Elkarrizketak

Arantxa Urretabizkaia: "Idazlearen betebeharra ez al da gauza deserosoak kontatzea?"

Gai korapilatsu bati heldu dio Arantxa Urretabizkaiak Bidean ikasia liburuan: gertutik bizi izan duen Hondarribiako Alardeari.Ostirala, 2017-02-03

1996. urtean gaude, zortzi egun ditu irailak, eta historia egiteko prest daude Hondarribiako hainbat emakume, nahiz eta une horretan susmatu ez. Egun hartan, estreinako aldiz saiatu zen emakume-talde bat Hondarribiako Alardean berdintasunez parte hartzen, eta erantzun bortitza jaso ordainetan. 20 urte pasa dira orduz geroztik eta tamalez ezagun bihurtu da Alardearen gatazka. Arantxa Urretabizkaia idazlea kalean izan zen hasieratik, eta urteotako testigantza literarioa bildu du Bidean ikasia (Pamiela, 2016) liburuan. Argazkia: Elzaburu

Arantxa Urretabizkaia: "Idazlearen betebeharra ez al da gauza deserosoak kontatzea?"

Zer dela-eta sortu zaizu orain honi buruz idazteko premia?

Betidanik jakin izan dut kontatu egingo nuela. Gainera, momentuan ez nintzen jabetzen, baina ni saltsa honetan egon naizen urteetan hiru liburu atera ditut, eta hiruretan badago hemengo zerbait. Orain ateratzeko arrazoia izan da, batez ere, nire buruari zor niola. Hamaika aldiz esan diot nire buruari nik hau kontatuko nuela. Adibidez, kalean istripu bat izan dudanean, eta hamaika izan ditut, beti pentsatu izan dut neure kautan: “nik daukat zuk [iraintzaileak] ez daukazun tresna bat, eta nik hau kontatuko dut eta zuk ezingo duzu”. Eta, egia esango dizut, 70 urte beteko ditut aurten, eta ez zaizkit gelditzen 30 urte zain egoteko eta istorio honi amaiera zoriontsu bat emateko. Orduan egokia iruditu zitzaidan: batetik, giroa dezente baretu da, eta bestetik, heldua da garaia.

Aurkezpenean aipatu zenuenez, hainbat genero izan zenituen buruan testu honekin hasi baino lehen: hasiera batean, adibidez, antzezlan bat egin nahi zenuen. Noiz eman zenion azken forma hau?

Irakurri dut hainbat liburu, aztarnak eman dizkidatenak. Adibidez, [Bernardo] Atxagaren Nevadako egunak, hor uztartzen dira genero asko, eta gero badago idazle frantses bat, [Emmanuel] Carrère deitzen dena, eta horrek ere eman zidan aztarnaren bat. Bestalde, hau ez denez nire lanbidea, gustatzen zait gauza ezberdinak egitea. Hau ez nuen sekula egin, beraz niretzat bazen nahikoa arrazoi hori egiteko. Banekien fikzioa behar zuela izan, zeren fikzioak konta dezake beste generoek ezin dutena. Hala ere, hausnarketa da niretzat liburuaren mamia, hausnarketak ematen dio izenburua. Hasieran saiatu nintzen denak fikzioaren bidez uztartzen baina faltsua geratzen zela iruditu zitzaidan, eta azkenean testu labur tartekatuen bidetik jo nuen.

Zer-nolako prozesua izan da?

Bi urte egin ditut idazten. Hasieran dokumentazio-lana egin behar izan nuen, zeren hainbeste gauza gertatu dira: bata bestearen gainean jartzen dira eta ez duzu atzekoa ikusten. Ni oso txarra naiz gauzak gordetzen baina bada gure artean gauza asko gordetzen dituen bat, eta hark pasatu zizkidan dokumentu pila bat. Neroni harritu nintzen aurkitutakoarekin, nahiz eta nik neronek bizi izan. Distantziak ematen dizkizun begiekin begiratzen nion eta harrigarria iruditzen zitzaidan, adibidez, hedabideen jokaera.

Banekien gaia deserosoa zela jende askorentzat, baina idazleak ez al du betebehar hori, deseroso diren gauzak kontatzearena? Gauza erosoak bakarrik kontatu behar al ditu?

Dokumentazioaren ostean, nola jarraitu zenuen idazten?

Pixkanaka joan da. Ni ez naiz honetara dedikatzen, beraz idazten dut bizitzak uzten dizkidan tarteetan edo ateratzen ditudan tarteetan. Azken urte hauetan, lan profesional gutxiago daukat, eta, ondorioz idazteko denbora gehiago. Noizean behin tarte bat hartzen dut, astebetekoa-edo, beste ezer egin gabe horretan aritzeko, eta hori egin ahal izateko alde egin behar izaten dut. Jartzen naiz han bakarrik eta orduan ikusten dut egindakoa eta aurkitzen ditut hariak… Baina prozesu guztia oso intuitiboa da. Nik beti esaten dut, eta konbentzituta nago, idazle batek ez dakiela zer egin duen; badaki zer egin nahi zuen, baina zer egin duen irakurleak daki. Nire kasuan ez dago arrazoiketa teorikorik, usaimena bakarrik.

Alaine Touraineren aipu batekin abiatzen da liburua: “Hurbiletik eragiten digunari buruz, ezin neutraltasunez jardun”.

Aipu hori jarri nuen ez nuelako objektibotasun-lan berezirik egin nahi. Alde bakarreko ikuspuntua da, nahiz eta besteak ulertzen ahalegindu. Pentsatzen dut, urteek aurrera egin ahala, aterako direla beste lekukotasun batzuk, ez dakit euskaraz, zailagoa iruditzen baitzait, baina aterako dira, eta gero etorriko dira historiagileak, hari guztiak elkartu eta zerbait ehuntzera.

Hausnarketa-pasarteetan hainbat kontzeptu aletzen dituzu. Beldurra da bat.

Hasieran kosta egin zitzaidan beldurra identifikatzea, ni ez bainaiz beldurtia eta ez neukan sailkatua: hau gertatzen zaio nire gorputzari beldurra daukadalako. Adibidez, eztarria lehor-lehor neukanean nire buruari esaten nion agian ez nuela nahikoa gosaldu, edo agian bero egiten zuela. Ikasi dut, hala ere.

Esaten didatenean oso ausartak izan ginela 1996an, beti esaten du hori ez dela ausardia, ausardia gero datorrela, ausardia datorrela aurrera egiten duzunean, beldurrez, zer-nolako arriskutan zauden ulertuta ere. Irailaren 8rako prestatzen ari garela, norbaitek beti esaten du: “eta, orain, ondo pasa!”. Harrituta geratzen naiz: nik ez dut ondo pasatzen, baina hori ez dago ondo ikusita, kirolariei bakarrik barkatzen zaie. Idazleak ere esan behar du idazten dagoen bitartean primeran pasatzen duela. Niretzat idaztea da lanik gogorrena; orain, egia da, gustuko zerbait idatzi dudanean, horrek ematen didan zera ez didala beste ezerk ematen. Baina nik ez dut ondo pasatzeko idazten, eta ez naiz berdintasuna defendatzen ari ondo pasatzeko.

Istripuak aipatu dituzu lehen, eta irainei buruzkoak ere sarri agertzen dira liburuan.

Eta gauza asko ez ditut jarri, adibidez, nik gogoan dudan gauza gogorrenetakoa izan zen gure amarekin gertatu zitzaidan bat. Gure amak 90 bat urte izango zituen, eta operatu zuten kataratetatik eta etorri zen gurekin egun batzuk pasatzera. Atera ginen paseatzera eta halakotan beti jotzen genuen barrualdera. Halako batean amak esan zidan itsasorantz joateko eta han abiatu ginen. Aurkitu genituen bi arrantzale gazte eta ama izututa gelditu zen esan zizkigutenekin. Amari esan nion ez zeudela burutik sano, agian edanak zeudela, eta ez dakit sinetsiko ote zuen, baina izugarria izan zen eraso hori, 60 urteko emakume bat eta 90eko bat kaletik paseatzen eta bi gazte modu horretan irainka: cabrona, hija de puta, vete a tu pueblo…

Ez zenuten amore eman, hala ere. Horixe da liburuko gauza ederrenetako bat, nola atera zenuten adorea erauntsiari aurre egiteko, halako autodefentsa-sistema propio bat sortuta.

Bai, zer egin behar duzu bestela?

Egia da, urte asko dira 20 urte, eta izan da egoerarekin bat eginda ere atzera egin duenik, makina bat. Baina nik, zerbaitetan sinesten badut, sinesten dut gizon-emakumeen arteko berdintasunean, barneko-barneko kontu bat da niretzat, eta behin ikusi genuenean zer kalte etorri zen, nik berehala esan nion neure buruari: “bale, kaltea egina dago, hau ezin dugu aldatu, orduan gutxienez ikasi dezagun zerbait”. Etxean ere hori esan nuen, hitzez hitz, gainera. Gutxienez balio behar zigula bestela ikasiko ez genukeen zerbait ikasteko. Patologikoki baikorra naiz, horrek ere izango zuen zerikusirik.

Aurkezpenean esan zenuen beste zerbait da adiskideak egin dituzula kontu honi esker, nahiz eta, ustez, zure adinean horretarako tarterik egon ez.

Lehengoak ez ditut galdu baina berriak ere egin ditut, bai. Eta, gainera, adin desberdinetakoak, eta horrek niretzat balio handia du. Azken urte hauetan ni izan naiz konpainiako zaharrena, beraz, egin ditudan lagunen artean, bakarren bat adinkidea da, eta besteak dituzte 10, 15, 20 urte gutxiago, eta, egia esan, zerbait banu haiengana joko nuke laguntza eske.

Zergatik da hain garrantzitsua belaunaldi ezberdinen arteko harreman hori?

Uzten dizulako ikusten bestela ikusezina zaizun munduaren zati bat. Adibidez, guk semea daukagu eta 26 urte ditu, eta horrek ematen dizu zirrikitu bat ikusteko, baina hura semea da eta semearen esparrua bat da. Gero, gehiago ikusten dituzunean, zirrikitu bat izan beharrean bilakatzen da ikuspegi zabal bat eta ikusten duzu mundua zenbateraino aldatu den bi belaunalditan.

Zuri-beltzeko argazkiak liburuan kontatzen dut nola gure amak lana egin zuen beti, jubilatu arte, eta hor ikasi nuen, hasieran gustatzen ez bazitzaidan ere, lanak amari ematen ziola etxekoandre hutsek ez zeukaten begirada bat munduarekiko. Amak dendan lan eginez lortu zuena nik hein handi batean Alardearekin lortu dut.

Azpimarratzen duzu konponbidea lortzeko bidean egon den oztopo nagusietako bat izan dela erakundeen jarrera.

Hala da. Adibidez, Donostiako Udalak antolatzen du danborrada, eta Donostiako Udalak hasieratik egin du berdintasunaren alde. Hondarribiako Udalak hamarralditan antolatu du Alardea, mendetan, eta halako batean ulertu zuten beraiek Alardea antolatzen jarraitzen bazuten, emakumeok nahitaez sartu behar genuela, legeak behartzen zituelako. Eta, orduan, pribatizatu egin zuten. Udal batek nola demontre uzten du esku pribatuetan herriaren ondarea? Erabaki hori alkate batek hartu zuen; orduz geroztik beste bi izan ditugu eta ez dute atzera egin bide horretan. Udalak esku hartu lezake, eta ez litzateke hain zaila izango; konpainia bat sortu sor zezakeen, adibidez, herriko konpainia bat, eta hor bai gizon eta bai emakume sartzen utzi. Udalaren esku dago dena.

Nola ikusten duzu egoera eta etorkizuna?

Azken urte hauetan itxaropena fabrikatzen ari naiz, eta horretan jarraituko dut horretarako indarra daukadan bitartean. Nik kitto esan arte ez dut kontsideratuko irabazi didatenik.

Guretzat, konponbide bakarra da Alarde bakarra egotea eta emakume eta gizonek berdintasunez parte hartzea hor. Zail dago. Bakoitzak, emakume ala gizon, nahi duen konpainian sartzeko, uste dut belaunaldiak igaro beharko direla, baina uste dut ikusiko dudala emakumeak onartzen dituen beste konpainia bat.

Zer opa diozu liburuari?

Balio dezala hemendik kanpo, kontuan hartzeko zer joera daukagun, berez, gatazka baten aurrean. Gu bilakatu gara kontrako erreferentea: ez dadila gertatu Hondarribian gertatzen dena. Falta zaigu enpatia bestearekiko, falta zaigu apaltasuna geure buruarekiko eta geure ideiekiko, jakitea inor ez dela egiaren jabe, eta iritzi ezberdina daukana ez dela etsaia.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)