Aitziber Alonsorekin solasean
Paul Gallicoren Elur-antzara (Hamaikabooks) liburua ilustratu du
Ostirala, 2012-10-12Paul Gallicoren Elur-antzara liburua kaleratu du Hamaikabooks argitaletxeak. Aitziber Alonsok ilustratu du liburua, Ane Urrestarazuk ekarri du euskarara, Uxue Alberdiren ahotsarekin grabatu dute osorik. Alonsorengana jo dugu, proiektu honen nondik norakoak ezagutzera.
Lehenik eta behin, nola sortu zen proiektu hau?
“the balde” aldizkarikoek jarri ninduten Aritz Barantonekin kontaktuan.
Ilustrazio lan asko egin izan duzu. Zeintzuk izan dira lan honen bereizgarriak zuretzat, beste lan batzuen aldean?
Irudi naturalista landu dut, errealitatetik gertu, haserako nire lanetatik hurbil, oraindik ezer publikatua ez nuenean bezalaxe, gustura sentitzen naiz horrelako marrazki motarekin, disfrutatzen dut.
Liburu hau II. Mundu Gerraren garaian kokatzen da, 1941ean idatzia da... zer nolako gerturatzea egin behar izan duzu liburuarekin ilustrazioak sortzeko?
Argazki dokumentazioa gehien bat, bai paisaiaren aldetik baita janzkeren aldetik, Aritz Brantonek asko lagundu zidan, liburu honetan oinarrituta dagoen pelikula ere pasa egin zidan, liburua irakurri ondoren ikusi nuen eta harritu egin nintzen nolabait paisaiaren aldetik asmatu nuela ikusi nuenean.
Zein izan da erronkarik handiena ilustratzeko orduan?
Pertsonaiak, izaera indartsuko pertsonaiak dira, eta sentimenduak ezkutatzen dituzte.
Paisaiak, animaliak, pertsonak. Hiruak ilustratu behar izan dituzu lan honetan, zerekin zaude erosoen?
Paisaiekin! Paisaia marraztea asko gustatzen zait, batzuetan naturatik zuzenean, baino gehienetan natura fantasiarekin nahastea gustatzen zait, ornamentazioa sortu.
Kolorea eta tonu orokorrari dagokionez, nondik nora jo duzu?
Koloreak hotzak dira, zeruko urdina ere ahula da, bizitzaz beteriko paisaia da baina aldi berean basamortu baten antza du, bizitza ezkutatua dago, sentimenduak bezala.
Narrazioa da Elur-antzara, ilustratzeko orduan narrazioa izateak erraztu egiten du lana beste genero batzuen aldean?
Ia beti narrazioarekin lan egitea tokatu zait, hala ere nire lan pertsonalak egiten ditudanean ia beti marrazki bakarrak dira, solteak, badakit zerbait kontatzen dutela, zerbait edo gauza asko batera, baino ez konkretuak, marrazkia buruan dago eta paperera pasatzen dut, gozatzen dut horrekin eta beti zerbait dago atzean... gehienetan ez dakit zer den.
Ezagutzen zenuen lehendik testua? Hala ez bada, zertan egin zaizu istorioa erakargarri?
Ez nuen ezagutzen. Pertsonen arteko harremanez hitz egiten du, maitasuna, beldurrak eta esaten ez diren gauzei buruz hitz egiten du, tartean gerra dela. Pertsonak nola gerturatzen garen bata besteei, nola gerturatu eta urrundu, nola irabazi eta galtzen ditugun gure arteko harremanak sentimenduekin ez dakigulako zer egin, beldurtzen garelako, beldurtzen gaituzte besteen sentimenduek eta izugarriagoa dena...beldurtzen gaituzte geure sentimendu propioek.
Harremanak beti izan dira garrantzitsuak niretzat, bizitzaren gauzarik garrantzitsuena da eta sentitzen dut poliki-poliki hori galtzen ari dela, bakoitzak bere buruari begiratzen diogula eta enpatiarik ez dugula, eta tartean gauza ederrenak galtzen dira, esaten ez ditugulako, esateko beldurra dugulako, esaten ez dakigulako, esaten erakutsi ez digutelako. Liburuak nire ustez honi buruz hitz egiten du.
Artista da protagonista, margolaria. Gertukoa sentitu duzu pertsonaia hura liburua zure egiterakoan?
Ez gehiegi, niretzat marraztea ofizioa da, ofizio honetan sentimendu guztiak jartzen saiatzen naiz, beste batzuetan lan mekanikoagoak dira, zortea dut gustukoa dudan zerbait nire ogibide bihurtu dudalako, marraztea nire bizitzako gauza garrantzitsuenetako bat delako, baino ez dut erromantizismoz bizi, esan bezala ofizioa da, nahiz eta ni nahiko erromantikoa izan! Agian horregatik ez dut marraztearena modu berezian ikusten, bizitzako arlo guztiak horrela sentitzen ditudalako.
Aitziber Alonsok libururako egindako ilustrazioetako bat.
'Hamaikabooks' argitaletxe berriak kaleratu du liburua. Ilustratzaile gisa, proposamen ausarten, mamitsuen beharra sumatzen duzu?
Bai, baina ez orain, aspalditik sentitzen dut hori. Badakit ez dela erraza, argitaletxeek ez dutela batere erraz eta momentu honetan gutxiago, baino nire ustez hasi behar dugu txoko bat irekitzen gauza bereziak argitaratzeko besteekin jarraitzen dugun bitartean, badakit ez daudela gauza berezientzako irakurle asko... baina gauza ausartak egiten ez diren bitartean ez dira egongo, eta dauden gutxi horiek kanpoan egiten diren gauzak kontsumituko dituzte.
Liburua ilustratua da, audioan grabatu du Uxue Alberdik, webgune berezi bat egin duzue, e-liburua ere salgai dago... hainbat euskarri eskaini zaizkio liburuari, zure ustez egun funtsezkoa da hori, agian dagoeneko ez da nahikoa libururekin berarekin?
Ezinbestekoa! Aukera ona dugu orain, mila formatuetan gauzak zabaltzeko, promoziotik hasita, uste dut oraindik literaturan ez dugula hori barneratu, baino iritsiko da.
Irutxulok egindako elkarrizketan zera aipatu zenuen: 'hemen helduak ez gaude irudiak dituzten liburuak erostera ohituak, eta ikasi behar dugu horretaz ere gozatzen'. Zale askori entzun diogu antzeko zerbait esaten komikia, album ilustratua, artista liburua edo helduentzako narrazio ilustratuei buruz, baina agian gutxiengo bat da oraindik horien falta botatzen duena euskaraz? Zergatik beste leku batzuetan bai, eta hemen ez?
Buf... ez dakit... ohitura falta? Marrazkiak umeen kontuak direla buruan sartuta daukagulako? Arte ederrak ikasi nituen, geroztik milioika aldiz koadro abstraktu baten aurrean entzun dut “baino zer esan nahi du? Zer da? Nik ere hori egin dezaket...” XX mendearen hasieran hasitako arte tendentziari buruz ari gara, eta oraindik 100 urte pasa ondoren jendeak ez du ulertzen, koadro batean zuhaitz bat errekonozitzen ez badu ez du arte lan hori baloratzen... zer esango dut ba, zergatik ez ditugu marrazkiak dituzten liburuak disfrutatzen? Gure buruko eskemetan sartzen ez delako?
Zer botatzen duzu zuk, zentzu horretan, faltan?
Gustatuko litzaidake asunto honen giltza izatea! Baino ez dut. Beti pentsatu egin dut marketina gauza garrantzitsua dela, jendeari erakutsi behar zaio zer dagoen, begietatik eta belarrietatik sartu, “bonbardatu”. Jendeak ez badaki liburu zoragarri bat argitaratu egin dela, ez du erosi eta disfrutatuko, bakarrik horretan interesatuak daudenak jakingo dute, “publizitatearekin” mundu guztira irits zaitezke, liburu dendara edo liburutegira gerturatuko ez direnei ere, agian kuriositatea sartuko zaie... adibide ugari daude, bai literaturan, zinean, musikan... baina badakit, marketinerako eta promoziorako ere dirua behar da, eta batez ere irudimena. Gauzak egin eta egin, zertarako? Jendeak ez badaki hori hor dagoela?
Bi teoria txiki: krisi ekonomikoak ekar dezake argitaletxeek beste liburu mota batzuekin arriskatzeko tarte txikiagoa izatea, helduentzako lan ilustratuen kaltetan; baina bestetik e-liburuen ondorioz sortzen ari den aldaketak paperean argitaratutako lanen objektu/balioa justifikatzea ekar lezake, helduentzako lan ilustratuen mesedetan. Non kokatzen duzu zuk horrelako lanen itxaropena?
Nire itxaropena nahi eta nahi ez denbora gutxi barru hori iritsiko dela da, ez dakit nondik nora joango den, baino aukera zabalak izango ditugu, positiboa naiz horretan. Ez dago besterik, ezin dugu saihestu, ezin ditugu begiak itxi, teknologien mendean gaude eta gauza bakarrak ematen dit beldur eta dagoeneko hemen dagoena eta lehen gertatzen ez zena: gauzek ez dute denboran irauten, dena oso azkar doa, hori kontrolatzen ikasten badugu dena ondo joango da.
Badakigu Galtzagorrin zabiltzala lehendakari, eta ilustratzaile izateaz gain talde bateko kantaria ere bazarela... non dago orain, zertan dabil, sormenari dagokionez Aitziber Alonso?
Galduta! Jajajaja. Urte gogorra izan da lan kontuetan, eta ondo etorri zait nire proiektu eta gauza txikiak egiteko, nondik nora joan nahi dudan pentsatzeko. Beharrezkoa dut nire bizitzan burua eta eskuekin lan egitea, eta agian sentitu dudana da hasieran nuen ilusio eta lan egiteko modu eta estiloa berreskuratu nahi dudala, beno, ez da gutxi!
Albiste honen uberan:
Elkarrizketa Irutxuloko Hitzan