Albisteak

Azokaren uberan: komikiak eta album ilustratuak

Asteartea, 2016-12-06

Azken urteotan ugaritu egin da komikien eta album ilustratuen ekoizpena. Albiste moduko honetan, aurten plazaratu diren lanak hartu ditugu hizpide. Euskaraz propio osatutakoak, nahiz beste hizkuntza batzuetatik euskarara ekarritakoak. Azoka egun hauetan, komiki bila dabilenarentzat, hauxe da egokitu dugun gida modukoa.


Marrazkilari nahiz gidoigile ezberdinek osatzen dute H28 aldizkari saretirikoaren lan-taldea. “Modu boluntarioan lan eginez egunerokotasunari satiratik begiratuz hilero hilak 28 dituenean, argitaratzen dugu”. Sareko agerkaria bada ere, paperean album modukoa plazaratu zuten iazko Azokaren bueltan, Urtikaria izenburupean.


Urdekaria (H28)

Crowdfunding bidez, Urdekariaren bigarren zenbakia sustatzen aritu dira azken asteotan. Helburua bete dute baina oraindik bada ekarpenik egiteko aukera. “Egindako ekarpen bakoitzak H28ko urtekaria izango du opari, eta hauek Durangoko azokarako (Abenduaren 2tik 6ra) egongo dira prest!”.


Zerua gris dago (Pamiela)

Zerua grisa dago albumaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere. 2016ko Etxepare sariaren epaimahaia Patxi Zubizarretak, Mikel Valverdek eta Yolanda Arrietak osatu zuten, eta euren esanetan “albumean adiskidetasun baten sorrera kontatzen zaigu”. Generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen digu ordea, “laguntasunaren aldeko proposamen sotila”. Pamielak duela aste batzuk aurkeztu zuen albuma.

zeruagrisdago

“Testuaren eta irudiaren —gutxitan bezalako— oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela”, epaimahaiak aditzera eman duenez.

Isaak Martinezen idatzia, Liébana Gońi ilustratzaileak gorpuztu du album ilustratu batean.


Eneko Aritza (Nabarralde)

Eneko Aritza. Lehen errege baskoia komikian, gidoia Angel Rekalderena da eta marrazkiak Joseba Larratxerenak. Nabarraldek eman berri du argitara. Azoka egunetan, Nabarralderen stand-ean bertan dago berau eskuratzeko aukera.

larratxe


Museo bilduma (Xabiroi)

Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi komiki aldizkariak bederatzigarren albuma aurkeztu zuten pasa den urrian: Museo bilduma. Jada klasiko bilakatu den bikote batek ondu du komikia: Harkaitz Canoren gidoia Ińaki Holgadok irudikatu du beste behin ere. Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendariaren esanetan, albuma bidaia baten modukoa da. “Perla zoragarriz zipriztindutako bidaia”.

museobilduma


Zarrakamalda (Txalaparta)

Udazken honetako nobedadeetako bat izan da: Ińaki Martiarena Otxotorena "Mattin"en Zarrakamalda (Txalaparta) komiki liburua. Lan honetan, Lokatza izeneko pertsonaiaren gorabeherak ezagutuko ditugu, baratzea aurrera atera nahian, bizitzan bezala umorez eta saminez. "Mattin"engana jo genuen liburuaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz, eta berak marrazkiz erantzun zizkigun galderak. Hauxe duzue elkarrizketa ilustratuaren esteka zuzena: Mattin-ekin irudizketan.


Jon eta Mirka (Harriet argitaletxea)

Atzera begira jarraitzen du Gregorio Murok, eta oraintsu Jon eta Mirka argitaratu du berriro, Harriet berak sustaturiko argitaletxearekin. Jon eta Mirka izan zen hain zuzen, Gregorio Murok idatzi zuen lehenengo obra. Bi album izan ziren jatorrian, baina liburu bakarrean berrargitaratu ditu. Irudiak Daniel Redondorenak dira.

jonetamirka


Bizi baratzea: Altza porru (Argia)

Jakoba Errekondoren Bizi baratzea (Argia) liburuak ekarri du Bizi baratzea, Altza porru (Argia) izeneko komiki liburua. Osagai nagusi hau du Altza porru-k: umorea. Euskal Herrian aski ezagunak diren zortzi marrazkilari elkartu eta lanean jarri dituzte, Jakoba Errekondorekin eman eta hartuan: Antton Olariaga, Asisko, Unai Iturriaga, Ainara Azpiazu, “Mattin” Martiarena, Joseba Larratxe, Unai Gaztelumendi eta Zaldieroa. “Irudi eta komikien bidez, baratzea mundu askotarako atari izan daitekeela erakutsiz”, Argiatik aditzera eman zutenez.

Liburuaren atarikoa Maialen Lujanbiok egin du, “ohikoak dituen burutazio eta idazkera zorrotzekin”.

altzaporru


Itzal zaunka (Elkar), hitzez doinuz eta irudiz jasoa

Ipuin grafiko batek eta hamaika kantuk osatzen dute Itzal zaunka disko-liburu ilustratua. Hitzez, doinuz eta irudiz osatua dator, beraz. Harkaitz Cano idazlea, Antton Olariaga marrazkilaria eta Jexuxmai Lopetegi musikaria batu dira lan honen sorkuntzan. Mikel Laboa Katedrak lagunduriko proiektua da honakoa, eta duela ia urtebete aurrerapen moduko bat eskaini zuten zuzenean San Telmo Museoan. Elkarrek, oraintsu, disko-liburu formatoan plazaratu du.


Maite Mutuberriaren ilustrazioak Kixotenean (Elkar) 

Kixoteren laugarren mendeurrenean, Ińigo Astizek liburu klasikoaren inguruko erreportaje sorta plazaratu zuen Berrian. Uda parteko kronika haiek txatal berriekin osatu eta Kixotenean (Elkar) izeneko liburuan batu ditu. Egunkarian bezala, liburuan ere Maite Mutuberriaren ilustrazioek edertzen dute testua.

Collage estiloan aritzen da Maite Mutuberria. “Nire sentitzen dudan teknika da. Eta kasu honetan, oso teknika aproposa zela iruditzen zitzaidan. Uste dut argazkiak oso lotuta daudela errealitatera, eta zirriborro hauek fikziora hurbiltzen gaituzte”. Adierazpen hauek egin zituen liburuaren aurkezpen ekitaldian.


Euskarara ekarritakoak

Harriet argitaletxean

Ekainean, Harriet Ediciones argitaletxeak frantsesetik euskarara itzulitako album bi aurkeztu zituen Donostiko Komikigunean. Txinara bidaia eta Indiara bidaia. Bi komikien gidoiak Beká-renak dira eta marrazkiak Markorenak. Udazken honetan S.O.S Lusitania itzuli dute. Patrick Cothias eta Patrice Ordasek idatzia, eta Jack Maninik marraztua.

soskomiki

SOS Lusitania

Lehen Mundu Gerran 'Lusitania' itsasontzia hondoratu zutenekoa islatzen du Patrick Cothias-Patrice Ordas-Jack Manini hirukoak ondu duen komikiak. Harriet Ediciones-i esker, euskaraz irakurri dezakegu orain SOS Lusitania.


harriet

Txinara bidaia 

Motxila bizkarrean eta gidaliburua eskuan, Ben eta Nina, hogeita hamar urteko bikote gaztea, Txinara doa hiru astez. Baina, bikotean bidaiatzea ez da beti hain erraza izaten… Eta arazoa da ez dagoela gidarik nola egin behar den azaltzen duena. Batez ere espioi txinatar temati batzuk azaltzen direnean edota treneko begiratzaile marmarti bat agertzen denean guztia korapilatzeko…

 

Indiara bidaia

Beren lagunen aholkuei jarraituz, Benek eta Ninak euren motxilak gogotik prestatzen dituzte Indiara abiatu aurretik: sabeleko minarentzako pilulak, ber-hidratazio gatzak, bakterioen kontrako xaboia… Uste dute ez dutela ezer ahaztu opor egun on batzuk igarotzeko. Baina ez dira ohartu Maharajaen, tenpluen eta behi sakratuen herrian, beti gertatzen direla ezustekoak…


Astiberri argitaletxean

Pilula urdinak

Frederik Peetersek gai unibertsalak jorratzen ditu lan honetan: maitasuna, heriotza... Komikia sortu eta hamahiru urtera, zortzi orrialde berri gehitu ditu Peetersek, Pilula urdinak-eko protagonistak gaur egun non diren azaltzeko, eta bi orriko post scriptum bat ere badu edizio berritu honek, paperean inoiz argitaratu gabea. Bego Montoriok egin du itzulpen lana.

pilulaurdinak


Etxea

Kontakizun honetako protagonista diren hiru neba-arrebak familiaren etxera itzuli dira, aita hil eta urtebetera. Hura saltzeko asmoa dute, baina oroitzapenei aurre egin beharko diete, botatzeko trasteren bat hartzen duten bakoitzean. Beldur dira ez ote diren iragana alboratzen ari; aitaren oroitzapena, baita eurena ere. Oihartzun autobiografikoak adi daitezke Paco Rocaren azken lan honetan, gertutik bizi izan duen egoera bat kontatu beharrak eragindakoak, Zimurrak obran gertatu zitzaion moduan. Bego Montoriok egin du itzulpen lana.

etxea

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)