Elkarrizketak

Aitziber Etxeberriari elkarrizketa

Ostirala, 2017-03-31

Aitziber Etxeberriak bidaia bat egin zuen Vietnamera, eta herrialdearekin guztiz maitemindu zen. Bertan kokatutako istorio bat idazteko gogoa piztu zitzaion, eta misteriozko eleberri bat izan da emaitza: Nomada (Erein, 2016). Nikolay Zaitsev da protagonista, Hanoin bizi den errusiar bat. Argitu gabeko misterio bat dago bere haurtzaroaren inguruan. Eleberriak badu Euskal Herriarekin loturarik, liburuaren azalak berak iradokitzen duenez.

Aitziber Etxeberriari elkarrizketa

Bi dira pertsonaia nagusiak. Ivan Kozlov (Errusiako enbaxadore berria Vietnamen) eta Nikolay Zaitsev (60ko hamarraldian enbaxada horretan bertan lanean aritutakoa). Pasaportea berritzera joan da Nikolay eta, ezustean, iraganeko kontu bat azaleraziko da. Borroka psikologiko bat sortuko da bien artean.

Bi pertsonaia horien buruz burukoa da, nolabait esatearren. Enbaxadore berriak dena jakin nahi du eta Nikolayk, ordea, ahal den gutxien kontatu nahi dio. Dena den, Nikolayk badaki pasaportea lortu nahi badu trukean zerbait eman beharko diola enbaxadoreari.

Bien arteko borroka horretan datza nobelaren tentsioa.

 

Enbaxadoreak bezala, irakurleak ere horrela jasoko du informazioa. Tantaka.

Hala da. Nahiz eta elkarrizketa toki eta momentu diferenteetan ematen den, bien arteko solasaldiak gidatzen du trama. Enbaxadoreak jakin nahi duen horri buruzko galderak egingo dizkio Nikolayri, eta Nikolay erantzuten doan heinean irakurlea ere istorioaren nondik norakoa ezagutzen joango da.
 

2000. urtearen hasieran gaude. Nikolay eta enbaxadore berria kamaradak” dira. Baina pertsonaia antagonikoak dira biak. Enbaxadorea boterea litzateke eta Nikolay kontraboterea.

Enbaxadoreak botere absolutua islatzen du. Eta baita 60koetako enbaxadore izan zenak ere. Hotzak dira biak, dena kontrolatu nahi duen boterearen isla. Nikolay ordea, kontrapuntua da.

 

Adindua da Nikolay. Lasai bizi da Vietnamen. Europara joateko pasaportea berritzera joan da baina enbaxadore berria iraganeko gertaera bati buruz galdezka hasiko zaio. Umetako sufrikarioak, II. Mundu Gerrako gorabeherak, Vietnamgo gerrako argi-ilunak… Gertaera zahar asko berritu beharko ditu.

Adinarengatik, suposatzen da Nikolayk dena eginda edo ia gehiena eginda duela. Ez lukeela gorabehera handirik izan behar. Baina sekretu baten jabe da, nolabait esatearren. Iraganean gertatu ziren gauza asko ez ditu kontatu nahi. Enbaxadore berriak ordea, jakinmin handia du eta jakinmin horrek Nikolayren bizitza lasaia aztoratuko du. Kontatu nahi ez dituen gauzak kontatu beharko dituelako. Liburuko beste pertsonaia batzuekin zerikusirik duten kontuak dira gainera, eta hori ere kezka iturri da Nikolayrentzat.
 

Traman aurrera egin ahala jakingo dugu Euskal Herritik Errusiara joandako gerrako umea dela Nikolay. Txikitako Nikolas euskalduna, Nikolay bilakatu zela Errrusiara iritsi berritan.

Gerrako ume bat da Nikolay. Hemen baino bizimodu hobea izango zutela pentsatuz joan ziren Euskal Herriko umeak. Nikolas, geroko Nikolay, Leningradora eraman zuten eta iritsi eta gutxira II. Mundu Gerra piztu zen. Leningradok izugarrizko setioa pairatu behar izan zuen. Oso krudela izan zen. Gerra batetik atera ziren ume haiek beste gerra batean erori ziren. II. Mundu Gerra amaitzean, Nikolayk Vietnamera joko du eta han ere beste gerra bat jasan beharko du. Gerraz gerra ibili da bizitza osoan.
 

Hiru gerra handi kabitzen dira nobela honetan: 36ko gerra, II. Mundu Gerra eta Vietnamgo gerra. XX. mendeko gatazka esanguratsuetako batzuk. Dokumentazio lan handia egin behar izan al duzu?

Ez nuen 36ko gerran gehiegi luzatu nahi. Ume haiek hazi zirenean zer nolako bizitza izan zuten interesatzen zitzaidan bereziki. Nobela idazten hasi nintzenean, pasarteetako bat Leningradon kokatzea pentsatu nuen. Dokumentazio lanean nenbilela jakin nuen zer nolako setioa pairatu behar izan zuten. Nobela idatzi aurretik ez nekien hala izan zenik. Nobela idazten deskubritu nuen. Vietnamgo gerrari buruz ordea, gutxi asko zer izan zen banekien. Baina nobela honen idazketan dekubritu nuen Leningradoko setioaren ingurukoa, edota Hermitage museoak gerra garaian bete zuen funtzioa.

 

Ez duzu Nikolayren haurtzaro euskaldunari buruzko irudi bukolikorik marraztu. Deigarria egin zait.

Batzuetan iruditzen zait gehiegi oinarritzen garela hemengo kontuetan, hemengo pertsonaietan.

Duela urte batzuk Vietnamen izan ginen oporretan eta nik Vietnam islatu nahi nuen nobelan. Baina Vietnami buruzkoak ez nituen asko menderatzen. Eta idazteko orduan, beste abiapuntu bat behar nuen. 36ko gerrako umeak izan ziren abiapuntua, baina hasieratik argi izan nuen hori abiapuntua baino ez zela izango. Aitzakia bat. Gertukoak abiatzeko aitzakia ematen zidan. Baina ez nuen horretan oinarritu nahi.
 

Nikolayren begiradan ez da sorterriarekiko nostalgia handirik ageri.

Maiz, oso idealizatuak ditugu gauzak hemen. Baina bizitzak mila buelta ematen ditu eta erabaki bat hartzen duzun bakoitzean zure bidea osatzen zoaz. Denok dugu jatorri bat, hala da, baina bizitzak nora eramango zaituen, edo non bukatuko duzun, hori ezin da aurrez jakin.

Arrantzaleak, artzainak… Euskal Herrian beti egon da hemendik kanpora ateratzeko joera. Nahiz eta hemengoak izan, gaitasun hori izan dugu. Kanpora joan gara eta gauzak egin ditugu hortik zehar.
 

Zahartzaroan piztuko zaio jaioterrira itzultzeko grina. Gaztaroan eta helduaroan izan ez zuen joera.

Dokumentazio lana egiten aritu nintzenean, konturatu nintzen Errusiara joan ziren umeek oso berandu arte ez zutela etxera bueltatzeko aukerarik izan. Sobiet Batasunak ez zuen Francoren erregimena onartzen. Eta berandu arte ez zitzaien Euskal Herrira itzultzeko baimenik eman. 50eko hamarkada erdialdean hasi ziren itzultzen. Umetan joan eta helduaroan itzuli ziren. 20 bat urte egin zituzten Errusian, eta bueltatu zirenean ume askok arazoak izan zituzten. Hemengo jendearentzat errusiarrak ziren.

Idazlearen bizipenetatik beti dago zerbait

Stalinen garaiko Sobiet Batasuna eta Ho Chi Minen gerrilarien garaiko Vietnam ageri dira nobelan. Herri komunistekiko miresmena edo joera duzu akaso?

Ez, egia esan ez. Vietnamen izan ginenean oporretan, komunista izatearena oso gogoan zuten. Bidaiako gidariek komunismoaren alde onak aipatzen zizkiguten une oro. Gidarietako bat gerrilaria izan zen eta erdaraz ere mintzo zen. Kubako azentuarekin hitz egiten zuen. Horrek harritu egin ninduen baina lotura begibistakoa zen; bi herriak dira komunistak.
 

Hanoi xehetasun handiekin deskribatu duzu. Koaderno batekin joan al zinen oporretara?

Bidaia horretan gauza asko apuntatu nituen. Gustuko bidaia izan zen, eta erraza egin zait deskribatzea.
 

Autofikzioaren garai honetan, zuk fikzioari heldu diozu. Bizitakotik zerbait egongo da, baina asmatutakoa da nagusi, ezta?

Idazlearen bizipenetatik beti dago zerbait.
 

Baina asmatutako asko dago nobela honetan.

Ia dena. Nire errealitatetik zeharo ezberdina den zerbait idazteak egunerokotasunetik alde egiten laguntzen dit.

Egia esan, literatura ez da nire ogibidea. Baina bestela ere, nire interesa pizten duenari heldu ohi diot. Gustuko dudanaz eta nire interesa pizten duenaz idazteko joera dut. Begiratu gabe orain modu honetara edo bestera idazten ote den. Irakurtzen dudanean ere, gustuko dut deskonektatzea.
 

Ihesbide gisa ulertzen duzu idazketa.

Hori da. Gai jakin bati buruzko interesa pizten bazait, saiakera bat irakurtzea daukat. Baina niri, idazteak errealitatetik aldentzeko aukera eskaintzen dit.
 

Suspentse kutsuko kontakizuna osatu duzu. Nobela beltzaren traza du. Zentzu horretan, generoan ohikoak diren trikimailuak baliatu dituzu.

Bai, betitik irakurri dut genero beltza, eta gustuko dut.

Iraganeko zerbait ezkutatzea ia ezinezkoa da

Bakarrizketa bat dela esan daiteke. Ahots nagusia Nikolayrena da. Baina testu batzuk tartekatzen dira nobelan. Enbaxadako txostenak, hotzagoak edo direnak.

Hiru istorio kontatzen dira. Hiru tokitan, eta hiru garaitan. Idazten ari nintzela, gehiegi luzatzen ari nintzela konturatu nintzen. Baina datu batzuk bai ala bai sartu behar nituen, irakurlea gal ez zedin. Enbaxadorearen txosten sekretuak tartekatzea otu zitzaidan, modu azkar batean informazio dexente emateko aukera eskaintzen zidalako.

 

Badira iheskorrak diren pertsonak. Euren gorabeherak azaltzeko joerarik ez dutenak. Nikolayri traza hori hartu diogu. Baina halabeharrez, bere iraganaren berri eman beharrean egongo da.

Pertsona batek iraganari lotutako pisuzko gertaera bat gordetzen duenean bere baitan, kezka hori beti izango du. Egunen batean bere iraganak harrapatuko duen beldur izango da. Baina iraganeko zerbait ezkutatzea ia ezinezkoa da. Alde batetik edo bestetik, beti egongo da norbait tiraka. Edo zure iraganaz zerbait dakienik.

 

Nikolayk ez du dena azalduko, ordea. Eta gerra galduetatik etorri arren, garaipenaren zaporea dastatzen duela ikusiko dugu akaberan. Urteetan ezkutatu duen altxorra babesten asmatuko du.

Kulturari lotuta dago bere bizitza osoa. Leningradon egon zenean eta Hermitage museoa ezagutu zuenean, Josefek –­Hermitage-eko orduko zaindariak–, mundu berri bat erakutsiko dio. Hasieran, eraikinarekin geratuko da txunditurik. Baina barruan zegoen guztia deskubritzen hasten denean, Nikolayri mundu berri bat irekiko zaio. Erabat harrapatuko du.
 

Museoa, beraz, babesleku ere izan zen.

Stalinek purga handia egin zuen. Baita kultur arloan ere. Baina egon zen egoerari aurre egin zionik. Hermitage museoan zeuden altxor asko babesteko ardura hartu zutenak. Eta ondoren, nazien aurrean ere, jende horrek museoan bertan ziren altxor denak babesten ahalegin handia egin zuen.

Hermitage-i buruz ari garela, bada deigarria egin zitzaidan beste kontu bat. Leningradoko setioaz esaten da jende asko joaten zela museora, setioak suposatzen zuen ezin-bizi horretatik ihesi edo. Tarte batez bada ere, eguneroko krudeltasunetik urruntzeko.

Gutxinaka joan naiz nobela osatzen

Duela hamar bat urte bi nobela plazaratu zenituen. Isilune luze baten ondoren itzuli zara.

2010. urtetik hona, nire denbora oso mugatuta egon da. Dena den, urteotan ez diot idazteari utzi. 2010erako zerbait idatzia nuen eta gutxinaka joan naiz nobela osatzen. Asko luzatu da denboran, baina nobela hau argitaratzeko ilusioa hor izan dut beti.
 

Urtetako lana liburu baten forman ikustean, poz handia hartuko zenuen.

Hala da, poz handia eman dit, eta gainera idazten jarraitzeko indarra eman dit.
 

Beste nobelarik ba al duzu buruan?

Badut ideiaren bat buruan. Oraingoa jarraikortasun handiagoarekin idaztea gustatuko litzaidake. Aukera izango dudala uste dut eta horretan nabil.
 

Itzulera honetan, nola aurkitu duzu euskal literaturaren plaza?

Zorabio modukoa sentitu dut. Jendeak nola hartuko zuen beldur nintzen, baina harrera ona izan duela uste dut.

Gainontzean, ez dut inoiz harreman zuzenik izan idazleekin. Zirkuitutik oso kanpo ibili naiz urteotan. Literaturaren mundua kanpotik ikusten dut eta hamar urteren bueltan antzeko egoera aurkitu dut.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)