezitaldirik? Gustura aritzen al zara oholtza gainean?
Idazle Eskolak antolatzen dituen ilunabar literarioetan irakurri izan dut aurretik. Baina bestela, ez dut oholtzan aritzeko ohiturarik. Izan ere, oso gustuko dut poesia ozen irakurtzea eta egin dudanetan eroso sentitu naiz.
Aurretik sari gehiago jaso dituzu. Tartean, narratiba generoko idatziren batekin jaso ere. Oraingoa ordea, poesia arlokoa da saria. Azken hau al da zure genero kuttuna?
Orain arte kontzienteki narratiba idatzi dut eta modu inkontzienteagoan edo, poesia. Poesia espero ez dudan lekuetan topatzen dut askotan eta ohartu gabe, modu paraleloan lagundu nau orain arte; oharretan, koadernoetako ertzetan. Horiek guztiak poesiak zirela eta denbora eskaini behar niela konturatu nintzen eta ordutik, modu kontzienteagoan idazten dut.
Gainera, Idazle Eskolan nabil eta horrek poesia gehiago lantzen eta idazten lagundu nau. Izan ere, ez dut narratiba alde batera uzten, ipuina oso gustukoa dut.
Idazle gazteen lanari bultzada emateko xedea duen lehiaketa
Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxearen elkarlanaren emaitza da I. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. Euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortu zuten. 18 poema bilduma aurkeztu dira lehen edizioan baina Esti Martinez de Cerioren poemarioa izan da epaimahaiak nabarmendu nahi izan duena.
Lehiaketa honi esker 1.000 euroko saria jaso du eta Imanol Larrinagaren margolan bat opari. Balea Zuria argitaletxeak plazaratuko du poema bilduma saritua eta ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua errezitaldian parte hartzeko aukera izango du.
Esti Martinez Diaz de Cerio Iruńean jaio zen 1991n. 2012an Iruńeko Udalak antolatutako egile berrientzako euskarazko XXIII. literatur lehiaketan aipamen berezia jaso zuen. 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako sormen lehiaketako euskarazko narratiba sailean lehen saria irabazi zuen. 2015ean, Petri Atarrabiakoa XXV. literatur saria jaso zuen.