Albisteak

Komikien irakurle taldea egingo dute Katakraken

EUSKARA IKASTEN ARI DIRENEI ZUZENDUTAKO TALDEA DAAsteazkena, 2015-01-14

KOMIKIA (ETA EUSKARA) FOR DUMMIES du izenburu Katakrakeko irakurle taldeak, eta izenburu horrek berak argi uzten du nondik nora joango den taldea: komikiak izango dira erdigune, euskarazkoak, eta euskara ikasten ari direnentzat. Taldeak helburu baitu euskara ikasleei aukera bat ematea, komikiak makulu hartuta hizkuntza praktikatzeko, hala irakurriz nola hitz eginez. Gainera, gaur-gaurko gaiei buruz jardungo dute taldean.

Lehendik ere egiten zituzten irakurle taldeak baztertu gabe, beste klub bati ekingo diote Katakrakekoek otsailetik aurrera. Hain zuzen ere, duela aste batzuk, abenduaren 31n, egin zuen urtebete Iruñeako kantinadun eta konspiraziorako leku den liburu-denda sailkatzeko gaitzak, martxa onean egin ere. Horren seinale dute agenda bixi-bixia, eta azken ekimenetako bat da KOMIKIA (ETA EUSKARA) FOR DUMMIES irakurle taldea, komikiak irakurtzea eta euskara ikastea dituena ardatz. Euskarazko komikiak makulu hartuta, euskara ikasten ari diren irakurleek aukera izango dute hizkuntza eskoletatik kanpo praktikatzeko, gaur-gaurko gaiak ere jorratuz.

Horren harira, galdera batzuk luzatu dizkiogu Katakrakeko Hedoi Etxarteri:

Norbaitek gidatuko du?

Katakrakeko asanbladako 9 euskaldun osoak gara (etxetik, eskolatik, euskaltegitik edo gaur egun Hizkuntza Eskolako azken mailetatik). 6 ikasten ari dira, nahiz eta gai diren kafetegian edo liburu dendan euskaraz atenditzeko.

Germani eta Luisi okurritu zitzaien. Biak ari dira euskalduntzen, bata Hizkuntza Eskolan eta bestea euskaltegian. Oso jarrera baikorra dute, kontu gramatikalen bat ikasten dutenean demostratzen dute «hitz hau hemendik dator ezta?». Joku bat da, tresna bat eurenganatzen ari dira, tresna erabilgarri bat gaurko Iruñerrian.

Zer irizpide jarraitu duzue liburuak hautatzeko?

Liburuak hautatu zituztenean komikiak nahi zituzten. Parodiatik ere bazuen «for dummies» izena jarri zioten. Komikiaren genero ezberdinak nahi zituzten: zintak, albumak, irudi eleberriak, sagen hasierak, nerabeenak, helduenak. Itzuliak eta jatorrian euskaraz egindakoak. 5 argitaletxe denera.

Gainera ederra da 5 irakurgaietatik lehena eta azkena (Zaldi Eroa eta Fermin Muguruza) eurak ere euskaldun berriak direla, eta bata egungo komikigile starrena da (nafarra) eta bestea musikari eta aktibista intelektual handi bat (Iruñearekin lotura handia duena).

Komikiak euskara ikasteko tresna aproposak izan daitezkeela uste duzue?

Komikiak aukera emango du: liburua bera aurkezteko, komikietan planteatutako gaiei tira egiteko, estetikaz hitz egiteko, iritzia emateko gidatxo bat proposatuko da. Beldurrik gabe hitz egitea da kontua.

Irailean ere jarraitzeko asmoz?

Uste dugu beste bi kurtsorako materiala dagoela. Xabiroien komikiak daude (erreferentziazko 3-4 gainera), Txalapartak badu besteren bat eta ziur berriak aterako dituela, Astiberrik ere baditu sartu ez ditugunak eta badirudi 2-3 urtean egingo dituela.

Zerbait gehiago?

Narratibako irakurle taldearekin gertatu zenaren antzeko zerbait pasa da: erdaldunek esaten ziguten «aizue baina nik Coetzeeren liburu hori irakurri dut eta egin solasaldia gaztelaniaz». Baina... euskaraz zen! Orain bada jendea esaten diguna «nik irakurri ditut komikiak». Baina esaten diogu... hau dummientzako da! Hizkuntza bat ez jakiteak ez zaitu ume bihurtzen, pasioak eta minak berdin dauzkazu. Ahaztu tresnarekin traketsa zarela eta hitz egin gaiez!

EGITARAUA

OTSAILAK 26

De Rerum Natura 5 (Elkar, 2013), Zaldieroa.

Patxi Huarte Larraburu Zaldieroa marrazkilariaren zintak batzen dituen bosgarren bilduma. Dakizuenez, Zaldieroak hamar urte daramatza egunero komiki-zinta bat argitaratzen Berria egunkarian. 2005ean kaleratu zuen, ostera, horietako kuttunenak biltzen zituen lehen liburua. Bosgarren honek, Zaldieroaren beraren esanetan, ale antologikoak biltzen ditu, ezagun-ezagunak zaizkigun pertsonaietako batzuk agertzen dira-eta: Yoda, La Konsti...

MARTXOAK 26

Zimurrak (Astiberri, 2014). Paco Roca. Itzultzailea: Bego Montorio

2007an argitaratua, Komikiaren Espainiako Sari Nazionala jaso zuen Rocak 2008an, Alzheimerdun aitaren istorio hunkigarria kontatzen duen komiki dotore honi esker. Astiberri argitaletxe bilbotarrak euskarara ekarri zigun aurten, Bego Montorioren itzulpen finean.

APIRILAK 30

Asterix legionarioa (Salvat, 2014). René Goscinny/Albert Uderzo. Itzultzailea: Usua Lasa

Komiki klasiko-klasikoa, liburuxketan ez ezik marrazki bizidunen bitartez ere hainbat belaunaldik ezagutu dituzte Asterix eta Obelixen abentura, galoen eta erromatarren arteko tirabirak.

mini-asterix-legionarioa

MAIATZAK 28

Munduko bandarik txarrena (Txalaparta, 2013). Jose Carlos Fernandes. Itzultzailea: Bego Montorio

Portugaletik iritsi zitzaigun, ostera, komiki eder hau. Komikigile oso ezaguna dugu Fernandes, ez soilik bere jaioterrian ezpada nazioartean ere. Saga baten parte da bilduma hau, munduko bandarik txarreneko musikariak protagonista dituen saga batekoa. Argitalpenaren kari, Montorio euskaratzaileari elkarrizketa egin genion, duela pare bat urte.

untitled

EKAINAK 25

Black is beltza (Talka, 2014). Jorge Aldarete, Harkaitz Cano, Fermin Muguruza. Euskarazko komikigintzara iritsiako azken alea, burunda handiz iritsia ere. Liburuaz beraz gain, erakusketa, kontzertuak eta bestelako ekimenak antolatu dituzte Black is beltza leloaren inguruan. Informazio gehiago hemen.

Komikien bueltan kontu gehiago

Komikien bueltan aritu gara azkenaldian atari honetan ere. Batetik, berriki argitaratuko komikien sortatxo bat eta horiei buruzko datuak eman genizkizuen, komikiaren arrastoaren atzetik ibili ginen-eta. Halaber, komiki horietako baten berri xeheagoa eman genuen, alegia, Javier de Isustiren Baleak ikusi ditut obraz (Astiberri, 2014; itzultzailea: Bego Montorio). Donostiako Koldo Mitxelenan ikusgai dagoen Rockomikiak erakusketaren berri ere bildu dugu: "Rockomikiak", bineta eta doinu bilduma bat. Adi ibili, gauza mordoa antolatu dituzte-eta.

rockomikiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)