Ramon Saizarbitoria: “Banuen gazteentzako zerbait egiteko beharra"
Lili eta biok (Erein) nobela eman du argitaraOsteguna, 2015-12-03Martutene (Erein, 2012) argitaratu eta hiru urtera dator Lili eta biok (Erein, 2015). “Hura bezain luzea ez, baina hura bezain mamitsua bai”, Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editoreak aditzera eman duenez. Pertsonaia adina trama daude nobela berrian, eta idazlearen baitan ohikoak diren kezkak ageri dira: maitasunaren inguruko gorabeherak, gizon emakumeen arteko harremanak... Kulpaz ere mintzo da nobela honetan. Eta memoriaz, eta memoriaren transmisioaz.

Esan bezala, gazteekin komunikatu nahi horrek garrantzia handia izan du Lili eta biok nobelaren idazketan. “Banuen gazteentzako zerbait egiteko beharra. Kandinskyren tradizioa (Erein, 2003) liburuko esperientzia oso baikorra izan zen niretzat”. Oihartzuna izan zuela gazteen artean, eta Ramon Saizarbitoriarengan eragin gehiago izan zutela jende gazteen artetik iritsi zitzaizkion iritziek.
"Ez dago Lolitarik nobela honetan"
Martutene (Erein, 2012) nobela arrakastatsua plazaratu eta gero, hutsune bat sumatu zuela aitortu du Ramon Saizarbitoriak. Ur sakonetan sartzeko beldurrez, gauza arinago bati heltzeko tentazioa piztu zitzaion eta ipuinak idazteari ekin zion. Baina irakurketa ezberdinen ondoren, hari mutur ezberdinak lotzen hasi eta Lili eta biok (Erein, 2015) nobela idazten ikusi zuen bere burua. Nobelaren sorburuaz honela mintzo da ondoko bideoan:
"Idazle baino gehiago, nobelagile naiz ni"
Gizon emakumeen arteko harremanez, kulpaz, memoriaz, memoriaren transmisioaz... Eta idazleaz ere aritu zen Ramon Saizarbitoria. “Aspertuta nago nire nobelek duten irakurketa politikoarekin". Hala aitortu zuen Lili eta biok liburuaren aurkezpenean. "Neronek beharbada gehiegi hitz egin izan dut gai horietaz: politikaz, indarkeriaz, kulpaz... Baina aldarrikatu nahi nuke hau nobela bat dela eta nobela honetan pertsonaia batzuk daudela. Eta ni, Faustino Iturbe liburuko protagonista bezala, ni neroni idazle baino gehiago nobelagile naizela”.