Elkarrizketak

Danele Sarriugarteri elkarrizketa

Zeresana ematen ari da bere lehen nobela: Erraiak (Elkar)Ostirala, 2014-05-23

“...Ez zaigu iruditu oharkabean pasako den liburu bat denik. Uste dugu zerbait datorrela hemen...”. Erraiak (Elkar) nobela amaitu berritan, Sautrela telebista saioko esatariaren hitz horiek etorri zaizkigu burura. Eta jakinminez jo dugu Danele Sarriugarte idazlearengana. Nobelan zehar, ugariak dira erreferentzia musikalak, literarioak eta zinematografikoak. “Agertzen diren idazle, musikari eta filmeen inguruko erreferentziak gustukoak ditut eta gehienak sakonean ezagutzen ditut, baina ez daude denak. Ez dut nire erreferentzia guztien mapa bat egin nahi izan”, Hitzen Uberan egin diogun elkarrizketan adierazi digunez.

Danele Sarriugarteri elkarrizketa

‘Hausturaren sinfonia’, hori irakurri dugu liburuaren lehen orrian. Eta hain zuzen, hori da zure nobelan kontatzen dena, ezta? Haustura ezberdinen kronika bat dela esan daiteke.

Esan izan dudan bezala, haustura hori aitzakia zen. Krisi momentu bat iradokitzeko.  Krisi une horretara eraman duten pasarteetaz hausnartzeko aitzakia. Azken batean, narratzaileak igaro dituen momentu inportante horiek denak, edo gehienak, haustura batean amaitu dira.

Eta esango nuke badagoela haustura bat orokorragoa dena; orain arte protagonistak izan duen jardun moduarekin, pentsatu izan dituen gauzekin. Haustura zehatzez gain, esango nuke badagoela haustura orokor bat.

Protagonistak berak, barne borroka moduko bat duela bere buruarekin.

Bere burua ere kritikatzen du, akaso hipokrita izan delako noizbait, gauza batzuk pentsatu baina beste batzuk egin dituelako... Izan daiteke.

Bulkada baten gisan. Horrela iritsiko zaio irakurleari ‘hausturaren sinfonia’ hori. Istorio ezberdinak korapilatuko zaizkio protagonistari, eta oka egin beharrean ikusiko du bere burua. Nahita idatzia dago horrela, ezta?

Erabaki kontziente bat da, guztiz. Azken batean, hori azaltzeko hartzen duen denbora, asko jota, sei-zazpi ordu izango dira. Nik nire aldetik ahalegin bat egin dut bulkada sentsazio hori mantentzeko. Erritmoa pausatu gabe kontatzeko ahalegina egina dut.

Leherketa edota oka egiteko une hori akaso exageratua da, baina kontatzeko modu hori bai iruditzen zaidala oso bapatekoa. Nik urtebetean idatzi dut nobela eta sentsazio hori mantentzeko ahalegina egin dut.

Lehen pertsonan idatzia dago eta ikuspuntuarekin ez dirudi zalantza handirik izango zenuenik, ezta? Besteak beste, errealismo hori, gordintasun hori indartzera datorrelako.

Gorputza oso erabilgarria eta oso eraginkorra da egonezina islatzeko orduan. Gainera, liburua idazten ari nintzen bitartean, Euskal Herriko pentsamendu kritikoko master bat egin nuen eta parte hartu nuen Donostiako irakurle eskola feministan. Bietan ere asko landu genituen gorputzaren teoria berriago horiek.

Garbi dago diskurtsoaren zati bat buruan hasten dela, arrazonaltasunerako gaitasun handiagoa duen tokian, baina ezin da ulertu parte hori gorputzik gabe, eta alderantziz. Bi diskurtso horiek batera aztertu nahi nituen.

Gorputzaren gordintasun hori sufrimendurako oso baliagarria dela uste dut eta irakurketa haien eragina islatu egin da kontakizunean.

Ikuspuntua hautatzerakoan ere, ez zenuen dudarik izan.

Mota honetako kontakizun bat lehengo pertsonan bakarrik joan daitekeela uste dut. Ez nuen dudarik egin, ez.

Autobiografikoa ote den, zenbatetan egin dizute galdera hori? Eztabaida horretan ez zinela sartuko adierazi zenuen liburuaren aurkezpenean. Baina hala ere, seguru ikusi duzula zure burua tankera horretako galderen aurrean. Zeren sintoma izan daiteke hori? Alegia, Danele Sarriugarte idazlea nobelako pertsonaiarekin identifikatzeko joera hori?

Azken aldiko joera bat dela esango nuke. Poesian askoz gehiago lotzen da poeta eta bere poema, baina prosan edo narrazioan azken aldian aregotu den kontua da, identifikazioarena. Nire biografiaren eta liburuan azaltzen diren gauzen artean egon daitezke ezaugarri komunak eta oso erraza da bat eta bestea lotzea. Autofikzioaren korrontearen hazkuntzarekin batera plazaratu garen idazleoi gehiago galdetu izan zaigu hori.

Eta aparte, morboa bada beste faktore bat. Kontatzen den istorioak elementu morbosoren bat badu, horrek ere aeragotzen du interes hori. Beti dago interesa jakiteko noraino lotuta dagoen idazlea eta nobelan kontatzen dena.

Ez da aparteko ezer gertatzen, baina bai aparta dela kontatzen diren gauza asko. Sexualitateari buruzkoak, adibidez? Hori deigarri egitea ere bada esanguratsu, ezta? Ez dago antzeko adibide askorik gure inguruko literaturan.

Egia da gure gizartean gai batzuetaz hitz egiteko badagoela nolabaiteko lotsa edo. Eta ulertzen dut alde batetik deigarria izatea. Hainbat faktorek eraginda, ziurrenik. Euskal Herrian tradizio kristauak toki handia du, txikia da  herri hau eta denok elkar ezagutzea oso erraza da. Baina nik ezagutzen ditudan beste herrialdeetan ere pudorea existitzen da. Dena den, uste dut azkenaldian ari dela zartatzen. Nik irakurtzen ditudan gauza garaikideak ere horra lerratzen direla iruditzen zait.

Ez da aparteko ezer gertatzen, baina bai diferentea dela kontatzeko modua. Edo ez. Baina sentsazio hori ere izan dugu askok. Kontatzeko modua, liburua antolatzeko modua... Akaso horretan ipini duzu arreta berezia? Zer baino nola kontatzeari?

Istorio horiek eguneroko istorioak dira, gertatzen diren gauzak edozeini gertatzeko modukoak dira. Baina beste prisma batetik analizatzeko saiakera egin dut. Nire ustez ez dago forma eta edukiaren arteko diferentziarik; kontakizuna horrela eman nahi nuen, modu horretan.

Kapituluen antolaketa adibidez, bitxia da.

Egia esan, lehen hiru kapituluen segida zein izango zen oso argi nuen. Eta beste pieza batzuk horren arabera antolatu nituen. Berridazketan saiatu nintzen pieza denak trinkotzen, edo denari koherentzia ematen. Istorioak horrela egitea eskatzen zidan.

Aipamen literario eta musikal ugari topatuko ditu irakurleak. Pertsonaiaren aldartea irudikatzera datoz ia gehienetan. Zein neurritaraino eragina dute zugan erreferentzia horiek guztiak? Edo akaso osagai/langai zirelako batu dituzu Erraiak liburuaren orrietan?

Agertzen diren idazle, musikari eta filmeen inguruko erreferentziak gustukoak ditut eta gehienak sakonean ezagutzen ditut, baina ez daude denak. Ez dut nire erreferentzia guztien mapa bat egin nahi izan. Kantu batzuk helduleku onak ziren kontakizuna abiatzeko. Eta bestetik, letra zati batzuk askoz hobeto adierazten zuten pertsonaiaren unean uneko aldartea. Horrek ahalbidetzen du ez errepikatzea norbaitek jada oso ondo adierazi duen pentsamendu bat. Erreferentziak dira baina batez ere istorioaren jarioari laguntzeko aukeratuak daude.

Idazketa prozesua, "gozoa"

Umorea ironia edo bien arteko zerbait bada orriotan. Edo hala iruditu ziagu behintzat. Duela gutxi Ana Malagoni egin genion galdera errepikatuko dizugu zuri: umore-ironia dosiak ere badira liburuan. Ironian datza akaso idazleak bere buruarekiko eta lanarekiko behar duen ezinbesteko distantzia?

Bai, eta esango nuke jende guztiari orohar komeniko litzaigukeela jakitea gure burua serioegi hartzea askotan arazo bat dela. Une batzuetan, dohain handia dela zure burua barregarri uzten jakitea.

Pertsonaiak kristoren tragedia izan duela dirudi, baina akaso funtsezkoa da islatzea ez dela hainbesterako. Tragediatxo bat da akaso, bai, baina ez dela munduaren akabera eta hori umorearen bidez lortu daiteke transmititzea. Horregatik, karga arintze aldera, momentu batzuetan saiatu naiz komentario umoretsu batzuk egiten liburuan. Batzuk erdi barrez egin dute irakurketa osoa. Baina ez dakizu hori nola neurtzen den.

Azkenik, hauxe izan duzu zure lehen nobela. Nolakoa izan da bidaia? Zenbat izan du buruhaustetik? Eta zenbat gozamenetik?

Idazketa prozesua oso prozesu gozoa izan zen, oso ondo pasa nuen. Une batzuk besteak baino gozoagoak izan ziren baina orokorrean oroitzapen ona dut.

Saria eman zidatenetik, jende bat galdezka nuen, “zer moduz doa liburua?”, eta zentzu horretan liburua kaleratzea lasaigarria izan zen niretzat. Hor dago orain, eta niri galdetu beharrean, irakurri eta zuzenean liburuari galdetu.

"Badakit ez dudala berriro horrelako libururik idatziko"

Liburu honek zerbait piztu du hainbat irakurlerengan. Zeresana ematen ari da literatura zaleen artean. Ez dakit zuri ere oihartzun hori iritsi ote zaizun.

Elkarrizketa asko egin dizkidate eta kritikak nahikoa onak izan dira, sare sozialetan egon da mugimendurik... Pozten naiz, eta beti da lagungarri, baina arriskutsu ere izan daiteke. Gehiegi sinesteko arriskua duzu eta etorkizunari begira langa bat jartzen duzu eta akaso langa horrekiko segurtasun falta sor daiteke. Baina bestetik, badakit ez dudala berriro horrelako libururik idatziko.

Argazki nagusia: Chemahg

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)