Elkarrizketak

Aritz Gorrotxategiri elkarrizketa

Osteguna, 2020-04-23

Aritz Gorrotxategik Amua poesia liburua aurkeztu zuen urtarrilean, Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria jaso ostean Elkar argitaletxearekin plazaratua. Bidea egiten hasia zen koronabirusaren krisiak linbo moduko batean utzi zuenean, beste hainbat titulurekin gertatu bezala, itxirik dauden liburu-dendetako apaletan. ESortu den egoeraz, batez ere, liburuaz mintzatu gara elkarrizketa honetan.

Aritz Gorrotxategiri elkarrizketa

Lehenik eta behin, koronabirusaren krisiaren erdian egin dizugu elkarrizketa hau. Zer moduz zaude?

Osasunez ondo. Itxialdia bukatzeko gogoz. Faltan gehien botatzen dudana igerilekura joatea eta paseatu ahal izatea da.

Krisialdi honen aurretik aurkeztuak ziren hainbat liburu, oraindik udaberriko oldea etorri ez zen arren. Zuk urtarrilean aurkeztu zenuen Amua, denbora eman dizu feed back-en bat jasotzeko? Zein izan da liburuak izan duen harrera?

Orain arte liburuaz hitz egin didatenek hitz onak izan dituzte. Zabalkunde aldetik ere, liburua bere bidea egiten ari dela esango nuke.

Arraro egiten zaizu une honetan liburuaz pentsatzeak? Osasunaz gain, zerk kezkatzen zaitu, epe laburrera, kulturari eta literaturari begira?

Egun hauek onak izan dira irakurtzeko sortzeko baino gehiago. Era berean, editore ere banaizen aldetik, kezka nagusia hortik datorkit. Baudelaireren Gaitzaren loreak kaleratu dugu, Patxi Apalategiren itzulpenean, eta liburua, gainerako liburuak bezala, izoztuta edo linbo moduko batean geratu da koronabirusaren erruz. Guretzat apustu handia izan da, eta orain ez dakigu zertan geratuko den. Kulturgintzan gabiltzan eragile guztiak egoera berean gaude. Laguntza-neurriak ondo etorriko litzaizkiguke zaparrada isil honi eusteko eta aurrera ateratzeko. Bestalde, aspalditik iruditzen zait gure gizartean benetan dagoen kultur eskariaren edo beharraren oso gainetik produzitzen ari garela.

Espero dezagun, oraindik ere Amua eskuratu ez dutenek, laster izatea aukera. Beraz, gatozen liburura, ezagutu dezagun apur bat gehiago. “Ohikotasunetik abiatutako sakontasunaren eta arintasunaren arteko oreka bilaketa bat” dagoela dio liburuaren aurkezpenak. Guk, irakurri ostean, zinez hala dela sentitu dugu. Bi mutur egongo balira bezala, bata oso gertukoa eta egunerokoa, bestea oso landua, erreferentziaz betea. Zaila egin zaizu biak uztartzea, edo zurekin datorren zerbait da?

Azken urteotan egin dudan ahalegin baten fruitua da. Tolstoik zioen artea sentimendu baten transmisioa dela, eta soberan daudela azalpenak. Agian, zorrotzegia da ikuspuntu hori, baina bat nator funtsean. Sormen lan batek geruza bat baino gehiago izan ditzake, eta irakurlea galdu egiten bada oinarrizko geruzan, ez bada hunkitzen, transmisioak kale egin duen seinale. Zentzu horretan, poesia narratibo asko idazten da transmisioa erraztearren, baina poema narratibo horietako asko ipuinak edo bakarrizketak iruditzen zaizkit poemak baino gehiago. Gutxi batzuk apartak dira, txinparta dute, baina ekoizpen industrial kutsua hartzeko arriskua ere hor dago. Nire ustez, poesiak argia behar du izan, baina misterio puntu bat ere gorde behar du. Azalpenak eman ordez iradoki egin behar du. Sakontasunak ez du derrigor trinkoa izan behar. Argia ere izan daiteke. Eta gero, noski, bakoitzak bere poeta kutunak bilatu behar ditu.

Aritz Gorrotxategi

Itsasoaren presentzia aipagarria da liburu osoan zehar, modu ezberdinetan: azalean bertan, tituluan topatuko dugu, baina bada kostalde asko zeinetik itsasoari begiratzen zaion, eta baleei, kostalde asko zeinetik denboraren higadura suma daitekeen… berdin hitz egingo da Gipuzkoako kostaldeaz, Mediterraneoaz, edo baleez, aingurez eta amuez, bizitzarako metaforen gisan. Zer da, funtsean, itsasoa liburu honetan?

Aspalditik daude lotuta itsasoa eta gogoeta. Itsasoa aldakorra da, hezigaitza, harrapaezina... Olatua uzten du kostaldean, baina badakigu bere ur sakonetan misterio hondogabeak ezkutatzen direla. Sinbolo aberatsa da, eta kateatu egiten gaitu. Aldi berean, itsasoa neure haurtzaroarekin oso lotuta dago. Gros auzoan jaio nintzen, eta beti jo izan dut itsasora. Itsasoaz ari garela, bi alderdi horiek oso kontutan izan ditut liburuan, sinbolikoa eta afektiboa. Era berean, iparra eta hegoaldea uztartzen saiatu naiz.

Eta zer nolako ahalegina egin duzu itsasoari loturiko irudiak poemotan txertatzen?

Naturaltasunez atera zaizkit irudiak. Batzuk berez barruan neramatzan, eta beste batzuen kasuan, irakurketetatik jasotakoa suma daiteke.

Liburu osoko poemek batasun estetiko handia dute… gaiak aldatzen dira, edo mugitzen dira, baina ez poemen estetika. Zer nolako ahalegina egon da maila horretan?

Beharbada hori da liburutik gehien asetzen nauena. Azken urteotan ahalegin berezia egin dut arlo horretan, sakontasuna eta argitasuna uztartzen. Eta poesia izanik, bertsook berezko musikaltasuna edukitzea nahi nuen. Irakurleak berehala antzemango du hori. Poemak eraman egiten zaitu, irristatu egiten da, baina zerbait uzten du irakurlearen baitan.

“Haragia ez da inoiz

geldi egoten, baditu

ekaitzak bere baitan,

pauso hotsak,

ildaxkak, bilurrak…,

izerdiaren sintaxi isila.

Dena da aldatzen, etengabe,

baina ez dugu ulertzen

mudantzaren hizkera.

Galdera egin baino lehen

badakigu zein den

erantzuna.”

Esango nuke liburu honetan badela geldotasuna eta mugimenduaren arteko tentsio bat. Mugimendua bizitza da, baina itsaso egunerokoaren moduko mugimendua da, higatzailea, sarkorra, erritmikoa. Denboraren modukoa. Heriotzaz ere mintzo zara liburuaren amaieran. Mugimendua, funtsean, bizitza da, eta geldotasuna, edo estatismo zurruna, heriotza?

Hasieran “Mudantzaren hizkera” izenburua pentsatu nuen bildumarako. Beti izan naiz oso Heraklito zalea. Gauzak aldatu egiten dira, etengabeko tentsioan bizi dira... Batzuentzat, harrizkoa eta aldaezina izan daiteke bizitza. Niretzat justu kontrakoa da. Aurreko poema-liburuetan ere jolastu izan dut irudi horrekin, eta haria, zaldia, eta harria aurkajarri ditut. Zuk esan bezala, bizitza mugimendua da funtsean. Ikasiz goaz, ez gara jada lehengo berak... Bilakaeraz bilakaera goaz tximistak jotzen gaituen arte. Hil arte hilezkorrak garela pentsatzea gustatzen zait.

“Historiak lezio bat eman dizu,

nahiz oraindik tematzen zaren

zu hari lezioak ematen”.

Bada, halaber, poesia sozialerako halako joera bat batzuetan, baina esango nuke gatazka baten -edo batzuen- erditik baino, gatazka baten ertzetik edo ondotik hitz egiten dela, behatzaile. Hala da?

Orain gutxi, polemika deigarri bat egon da AEBetan. Jeanine Cummins idazleak American Dirt eleberria kaleratu du, eta narko batzuengandik ihesi doazen ama-seme mexikar batzuen larruan sartu da. Batzuek nobela goraipatu dute, eta beste batzuek, berriz, kritika latzak egin dizkiote migrazioaren drama lehen eskutik ezagutzen ez duelako, horrelako zerbait idaztera ausartu delako. Niri axola zaidana da nobela hori sinesgarria ote den, ondo idatzia dagoen, hunkigarria den... Literatura bestearen larruan jartzea da, hura ulertzen eta berreraikitzen saiatzea. Enpatiatik abiatuta, egiantzekotasuna bilatzen du idazleak, eskuetan duen materiala idazketaren ehotarritik pasatu eta gero. Zalantzarik gabe, hurbiletik duzun esperientzia beti izango da lagungarria, baina idazteko (eta irakurtzeko) distantzia hartzea komeni da, suhartasuna eta mitin kutsua saihesteko.

Amaitzeko, geldotasunaz eta mugimenduaz jardun galerarik, oraingoz egun hauetako geldotasuna, mugitua izan da? Lagungarri edo zama izan zaizu?

Bietatik pixka bat. Esan bezala, denbora gehiago izan dut irakurtzeko. Baina, bestalde, mugitu samarra ere banaiz, eta kaiola baten barruan bezala sentitu naiz.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)