Albisteak

"Kanpotik datozenei Literaturian murgiltzea erraztu nahi diegu"

Bernardo Atxagaren ekitaldi batekin abiatuko da LiteraturiaAsteartea, 2015-02-17

Larrabetzun abiatu zen Literaturia. Iaz Zarautzen ospatu zen ordea. Aurten ere, Zarautz izango da literaturazaleen topaleku. Maiatzaren 29tik 31ra, eta ardoa izango du ardatz. "Iaz trantsizio urtea izan genuen, eta hasi baino lehenago ere esan genuenez, saiakera-akats metodoan oinarritutako esperimentu bat izan zen. Ikusi genuenarekin eta jasotako kritiketatik, asko ikasi dugu, eta aurten, saiatu gara iaz detektatutako akatsak konpontzen". Ana Galarragak eman dizkigu aurtengo edizioaren hainbat xehetasun.

Anjel Lertxundi, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Itxaro Borda, Karmele Jaio, Jon Alonso, Danele Sarriugarte, Edorta Jimenez, Mursego, Uxue Alberdi, Dejabu panpin-laborategia, Jule Goikoetxea... Oraingoz, idazleen izenak baino ez dituzte aurreratu. Laster emango dituzte ekitaldiak eta egitarauaren xehetasun denak argitara. Bien bitartean, Literaturiako lan-taldearengana jo dugu, eta hauek eskaini dizkiguten azalpenak.

Beste urte batzuetan ez bezala, honakoan ardatz jakin bat hautatu duzue: ardoa. Oso literarioa dena, bestalde. 

Hori da. Liburuez gain, beste amu bat jarriko dugu, jendeak kosk egin eta Literaturiara etor dadin. Zarautzek baditu beste osagai erakargarri batzuk ere: hondartza, giroa, herria bera.... baina literaturarekin zerikusia izatea nahi genuen, ez izatea apaingarri soila. Bide batez, dena ardatz jakin baten inguruan gorpuzteak, iruditzen zaigu sendotasuna eta koherentzia eman diezaiokeela. Eta, bide batez, guri aitzakia ematen digu literaturaz hitz egiteko, beste gorputzaldi batekin, ez hain formala, hain elitista, baizik eta kalekoa, tabernakoa, eta ganberroagoa.

Iaz, gune ezberdinak egokitu zenituzten. Aurten ordea, Garoa eta Modelo Aretoa izango dira bi aterpe nagusiak. Solasaldiak eta ikuskizunak izango al dira 2015eko eskaintza osatuko dutenak? Argitaletxeen azokarik ez al da izanen?

Iaz trantsizio urte izan genuen, eta hasi baino lehenago ere esan genuenez, saiakera-akats metodoan oinarritutako esperimentu bat izan zen. Ikusi genuenarekin eta jasotako kritiketatik, asko ikasi dugu, eta aurten, saiatu gara iaz detektatutako akatsak konpontzen.

Horregatik, Literaturia hiru hanka izatea proposatu dugu, eta haietako bakoitzak leku jakin bat izatea: emanaldiak Modelon izango dira; liburu-aurkezpenak, Garoan, eta azoka, iaz bezala, Modelo eta udaletxe artean dagoen oinezkoen kalean (hor egiten dira, bestela ere, beste azokak: eskulangintzakoa, produktu ekologikoena...).

Horrekin, kanpotik datozenei Literaturian murgiltzea erraztu nahi diegu, eta, bestetik, giroa sortzeko eta harremanak izateko egokiagoa dela uste dugu. Izan ere, leku berean egingo dute topo literaturazaleak eta idazleak, ikusleak eta sortzaileak... Eta solas egiteko eta eztabaidatzeko aukera izango dute, ardo bat hartzen duten bitartean (ardorik nahi badute, noski).

Bo, eta esan dut azoka Literaturiaren hanketako bat dela... Bada iazkoa baino handiagoa izango da, igandean ere izango baitugu, eguerdira arte. Horrek antolatzaileoi ekartzen digu jende gehiagorengana jo behar izatea, laguntza eske, baina hori ere zeharo pozgarria izaten ari da, inguruko guztiak gogotsu baitaude laguntzeko eta parte hartzeko. Eta hori da, nire iritziz, Literaturia norberarena ere badela sentitzeko modurik onena.

Literaturia2

Egitaraua osatzen arituko zarete oraindik. Izen batzuk eman dituzue aditzera. Baina ekitaldi zehatzen bat aurreratzeko moduan al zaudete?

Egitaraua lotuta dugu, joango zarete jakiten. Egia esan, beldur pixka bat ere ematen du goizegi ematea xehetasunak, oraindik denbora asko falta baita eta edozer gerta liteke tartean, baina, bai, dena lotuta dugu, eta, harrokeriarik gabe esan dezakegu potentea dela. Irailean hasi ginen lantzen, eta pribilegiatu hutsak gara, guk nahi genuen egitaraua osatzea lortu baitugu, nahi genituenekin. Oso-oso eskertuta gaude guztiei.

Aurrerapen gisa, jakin Bernardo Atxagak Literaturiaren aurre-ekitaldi bat egingo duela, maiatzaren 14an, Zarauzko Garoan.

Iaz ospatu zen lehen aldiz Literaturia Zarautzen. Orduko esperientzia baliagarri izango zitzaizuen bigarren edizio hau antolatzeko garaian, ezta?

Bai noski. Esan bezala, pila bat ikasi genuen. Gainera, ez nintzen txantxetan ari kritikena aipatu dudanean; guretzat benetan izan dira baliagarriak jakiteko jendeari zer iruditu zaion ondo eta zer ez. Eta aurten ere izango dugu zer ikasi!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)