Elkarrizketak

Dendaostean, gauzak perfektu egitea baino garrantzitsuagoa da gauzak egitea

Ostirala, 2020-11-13

Dendaostekoak izeneko liburua argitaratu du Uxue Alberdik, Susa argitaletxearen eskutik. «Kronika literario» bat osatu du, denda konkretu bat hartuta abiapuntu gisa: Pitxintxu, Elgoibarreko San Frantzisko kalean kokatua; 1978. urtean zabaldu zuten. Bi ahizpa dira dendako nagusi eta langileak: Izaskun eta Mari Jose Estibaritz –Alberdiren ama eta izeba–, eta haien arteko elkarrizketa bizi-biziaren bitartez kontatu ditu Alberdik 40 urteotako joerak, aldaketak eta era askotako kontuak.

Dendaostean, gauzak perfektu egitea baino garrantzitsuagoa da gauzak egitea

Iñigo Astizen aipatu batekin hasi duzu liburua: «Zure egunik onenez ezer ez dakidala ohartu naiz / kolpez, Ni gabekoak direla Zure egunik beteenak / eta zuekin batera han egoteaz hasi naiz fantaseatzen». Kronika literario bat idatzi duzu zure ama eta izebaren dendatik abiatuta: Astizen aipu horrek laburbiltzen ote du liburua osatzeko orduan zeneukan asmoa?

Iñigo Astizen liburuak orokorrean asko gustatzen zaizkit, eta poema horretan zera kontatzen du: behin bere amak lagunartean aipatu omen zuen bere momenturik zoriontsuena izan zela Urbasara joan ziren egun bat, eta bera konturatzen da bera jaio gabe zegoela oraindik. Oso inportantea iruditzen zait senidetasun-harremanetik harago ikustea pertsonak, kasu honetan ama eta izeba, eta ni liburuko prozesuan egon naiz horrekin harremanetan: nola kokatu istoriotik kanpo, aldi berean istorio horrek nirekin hain lotura zuzena edukita. Iruditzen zitzaidan Iñigoren zita horrek biltzen dituela hainbat gauza: batetik, pertsonek existentzia bat daukatela norberarekiko harremanetik kanpo, eta hori ere idatz daitekeeela. Bestalde, gustatzen zait «fantaseatzen» hitza: nahiz eta ez den fikziozko lan bat, bada nolabaiteko fantaseatze ariketa bat.

Haiek dira narratzaileak, baina zuk harilkatu duzu narrazioa.

Azkenean, beraiek –amak eta izebak– egin dute narrazio subjektibo bat beren bizitzarena, eta hori antolatzeko moduak edo muntaketak sortu du beste narrazio bat, eta horretan nire begirada dago. Beraiek kontatu izan balute edo idatzi izan balute beraien bizitza, segur aski beste era batera kontatuko lukete, nik kontatu ditudan hainbat gauza agian irudiko litzaieke ez direla kontatu beharrekoak, beste gauza batzuk kontatuko lituzkete, diferente ordenatzeak beste oihartzun batzuk sortuko lituzke narrazioan. Orduan nahiz eta esan dugun ni kontakizunetik kanpo geratu naizela, ez da erabat egia, porosidade bat dago hor eta nire begiradak ere kontatzen du, nahiz eta narratzailea ez naizen ni. Batzuek aipatu zidaten epilogo bat gehitzea ondo egongo litzatekeela, eta buelta asko eman nizkion, baina konturatzen nintzen horrek presentzia handia emango zidala eta gehiegi aldatu edo baldintza zezakeela kontakizunaren norabidea edo nondik irakurri behar zen. Astizen zita horrekin akordatu nintzenean, iruditu zitzaidan keinu txiki batek asko iradoki zezakeela.

Elkarrizketa bidez egin duzu liburua. Elkarrizketak egitean jada bazenuen liburua egiteko ideia?

Pauso desberdinak egon dira. Lehen urratsa izan zen, nahiz eta oraindik liburuaren ideia ez eduki, dendak 40 urte bete zituenean eta egin genuenean festa txiki bat: argazki-pase bat egin zuten eta ohartu nintzen barru-barrutik ukitzen ninduen zerbait zela, hainbat arrazoirengatik. Jaioterriarekin eta haurtzaroarekin dudan azken lotura sendoa da denda, eta dendaren bitartez nolabait sentitzen ditut ezagutzen ez ditudan pertsonekiko loturak, adibidez, nire aitonarekiko –ama eta izebaren aita–. Ohartu nintzen nire barruko erreka batean dike bat jartzea zela denda horren itxiera, ur-jauzi bat: «denda hau itxiko da eta zerbait mugituko zait, oso sakona». Nik uste dut hor lehenbiziko aldiz konektatu nuela nostalgia antizipatu batekin. Gero, Maitasuna politikoa da izeneko ikastaroaren barruan, Jone Arrazolak eman zuen hitzaldi bat berak eta Irati Garaik egindako ikerketa baten inguruan, «Oñatiko emakumeak errekadutan», kontatuz zer funtzio izan duten dendek herriko emakume askoren ahalduntzean, independentzia ekonomikoan, beren arteko harremanetan, adiskidantzan… Beñat Gaztelumendi neukan aldamenean, eta akordatzen naiz esan niola: «zerbait egin behar dut dendarekin».

Eta ekin zenion.

Amari eta izebari proposatu nien dendaren istorioa jaso nahi nuela. Baiezkoa eman zidaten, eta hasi nintzen asteazkenero dendara joaten. Ordurako ez nuen ikusten zer liburu egingo nuen, baina bai ikusten nuen bazegoela hor liburu baten posibilitatea. Hasieran, kazetaritzatik irudikatzen nuen gehiago; ez nuen sentitzen fikzioa egiteko gogorik. Nire ideia izan zen materiala jasotzea eta eskuartean neukanean ikustea ea zer forman eman: ez nekien etxe barrurako izango zen edo ez. Gero konturatu nintzen herri-mailan ere izan zitekeela interesgarria, ez zela zerbait pertsonala, herritar askok zeharkatu zitzaketen hainbat istorio kontatzen direla dendaren bitartez, eta beranduago ohartu nintzen gure herritik aparte ere izan zezakeela interesik. Ondoren, ikusi nuen ezen, nik hainbeste denboran inplikazio bat edukitzeko istorio honekin, behar nuela, fikzioa ez bazen ere, literaturtasuna, eta literatura egin nahi nuela batutako horrekin. Hor sortu zizkidan hainbat galdera eta beldur, eta mesfidantza asko. Batzuk errealak ziren, istorio hau irakurle zabalari kontatzean izan zitzakeen arriskuak; beste batzuk, ordea, istorioak sor zitzakeela uste nuen mesfidantzei zegozkien.

Sakonduko duzu zalantza horietan?

Batetik, konturatzen nintzen, baldin eta nik irakurle zabalago bat baneukan buruan, ez zuela inporta nik zer sentitzen nuen alaba bezala, edo hori beste liburu bat litzakeela; beste alde batetik, ohartu nintzen oso ondo neurtu beharko nuela distantziaren joko hori. Literaturak beharrezkoa du distantzia bat, askotan fikzioaren bidez jartzen dena, edo hizkuntza arroztuz, edo ikuspuntu arrotzago bat aukeratuz. Kasu honetan, hasieratik sentitu nuenez ahotsak eurenak izatea nahi nuela, erronka asko nituen, bai hizkuntzaren aldetik –nola landu narratzaile hauen hizkuntza– bai edukiaren aldetik –zenbateraino dira garrantzitsuak gauza xumeak?; zenbaterainoko xume kontatu dezaket?–. Kontatzen zidaten gauza bakoitza pisatu behar nuen eta ikusi ea bazuen oihartzunik hemendik kanpo.

Niretzat erronka izan da alde horretatik, narratzaileak ez direlako literaturako ohiko narratzaile motak, euskara ez delako beraiek ondoen menderatzen duten hizkuntza, ez dutelako hitz egiten literariotzat jotzen dugun moduan, ez direlako narratzaile erudituak, ez feminista akademikoak, ez dute teoriarik egiten, ez dago ia esaldi konposatu bakar bat ere, metaforarik ere ez… Ohartu nintzen literariotzat jotzen dugun hizkuntzari suposatzen zaiola elebazio bat, eta era berean bazegoen nire barruan bulkada bat esaten zuena: ez, hain justu ere interesgarria da narratzaileek hizkuntzarekin duten harremana; iruditzen zait herri guztietan eta bereziki hemen hizkuntzarekin daukagun harremana oso konplexua dela eta hainbat ertzetatik heldu ahal zaiola horri eta zerbait literarioa den ala ez epaitzeko ditugun moduak berrikus daitezkeela.

Eta gaiaren aldetik, zer duda zenuen?

Iruditzen zitzaidan denda izan zitekeela oso ikuspuntu aberatsa kontatzeko azken hamarkadetako hainbat eraldaketa: paisaiari dagozkionak, jendeari, jendearen arteko harremanari, politikari, ekologiari… Baina gertakari eta aldaketa horiek denak kontatu nahi nituen egunerokotasuneko gauza oso txikietatik abiatuta, orduan nahi nuen asmatu, kontatzen diren gauza txiki horiek gai izan zitezen atzeko guztia ebokatzeko. Nire buruari esaten nion: liburuak izan beharko luke nik ezagutzen dudan denda horren irudira egina. Ez da denda bat espezializatua, ez da denda bat distiratsua, da denda bat gauzaz betea, gauza diferente askorekin; dendariak ez dira adituak saltzen dituzten gauza horietan; mugimendu handia dabil; eguneroko zerbitzu txikiak saltzen dituzte, ez gauza garestiak; josten dituzten arropak ez dira oihal garestiekin egina. Nola ekarri hori testura? Nahi nuen izan zedila merketzat jotako oihalekin eginda dagoen baina aldi berean alaitasuna eta arintasuna daukan jantzi bat. Dendan badago oreka suerte bat, aldakorra, gauza diferenteen artean, eta nire asmoa zen zatarretarako uzten dira piltzar eta txatal horiek elkarrekin josten saiatzea, eta bukaeran egon zedila soineko bat, ez galakoa, ezpada karnabaletan ateratzeko balio duena.

Liburuan, geruzaka eraikitzen da osotasuna. Elkarrizketak egitean-eta, nola moldatu dituzu galderak –oso zabalak ziren, oso zehatzak, aldatzen joan al da…–? Nolakoa izan da, funtsean, arkitektura-lana?

Hasieran galdera zabalagoetatik hasi nintzen, itsaso batean sartzen ari nintzelako, eta ez nekien oso ondo zer aurkituko nuen. Hogei asteazken izan dira, bi ordu eta erdi bakoitzean, eta nik astean bertan lantzen nuen asteazkeneko grabazioa: etxera etorri, transkribatu eta identifikatzen nituen pasarteak eta gaiak. Askotan konturatzen nintzen, transkribatu eta gero, zerbaiti buruzko xehetasun gehiago jakin nahi nituela, orduan aste horretan bertan, bai telefonoz bai whatsappez galdetzen nien. Horrela joan naiz egiten.

Une batean oso argi sentitu nuen –ebidentea da– nik egindako galderen araberako erantzunak jasoko nituela neurri handi batean; beraz, erabaki nuenean zerbait literarioa egin nahi nuela material horrekin, narratzaile hauei galdetu nizkien fikzioan espazioei edo pertsonaiei galdetzen dizkiedan kontuak. Gertakizunen bila lan egin dudan bezala aritu naiz pertsonaien bila, edo iruditzen bazitzaidan pertsonaia batek eman zezakeela gehiagorako, gehiago galdetzen nien pertsonaia horri buruz. Espazio diferenteak ere bilatu ditut: denda eta dendaostea identifikatuta neuzkan, baina joan ziren agertzen eskaparatea, ibaia espazio bezala, San Frantzisko kalea, beren amaren etxea, kale horretako gainerako negozioak… Erritmoari dagokionez, batzuetan behar nituen ahizpen arteko dialogo edo ping pong partida hori hautsiko zuten monologo txikiak, zerrenda bat adibidez, edo banekien ibaiari buruzko oroitzapenez galdetzen banien beste aire bat sartuko zela, ireki egingo zela espazio hori, sentituko zela haizea, natura, itsasoa...

Pitxintxu ezagutzen duenak ziur beste modu batera irakurri duela liburua. Nolakoa izan da liburuaren harrera herrian?

Bitxia da, zeren ni orain Elgoibarren egoten naiz azken 16 urteetan egon naizena baino gehiago; jarraitzen dut dendara joaten astean bizpahiru aldiz lanera, eta harremanetan nago liburuaren harira herrian gertatzen ari denarekin. Orokorrean, oso ederra izaten ari da. Elgoibarko aurkezpena niretzat oso hunkigarria izan zen, han zegoelako liburuan jasotzen den mundu hori. Aurkezpenera etorri ziren liburuan agertzen diren pertsona asko edo haien senideak, eta konturatu nintzen ez zela nirea. Ez Pitxintxu delako, bazik eta zuk edozein leku kontatzen duzunean leku horrekin harremanetan egon delako jende pila bat, zuri ihes egiten dizuten emozio eta gertakari pila bat daude hor. Liburu asko saldu dira, egunean bost edo sei liburu saltzen dira, eta Izaskunek esan zidan berarentzat inpaktanteena ez dela hainbeste saltzea, baizik egunero jasotzen dituztela 5 edo 6 komentario.

Izaskunek liburuan kontatzen du bortxatu egin zutela; bada, haren lagun min bat etorri zen dendara eta esan zion liburuak asko hunkitu zuela, baina gauza asko ahaztuta zeuzkala, tartean bortxaketarena, eta gogoratu zela nola bizi izan zuen, hau da bere lagun baten bortxaketa nola bizi izan zuen, eta bere gurasoek zer mezu eman zizkioten garai hartan, orain dela 50 urte, zer giro zabaldu zen eskolan… Izaskunek hau esan zidan: «konturatu naiz bortxaketa bat dela tresna bat emakume guztion askatasuna mugatzeko, eta kontatu egin behar dela», nahiz eta berak 50 urtean kontrakoa sinetsi duen edo sinetsi behar izan duen. Herrian bertan memoria kolektiboko ariketa bat gertatzen ari da, eta niretzat oso polita izan da hori ikustea. Asko interesatzen zait nola funtzionatzen duen memoriak, tiraka hasten zarenean zer gauza aktibatzen diren eta eta oso berezia eta hunkigarria da niretzat ikustea hori nola gertatzen ari den herrian.

Herrian gertatzen ari da prozesu hau oso modu kontzentratuan, baina literaturak horretarako ere balio duenez, urrutiko irakurleei ere ari zaie oihartzunak sortzen. Aurrekoan, Aitor Etxartek iruzkin bat egin zuen liburuari buruz Euskalerria irratian, eta hartu zuen liburuaren bukaeran agertzen den taula [1978an eta 2020an Elgoibarko San Frantzisko kalean zeuden eta dauden dendak eta lantegiak alderatzen ditu], eta egin zuen Iruñeko kale batekin: hemen zeuden lau taberna, lau ikaztegi, hemen astoak…

Denda txikien galera ez da Elgoibarri bakarrik dagokion gauza bat.

Bai, erabat, eta nire helburuetako bat bazen oihartzun horiek sortzea, guk paisaian daukagun inpaktuari buruz, eta nola eraikitzen gaituzten kale horiek. Islatzea nola sentitzen garen mota bateko kale batzuetan eta nola beste batzuetan. Iruditzen zait, ongizatearen ideiari lotuta, irentsi dugula ongizatearen ideia bat, eta ez dakit zenbateraino on egiten digun: uste dut ongizatea lotzen dugula elkarri trabarik ez egitearekin, funtzionaltasunarekin, garbitasun inpoluto eta distiratsu batekin, baina orokorrean uste dut gero eta tristeago gaudela eta horrek baduela paisaiarekin zerikusia. Gero eta tabernazulo gutxiago daude, orain pandemia garaian muturrera eramanda dago, baina aurretik ere, zer taberna mota ari diren ixten, zer ari den gertatzen gure hirietako alde zaharretan, nolako dendetan erosten ditugun arropak, norentzat eginda dauden kaleak… Hemen kontatzen den denda honetako dendaostean posible zen lagunekin biltzea, posible zen parrandarako gelditzea, posible zen filosofiaz edo literaturaz hitz egitea… gero eta lantoki gutxiago daude horretarako aukera ematen dutenak. Iruditzen zait, San Frantzisko kalean ikusten den bezala, gure kaleak ari dira betetzen maila ekonomiko batetik gorako pertsonentzako tabernaz eta saltokiz, gero eta leku gutxiago daude etxeko zapatiletan sar zaitezkeenak, zure izenez deitzen dizutenak, bizitzaren korapilatzen direnak, eta horrek eragin zuzena daukala gugan pertsonalki eta kolektiboki eta hortik sortuko den horretan. Hemen ikusten den gauzetako bat da dendaostean hitz egin daitekeela hainbat gauzari buruz eta hori egin daitekeelako kuestionatu daitezke hainbat gauza, sor daitezke hainbat gauza. Iruditzen zait gaur egungo espazio hiper modernoetatik sor daitezkeen gauzak urrutiago daudela gehiengo baten ongizatetik.

Aldaketa materialez gainera, iruditzen zait bi narratzaileen jarrera ere badela galdu den zerbait. Bizitzari heltzeko jarrera berezi bat dute: hartu eta egin, datorren bezala; mirespena sortu dit.

Uste dut gure garaian askoz zailagoa dela hori; besteak beste, narratzaile hauek erabat txertatuta daude beren espazioan; beren lekua daukate, eta iruditzen zait horrek ematen diela segurtasun bat, badaukate toki bat herrian eta hortik ekiten diote. Halaber, beraiek bizi duten feminismoa oso herritarra da, teoria handirik gabea: iristen zaizkie artikuluak eta eztabaidatzen dituzte, baina gehiago da ekin, gauzak egin… Adibidez, teoria handirik gabe, praka motzak jantzi eta badoaz lagun baserritar batekin mendira korrika egitera, umeei bazkaria eman beharrean. Iruditzen zitzaidan gaur egungo feminista askok badakigula kristoren diskurtsoak ematen, baina gero ez dakigula hori egiten. Mugitzeko marjina galdu dugula iruditzen zait: hain gaude airean, gizartearen aldaketa honek hain utzi gaitu zintzilik –gure lanak aldakorrak dira, momentu batean batek egiten du lan leku batean gero beste batean, bizilekuak ere bai–, horrek berak eramaten zaituela beste segurtasun batzuk bilatzera eta ez daukazula eguneroko errutinen eta eguneroko igurtzi horren segurtasuna. Horrek ere baditu bere zailtasunak, zeren txertatuta bazaude oso ondo, baina ez bazaude... Gaur egun aukera gehiago daukagu beste espazio batzuk bilatzeko non erosoago gauden, baina baditu bere kontrapartidak ere. Narratzaileek lortu dute askatasun bat praktikatzea, arintasuna eta alaitasuna galdu gabe. Niretzat da kristoren lezioa; miresten dut.

Arintasun eta alaitasun hori ez galtzeko baldintzak ere badituzte. Parte bat izaerari dagokio: benetan dira pertsona baikorrak, baina iruditzen zait beste alde batetik garaiak ere eman zuela horretarako bidea, eta gaur egun askoz polarizatuago gaudela denok. Gero, bi narratzaile hauek ez dituzte gauzak perfektu egin nahi, eta nire inguruan, neronengandik hasita, jende perfekzionista pila bat dagoela uste dut, exijitzen diogu gure buruari pila bat, eskatzen zaigu bikaintasun bat denbora guztian, lehiakortasuna… Niretzat liburu honen ariman badago hau: gauzak perfektu egitea baino hobea dela gauzak egitea. Eta haien bizi-filosofiaren beste gako bat da ahizpak direla, bi ahizpa elkarri eutsi diotenak; beraien bizitzako zutabe garrantzitsuena, senarren eta seme-alaben gainetik, beren harremana eta beren lagun sarea da, eta horrek ematen die toki bat hanka sartzeko. Ez daukate beldurrik nonbaitetik kanpo geratzeko, eta hori handia da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)