Elkarrizketak

Ana Urkiza eta Begoña Durrutyri elkarrizketa

Osteguna, 2021-04-15

Ana Urkiza idazlea eta Begoña Durruty ilustratzailea elkarrizketatu ditugu, Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak (Elkar, 2020) liburuaren harira. Harribitxia osatu dute bi egileek, ipuin laburrak eta ilustrazio lan originalak uztartuta, formatu karatuan, kolore gutxirekin baina indar iradokitzaile ikusgarriarekin. Ez ohiko lan honen prozesuan murgildu gara, egileei egindako elkarrizketa banarekin.

Ana Urkiza eta Begoña Durrutyri elkarrizketa

Ana Urkiza: "Narrazio hiperlaburrekin arnas luzeagoko narrazioekin kontatu nahi dena adieraztera heltzeko, bestelako baliabide literarioak erabili behar dira".

 

Ipuin liburu ez ohikoa da idatzi duzuna, bai liburu-objektuari dagokionez (laukia, ilustrazioaz lagunduta), bai generoari dagokionez (mikroipuina, ipuin laburra). Hasieratik irudikatu zenuen horrelako liburu berezi bat?

Bai. Hasieratik pentsatutako elementuak izan ziren mikroipuinez osatutako ipuin-liburu bat osatu nahi nuela, ipuinak nagusiei zuzenduko zitzaizkiela eta ipuin bakoitzak ilustrazio bat izango zuela lagun. Normalean, mikroipuinak haur eta gazte literaturarekin lotu izan ditugu eta baita ere irudiz lagunduta doazen liburuak. Eta uste horrekin hautsi nahi nuen edota, beste era batera esanda, irakurle helduei ere bi elementu horiekin gozatzeko aukera irekitzea nuen xede: bai mikroipuinez eta bai ipuinak osatzen dituzten irudiez.

Ipuin laburrak eta mikroipuinak dira liburu honetan protagonista. Hala ere, une askotan poesia liburu baten gisa irakurri liteke, edo aforismo gisa. Zein neurritan “kontatu” nahi izan duzu testu hauekin, edo “iradoki”?

Testuen artean ez dago hari lineal bat, ez dago mezu zehatz bat. Ipuin solteak dira. Nahiz eta gaien aukeraketa bat bai badagoen aldez aurretik egina. Helburu nagusia, landutako gaien gainean irakurlea hausnarketara gonbidatzea izan da.

Testu laburren artegintzan aritua zara lehenago, besteak beste Atzorako geratzen dena (Alberdania, 2011) edo Ez dago aurrera bueltarik (Denonartean, 2016) liburuetan. Zer du laburrak erakargarri?

Intentsitatea eta kolpatzeko gaitasuna, gutxirekin asko adieraztekoa, iradokitzekoa.

Bestetik, hiru narrazio liburu ere plazaratuak dituzu aurretik. Zein da arnas luzeagoko narrazioa eta hiperlaburraren arteko aldea?

Narrazio hiperlaburrekin arnas luzeagoko narrazioekin kontatu nahi dena adieraztera heltzeko, bestelako baliabide literarioak erabili behar dira eta irakurleari ere, luzean arituz gozatzen zituen elementuen ordezkoak eman behar zaizkio, laburrean gozatu dezan. Arnasa luzeko eta laburreko narrazioak, kontatzeko era eta irakurlea harrapatzeko baliabideak modu ezberdinean erabiliko ditu.

Edukiei dagokionez, atal ezberdinak topatuko ditugu, eta hainbat gai-ardatz: bikote harremanak, familia, ama/alaba harremanak, denboraren eragina harremanetan… Gai horien bila joan zara, edo aurkitu egin zaituzte?

Gaiak edo edukiak aldez aurretik pentsatuak dira eta ipuin batzuk ere bai. Beste ipuin batzuek, ordea, ardatz horien gainean, bidean aurkitu naute.

Aforismotik eduki lezakete testu hauek paradoxaren artea, eta ironia. Adibidez:

Orain hobeto

Orain, gaztetan baino gehiago eztabaidatzen dugu.

Elkar hobeto ezagutzen dugulako da. Kaskagogorragoak

garelako. Zer nahi dugun argiago daukagulako. Orain, biok

dugulako arrazoi. Berak berea eta nik nirea. Gaztetan ez

bezala.

Errazagoa da zirtoa laburrean?

Esango nuke zuzenagoa dela, biluziagoa, zirraragarriagoa.

Nolakoa izan da Begoña Durrutyrekin egindako elkarlana?

Oso erraza eta konfiantza eta errespetu osoan oinarritua. Liburua bion artean ondu dugu eta, behin liburua osatu genuenean, hain gustuko ez genituen ipuinak edota irudiak elkarri argi eta garbi kentzeko proposamena egin eta inongo zalantzarik gabe kendu ahal izan ditugu.

Zer eman diete ilustrazioek testuei?

Idazleok ilustrazioek testuak osatu egiten dituztela esateko tentazioa izaten dugu, gure lehenbiziko irakurketa testutik abiatzen delako. Baina liburu honetan, ilustrazioak idatzizko ipuinak besteko ipuin dira. Irakurketa ilustraziotik has daiteke eta testuarekin bukatu. Edo ilustrazioak idatzizko ipuinaren hasiera eman dezake, edo idatzizkoan agertzen ez den beste bukaera bat iradoki…

Azkenik, liburu honi buruzko elkarrizketak bat egin du zure beste liburu baten agerpenarekin: Garen hori (Elkar, 2021). Bigarren honek ez du zerikusirik aurrenekoarekin: elkarrizketak eta gogoetak, euskal balioen eta nortasunaren peskizan. Nondik etorri da liburu hau idazteko bulkada, nola aurkeztuko zeniguke?

Herri bati buruz daukagun irudia edo marka hiru ezaugarri nagusik osatzen dute: izenak, irudi hori adierazteko erabiltzen diren elementuek eta balioek. Gurean, izenaren eta adierazpideen inguruan nahikotxo azterketa egin dela iruditzen zitzaidan baina ez, hala, euskal balioen inguruan. Ez, bederen, balio horien oinarria, hau da, “euskal” egiten gaituen izaera horren oinarria kultura dela defendatzen duenik. Hori dela eta, zortzi sortzaileri egindako elkarrizketak jasotzen ditu liburuak (literatura, pintura, dantza, arkitektura, eskultura, zinema, musika eta bertsolaritza) eta elkarrizketa hauen osagarri, euren langintzaren bidez, euskal izaera hori komunikatzen duten adituei (publizitatea, filosofa, kazetaritza, kirola, antzerkia, moda, sukaldaritza eta enpresa) egindako beste zortzi elkarrizketek. Guztien artean, euskal baliotzat eta euskal nortasunaren oinarritzat jotzen diren elementuen gaineko azterketa kritikoa egiten da, tradizioaren eta etorkizunaren artean bizi dugun borroka (gainditu beharrekoa) agerian utziz.

diario vasco

(Argazkia: Diario Vasco).

Begoña Durruty: "Anak hitz guttirekin aunitz erraten zuen eta nik era berean erantzun behar nuen: arras guttirekin aunitz iradoki".

Ez ohiko liburua da Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak, edukiei eta formatuari dagokionez. Hasteko eta behin, laukia da liburua. Nondik dator ideia hori? Nola eragin dio horrek ilustrazioei? Edo ilustrazioek eraginda izan da hautua?

Liburua ttikia, karratua eta eskuetan kontzeko ukitze goxokoa izanen zen, paperezko ahozapiak bezala. Hasmentako taupada izan zen, kasu egin genion eta gero gerokoak etorriko ziren. Liburuaren itxura ez da arazo izan. Lauki formatuan eroso sentitzen naiz, hala ere, nire laukitxoa eskas suertatzen bazen hor izaten nuen ezkerraldekoa ere…

Zuria, beltza, horia. Irudi guztiek daukate base hori, zergatik hautu hori?

Hara, bertze taupada bat! Erronka gaitza nuen parean. Anak hitz guttirekin aunitz erraten zuen eta nik era berean erantzun behar nuen: arras guttirekin aunitz iradoki. Di-da pare bat zertzelada, eta lixto! Tinta txinatarraz marrazki azkarrak hasi nintzen egiten. Marrazki gehienek nonbait, kolore mantxa bat eskatzen zuten. Batzuetan pertsonaien pentsamenduen nondik norakoak agertu nahi nituen, bertze batzuetan sentimenduaz aritu nahi nuen: beldurraz, maitasunaz, minaz… Eta barnak kolore horia agindu zidan. Horia zen gauza horiek denak hobekien erakusten zuen kolorea. Guttirekin aunitz adierazi. Bi kolore: beltza eta horia. Lixto! Ez nuen gehiago behar.

Zentzu horretan, kolore gutxirekin aritzea traba da, edo abantaila?

Ez bata ez bertzea edo biak, kar-kar! Josteta izan da.

Zer nolako irudiak dira bertan topatuko ditugunak?

Itxuraz xinpleak dira, batzuk ume batek egindakoak iduri dute.

Esplikatiboak baino gehiago, iradokitzaileak dira agian. Hori eskatzen zizuten testu hauek?

Anaren idatziak esplikatzea ni eta irakurlea aspertzea izanen zen. Ipuinak gogoetarako ate edekiak dira eta nik niria egin behar nuen. Buruhauste ederrak izan ditut bakoitzarekin, nik zer adierazi nahi nuen jakin arte. Gero hori guztia iruditan jarri eta “gogoeta” grafikoa sortu behar nuen; bide horretan ironiak eta umoreak aunitz lagundu zidaten, bai eta ofizioak ere…

Akaso bertako marrazketa gertu dago metaforatik, poetikotik, sinbolikotik…?

Bai, hala da. Ilustratzaileok ere tresna horiek denak erabiltzen ditugu, eta justu liburu hau horren adibidea dela uste dut. Beharbada, funtsean, idazleon lana eta gurea ez dira hain diferenteak…

Ilustrazio asko dira liburukoak. Nolakoa izan da prozesua?

Ana etxera agertu zelarik ez nion berehala baiezkoa eman. Eskatzen zidan lana handia zen, eta ez genekien argitaratuko zen ere. Pentsatu behar nuen… Mukizapietan idatzitako ipuinak irakurtzen hasi eta berehala hartu nituen marrazteko tresnak, ideiak plis-plas heldu baitziren. Ohartu orduko jostetan ari nintzen. Presarik ez genuen, aske nintzen nahi nuena nahi nuen martxan egiteko. Erantzuna argia zen: argitaratu edo ez, lana hori eginen nuen.

Zirriborroak foliotan egin nituen: lehenik mantxa horia akuarelaz eta, hura idortzen zelarik, haren gainetik marrazkia tinta txinatarraz. Bakoitzetik bospasei egiten nituen, denetan freskoena hartu eta gainerakoak zakarrontzira botatzen nituen, horrela ia ehun arte…

Anak opari edarra egin zidan, gozamena izan da, dibertitu egin naiz bidean eta uste dut hori emaitzan ezagun dela.

Azkenik, zertan zabiltza orain, zer beste proiektu duzu esku artean?

Egun hauetan “Berretetxeren kantorea” erakusketa prestatzen ari naiz, Donostian, Txillardegi aretoan, apirilaren 13tik 29ra egonen dena. Bestela, aspaldi honetan marrazkietan jartzen ari naizena Berretetxeren garaian kokatutako bertze gertakizun latz bat da, Nafarroako herri ttipi batean kokatua baita ere… Komikia izanen da, eta akitu orduko urte batzuk joanen dira.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)