Elkarrizketak

"Ematen du bikoteek elkarrekin jarraitu behar dutela nahitaez, baina askotan zoriontsuago izango dira bakoitzak bere bidea jarraituta"

Ostirala, 2019-11-08

Hori zen dena izeneko narrazio-liburua argitaratu zuen Goiatz Labandibarrek pasa den hilean. 15+1 narrazio labur biltzen ditu lanak, eta autoreak aurkezpenean esan zuenez, dramarik gabe begiratu die giza harremanei. Bestalde, Hitzen Uberaneko kolaboratzailea da Labandibar, hementxe irakur ditzakezue bere lanak.

"Ematen du bikoteek elkarrekin jarraitu behar dutela nahitaez, baina askotan zoriontsuago izango dira bakoitzak bere bidea jarraituta"

Orain hilabete aurkeztu zenuen Hori zen dena. Zer moduz?

Ba gaurko albistea da bigarren argitaraldia aterako dela. Pozik nago. Argitaratu berritan edo aurretik, sartzen da horrelako beldur bat, kalitatea dela-eta, nola hartuko den, baina orain berriz lasaitu naiz eta gustura geratu naiz.

Azken hiru urtean idatzitako ipuinak bildu dituzu bilduma honetan. Egunero idazten duzu?

Ez, ez naiz batere konstantea. Ez naiz inoiz izan eta ez dakit inoiz izango naizen. Oso tenporadaka edo inpultsoka idazten dut, pasa dezaket hilabete bat ezer idatzi gabe, eta gero pasa dezaket beste denboraldi bat nahiko maiz idazten. Orain fase horretan nago, emankor edo sortzaile edo gogoarekin, baina ez naiz batere konstantea.

Ezagun da hori, Pasaia Hiria poesia-lehiaketako bigarren saria irabazi berri duzu.

Niretzat kristoren sorpresa izan da, zeren nahiko gauza berria da poesia idaztea niretzat, oso gutxi egin dut. Hasiberria kontsideratzen dudan arlo batean, norbaitek saritzea eta gainera publikatzeko aukera ematea, aukera polita da. Grazia ere egiten dit, ez bainaiz poeta sentitzen, baina horrelako gauzek beti ematen dute poza.

Gauza diferenteak lantzen al dituzu poesian eta narraziogintzan?

Esango nuke baietz. Ingeborg Bachmannen lanetik abiatu nintzen. Nagore Tolosak itzuli zituen haren poemak MPK bilduman. Liburua irakurri nuen, eta poemen izenburuak oso sujerenteak iruditzen zitzaizkidanez, izenburu horietatik abiatu nituen lehiaketara aurkeztu ditudan poemak. Horregatik du izenburua Interpretazioak G minorrean, nire interpretazioak direlako.

Bachmannek badu ilun fama.

Ez dut uste poesiak izan behar duenik biografikoa ez autobiografikoa, uste dut fikzioa egin daitekeela poesian eta jendeak egiten du. Nik ez dut hainbeste egin, agian izenburuek ekartzen zizkidaten iradokizun horiek oso alde pertsonalera eraman ditudalako, baina denetik dago, zeren izenburuak hain dira ezberdinak…

Badakizu noiz kaleratuko den?

Ba ez dakigu seguru, esan zuten abenduan edo urtarrilean, beraz laster. Esan ziguten sari-banaketa izango zela urtarrilean, ez duguna zehaztua, eta ordurako liburua publikatuta izango dutela.

Itzul gaitezen narrazio-liburura. Aurreko liburuetan, akuilu bat izan zenuen idazteko: Igartza beka, argazkiak… Honetan ez, ez behintzat agerikorik. Zeintzuk izan dira zure hauspoak liburu hau osatzeko orduan?

Kasu honetan esango nuke nire bizitza errealean edo nire inguruan gertatzen diren, edo ikusi edo entzun ditudan gauzak direla, ez dago kanpoko akuilurik, aurrekoan irudi bat zen bezala eta irudi horri narrazio bat sortzea izan zen bezala, esango nuke oraingo honetan abiapuntuak aurkitu ditudala ingurukoen kezkatan, momentuko kezkatan, eta beste batzuen kontuetan ere bai, zeren batzuetan etortzen zaizu jendea zerbait kontatzera eta hor ikusten duzu abiapuntu bat badagoela. Horregatik esan dut aktualagoak direla narrazio hauek, zeren gaur eta hemen kokatzen dira. Abiapuntuak nahiko sinpleak dira, edozeini burutik behintzat pasa ahal zaizkion egoeretatik abiatutako istorioak dira, ez zara denekin identifikatuta sentituko, noski ezetz, baina igual erraza da harrapatzea norbaitekin identifikatzen dituzun gauzak, eta tarteka norberarekin ere bai.

Abiapuntu hori zer izaten da, egoera bat, irudi bat, pertsonaia bat…?

Normalean egoera bat edo esaldi bat izaten da, irratian entzundako zerbait, pertsonaiak baino gehiago. Pertsonaiak ez ditut gehiegi lantzen, ez zait inporta izaten nolakoak diren fisikoki, baizik eta zer sentitzen duten edo zergatik ari diren horrela jokatzen.

Zenbat denbora behar izaten duzu istorioak osatzeko?

Normalean nahiko azkar idazten dut; behin hasita, ez dut esan nahi, segidan idazten dudanik guztia, baina ez naiz gehiegi luzatzen. Gainera, ez baldin badut argi nondik tira nahi dudan, ez naiz hasten. Idaztera eseritzen naizenerako, normalean, ez dut dena pentsatua edukitzen, baina bai nola kontatu nahi dudan. Seguruena pare bat aste baino gehiago ez dut inoiz pasatu idazten. Historia hauek, gainera, nahiko motzak dira. Esan dizudan horretan, nahiko inkonstantea naizen bezala, banaiz pazientzia gutxikoa bizitza errealean, eta igual horregatik idazten ditut narrazio motzak.

Aurkezpenean azpimarratu zenuen narrazio garaikideak direla hauek. Hain zuzen ere, gaur egungo harremanen mosaiko handi bat osatu duzu.

Hasieran, konturatu nintzenean bazegoela lotura bat, ari nintzela behin eta berriro bueltatzen harremanen gai horretara, nire kezketako bat izan zen ea antzekoegiak izango ote ziren istorioak bata bestearen artean. Hori izan zen nire beldurretako bat hasi nintzenean, ez ote zen izango errepikakorra eta aspergarria, gero nire inguruko batzuei erakutsi nizkien lanak, beren iritziak jakiteko, eta batez ere erantzuteko ea monotematikoegia ote zen, eta erantzuna jaso nuena izan zen ezetz, eta fidatu nintzen haien iritziarekin.

Iruditu zait harremanen ertz asko agertzen direla eta gainera islatzen dituztela gure garaiko joan-etorriak.

Bizitzaren isla da.

Umore absurdua eta beltza ere erabili duzu, fantasia ukitu batekin esango nuke. Adibidez, Tangoa ipuinean.

Onartzen dut baietz, ironia eta umore beltza erabiltzen ditut, baina gustatzen zaizkit, irakurri eta irribarre bat ateratzen didate. Tangoa dibertigarria iruditzen zait, oso absurdua da, seguruena ez da hain sinesgarria, pixka bat muturrekoa delako. Lagun batek esan zidan bere ustez oso makabroa dela, ez zitzaion gustatu.

Teoria ere txertatu duzu tarteka: agertzen zaizkigu Virginia Woolf, Simone de Beauvoir…

Bien lanak irakurri ditut, gauza oso interesanteak esaten dituzte, eta harremanen inguruan estrapolatzeko modukoak dira. Armairu bat norberarena ipuina, adibidez, Virginia Woolfen testu horren interpretazio pixka bat fantasiosoa da. Bigarren sexua ere aipatu dut, eta pena izan da orain argitaratuko dela euskaraz, eta ez dudala aukerarik eduki itzulpen ofiziala aprobetxatzeko, baina liburua irakurri nuen bere garaian eta momentuan inpaktatu egin zidan, zeren aspaldi argitaratu zen, eta kristoren aktualitatea dauka oraindik, ez dakit zorionez edo zoritxarrez. Zer pentsa eman zidan. Woolf, idazle bezala, marabillosoa iruditzen zait. Biak iruditzen zaizkit funtsezkoak dira literaturan.

Beauvoir aipatzen den kontakizunean, hauxe dio narratzaileak: "Bai, gusto zaitut. Gizonezkoen artean, gustukoena. Baina, tira... Nola esango dizut ba... Zera, esan egingo dizut, eta kito: ba neska hori gehiago gustatzen zaidala gizon guztien artean gehien gustatzen zaidan gizona baino... Eta kito. Hori zen dena. 

Entzun izan ditudan komentarioak dira: bikote hetero batek moztu, neska beste neska batekin hasi, eta zera entzuten duzu, "gainera neska batengatik". Arreta eman dit beti, ematen du mutil batekin hasi izan balitz ez liokeela minduko. Mutil batekin hasi izan balitz ez zen ezer pasako? Mintzen zaituena ez da zurekin zeukan harremana utzi izana baizik eta... Komentario hori Beauvoirren liburuarekin lotzea erraza zen [halaxe dio Beauvoirren testuak: Pertsonala dena politikoa da. Lesbiana izatea egoerarengatik hartutako erabaki bat da, alegia, arrazoiz motibatua eta libreki hartua].

Eguneroko egoera txikiak, pozak eta tristurak, kontraesanak… Hori zen dena.

Esan izan didate bukaera tristeak idazten ditudala, baina ez naiz ados, ematen du bikoteek elkarrekin jarraitu behar dutela nahitaez, eta nik pentsatzen dut askotan zoriontsuago izango direla bakoitzak bere bidea jarraituta. Bizitza errealean hori horrela baldin bada, fikzioan ere bai bada. Hori zen dena entzunda, “bukatu da” hori etortzen zaizu burura, eta historia hauetan bukaerak kontatzen dira maiz, baina ez dira dramak. Azkenean, hori da bizitza, eta harremanak eta egunerokotasuna. Guk geronek konplikatzen dugu: batzuetan, sinplea da konpontzea, beste batzuetan ez da sinplea, baina orduan ere ezin duzu gauza handirik egin.

Laburrera jo duzu narrazio hauetan, eta eroso sentitu zara neurri horretan. Badakizu noiz hasi zinen narrazioak laburtzen? Prozesu gradual bat izan da?

Ez dakit esaten momentu klaberik ote dagoen, baina lehenengo liburutik bigarrenera asko laburtu nuen kontatzeko modua. Agian nireagoak diren gauzak edo estilo propioago baten barruan ari naizelako gauzak lantzen. Lehenengo liburua beti da… Gehiago jarraitzen duzu patroi bat. Nola bigarren liburua idaztea ez zen batere premeditatua izan, eta hau ere ez den hala izan, izan dira gehiago atera zaizkidan bezala. Batzuetan beldurtu nau horrek ere bai, ea ez ote naizen gai luzean idazteko, eta egin izan ditut saiakera batzuk, nire burua frogatzeko, baina momentu honetan oso eroso sentitzen naiz motz kontatzen eta alferrik luzatzea, berriz… Orrialde gehiago edukitzeak ez du esan nahi kalitate hobea izango duenik, ezta kontatu nahi duzun hori hobeto kontatuko duzunik ere. Nik uste dut istorio hauetan, daukaten luzerarekin, oso ondo ulertzen duela irakurleak ulertu beharrekoa. Nik a priori pentsatzen dut irakurlea inteligentea dela eta ez duela behar ezta ere dena kontatzea.

Durangon ibiliko al zara?

Bai, Hori zen dena-rekin joango naiz, liburuak sinatzera, abenduaren 6an, 10:30etatik aurrera. Aprobetxatuko dut bueltaxka bat emateko, baina ez dut han pasako asteburu guztia.

Alberdaniarekin argitaratu duzu liburu hau, estreinako aldiz. Nolako esperientzia izan da?

Egia esan oso erraz moldatu gara, oso erraza izan da edizio-lana, eta baita harremana ere. Gustura geratu naiz.

Idazten ari zara…

Orain banago momentu nahiko sortzaile eta aktiboan, eta ari naiz idazten, baina horrek ez du esan nahi horrek berriro liburu-forma izango duenik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)