Elkarrizketak

Amets Badiola Rubio: "Niretzako argazkiak uneak dira, usainak dira, zaporeak dira... argazki batek ez du eragin bera izango pertsonetan, eta hori polita da"

Ostirala, 2019-12-20

Amets Badiola Rubiok enkargu bitxia jaso zuen aurtengo udaberrian, Alaia Martin Etxebeste eta Zazpi T'erdi ekoiztetxeko kideekin batera, Eztena arte eszenikoen jaialdiaren eskutik: hiru laborategi eszenikoren -eta haien emaitza izango ziren emanaldien- lekuko izatea, eta horien argazki-kronika libre eta kreatibo bat egitea. Ametsen kasuan Preposta liburua da emaitza, egilearen argazkiez osatua.

Amets Badiola Rubio: "Niretzako argazkiak uneak dira, usainak dira, zaporeak dira... argazki batek ez du eragin bera izango pertsonetan, eta hori polita da"

Eztena antzerki jaialdiaren eskutik proposamena jaso zenuen, hiru laborategi eszeniko argazkiz erretratatzekoa. Sormen prozesuak egunez egun jarraitu zenituen, eta baita jaialdian bakoitzaren emaitza izan ziren emanaldiak ere. Nola gogoratzen dituzu orain, distantziatik, egun haiek?

Oso intentsoak gogoratzen ditut. Antzerki zalea izan naiz beti, baina inondik inora ez nuen imajinatu nolakoa izan zitekeen sormen prozesua. Nolakoa izan zitekeen oholtzaratu aurreko lan guztia. Hiru laborategi desberdin izan ziren, eta hiruak oso desberdinak beraien artean. Eztena bukatu eta gero, aste batzuk pasa nituen argazkirik ikusi gabe. Nolabait, bizitako guztiaren digestiotxo bat eginez. Bestetik, oso zorteko sentitu nintzen horrelako proiektu batetan parte hartzeko aukera eskaini zidatelako. Laborategi bakoitzaren egunerokotasunaren lekuko pribilegiatua izan nintzen.

Zenbat argazki atera zenituen?

Egia esan, ez nuke jakingo zehatz erantzuten. Bi milatik gora izan direla esango nuke.

Eta zer bilatzen zenuen botoia sakatzerakoan? Sormen prozesuen esperientzia bizi ahala gero eta gauza zehatzagoak erretratatzen saiatzen zinen, edo guztia harrapatu nahian jardun zinen?

Hasieratik dena dokumentatu nahi izan nuen laborategi bakoitzean. Ez nuen nahi izan gertatzen zen ezer argazkitan ez islatzea. Baina era berean gauza zehatzak bilatzen nituen. Egun asko izan ziren eta etxera itzultzerakoan, argazkiak editatzerako orduan ikusten nuen hurrengo egunean zein errepikatu nahi nuen eta zein ez gustura gelditu nintzelako argazki horrekin, eta hori ere bilatzen nuen: aktore baten une zehatz bat bere piezan edo egunerokoan suertatzen zen egoeraren bat.

_MG_7684

Preposta liburuan, tituluak iradokitzen duen bezala, hiru laborategietako bakoitzarekin serie bat egin duzu, eta serie bakoitzaren barruan bi atal: “Pre” eta “Post”, hau da, emanaldiaren aurreko prozesua eta ostekoa, emanaldia bera. Hasieratik argi eduki zenuen egitura hori?

Hasieratik ez nuen argi zein izango zen guztiaren emaitza. Argi nuen ordea, sormen prozesuak eta emaitzak, plazaratzeak edo oholtzaratzeak, bi gauza desberdin izango zirela.

Hainbeste argazki atera ostean, nola egin aukeratzeko? Argazki asko datoz liburuan, baina askoz gehiago dira kanpoan geratu direnak. Zeren arabera aukeratu dituzu?

"Pre"an nik egun horietan sentitu eta bizitu nuenera jo dut gehiago, islatzen saiatu naiz bertan nik bizitu nuena. Momentu polit asko bizitu genituen eta guzti horren eboluzioan egin nuen aukeraketa. "Post"ean ordea, momentu esanguratsuenak islatzen saiatu nintzen. Argazki on asko gelditu dira kanpoan.

Zein neurritan jo duzu artistikora, zein neurritan periodistikora?

"Pre"ak badu artistikotik zerbait, baina ez guztiz. "Post"ak gehiago du dokumentaziotik, periodistikotik. Urte luzez jaso izan ditut ekitaldi desberdinak argazkitan eta periodistikoki jasotzea errazagoa zait. Baina artistikoa normalean gusturago egin ohi dut, argazki bat egiteko denbora gehiago hartzen dut, gehiago pentsatzen dut konposizioa, dena.

_MG_7673

Zer sentitzen duzu ikasi zenuela Eztenako egunetan?

Asko ikasi nuen, baina zaila zait azaltzea. Berria izan zen dena niretzako. Lehen pertsonan bizi eta ikusi ahal izan nuen antzerki obra batek duen lan guztia; dedikazioa, izerdia, zaintza, zaintza eta zaintza.

Preposta lehenengo liburua duzu, zer sentitzen duzu ikasi duzula liburuaren prozesuarekin?

Modu oso askean egin dut lan, eta orain arte gehienetan eskaera ''itxiak'' izan ditut, sormenerako aukera gutxi uzten dituena. Modu askean egiteak beste lan egiteko moduak eskatzen ditu: gehiago pentsatzeak zer erakutsi nahi duzun, nola, zergatik... ikasi zehazki ez dakit zer ikasi dudan, baina asko pentsatu eta hausnartu dut, eta oso interesgarria eta abesgarria izan da.

Eztena esperientzia errepikaezina izan zen, egun horietan soilik existitzeko jarri zen ahalegin guztia, eta garrantzia eman zitzaion hura dokumentatzeari. Zer garrantzia du argazkigintzak, zure ustez, horrelako kasu batean?

Niretzako argazkiak uneak dira, usainak dira, zaporeak dira... argazki batek ez du eragin bera izango pertsonetan, eta hori polita da. Eztena Jaialdia bizi genuen guztiek ere ez dugu berdina ikusi edo sentituko argazkiak ikusten ditugunean. Bakoitzak argazki berarekin zerbait desberdina sentituko du. Bestetik, niretzat garrantzia du guztia dokumentatzeak; hurrengo urteetan atzera begiratzeko laguntza ezinbestekoa baita, sentsazioak bergogoratzeko...

Amets Badiola ALDARRI antzezlana

Informazio gehiago: http://eztena.liburuak.eus/

Liburua erosteko: eztena@liburuak.eus

Albiste honen Uberan: Hitzako erreportajea, "Emozioetatik eraikitako kronika"

Hiru emanaldietako bideoak, jarraian (Zazpi T'erdi ekoiztetxeak grabatuak):

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)