Ander Gartzia: "Aurrerantzean animatuko naiz gehiago idaztera"
Bizkaidatz lehiaketa irabazi berri duOsteguna, 2016-05-05Bizkaidatz lehiaketaren zortzigarren edizioan, Ander Gartzia Badiola nagusitu da. Kazetaria ogibidez, literatura idazteko denbora gutxi duela aitortu digu. Akaso horregatik hartu du saria poztasun handiarekin: “ez da ezeren mugarri izango, baina tira, bultzada txikitxo bat bada norbere burua animatzeko”.

Lehiaketa berezia da hauxe: euskaraz edo gaztelaniaz proposatutako istorio bati segida eman behar zaio. Aurten, Jasone Osoro idazleak hasi du euskarazko lehiaketako kontakizuna, Laranja zukua izeneko kontakizunarekin. Aurkeztu diren lan guztien artean, Ander Gartziaren lana hobetsi du epaimahaiak.
Aurtengoan, Jasone Osorok ipinitako abiapuntuari jarraipena eman behar zitzaion. Zaila al da horrela sortu/idatzi behar izatea?
Ander Gartzia: Uste dut lana errazten duela, azken finean lan erdia eginda daukazulako. Sormen prozesu batean maiz hasierako ideia izaten da gaitzena. Kostatzen da orri zuri batetik abiatzea. Baina, noski, era berean, erantzukizun handia da Jasone Osoro bezalako idazle baten kontakizunari neurriko jarraipen bat ematea; hau da, kate-begirik ez dadila apurtu istorioan.
Jasone Osororekin egoteko aukera izan zenuen sari banaketan, ezta? Ipuinari eman diozun segidaz berba egiteko aukera izan al zenuen? Ze inpresio hartu zuen?
Ander Gartzia: Bai, ekitaldiaren amaieran denok elkartu eta solasean ibili ginen. Zoriondu egin ninduen eta idatzitakoarekin asko gozatu zuela esan zidan (uste dut zintzotasunez esan zidala kar, kar, kar! Hori sinestu nahi dut, behintzat kar, kar, kar).
Kasu honetan zaila zen amaiera asmatzea, aukera askorako ematen baitzuen istorioak. Protagonistak alzheimerra dauka eta erabakitzen du autokarabana bat erosi eta bidaiatzea. Ez daki bere emazteak bidaia horretan lagunduko dion. Beraz, ziur asko, lehiaketan parte hartu dugun guztiok amaiera oso ezberdin bat emango genion istorioari.
Bizkaidatz sariko lanak argitara ematen al dira?
Ander Gartzia: Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen du. Ale batzuk banatu zizkiguten. Beraz, pentsatzen dut dagoeneko argitaratuko zituztela. Ez dakidana da liburudendetan aurkitu ote daitezkeen.
Literatur lan bat idazten duzun lehen aldia izan al da? Edo argitara eman al duzu beste lanik aurretik?
Ander Gartzia: Tamalez, oso gutxi idatzi izan dut. Duela hiru urte aurkeztu nuen lan bat aurreneko aldiz; hain zuzen ere, Bizkaidatz lehiaketara, eta orduko hartan (2013) ere irabazi egin nuen. Geroztik, gauza txikiak idatzi ditut, niretzako gorde ditudanak. Aurrerantzean animatuko naiz gehiago idaztera.
Zer suposatu du sari honek zuretzat? Idazten jarraitzeko akuilu izango al da?
Ander Gartzia: Poztasun handia. Halako epaimahai batek zure lana baloratzea beti da pozteko modukoa. Berdin jarraituko nukeen gauza txikiak idazten, baina egia da halako aitortza txikiek balio dutela konfidantza handiagoz idazteko. Ez da ezeren mugarri izango, baina tira, bultzada txikitxo bat bada norbere burua animatzeko.
Bizkaidatz VIII. edizioa
Lehen saria, Ander Gartzia Badiola. Gaztelaniazkoan, Eva Vidal Álvarez.
Bigarren saria, Lourdes Unzueta Zamalloa. Gaztelaniazkoan, Mikel Gil Sojo.
Bi finalistak: euskaraz, Naiara Zubimendi Zubillaga; eta gaztelaniaz, Itziar Alonso Arbiol.
David Tijerok, Katixa Agirrek eta Jasone Osorok berak osatu dute euskarazko epaimahaia.