Uxue Alberdiri elkarrizketa
Euli-giro (Susa, 2013) liburuaz eta beste hainbat kontuz aritu garaOstirala, 2013-11-22"Sekula baino liburu ilunagoa atera zaidan arren plazeretik idatzitakoa da, inoiz baino gehiago. Izan ditut idazketa-prozesuarekin lotutako gatazkak, blokeoak eta amorrazio aldiak, baina kanpo presioetatik inoiz baino askeago idatzi dut. Nire martxan, eperik gabe idatzi dudan lehen liburua da". Akaso horregatik iruditu zaigu koxka bat egin duela aurrera Uxue Alberdik. Berezko idazkera erdiesten hasia dela. Euli-giro (Susa, 2013) liburuko ipuinen izenburuak aitzakia hartuta, idazleaz, idazlanaz eta beste kontu batzuez hitz egiteko aukera profitatu dugu.
Dena ez dago gure esku. Euli-giroan murgilduko gara lehen ipuinean. Eta sentsazio gazi-gozo batek lagunduko gaitu amaiera bitarte. Lehen ipuina da akaso liburu osoaren erakusgarri?
Ipuin bakoitzak bere autonomia duen arren, egia da lehenengoak ematen dituela pista batzuk irakurleak liburuan aurkituko duenaz. Normaltasunaren eta ezustekoaren konbinazioa; kontrolaezinak diren elementuen eragina; emozio eta sentsazio lurtarrak, ohikoak, domestikoak halako lilura batekin nahasian ematea... Ezinegona eragiten duen atmosfera sortzen ahalegindu naiz, baina ahalik eta hiztegi eta deskribapen zehatzenekin. Gertatzen den horretan baino, pertsonaiek gertatzen den hori bizitzeko duten moduan dago ipuinen motorra. Emozioetatik, sentsazioetatik eraikitako ipuinak dira, neure eulien laguntzaz barrutik kanpora idatziak.
Opariak. Liburuaren aurkezpenean esan zenuen pertsona batzuek euliak akabatu egiten dituztela, beste batzuk haiek uxatzen saiatzen direla eta badirela eulien aurrean errenditu eta haiekin bizitzen ikasten dutenak. Batzuetan ez da beste erremediorik, erredenditzea baino, egunerokotasunaren aje asko garaitezinak diruditelako. Eta ipuin honetan kontatzen denak badu hortik zerbait, ala ez?
“Opariak” da, nire ustez, bilduma osoan umore dosi handienak dituen ipuina. Neska haurduna mutil-lagunaren familiaren baserrira doa ospakizun-bazkari batera eta bertan, giro opresibo, durduzagarri, aztoragarriarekin egiten du topo. Ipuinaren gakoa hortxe dago: irakurleak ez dakiela errealitatea benetan den narratzaileak kontatzen dion modukoa ala hau exajeratzen ari ote den. Distortsioa errealitatean ala narratzailearen pertzepzioan ote dagoen. Familia-klan bat eta hiriko neska haurduna parez pare jarrita hainbat azpigai biltzen ditu kontakizunak: bikote-harremanaren barruko tentsioak, amatasun ereduen arteko talka, familia-ereduen arteko frikzioak, familiako barne-arauen indarra eta oinordetzan jasotako emozionalitate osoa... Irribarre erdiarekin idatzitako ipuina da.
Oreina, Jesusen gurutze-bidean barrena. Plazeraren eta oinazearen arteko keinua ageri da bitan gutxienik. Zenbat izan du oinazetik eta zenbat plazeratik liburu honek?
Sekula baino liburu ilunagoa atera zaidan arren plazeretik idatzitakoa da, inoiz baino gehiago. Izan ditut idazketa-prozesuarekin lotutako gatazkak, blokeoak eta amorrazio aldiak, baina kanpo presioetatik inoiz baino askeago idatzi dut. Nire martxan, eperik gabe idatzi dudan lehen liburua da. Erditu ondoren hasi nintzen idazten, ama lanetan erabat murgilduta nengoela. Amatasunak, besteak beste, denborarekin oso selektiboa izaten irakatsi dit. Denbora gutxi dut (gero eta gehiago) niretzat bakarrik eta denbora horretan idatzi egin nahi nuela argi sentitu nuen. Arratsaldetan, umea utzi, kafesnea prestatu, zigarro bat erre eta hortxe hasten zen nire territorio librea. Gozatu egin dut, egia esan. Gainera, ipuinez ipuin joan gara kontakizunak lantzen, banaka bidaltzen nizkion editoreari, eta konforme gelditu arte aritu gara ipuin bakoitzari bueltaka. Horrek asko erraztu du amaierako prozesua. Bide horretan asko ikasi dudala sentitzen dut. Ez dago buruhausterik gabeko sorkuntza-prozesurik, baina ez dut oinazetik idatzi.
Su txikian. Alice Munro aipatzen da ipuinean. Tramaren osagarri edo. Munro jende normalaren gorabeherak azaltzen trebea dela diote. Normaltasun horren putzu ilunetara eramaten duela irakurlea sarri, horretan dela trebe. Ipuin honek ere badu asko hortik. Eta elkarrizketa bidez, modu poliziako eta bizi batean emana.
Beste ipuin guztiekin hilabete bat edo bi eman ditut lanean. Hau da ekinaldi bakarrean idatzitako ipuin bakarra, jolas modura hasitakoa. Modu dialogatuan idatzia denez irakurlearentzako ere arnasaldi moduko bat izan daitekeelakoan nago. Murno munstroa iruditzen zait, nola eramaten zaituen, nola sartzen zaituen bere munduan... Niretzat erreferente bat izan da Samanta Schweblinekin, Julio Cortazarreki, Irene Nemirovskyrekin eta beste hainbatekin batera. Hartuko nuke haien abileziaren hamarrena!
Ezertan lagun diezazuket. Bipolarra izan daiteke zenbaitzuk zurekiko duten irudia. Normaltasunez daramazula esan daiteke baina ipuinak planteatzen duen jokoari jarraituz, “bertsolari” sentiarazi zaituzte inoiz idazleen artean? Eta “idazle” bertsolarien artean?
Saiatzen naiz kanpoko sailkapenei ahalik eta pisu gutxien ematen. Bertsolaritza eta idazketa nire jardunaren bi zutabeak dira, baina burua eta gorputza oso diferente izaten ditut batean eta bestean. Beti esaten dut elkar orekatzen duten jardunak direla. Bertsolaritzaren bat-batekotasuna, bertigoa, izaera soziala, lagun-giroa... asko estimatzen ditut, baina behar ditut idazteak eskatzen duen pausa eta egonarria ere, barrura begira luzaz egoteko aukera, hitz bakoitza tentuz aukeratzeko patxada, bakardadea, hausnarreko denbora... Ezertan lagun diezazuket desagertzeko beldurrari idatzitako ipuina da, amatasunari lotua nire kasuan. Nik uste, gure bizitza egonean baino eginean oinarritu izan dugun emakume askok sentitu izan dugula halako bertigo bat ama izandakoan, amatasunak zerikusi handia baitu egotearekin, haurraren erritmoan bizitzearekin, kanporako leihoak itxi eta etxe barruan bizitzearekin. Niri mesede handia egin dit barnera biltze horrek, baina izua ere eragin izan dit, eta hortik idatzitako kontakizuna da.
Distopia literarioak. “Idatzi mundua zuen gorputz biluziei begira balego bezala”, dio ipuinak pasarte batean. Idazteko garaian, gure literatur sistemaren tasunak eta keriak albo batera uztea ez da erraza izanen. Akaso horregatik esan berri duzu, “besteen onarpenaren zain ez egotea askatzeko modu bat dela”.
Biluztean denok gara arruntak, ahulak, beldurtiak... Eta hortik idazten den literatura gustatzen zait. Hedabideek, literatur sistemak... halako jantzi bat egiten diote idazleari, baina idazleak badaki jantzi hori gezurrezkoa dela, eta bakardadean idazten ari denean bere mediokretasunari, beldurrei, ezintasunei egin behar diela aurre. Besteen onarpena lortzeko kanpoko jantzi horretan oinarritzea oso arriskutsua iruditzen zait, nahiz eta ezin garen beti biluzik ibili.
Kamera estenopeikoa. Eskuz eginiko kamarak izaten dira. Abiada handiko eta puntako teknologien garai hauetan, pazientzia eskatzen dutenak. Teknologiak teknologia, idazteak beti izango du asko estenopeikotik, ezta?
Bai, erabat ados nago eskuekin baino ipurdiarekin idazten dela esan zuenarekin. Lana, pazientzia, ezabatzea, berriro hastea, frogak egitea, su txikian idaztea... ezinbestekoak iruditzen zaizkit literaturarako.
Ondo lo egin. Marie Darrieussecq idazle baionarraren Truismes (1996) ekar dezake gogora. Zeina Kafkaren Metamorfosia-tik urrun ez dagoen. Zentzu horretan, margolariaren paleta nola, ipuinak lantzeko baliatu dituzun teknikak ezberdinak izan dira. Tartean, kafkiarra suertatu daitekeena, ezta?
Ondo lo egin metamorfosi baten kontaketa da, bai. Darrieussecq-en lanean zerrituz zihoan pertsonaia, nirean zakurtuz. Lagun batek behin esandako esaldi batetik sortu zen ipuin honen lehenengo txispa. “Ama independizatu zait”, esan zidan. Badira giza-harremanetan ontzat ematen ditugu hierarkia batzuk, gurasoen eta seme-alaben arteakoa, adibidez. Baina rolak itzulikatzen direnean gertatzen den talkaz idatzi nahi nuen, eta horretarako teknika kafkiarra baliatu dut. Kontakizun bakoitzari osotasuna eta indarra emateko tonurik, teknikari edo generorik egokienak bilatzen saiatu naiz.
Preludioa. Atarikoarekin amaitzen da liburua. Preludioa ipuineko irudi bat baliatuz, bolante-kolpe modukoak ematen dira liburuko ipuin gehienen amaieretan. Zure ibilbidean ere, Euli-giro-rekin bolante-kolpe bat eman duzula uste duzu? Kontrazalak dioen bezala, liburu honek zure “estilo berezkora hurbilduarazi” dizula uste duzu?
Ez dakit. Bidea egiten ari naizela sentitzen dut, ikasten. Ez dut uste “estilo berezko”rik existitzen denik, ekinean egiten da estiloa, eta eraldatuz doa, ez? Bolante-kolpeak baino zailagoak eta interesgarriagoak iruditzen zaizkit aurretik dauden errebuelta guztiak, bidean hartzen diren erabaki txiki guztiek osatzen baitute estiloa deitzen diogun hori. Nik idazten jarraitu nahi dut, eta ea zer dakarren bideak.
Lehen bi argazkiak: Lander Garro.