Elkarrizketak

Bego Montoriorekin solasean

Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena ekarri du euskararaOstirala, 2013-06-14

Bego Montoriok ekarri du euskarara Jose Carlos Fernandesen Munduko bandarik txarrena komikia, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Elkarrizketa honetan liburua bera, komikigintza eta itzulpen-sormena izan ditugu hizpide.

Bego Montoriorekin solasean

Nola sortu zen proiektu honen ideia? Ezagutzen zenuen aurretik Jose Carlos Fernandesen lana?

Nebak Bartzelonatik ekarri zizkidan A pior banda do mundo-ko liburukiei esker ezagutu nuen Jose Carlos Fernandes, eta deskubrimendu zoragarria izan zen niretzat. Artean, burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten horiek euskaratzeko aukera egon zitekeenik, eta komiki zalearen plazeraz dastatu nituen.

Beraz, Nabarra aldizkarikoek eskaini zidatenean lehen alea, Utopiaren kioskoa, euskaratzea, izugarri poztu nintzen. Hala gertatzen zait maite dudan obra bat itzultzeko aukera izan dudan guztietan, eta, kasu honetan, gainera, gainbalio bat zegoen: komikia izatea, oso gutxitan izan baitut komikiak itzultzeko aukera.

Lehen liburukia atalka atera zen Nabarra aldizkarian, bi orriko istorio bat aldizkariaren ale bakoitzean. Eta gero, Txalapartako Mikel Sotok beste bi liburuki itzuli eta hirurak batera argitaratzeko proposamena egin zidan. Zer hoberik, gustuko lanean jardutea baino? Lanean, baina gustukoa, ahal dela.

Zerk erakarri zintuen gehien proiektu honetatik?

Oso komiki ona zela, eta itzulpen erronka.

Idazlea balitz, Jose Carlos Fernandesek “ahots” propio berezia, desberdina duela esango genuke; komikigile baten kasuan, ez dakit nola esan beharko litzatekeen, baina halakoa da Fernandes. A pior banda do mundo berezia da komikiaren panoraman, eta horrelako obra bat euskarara ekartzea beti da kitzikagarria itzultzailearentzat; baita erronka galanta ere, asmatu behar baita “ahots” hori islatzen.

Itzulpen bakoitzak bere ezaugarri eta berezitasunak ditu, baita bere zailtasun propioak ere. Komikietako hizkera modu batekoa izan ohi da: esaldi laburrak, espazio txiki batean sartu beharrekoak, hizkera oso konnotatiboa sarritan…, Bada, kasu honetan, oso mundu berezi bat islatzen duen hizkera erantsi behar zaio horri. Gauza batzuetan ez da aparteko arazorik itzulpenerako; esaterako, Potemkin, Bakunin, Kowalski, Goritz… kaleetatik mugitzen dira; bitxiak dira, bai, baina, grafiak grafia, itzulpen arazo handirik ez. Baina, “Gauza hutsal eta garrantzi gabekoen museoa”, “Gizarte-histeresi eta Masa Psikologiako Laborategia”, “Takimetria eta Erkaketa Saila”, “Goi mailako institutu hipnopedikoa”… horiekin lan pixka bat gehiago egin behar da; nik behintzat, komiki hauek itzuli arte ez nekien “histeresia” zer zen, jakin ere ez nekien termino hori ba ote zegoen ala Fernandesek asmatua zen.

Aipatu izan duzu (“Komikien itzulpena” artikulua, 2005eko abendua) kode ikonikoa eta kode idatziak osotasun baten barruan ulertu behar direla. Kasu honetan, zer harreman mota garatu duzu irudiarekin?

Komiki bat irakurtzen dugunean, dena batera hartzen dugu; hobe esanda, komiki bat irakurtzen dugunean, irudi eta testuen uztarketa horren emaitza da hartzen duguna. Ez dira hitzak, alde batetik, eta irudiak, bestetik. Zineman ere, antzeko zerbait gertatzen da. Gerora, bereizketak eta zatiketak egin ditzakegu, baina emaitza, obra, produktua beti izango da osotasuna.

Itzultzaileak halabeharrez bereizi behar ditu kode horiek, berak hitzak baino ez dituelako itzultzen, baina osotasun horren baitan ulertu behar ditu jatorrizkoak, eta osotasun horren baitan funtzionatu behar dute berak itzulitakoek.

Munduko Bandarik txarrenari dagokionez, han agertutako hitzak, niretzat, sepia-hori-marroixka koloreko dekoratuetan mugitzen diren zuri-beltzeko pertsonaia horiek baino ezin dituzte esan. Idalio Alzheimer, Glatz ahizpak… komikian agertzen diren horiek dira, aurpegiera eta jarrera horiek dituzte, eta, neurri batean, beraiek markatzen dizute nola hitz egin behar duten.

Poetikotasuna, metafora, istorio laburrak, umore absurduz jositako pasarteak… nola definituko zenituzke liburu honetako istorioak?

Ez dakit  bada, horietatik guztietatik badute-eta zerbait. Lanbide absurduetan diharduten pertsonaiak azaltzen zaizkigu, eta gauza absurduak gertatzen zaizkie…, itxuraz; zeren, sakonean, halako egonez moduko bat uzten dizute, errealitatearen isla baitira. Karikaturizatua, modu kafkiano samarrean karikaturizatuta, baina errealitatearen isla. Badago, esaterako, Denean-eta-are-gauza-gehiagotan aditu berehalakoa izeneko istorio bat; hori baino errealagorik ezagutzen?

Edo Serafin Koch, beraren eta munduaren artean arrakala bat zabaltzen ari dela deskubritzen duen gizona…

Flash moduko batzuk dira, bi orritako espazioan gertaera (xume, hutsal, absurdu…), erakunde, pertsona… bati erreparatzen dio, eta horien bidez mundu oso bat agertzen digu. Funtsean, gurearen oso antzekoa da mundu hori, Europa erdialdeko 50etako estetika eta kutsua badu ere.

Nolanahi ere, nik trakets esandako hori komikia irakurtzen duen edozeinek harrapatuko du, eta, seguruen, komikiak harrapatuta geratuko da.

Pertsonaia nagusi argirik ez dago, baina era berean tarteka azaltzen dira berriro haietako asko, istorioak garatuz, edo besteen istorioak bigarren maila batean osatuz… Erreferentzien indizean ikus daiteke ongi hori. Ezaugarri horrek eduki du nolabaiteko eraginik zure lanean?

Irakurri ahala konturatu nintzen lotura argirik ez zuten pertsonaia eta toki horiek puzzle baten atalak zirela, denak batuz gero irudi zabalago bat ematen zutela, baina, indize horiek errepasatzen jarri arte ez nintzen jabetu zein puntutaraino zegoen dena elkarlotua. Sortu duen mundua guztiz kartografiatua du Fernandesek, tokiak, enpresak, dendak, pertsonak…, dena, baita itxuraz figurante hutsa direnak ere. Itzulpenari berari, emaitzari, ez dakit nola eragiten dion horrek, baina, itzultzerakoan, buruan nuen eman behar niola koherentzia eta elkarlotura hori; ematen saiatu, behintzat.

Jose Carlos Fernandes

Oso presente dago hitza irudien barruan, testu osagarrien bitartez, eta hor jatorrizkoa errespetatzen da oro har. Kasuren batean sartu zara irudietako hitzetan, edukiak hala eskatzen zuelako? Agian ez zegoen horretarako aukerarik, edo beharrik?

Komikien arazoetako bat izaten da hori. Badira irudiaren parte diren testuak, marraztuta dauden testuak, esaterako, dendetako izenak edo afixak. Eta horiek, batzuetan, zeresan handia dute, garrantzitsuak dira kontakizunerako, baina ezin dira aldatu, irudia hondatuko litzatekeelako

Komiki honetan, ordea, gauza bitxia gertatzen da: behin baino gehiagotan agertzen dira testuak marrazkietan –publizitatea, dendetako erakusleihoetakoak, negozioen izenak..-, eta horiek portugesez daude; bada, baita jatorrizkoan ere, gainerako testua portugesez dagoenean ere, neurri batean lekuz kanpo gertatzen dira, agertzen diren espazio horiek ez datozelako bat ez Portugalekin, ez portugesa mintzo den beste ezein herrialderekin. Hortaz, euskarazko bertsioan sor daitekeen efektuak ez dio kalterik egiten, nire ustez, obrari. Begira, elkarrizketa batean, J.C. Fernadesek Thelonius Monk aipatzen zuen, eta esaten zuen haren musikan nota egokiaren ondokoa jotzen zuela zirudiela, eta beti pixka bat aurreratuta edo pixka bat atzeratuta, eta halakoak zirela pertsonaiak. Komikiekin irakurlea nahastu, deskolokatu egin nahi duela, eta hor hartzen dute zentzua anakroniek edo Oppenheimer etorbidean ager daitekeen  alfataria bat

Gogoeta egin izan duzu komikiaren itzulpenaren inguruan. Nola ikusten duzu egun arlo hori Euskal Herrian?

Komikizalea naizen aldetik, nahi baino gutxiago dagoela esatea beste erremediorik ez dut. Oso komiki gutxi ateratzen dira euskaraz, eta “helduen komikia” dei daitekeen alorrean, are gutxiago.

Komikiak euskaraz argitaratzea ez da batere erraza. Hasteko, argitaletxeak falta dira, komiki-argitaletxeak esan nahi dut. Habekomik badago, Sauré badago… baina horiek ezin dute esparru osoa bete. Ohiko argitaletxeek, noizean behin, baten bat argitaratzen dute; han-hemenkako argitalpen solteak daude, baina ez dago egitura sendorik.

Horrek ez du bidea asko errazten, bestela ere nahiko merkatu murritza izan lezakeen zerbaiterako (batez ere, helduen komikia).

Egileak badaude, Antton Olariaga handiarengandik hasita, azken urteotan arrakasta nahiko izan duen Patxi Gallego-ren “Pololoak” trilogiaraino (barkatuko al naute aipatu ez ditudan guztiiiaaak!), baina zaila dute. Pentsatzen dut horretan ere asmatu beharko dela bidea sortzaile horien lana irakurleongana hel dadin.

Eta, euskaratutako komikiez zer esan… munduan dagoen panorama zabaletik oso-oso gutxi dago euskaraturik. Labur esanda, eta gertuenekoari begiratuta: frantsesez eskura daiteken guztiaren erdian, Anbotoko harritzetan galdutako harri txintxar bat baino ez da.

Azken urteetan erdaretan asko argitaratu da, besteak beste, “nobela grafikoa” bezalako etiketen gerizpean; nolabaiteko prestigio baten bila, edo agian moda ‘cool’ bilakatu nahian… Goiak jo du tendentzia horrek erdaretan? Euskarazko literaturara oraindik heldu gabe dagoen zerbait da? Baduzu horren inguruko irudipenik?

“Nobela grafikoa” izendapen horrekin nahiko harreman gatazkatsua dut. Nire ustez, badira nobela grafikoak diren komikiak, baina helduen komiki guztiak etiketa horretara bildu nahi izatea, absurdo samarra iruditzen zait. Munduko bandarik txarrena, nobela grafiko bat? Ez zait iruditzen. Komikia, batzuentzat, super heroiak eta umeentzako produktuak baino ez dira, eta jende hori, agian, errazago hurbilduko da nobela grafikoa deituz gero, baina ondorio txarrak ere izan ditu; esaterako, tamaina handirako pentsatuta eta marraztuta zeuden komikiak tamaina txikiagoan argitaratu dira “nobela grafikoa” delako horren etiketaz saltzeko, eta ez dakit horrek inori onik ekarri dion. Ni behintzat, amorratu egiten naiz.

Horretaz aparte, uste dut komikigintzaren barruko beste bide bat dela, eta ez zait iruditzen agortua dagoenik. Euskaraz, horretarako tokia badagoela esango nuke; dena den, ez dut nahikoa kontrolatzen merkatua iritzi sendoa emateko.

Literaturaz oro har hitz egitean, sarritan aipatzen da euskarak behar dituela funtsezkoak diren liburuak (edozein ikuspegitik) ekarri. Komikigintzaren arloan, zeintzuk iruditzen zaizkizu ekarri gabe dauden funtsezko tituluak?

Ia denak. Barkatu hain gordin esatea, baina hala da. Antxeta argitaletxeak egin zuen saioa (Hugo Pratt, Bourgeon, Cosey… argitaratu zituzten), baina pare bat urteko abentura izan zen; hortik kanpo, bakanen bat baino ez.

Dena den, nik ez nuke, orain, horretan jarriko indar handiena; interesgarriagoa iruditzen zait gaur egun dabilenaren berri ekartzea.

Kexu gara irakurleok batzuetan, ez direlako erdaraz topatzen ditugun lan mota-genero-estilo batzuk euskaraz argitaratzen. Baina gero, ateratzen diren bakanak babesten al ditu euskarazko irakurleak? Arrisku gehiago hartu beharko genituzke irakurtzeko orduan ere?

Ni ez naiz nor inori esateko zer irakurri behar duen. Dena den, arriskua hartzearekin bat nator, probatu ezean ez baitago jakiterik ezagutzen ez dugun hori gustuko izango dugun ala ez. Munduko bandarik txarrenaren aurkezpenean, komiki zalea ez den lagun batek esan zidan Mikel Soto, Harkaitz Cano eta hirurok hain sutsu hitz egiten entzunda, hain gustuko genuela igarrita, hari ere sortu zitzaiola irakurtzeko gogoa. Gaizto jarrita, inbidia piztu geniola esango nuke: horiek halako gustua atera badiote, neuk ere nahiko nuke. Ez da propaganda txarra.

Edo, beste adibide batekin azalduta: kanpora noanean, ohitura dut liburu dendetara sartzeko, eta, normalean, nahiko itsu mustuan hartzen ditut liburuak, baten azalak erakarri nauelako, bestearen atzealdeko esaldi batek… Egia da noizbait bertan behera utzi dudala haietako bat hiru orrialde irakurrita, baina gutxitan gertatu izan zait; gehienetan, oso deskubrimendu politak egin izan ditut.

Bego Montorio (argazkia: Elearazi)

Albiste honen uberan:

60-69 orr liburuaren LAGINA

Elkarrizketa Elearazin

Artikulua Senez aldizkarian (2005): Komikien itzulpena

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)