Ekhine Eizagirrek 'Alde erantzira nabil' (Susa) poesia liburua plazaratu du
Astelehena, 2016-04-04Intimitatea, desira, erotismoa, borroka, errepresioa, feminismoa, identitatea dira Ekhine Eizagirreren Alde erantzira nabil (Susa) poema liburuko gaiak. "Gardentasun eta biluztasun distiragarri batez mintzo den ahots berria dator gure literaturara, bizi baldintza ezohiko batzuen kontakizuna aletzeaz batera kontzientzian asaldua sortuko diguna", Susatik aditzera eman dutenez. Ekhine Eizagirre preso dute Frantzian, eta haren faltan, Kattalin Minerrek eta Maite Egigurenek egin dituzte aurkezle lanak prentsaurreko ekitaldian.

Zarauztar idazlea preso dute Fresneseko espetxean (Frantzia), eta hauxe du bere lehen liburua. Kattalin Minerrek hartu du hitza gaur Donostian egin den prentsaurrekoan. Bere ustez, "poesia-liburu batean narrazio oso bat sartu daitekeela" frogatzen du poesia-liburu honek.
Idazkera poetikoari dagokionez, "idazkera politikoa den hori birdefinitzeko saiakera dago liburu honen atzean. Pertsonalak bezala identifikatuak izan diren gauzak lehen lerroan jartzen ditu, eta gainera intentzionalitate feminista oso batetik egiten du Ekhinek. Eta guk badakigu hori oso politikoa dela". Adierazpenak osorik dituzue ondoko bideoan.
Bada Kattalin Minerrek nabarmendu duen beste ezaugarri bat ere. Bere ustez, Alde erantzira nabil liburua euskal preso politikoen iruditeria zabaltzera dator.
Ekhine Eizagirre: "Hiru etapa nagusi bereiziko nituzke"
Ekhine Eizagirre Fresneseko espetxean dute preso, Frantzian, eta aurkezpen ekitaldirako idatzi bat igorri du. Ekhineren laguna den Maite Egigurenek irakurri du idatzia, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egin den prentsaurrekoan.