Albisteak

"Ez naiz ni" ipuin liburuan, umoreari ere heldu dio Karmele Jaiok

Osteguna, 2012-12-06

2004an argitaratu zuen bere lehen liburua, Hamabost zauri (Elkar). Geroztik etorri diren liburuek arrakasta handia izan dute. Prentsan kolaborazioak egiten ditu eta arlo horretan dituen jarraitzaileak ere asko dira. Ez naiz ni (Elkar) izeneko liburuarekin itzuli da literaturaren plazara. Hamabi ipuin konpilatu ditu eta pozik dago argitalpen berriak dakarren airearekin: "Gehiago sakondu dut egoeretan, pertsonaietan... Aldaketa hori nabaritu dut", adierazi zuen liburuaren aurkezpenean Karmele Jaiok. "Beste osagai diferente batzuk ere badaude, aurretik agertzen ez zirenak, umorea esate baterako".

Liburuko pertsonaiek zarata asko izan dute inguruan, lagunak edota umeak tarteko. Baina bapatean isiltasuna egin da eta deseroso daude. "Denek sentituko dute horrelako hutsune bat, baina ez dakite nola estali hutsune hori. Batzuk medikuntza naturistan topatu nahiko dute irtenbidea, beste batzuk iraganera bueltatu nahi izango dute, beste batzuk etxe berri bat erosten estali nahiko dute hutsune hori, edota txokolate pusketa batean plazerra bilatzen. Egoera oso ezberdinetan bilatuko dute hutsune hori betetzeko premia", Karmele Jaiok berak aurreratu duenez.

Ez naiz ni ipuinez osaturiko liburua da eta gehienak 2012an idatzitakoak dira. Salbuespen bat bada, "gaztelaniaz idatzia nuen ipuin bat ere erantsi dut liburuan, euskaraz argitaratua egotea nahi nuelako", Jaiok esana.

"Zailena ez da zahartzea..."

Arestian aipatu bezala, ipuin hauetako ia pertsonaia denak bizitzaren erdigunean daude, 40 urteren bueltan. "Bizitzako momentu horretan, nor diren onartzea kosta egiten zaie eta, ondorioz, kokatzea ere kosta egiten zaie". Karmele Jaioren ustez, "egin dute bizitzaren zati bat eta heldu dira nonbaitera, baina ez dakite ziur horra heldu nahi ote zuten". Liburuko pertsonaia batzuk konturatuko dira, beste batzuk ordea ez. "Denbora aurrera doala ikusita, denei sortu zaie ezinegona, kezka, halako larritasuna... Denbora badoa eta bapatean konturatu dira gauza batzuk ezingo dituztela egin". Larritasun horrek, kasu batzuetan, egoera patetikoak eragingo ditu.

Neurri handi batean, beraz, 40 urteren bueltan dabiltzanei zuzendutako ipuinak dira. "Ikusten dute gorputza zimeltzen hasita dagoela baina oraindik ez daudela gaizki. Zahartzen hasita daude baina ez daude zahar. Puntu horretan daude. Ipuin batean badago elkarrizketa bat bi emakumeren artean. Batak besteari esango dio: zailena ez da zahartzea, zailena zahartzen hastea da. Puntu horretan daude; konturatzen ari dira euren gorputzak zahartzen hasi direla".

Aldaketa dakarren liburua

Pozik agertu zen hedabideen aurrean Karmele Jaio, ipuin berri hauetan aldaketa bat igarri duelako. "Gehiago sakondu dut egoeretan, pertsonaietan... Aldaketa hori nabaritu dut. Beste osagai diferente batzuk ere badaude. Aurretik agertzen ez zirenak, umorea esate baterako". Kasu askotan barregarri agertzen dira pertsonaiak. Baina liburuaren kontrazalean esaten den bezala, "bakoitzak bere buruari barre egiten dion moduan, errukiz eta kariņoz. Umorea baliogarri egin zait gai batzuei heltzeko, gai batzuetara hurbiltzeko".

Pertsonaia guztiak belaunaldi batekoak dira eta bada komunean duten zerbait: "denek egiten dute atzerako ibilbide hori. Errazagoa egiten zaie atzerako ibilbide hori, aurrerakoa baino. Gehienek ez dakitelako norantz jo".

Hari komun bat dute ipuinek

Bospasei ipuin idatzita zituenean ikusi zuen ipuin denen arteko haria. "Orduan konturatzen zara zer gai ari zaren lantzen eta horrek bideratzen zaitu hurrengo ipuinetan horretaz aritzera, batasun hori bermatzeko edo". Guztira hamabi dira narrazio liburu berrian jaso dituen ipuinak. Laupabost ipuin baztertu ditu, "aurreko ipuin liburuen tankerakoak zirelako".

Zalantza egin zuen arren, erabakia ondo hartuta dagoela uste du Jaiok, "hamabi ipuin hauek orain egiten ari naizena islatzen dutelako".

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)