Elkarrizketak

Barbalot: "Preso gauzka ideologiak eta hari kateaturik dago gure jarduera osoa"

Ostirala, 2017-07-14

Pasa den udazkenean atera zen argitara Lardaska agerkariaren lehen zenbakia, hainbat testu laburrez osatua. Koldo Izagirreren hitzaurreari jaramon eginda, "inork ez du horrela idatzi egundaino". Email bidez erantzun dizkigu galderak ezizenez sinatzen duen Barbalot egileak.

Barbalot: "Preso gauzka ideologiak eta hari kateaturik dago gure jarduera osoa"

Irakurri ditudan elkarrizketa gehienetan galdetu dizute gaiaz eta erantzun diezu, beraz ez dizut galdetuko ea zergatik/zertarako ez duzun izen-abizenik eman. Koldo Izagirrek sinatu du hitzaurrea, ordea. Zergatik/zertarako izen propiodun hitzaurre bat argitalpen anonimo batek, eta zergatik/zertarako izen propio hori?

Idazki bat, zeinahi delarik ere, ezinbestean da beste lanen ahaide. Hauen egileak hilik direnean, hitzaurrea egiten ahal zaie zorraren aitortzeko. Baten bat bizi bada, ordea, hari eska dakioke hitzaurrea. Sarritan, horixe liteke esker emate eta eskaintzarik aproposena; idazleak, azken batez, bere lanaren epilogo edo emendakin bati egingo liokeelako sar-hitza. Trikimailu zaharra da, bestalde, haren izena marka erakargarri modura ustiatzea.

Lardaskaren hainbat definizio posible ematen ditu Izagirrek: bere iritziz “gure lizunduran barrena egindako bisita” da; “nihilismo saio bat”, berriz, betiereko optimistaren ahotan. Neuri iruditu zait esan behar batetik datozela testuok, hainbat gauzarekin desados egon eta azkenean bota nahi batetik. Zeuk nola ikusten duzu?

Gure aroa itzal jokoetan, mitin txoro eta sugestio baldresetan galtzen da. “Ibilbide orriak” gora-behera, heldulekurik gabe dihardugu ezerezean hondoratzen… eta, beharbada, horren jakitun ere bagara sakon-sakonean, baina berdin digu. Edonork suma lezake, esaterako, argitalpen-ildoen lausotasuna, hipertrofia gaininformatiboa, eraldatzaile izan nahirik jaio eta hildako amuarrainaren gisan zintzilik eusten dioten komunikabideen otzankeria, huskeria, usteldura. Bortxaren justifikazioak ez dira arrazoirik gabe kriminalizatu; baina, bortxarena ez ezik, ia zernahiren justifikazioa da krimen bat hemen, non den-dena tortura jasanezin bilakatu baitzaigu, bake irrigarri honen  gezur, propaganda eta apainkeria guztietatik hasita… zer da hori, izan ere, indarkeria besterik?

Aurreko galderaren bide beretik: halako noraez orokor bati jarriak dirudite testuek, eta agerian uzten dituzte mugimendu sozialen, diskurtso nagusien, komunikabideen, kultur establishment-aren, politikarien eta abarren (eta abarren) granoak. Zer gertakari/irakurgai/gogoetak hauspotu ditu testuok? Ezer hauspotzeko asmorik al dute?

Gure jarduna eguneroko esperientzietan oinarritzeak hobekuntza itzela ekar lezake; baina, ohituxeak gaudenez, ez diogu ingurumariari erreparatzen. Esandako guztiak, egindako guztiak, itsu-mitsuko dantzaldi hordia dirudi, eta ezin gara fio kultura zikiro eta mamigabe honetaz. Preso gauzka ideologiak eta hari kateaturik dago gure jarduera osoa. Agian ezin da errezela alderik alde urratu eta behin betiko errealitatea atzeman, baina nozio honen belzteak posmodernokeria lotsagabeenean galtzera ginderamatzake.

Zer egin ordez, zer ez eginari erreparatu diozu –“zer ez egin” galdetzeko tenorea heldu da (heldu zen, aspaldi)–. Zer dela-eta diozu hori?

Gure historia hurbilena, sarekadan eroritako basurde aztoratuaren irudiak isla lezake: zalapartan, trabatzea besterik ez du lortzen. Arriskutsua da, oso, ekintzaren tentaldia… desesperoan, edozerk balio duelakoan gaude; edozerk, geldirik egotea izan ezik. Sobera dugu, ordea; sobera albiste, sobera proposamen, sobera alderdi politiko eta sobera aktibismo… eta ia denak dirau, bestalde, gainerako guztiarengandik bereiz. Gabeziari sorkuntzaz erantzuteak hondamendia areagotzen ahal du, zaborra biderkatu eta inkomunikazioa biziberritzea besterik ez baita lortzen askotan. Fede otzan eta suizida bat dugu eraikuntzan eta ekintzan: herrigintzan, naziogintzan, euskalgintzan, kulturgintzan… bestela esan, produkzioan. Alta, gakoa gorpuztean datza. Horregatik, mugimenduaren, berrikuntzaren eta zalapartaren sustatzailez osaturiko mahai-inguruetan betondoa egin eta boligrafoa hortzetik paperera darabiltenek, beren besapeak arakatu beharko lituzkete lehen-lehenik gure miserien errurik aurkitzeko... halaxe, esaterako, “Kulturgintzan Dihardugunok” gremiokoek, ez baitute ondorengo egitate sinplea publikoki aitortzeko ausardia askorik adierazi orain artean: argitaletxeak, oroz gain, burua errentagarritasunaren uztarripera makurtzen duten negozio-gizonen afera direla. Apika ez dira aberastuko edo, are, estu-estu bizirautea baizik ez dute lortuko... baina horrexek berak egiten ditu arriskutsu: orotarik sustatu behar dute irabazi urriak izateko eta, honenbestez, dirugile handien modura, ase-ezin batean irauteko. Produzitu eta saltzearen ogibideak gorputz kulturala ezinezkotzen du; di-bertitu egiten gaitu, Pascalek zerabilen zentzuan; hots, mamitik edo zuztarretik aldendu. Baina ezingo dugu gure bidea urratu borroka sektorial eta burutazio aldrebesenen metaketa polimorfo batez. Bizikidetzaren perbertsio hutsa duzu den-denak bere izateko eskubidea aldarrikatzen duenekoa. Gizakia finitua da hala denboran nola espazioan; eta ekimena, kontzientzia eta arreta ere halakoak dauzkanez, hautatzeko askatasuna du edo, are, hautamena bera du askatasun eta gizatasun... aberrazio hutsa da, horregatik, hari baztertzea, diskriminatzea, mespretxatzea eta suntsitzea galaraztea.

Zerezeginen zerrendak eskaintzen dizkiezu hainbat espezieri: probintziano baskoari, intelligentsia baskoari, eusko gudariari, hippie-ari, jeune fille-ari, gor-putzari… Espezie horietan eta egin behar ez lituzketenetan sakonduko zenuke apur bat?

La Concha-n igeri, pintxojan, altxafuego, argazki, Guggenheim, Puppy eta DV… probintziano baskoaren tiraniak bizi gaitu. Sasi-humanismo honek bizia sakralizatzen ei du, baina hura dugu bizia alfer-alferrik galtzeko modu gorena; eta egitate honek, tamalez, balio guztia xukatzen dio terrorismoak hildakoengatik isuritako malko probintziano bakoitzari.

Hippie garaikidea lotsagaldu zozoilo eta horkonpon bizizale bat besterik ez da, sakrifizio eta ardurarik batere gabeko askatasun artifizial batean zinikoki urtzen zaizulako aukera duen orotan.

Antifaxismo baskoa faxismo espainiarraren biki hondatua dugu. Bikia, haren gudazalekeria, mozkorreria, anti-intelektualismoa, estatulatria burokratoidea, populismo itsua eta gainerako miseriak banan-banan eta fideltasunez besarkatu dituelako. Hondatua, haren alderdi teoriko salbuesgarrienak ostikatu dituelako: ohorea eta kemena, tradizioa eta komunitatea, banakoa gainditzeko borondatea, ahalegina, sakrifizioa.

Eusko Gudaria masokista tematu bat izan da bere azkeneraino, espiritualki espainol hutsa maiz, aktibista baino automatagoa, proposamen ausart eta berritzaile orori errezeloz begiratu dion saldokoi izu bat.

Intelligentsia Baskoak, bere aldetik, traza handiagoa dauka gudaroste honi ipur-oihalak aldatzen dizkion abokatu-bufetepaternalistarena, beste edozerena baino. Gainerakoan, ez da gauza izan herri honen erronka eta arrisku nagusiak atzemateko, eta bera ere mehatxu handi bilakatu da lokatz gaineko “subjektu politikoaren zabalkundearekin” setaturik, edo nazioa sakrifikatzen duen independentismo hutsal eta gogo-saldu baten aldeko apustua eginik.

Jeune-Filleak, azkenik, agerian besarkatzen du edozein herriko jaixetako alkoholismo urdebera eta neurrigabekeria honek ezinbestez eragindako bortxaketa aurreikusgarrien biharamunean gaitzespen solemneenaren plantak egitera datorkizu plazara. Haren kredoari zor diogu, bestalde, emakumeak pairatzen duen biolentzia antonomasiazkoa ikusmiraren erdigunetik bazterrera higatu izana, gordinkeria horretaz jabetzeak gizonezkoarekin elkartasunez aritzera leramakeelako… eta, orduan, akabo protagonismoa eta diru-laguntzak. Hala, ikerketa epidemiologikoen arabera, urtero 80.000 hildako eragin litzake kutsadurak estatu espainiar eta frantsesean, eta Munduko Osasunaren Erakundeak 200.000 inguruan ezartzen du tabako eta alkoholaren kontsumoak eragindakoen kopurua… alta, gure Madonatxo posmodernoaren atzaparrak “matxismo hiltzailean” kateaturik diraute oraino, hau ganoraz ikertu eta ulertzeko inolako borondaterik gabe gainera. Azken hamarkadan ia 50.000 gorpu, halako bost zauritu eta makina bat herbaldu utzi dizkigute bi estatuetako errepideek… baina Arreta Gabeziaren Hiperaktibitate Transtornoa duen neskatoak hausnarketa saiatuagoak eskaini dizkie Barbie eta Action Man-ek betikotzen dituzten estereotipoei. Bi estatuon markotik irtetzeke, 300.000 lagunek egin dizu bere buruaz beste azken hogei urteetan, baina “ahalduntzean”, “matxiruloak akatzean”, “heteroarauan”, “diskriminazio positiboan”, “pribilegio maskulinoetan” eta “plazera erdigunean ezarriko duen festa eredu parekidean” trabaturik jarraitzen du bere bakarrizketa izurritsuak (Intelligentsia Baskoaren babes osoz jarraitu ere). Bi zeregin salbuetsi litezke den-dena zerezegin duen Jeune-Fillearentzako: barkamena eskatzea eta politikoki iraungitzea.

Espezie horietako bateko edo gehiagoko kidetzat duzu zure burua? Ezezkoan, zeintzuk dira Barbaloten espeziekoen zerezeginak?

Zerezeginak unibertsalak dira; ezpal ezberdinekoak izanagatik ere, ber espeziekoak garelako guztiok. Horretaz ohartu ez izana litzateke, kasu, oraintxe jorraturiko bizilagunaren bekatu burua. Denok pairatzen dugu egoera bera eta horrek gaitu berdintzen. Funtsezkoa, kritikaren norantza da; horren zergatia eta zertarakoa, ez nork-noria. Hemen ez baitago ez “ego” hanpatsu ez eta nartzizismoetarako lekurik; eta, aurrez esandako hitz guztiotan talaiaren babesetik harrika aritzearen jauntxokeria, erosotasun koldar edo sadismotik haratagokorik ikusi nahi ez lukeena, zinez lebilke galdua.

Idazketa-moldea zaintzen duzu, bistan da. Zure testuak urruti daude irakurri ohi dugun beste molde uniforme batetik, hala hiztegian nola sintaxian. Hautu horren harira apur bat sakontzeko eskatu nahi nizuke.

Oinarri-oinarriko errealitate itzuriezin bat izan da, hautua bainoago. Gainerakoan, testuak ez dira zehazki geureak izaten, ideiek ere geure izan ezin dutenez gero. Gizaki modernoaren ustel-usteak gora-behera, sortzailea deskribatzaile sorgindua da, finean, eta aldez aurre hor bazegoen zerbait parez pare agertzen zaionean baizik ez du lana amaitutzat ematen. Testuaren azaleratzeak sekulako autonomia du eta “egile” deritzoguna prozesu honen urgazle bat da finean, emagin bat. Tamalez, egungo artistatxoak putazaina baino puztuago ageri zaizkigu oholtzan, beraiek bailiran obrantzaren ituburu behinena. Zeharo galdu da ideal edo estetika baten zerbitzura egotearen ohore-sentipena.

“Lardaska” ibili da sareetan, eta egin dizute elkarrizketarik. Gustura zaude harrera horrekin?

Izan dira aipamen eta elkarrizketak, horixe; eta gehiegi ere bai, akaso. Halarik ere, inoizko inoiz gutxien saldu den lanetariko bat da Lardaska. Ulertzekoa liteke hein batean, argitarapen hasiberria baita… baina nola azaldu berrogei urtez gorako eskarmentua dutenen lanek ere horren zabalkunde murritza izatea? Dolores Redondo, Toti Martinez eta Ken7 nahiago dituen herri batean bizi gara, aizu.

Arreta eman didate azalean ez ezik liburu barruan ere agertzen diren collage-ak.

Apaingarri eta sinbolo izan nahi zuten… itsusgarri suertatu dira. Barruan ageri direnetarik salbuesgarriena, Duchampen pixontziaren gain barrenak husten dituen hominidoarena izan liteke. Marc Bloch-en aurpegia du, baina gaitzerdiko hanka-sartze bati zor zaio. Gaitzerdikoa, Bloch “un bon Français” baitzen, finean; eta, halaz, ez da collagearen funtsezko esanahia galtzen. Baina begirune falta litzateke aberriagatik hildakoa pose horretan irudikatzea. Egiari zor, Max Stirnerrena zelakoan itsatsi zen aurpegi hori, justiziazkoa baita ingurumariarekin inolako zorrik ez lukeen bakan-aren filosofoa naturarekin trukean aritzeko doitutako gorputz kakegiletik bereiztezina zela oroitaraztea; eta are justiziazkoagoa, oraindik, humanismo liberal abstraktuenaren sinbolo bilakatu zaigun liberté-a hor behean paratzea, gorila iletsu baten hesteek ebakuaturiko entelekiaren modura.

 

barbalot

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)