Elkarrizketak

Adur Larrearekin solasean

"Gabriel Aresti BioGrafikoa" liburua plazaratu berri duOstirala, 2016-01-15

Gabriel Aresti BioGrafikoa izeneko komikia idatzi eta marraztu du Adur Larreak, Gabriel Aresti kultur elkartearen eskutik. Bertan, Aresti-idazle eta Aresti-polemistaz gain, Aresti-pertsona ekarri du plazara egileak. Liburuak Arestiren bizitzako zertzelada ugari ekarri ditu, garaiko Bilbo marraztearekin batera: euskal literaturaren inguruko eztabaidak, kaleko hizkuntza talka, Arestiren bizitzako etapa ezberdinak, ofizioak, guztietan erakutsitako pasioa... Elementu gutxirekin eta sintesi gaitasun handi batekin kontaketa bizia sortu du Adur Larreak Arestiren biografiaren inguruan.

Adur Larrearekin solasean

Gabriel Aresti BioGrafikoa. Gutxitan heltzen dira komikiak euskaraz gure eskuetara, are gutxiago biografikoak. Nola sortu zen proiektu hau, zure behar batetik edo enkargu batetik?

Zenbat Gara Elkartea osatzen duten Gabriel Aresti Euskaltegiko eta Erroa argitaletxeko jendea lagunak ditut aspalditik eta komikiak berezkoak dituen abantaila komunikatiboez berbetan ari ginela sortu zen ideia hau. Erroak-ek batipat, Bilbo edo Euskal Herriari loturiko gai sozial edo kulturaletan jarri ohi du arreta, eta nola ez, euskaraz. Agian ezaugarri horiek denak komiki honetan batu dira kolpe batez.

Ezer baino lehen, galdera klasiko bat: nobela grafikoa (BioGrafikoa) ala komikia da hau zuretzat? Zergatik?

Egia esan ez diot kasu handiegirik egiten eztabaida horri. Hori bai, Euskal Herrian bi optika desberdinekin ikusten da kontua. Hegoaldean, komikia infantilizatu egiten da, automatikoki umeen txokoan jartzen dira liburu-denda nagusietan inolako kriteriorik gabe, eta estigma horretatik aldendu nahian edo, komikia baino eleberri grafikoa deitzea nahiago dute batzuek. Aldiz, Iparraldean, non, gizarte mailan komikiak irakurtzea ez den ez haur ez zahar zarenaren seinale, edo komikigintzan ibilbide handia duten herri gehienetan bezala, ez dago horrelako eztabaidarik. Belgikan, Frantzian… nobela grafikoa ez du inork aipatzen. Egileek BD (“Bande Dessinée”) egiten dute eta ez “roman graphique”.

Ze irakurle mota izan duzu buruan liburu hau egiterakoan?

Nahiz eta Hegoaldeko liburu-denda batzuetan umeen atalean topatuko dudan (ha ha!), ez dut uste haur gehienek irakurtzeko gogo bizia izango dutenik. Pasarte batzuk sinpleagoak dira, beste batzuetan agian ezagupenen bat jakitea baliagarria da zerbait ulertzeko, baina saiatu naiz azpiko lan hori irakurleari mamiturik ematen. Ez baitezpada Arestiren gaineko jakintza berezirik zuena. baina bai agian euskara batua zer den edo frankismoko garai hori uler zezakeen jendea adibidez. Agian euskara ikasten ari den Bilbotar horri, pentsatu nahi dut, motibagarria izango zaio Gabriel Arestiren pasarte batzuk irakurtzea, agian identifikaturik sentitu ahal delako.

Pentsatzen dut helburu biografiko bat edukitzeak asko markatuko zizula sormen prozesua. Gidoiari dagokionez, zer nolako aurrelana egin behar izan duzu marrazten hasi baino lehen?

Lau fasetan banatuko nuke gidoiaren eraikuntza prozesua. Lehenik eta behin, Meli (Gabrielen alarguna) eta bere alabekin izandako solasaldiak; bigarrenik Gabrielek berak idatzitako poesia, ipuin, artikulu, gutun eta abarren irakurketa; hirugarrenik, berari buruz idatzitako azterketa, lan edo iritzien irakurketa; azkenik, gaitzeko sintesi lana egin.

Lehenengo puntutik egunerokotasuneko informazio asko jaso dut, anekdota hutsak edo txikikeriak izango ziren batzuentzat, baina urre gorria niretzat: nolakoa zen alabekin, zer nolako elkarrizketak zituzten... Melik kontatzen dizunaren doinua eta sentimendua... Hor gauza asko nabaritzen dituzu. Zirraragarria da askotan, hunkitu egiten zaitu.

Arestik berak idatziko lanetan ostera, bere mundu ikuskeraz jabetzen zara, bere poesietan adibidez bere inguruko jendea aipatzen da, tokiak, egoerak... eta maiz lerroartean. Hirugarren puntuari dagokionez berriz, hainbat material izan dut eskuartean, jadanik egin izan dira Gabriel Arestiren gaineko lanen azterketa mardul eta sakonak. Anjel Zelaietak adibidez oso biografia konpletoa burutu zuen datu eta informazio askorekin, eta era berean Iñaki Aldekoaren tesia edo Aurelia Arkotxaren azterketak ezin aproposagoak iruditzen zaizkit Gabrielen obrak ulertu edo garaiko testuinguruan kokatze aldera.

Azken urratsean, informazio hori guztia liseritu eta zentzuzko ildo bat muntatzea izan da erronka. Elementu guztien artean aukeratu, eta zoritxarrez, gauza gehienak bazterrean utzi, kanpoan uzten duzuna kontatzen duzuna baino gehiago izan ohi da.

Zer nolako garrantzia izan du prozesuan dokumentazio lanak?

Ezinbestean, egin beharreko lana da biografia batean (nahiz eta komikian izan). Hor datza etorriko denaren muina, hortik abiatuko zara ixtorioa eraikitzeko; azaletik konta daiteke edo oso gauza pertsonalak kontatu daitezke, xehetasunetan sartu edo ez, era batera interpretatu ala bestera...

Aresti beraren bizitzaren inguruan dokumentatzeaz gain, garaiko estetika eta Bilbaori buruzko dokumentazioa ere egin behar izan duzu?

Bai, Bilbori buruzkoa grafikoki, baina baita garaiari buruzkoa ere. Esan nahi dut, azkenean toki hori denbora jakin batean kokatu beharra daukazu, kontestu historiko batean kokatu behar da pertsonaia. Gagozkion kasuan bai, Bilbo bere bizitokia izanik, etengabe agertzen da bere obran zehar beste pertsonaia bat bailitzan, gaur egungo Bilbotik oso aldendua dena bestalde.

aresti biografikoa

Aresti pertsonaia baino, pertsona bilatu nahi izan duzula aipatu zenuen aurkezpenean. Baita pertsona orok izan ditzakeen alde ilunak ere? Zer nolako pertsona da topatu eta agertu duzuna?

Askotan, literaturan, zineman, antzerkian... pertsonaiek ezaugarri bat edo gutxi batzuk dituzte eta mirestuak, gorrotatuak, kritikatuak edo goraipatuak izaten dira ezaugarri horien logikaren arabera. Pertsonak aldiz konplexuagoak gara, batzuetan maitakorrak gara bestetan maltzurrak, koldarrak, ulergaitzak, zintzoak, gezurtiak, jatorrak... Komikiaren mundura itzuliz adibidez, japoniar Mangan hain tipikoak diren pertsonaia (ustez) sinple edo barregarri horiek oso sinesgarriak gerta daitezke, hain zuzen ere guztiok ditugun kontraesanak adierazten dituztelako. Iruditu zait Gabrielek bere buruari galderak egiten zizkiola etengabe, dena kuestionatzen zuela eta maila horretan kontraesanetan erortzen zela batzuetan (horrek ez du esan nahi hori txarra denik) eta beste batzuetan tematu egiten zela bere ustez zuzen zeuden gauza batzuekin. Gauzak argi esaten zituen, baina sufritu egiten zuen kritika bortitzen aurrean ere...

Arestiren bizitzak eta obrak askorako ematen dute, testuak tartekatzen dira, aipuak... ez zen erraza izango horien kasuan ere bat edo beste aukeratzea...

Inoren biografia egitea nire ustez sekulako erronka eta ardura da. Mila eratara konta daiteke biografia bat, egile ingelesak irakurtzea besterik ez dago generoa zein ondo menderatzen duten ikusteko. Liburu honetakoa, nola ez, kontatzeko beste era bat izan daiteke, askotan jo dut bere ahotik botatzen zituenak marraztera, esan dudan bezala, asko autobiografikoak baitirira, baina beste batzuk enkriptatuta bezala agertzen zaizkigu eta agian hurbilenekoek edo bere lanetan adituak direnek soilik uler ditzake.

Eta hautu guztien artean, giro eta inguruko pertsonaietatik harago, Aresti bera protagonista izanik Aresti marrazkiz harrapatzea. Espresioak, begiradak... kosta egin zaizu Aresti bera marraztea? Bilakaera fisikoa, haren bizitzako etapa ezberdinak...

Pertsonaia diseinatzea marrazkiaren hasierako lanetako bat da, pertsonaia egoera desberdinetan kokatu eta pixkana-pixkanaka zureganatzea eta ezagutzea funtsezkoa da marraztean zalantzarik ez izateko. Irudi aldetik nortasun handikoa iruditzen zait, zigarroa gehienetan eskuan, ile beltz disdiratsua, elegantea, azken urteetan ile luzeagoa eta nola ez, betaurrekoak; borobilak eta finak hasieran, karratuagoak gero eta “truman” estilokoak bukaeran!

Koloreez mintzo, kasu honetan zuri-beltza eta laranja dira oinarri. Zergatik hautu hori?

Hasieratik, gidoiaren zirriborroak egin ahala ehun bat orriko komikia eta urte bete inguruko lana izango zela susmatzen nuen, hortaz, ehun orrialdeko komikia egitea kolore-paleta anitzarekin eta entintatzeko kasik beste hainbesteko denbora emango nuela ikusirik hautu hori egin nuen.… Ez da ahaztu behar, prezio aldetik ere bi tintatan egitea aise merkeagoa dela!

Laranjaren erabilera zuri-beltzarekin kontrastean mugimendua ematen dio obrari, atentzioa bideratzen du batera edo bestera. Zer nolako mugimendua eman nahi izan diozu kolorearen bitartez obrari?

Egia esan, komiki hau ez da elementu edo ikur zinetikoetan (mugimendua adierazteko baliabide grafikoa) bereziki aberatsa, ez da akziozko komiki bat. Mugimendua adierazteko Kurosawa zinemagileak elementu desberdinak erabiltzen zituen bere pelikuletan (euria, jendea, kamera mugimenduak, mozketak...), baina kolorea ez dakit ezaugarri horien artean zuen... Beraz pozten naiz mugimenduaren inpresio hori kolorearen bidez jaso baduzu.

Mugimenduaz ari garelarik, zinema tekniken eragina ere aipatu zen aurkezpenean. Nola eman da eragin hori?

Uste dut Hugo Prattek esan zuela komikia “pobreen zinema” zela, ez dakit hala den baina zinemarekin baino komikia literaturarekin lotzen da maiz. Nire ustez, neurri batean, Prattek arrazoi du esaten duenean zinema dela bederen. Izan ere, baliabide estilistiko eta bisual mugagabeak dauzka eta narrazioa zein kontatzeko moduak hizkuntza audiobisualarekin lotuago ikusten ditut literaturarekin baino.

Liburuaren amaieran “Olerkaria” aparteko atala sortu duzu, epilogo modura, beste estetika batekin. Nola etorri zen ideia hau?

Ipuin hori bere autobiografia izan daiteke. Orri gutxitan eta umore beltz askorekin egindakoa gainera.

Azkenik, zer beste proiektu duzu esku artean?

Ekaineko bigarren asteburuan Donostian izango den Zapart! komiki jaialdia antolatzen ari den lantaldean nago. Ohiko komiki merkatu edo azoketatik aldendu eta komikia Donostiako kaleetara ekarriko dugu, jendarteari zabaldu eta harekin aktibitate parte hartzaileak, ikuskizunak eta jarduerak antolatuko ditugu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)