«Egunen batean amoniteak izatera iristen bagara, ez da izango amaierarik txarrena»
Ostirala, 2021-10-08Eneko Barberena kolaboratzaileak luze eta sakon elkarrizketatu du Edorta Jimenez idazlea. Bien arteko elkarrizketaren lehen zatia duzue hauxe. Argazkia: Iñigo Azkona (Elkar argitaletxeak utzia).
San Isidro egunez, baserritarren zaindari, COVID-19aren azken-aurreko edo azken-azken-aurreko olatuak mugak ireki eta Aretxabaletatik Mundakara joateko aukera eman zidaten lehen asteko barikuz batu ginen Edorta Jimenez eta biok itsas ertzeko taberna lasai batean. Elkarrizketa egin bezperan, Joaquín Beltranen gorpua ez zutela gehiago bilatuko aitortu zuen Jaurlaritzak. Artean askok ez zekiten askorentzat ebidentea zena, judikatura Espainian ultra eta partziala zela. Deltak, eritasun bariantea baino, Nilo edo Ebrokoak ziren oraindik. Nik, berriz, ez nekien ziur nondik heldu Edorta Jimenezen (Mundaka, 1953) bizitza-obra oparoari: poesia, ipuingintza, nobela, saiakera… Irakaslea, kritikagilea, editorea, ateo militantea, aktibista… Literaturaren bazter asko ezagututakoa da eta elkarrizketatzaile honen ustez ez aski baloratua. Itsasoari buruz gehien eta ondoen idatzi duen euskal idazleetako bat da eta ohorea izan zen harekin arratsaldea igarotzea. Betiere jakinda oso zaila dela ilunabarra esku artean atxikitzea eta horrek ezinbestean hautuak egitea eskatzen zidala. Edortak ematen du bi edo hiru elkarrizketa sakonetarako gutxienez. Ea baten batek hartzen didan erreleboa. Udazkenean argitaratuko dituen Nikole Bijotzekua (Elkar, 2021) ikerketa-lana eta Triptiko italiarra kontakizun-liburua (Booktegi, 2021) aitzakia ona dira horretarako.
Ze gogorra (Joaquín) Beltranena, ezta?
Bai, Zaldibarrekoa gertatu zenean hara joan ginen Urdaibaietz plataformako bi kide. Akaso lehen egunean aurkitu ahal izango zen gorpua, baina Lehendakaria ezin da denaren gainean egon, txostenak eskatuko zituen zer egin jakiteko eta hauek jaso arte isilik egon zen. Izan ere hor badago negoziotarako tarte bat eta berak ez du kontrolatzen ze kontseilarik edo zein aholkularik daukan ze enpresa pribatuetan parte hartzea.
Ez zekien bere esku hartzeak hurbileko hirugarren bat kaltetu zezakeenik?
Bai, ez zekien konfiantzazko batek ote zuen horren ardura. Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua (Txalaparta, 2018) obraren gai nagusia berau da. Badaude nobelan gai batzuk, Ertzaintza eta torturak, hori egiazkoa da eta Jaurlaritzak berak onartu duen txostenean ageri da, baina batez ere beste gai hori dago, klientelismoa, negozioak eta abar. 2017an zehar hor ibili nintzen, mahai batean, Urdaibaiko plangintza urbanistikoa egiten ari zen testuinguruan. Urdaibaietz talde independentean aritu nintzen Jaurlaritzak aurkeztutako planari helegitea prestatzen. Mahaian jesarrita nengoela eta beti moderatzaile zereginetan, legeetan, ingurumenean eta halako kontuetan aditu direnekin bilduta, ezinezkoa iruditzen zitzaidan han agertzen zen guztiari forma literarioa ematea. Horren harira, txanogorritxuren ipuina ez da ondo ulertu. Txanogorritxuren ipuina beste bat da, basoa labirintoa da, labirintoan ez dauka edonork sartzerik galdu egingo baita, eta otsoak labirintoaren gakoa dauka. Legeak labirintoak –basoak– dira, herritarrak galdu egiten gara basoetan, eta beti behar izaten dugu basoaren mapa ezagutzen duen norbait. Basoaren mapa ezagutzen dutenak teknikariak dira, legea egiten dutenak. Horixe izan zen mahai hartan ikasi nuena, lege-sasitza guzti horretan konturatzen nintzen ze gaitz den bidea topatzea eta inora iristea. Azkenean trikimailu batengatik galdu genuen helegitea. Eta hortik sortu zen Ostadarrak… lana. Kezka horretatik. Nobelaren lehen esaldia, ordea, beste gauza bat idazten ari nintzela etorri zitzaidan, halaber, baina horixe zen. Agertzen da Cabacas kasua obran horren adibide gisa. Argi eta garbi eta jendaurrean ertzaintzak gazte bat hil du eta prozesuaren azkenean denak libratu. Basora sartu gara Cabacasekin eta basoaren irteeran ez dago gorpurik, Zaldibarreko labirintoan hor dago gorpua betiko lurperatua eta ez dago errudunik. Zergatik? Denak direlako errudun. Lehendakariak lehen egunean esan izan balu «ekin», baina ez zekien nor zegoen hor sartuta txostenak iritsi arte eta txostenak luzatu egin ziren… Nire obsesioa da labirintoa, nobela beltzaren gakoa baita. Hiriak azken finean zer dira? Labirintoak. Argia itzaliz gero eta kale gurutzaketa ia-ia infinitu horretan google maps edo halakoren bat ez baduzu galdu egingo zara. Hor badabiltza gaizkileak eta detektibeak, Marlowek, ezagutu behar ditu hiriko planoak, eta lekuak eta abar. Beste inork ez ditu ezagutzen ez bada gaizkileak. Orduan nik beti lotzen dut hau dena: Txanogorritxu, basoa, ustelkeria eta nobela beltza. Beti.
Badago alternatibarik baso horri? Burokrazia bada oihana, zer geratzen da logika horretatik at?
Ez dakit alternatiba zein den, baina esate baterako pandemia honekin gure datuak ei daude jokoan, baina Estatuak aspalditik ditu gure datuak. Kontua da ez diola balio Estatuari guztion datuak edukitzea, fokalizatu egin behar da. Hortik aurrera alternatiba bakarra da etorkizunera begira, ez badakigu zer egin, egin dagigun bistan daukaguna, begien aurrean dagoena tokian toki. Gure etikarekin.
Eta zergatik apirilaren 18 artikulu hori Berrian? Garratz samarra iruditu zitzaidan.
Bai, hala da.
Norbaiti juaneteak zapaldu zenizkion noizbait eta hori ordainarazi nahi zizuten? [Jimenezek, artikulu horretan, arranguraz dio ezikusia egin diotela bere nobelari].
Nobela hori egin izanaz pozik nago, asebete ninduen. Akatsak ikusten dizkiot halaber, adibidez Arantxa Iturbek esan zidan ea zergatik zen hain luzea, ulertzen dut plantea daitekeela hori laburrago esatea, baina badiotsut, gure labirintoa laburrago egin liteke? Ezin da. Basoko bidea laburrago izan liteke? Gai batzuk ez ziren egokiak politikoki. Alde batetik oso iritzi onak hartu nituen, baina bestetik isiltasuna. Ez da isildu den liburu bakarra, asko isildu dira, eta hor badago beste baso edo labirinto bat edo. Nork erabakitzen duen zer, euskal literatur sisteman non dauden agintearen gakoak, edo hau edo bestea. Beharbada liburuak ez du merezi. Gogoan daukat Galdakaoko irakurle-taldeak hartu zuela handik aste betera, hori izan da irakurle-taldeetan jorratu den aldi bakarra. Agertu da agertu den lekuetan eta beste leku batzuetan ez da agertu. Orduan tamalez Iban Zalduak esan zuen euskal literaturan gaur turismo literatura egiten ari ginela. Mingarria da, nahiz eta jada ez naizen mintzen lehen beste adinarekin. Hain zuzen ere Bizkaiaren salaketa da liburu hau, Gaztelugatxerekin gertatzen ari den guztia salatua dago liburu honetan, baita gertatu dena gertatu aurretik ere. Zelan saldu duten edo orain Europak nola sartu duen Urdaibai sisteman, liburu horretan dago. Txaleteoa, zelan egin nahi dituzten txaletak eta Urkulluk bat erosi nahi omen duen, salatuta dago. Guggenheim museoa? Salatuta dago. San Mames berria? Salatuta dago. Getxoko portua? Salatuta dago. Dena. Eta norbaitek esatea turismoaren propaganda dela oso mingarria da. Eskaini zidatenean (Berrian) hilean behin artikulu bat idaztea pentsatu nuen nire nobelako protagonistei buruz idaztea.
Mak oso protagonista potentea da. Nire ustez behintzat merezi du bere bizia luzatzeak.
Pentsatuta daukat zela luzatu baina tartean beste zor batzuk dauzkat, ze pandemian Sabino Aranaren alarguna agertu zitzaidan.
Nola agertzen zaio bati Sabino Aranaren alarguna?
Ba, begira. 1984an atxilotu ninduten eta torturatu. Brigada Antiterroristak. Audientzia Nazionalera nindoala, bulegoan, Puerta del Soleko Dirección General de Seguridaden, burua pantailetatik altxatu gabe jefeak esan zidan:
«Tienen ustedes que aprender dos cosas: una que Sabino Arana fundó un partido españolista y la segunda que era impotente. Su mujer se casó -ez dakit esan zidan con un carabinero o con un Guardia Civil–, y tuvo hijos». Txundituta geratu nintzen. Aske utzi ninduten, ez zegoen ezer nire kontra eta nik ez nuen ezer salatu, izugarria zen, eta epaileak ez ninduen ikusi. Hori harrigarria da beti. Oso gaizki nengoen, baina horrekin geratu nintzen.
Hala, Joseba Agirreazkuenagak argitaratu zuen Nikoleri buruzko zerbait, bere amodio gutunak, gerora jakin nuen emakume honen bigarren senarra Sukarrietako bat izan zela eta 1918ko pandemian hil zela. Materiala gordeta neukan, saiatu nintzen denbora batez emakumeren bat konbentzitzen biografia hau idazteko eta beti sortzen zen aurreiritzia ezkertiarren artean, delako emakumea Sabino Aranaren emaztea izan zelako. Besteren batek esan zidan «zer, jakiteko ea Sabinok bortxatu egiten zuen emakumea?». Aurreiritzia. Martxoaren 15ean, pandemia hasi zenean, lagun batek Mediku Bazkunaren 1918ko aholkuak bidali zizkidan eta orduan esku artean neukan guztia utzi nuen eta honi ekin. Izan ere, orduan hil zen, duela mende bateko pandemian, Nikoleren bigarren senarra, marinela zena.
Ez zen Guardia Zibila?
Ez, marinela zen. Eta horri buruzkoa da liburua, nondik nora eraiki den gezur ikaragarri hori. EAJ, Ezker Abertzalea eta ETAko jendeak ere irentsi duen gezurra. Lehenengo artikulua argitaratu nuenean Lopez Adan Beltzak idatzi egin zidan hau esanez: eskerrik asko artikuluagatik, ze erbestean sinestu egin genuen, esan eta ospatu Sabino Arana hil eta emaztea Guardia Zibil batekin ezkondu zela. Hau nondik dator? Eta nor zen emakume hau? Eta zergatik esan zidan Brigada Antiterroristak hori? Horrek bere bidea egin zuen eta pandemia hasi zenetik lanari ekin eta gauzak topatu nituen, egunetik egunera gehiago eta gehiago topatzen ari naiz. Gauza harrigarri bat. esate baterako: Sabino Aranaren hondakinak atera egin zituzten kanposantutik, faxistek hondakin haiek aterako zituzten beldurrez. Sabino Aranaren hilobiko harlauza, euskaraz dagoena, faxistek ez zuten ukitu. Han egon da beti, datuekin euskaraz, eta badakizu frankismoak 1938an edo geroago, urteaz ez bainago ziur, agindu zuela halako guztiak kentzea. Galdera da, faxistek bortxatu egingo ote zuten Sabino Aranaren hilobia hezurrak eta hondakinak han zirela jakinda? Hilobiaren historia ez du inork kontatu, zergatik bilatu dut nik eta zergatik kontatu behar dut nik? Orain badakit non dauden alargunaren gorpuzkiak, argazkia daukat, eta omenaldia egin diogu batzuk. (Elkarrizketatzailearen oharra: martxoan egin zioten omenaldia, heriotza egunaren 60. urteurrenean).
Non daude bere gorpuzkiak?
Sukarrietan. Ziurtatuta dut, datua jakin zezaketen bi iturrietatik. Lehenengo eta behin, Nikole hil arte zaindu zuen emakumeak esan zigun Joseba Agirreazkuenagari eta bioi, joan egin naiz lekura eta ikusi dot hobia. Gero emakume horren ondorengo batek baieztatu dit. Guzti hau eta gehiago jasoko dut Elkarrek udazkenean aterako duen liburuan, Nikole bijotzekua izango da titulua.
Ez da lehenengo aldia gertatzen zaizuna EAJko figura bat oroimenetik ateratzen duzula, alderdiak berak ez duenean interes handiegirik.
Bai, Mallona alkate faxistek fusilatuarekin gauza bera gertatu zitzaidan. Nik neuk ere ez nekien gerora hala jokatuko nuenik, baina Amnistiaren Aldeko Astean, Mundakako elizan sartu ginen hainbatetan kontu batengatik eta bestearengatik eta han zeuden Ale eta Joselu, Mallonaren ondorengoak, egun biak hilak. Eta handik irtenda manifa egin genuen eta orain Mallona alkatearen parkea den gune horretara joan ginen, orduan Mola generalaren kalea zen hura, eta haren gainean ipini genuen kartela: Alejandro Mallona kalea.
Badirudi beraz, aipatu ditugun bi kasuak ezagututa, zure buruan ideia batek urtetako ontze-prozesua egin ondorenean emaitzak iristen direla. Mallonaren kasuan 1977tik 2003ra eta Nikoleren kasuan 1984tik 2017ra.
Ideiek beren bidea egiten dute, hala dirudi. Mallonaren kasuan gainera, ondorengo batek zeuzkan haren kartzelako gutunak eta eman egin zizkidan. Handik gutxira hil egin zen eta orduan nik sentitu nuen banuela hori baliatzeko baimena, bizi zela ez zidan baimenik ematen ze badakizu, orduko gutunetan kartzelatik bidalitakoetan behinik behin, ipintzen zela «Viva Franco arriba España».
Atera ahal izateko.
Atera ahal izateko gutunak. Ondorengoak ez zuen nahi hori jakiterik eta guztiz arrunta zen, ordea! Laguna hil zenean idatzi nuen liburua. Harrigarria da. Zenbat alkate fusilatu daude Euskal Herrian? Ezagunen artean Lizarrakoa, Nafarroan, eta guk Mundakan alkate fusilatu bat geneukan eta herriak ez zekien, salbuespenak salbuespen.
Gure herrian (Arrasaten) parrokoa fusilatu zuten.
Horregatik. Jendeak ez al du eskubiderik hori jakiteko? Batzuk nahiago dute hori estali, kontatu ez. Kilkerren hotsak liburua (Susa 2003), batzuentzat mingarria izan zen.
Jakina, zuk oinarritzen baduzu dena 1978ko isiltasunean eta gure erakundeak oinarritzen badira isiltasunean, isiltasuna ez den beste guztia deserosoa da.
Begira, Mallonak nire uste apalean ez zuen gerra ulertu eta liburuan dago jasota hori. Berak pentsatzen zuen, nahiz eta faxisten sarraskiez jakitun izan, «ni katolikoa naiz, besteak katolikoak dira, eta bakea emango didate, ez didate ezer egingo». Ez zen horrela izan, noski. Beste batzuek ere ez zuten ulertu gerra totala zela.
Ondoren erraz epaitzen du batek orduko pentsaera, baina ze xalo izan ziren asko…
Esate baterako Santoñakoa. Batzuek, eta ez dabiltza guztiz oker, eztabaidagarria baita, diote Santoñakoa traizio itzela izan zela, Errepublikari alegia. Gure artean tabua da gai hori, baina jolasa legez egiten diren balizko gerra-jokoetan, jokalarien artean, hasiko balira Espainiako Gerraren joko bat egiten eta pentsatuko bagenu: Santoñan errenditu izan ez balira, zer? Hori ezin da aipatu ere egin, baina hala egin zuten. Entregatu egin zuten eta gainera batzuk fusilatu egin zituzten, ez zuten hitza bete. Horretan bizi gara gaur egunean; Vox hori da, besteok itsu egotea eta uste izatea gure buenismoarekin gaiztoak bueno egingo direla. Historiaren dialektikak ez du horrela jokatzen. Gerraren logika Gernikan ikusi zen, zibilak ere helburu militarra dira, erretaguardia akaso, ez dira frontea, fatxada, baina zimentarria dira. Dena da etxea, dena da gerra, denak dira tropa.
Uriarte aipatu nahiko nizuke (Kilkerren hotsak nobelako protagonista), bere ahotan jartzen baituzu esaldi hau: «Inteligentzia, barkatu, informazio zerbitzuak ez dira nire maitasun bakarra. Historiaren zalea naiz, eta emakumeen zalea —duda egin nuen— izana naiz. Itsasoko kontuekin dudan harremana besterik da».
Bai, ze nik baneukan Uriarteren backgrounda edo lehenagoko bizitza. Uriarte marinel, marina merkanteko kapitain, halakoa ikusten nuen. Asmoa nuen Uriarterekin nobela gehiago egiteko, baina asmoa asmo hutsean geratu zen.
Nik hor Edorta ikusi dut, ordea. Edortaren afizioak. Zerbitzu sekretuen gaia jorratu izan duzu zure lanetan, argitalpenak ere badituzu horri buruz…
Bai, hortik dator Uriarteren zera guzti hau. Batak bestea dakar. Hain abizen ohikoa da Bermeo aldean –alabaren bigarren abizena da–, Smith moduko zerbait, horregatik maite dut. Dena den hori gerora etorri zen, zerbitzu sekretuen gaia jorratu eta urte batzuetara.
Bale, eta Hemingway noiz etorri zen?
Ni 2000. urtean euskal literaturaren ordezkari aritu nintzen tren batean Europan zehar beste 100 idazlerekin batera [lan bat idatzi zuen horri buruz, Europako mugetan barrena (Txalaparta 2001)]. Orduan, itzuli nintzenean aukera izan nuen Garako azken orrialdean zerbait idazteko eta kasualitatea izan zen Alberto Barandiaranek argitaratu izana Hemingwayen lagun euskaldunei buruzkoa Euskaldunon Egunkarian [Gaizkileen Faktoria, (Euskaldunon Egunkaria, 2000)]. Haien artean bazen Mundakako bat, Andres Urtain, eta horrexeri tiraka sartu nintzen historia horretan, ez Hemingwayrengatik. Nik ez neukan bereziki haren kontuetan interesik, baina uste nuen guztiz literarioa zela Mundakako abade hau Hemingwayren laguna izan izana. Eta gainera ezagutu nuen abadearen iloba bat, Teodoro Untzain, txikiteotan lehendik ezagutzen nuena baina istorio hau ez nekien. Hor sartu nintzen Hemingwayren istorioan eta gero egon da elkar ulertze bat. Euskal zerbitzu sekretuek FBI barruan egin duten lana ez da inoiz aitortu. Siouxak bezala talker bezala aritu zirela pazifikoan, guzti hori ipuina da. Euskaldunek edo baskoek parte hartu zuten Bigarren Mundu Gerran aliatuen alde zerbitzu sekretuen bidez. Horixe da aldarrikatu behar dena. Eta horixe da Etxe Zurian euskaldun-baskoak hartzeko planteatu behar den motiboa eta aldarrikatu behar dena, ezer planteatu eta aldarrikatzekotan behintzat. Hau zen nire mezua eta horretara zetorren liburua. Niri garai hartan Hemingway bost, gero etorri dira beste kontu batzuk hitz egingo ditugunak…
Bai, izan ere, Sanfermingway obra atera zenuen Txalapartarekin 2005ean…
Harrigarria da nola batzuek Nikolasa Atxikallende edo Nikolerekin egin zuten moduan eraiki duten inoiz izan ez den pertsona bat eta egiazkotzat jo duten beste batzuek inoiz existitu ez den Hemingway eraiki hori.
Arrakastaz eraiki gainera.
Bai, arrakastaz, faxistek! Orain berriro nabil lan horri ekiten, izan ere Nafarroa Garaian ezkerra oraindik ere faxismoak eraiki zuen Hemingway horren mendean bizi da. Badirudi batek ere ez duela irakurri Hemingway eta ez batzuek ez besteek ez dute inoiz aipatzen errepublikanoa izan zela, Estatu Batuetako alderdi komunistatik oso hurbil egon zela, haren agerkari kasik ofizialean, New Masses aldizkarian idatzi zuelarik, xiripaz salbatu zela McCarthismotik… eta guzti horretan falangistekin bat egin dute ezkertiar ugarik. Gaur egunean Nafarroan indarrean dagoen Hemingway, eta hau frogatzen nabil berriro ere baina alferrik da ze gorrak dira, falangismoaren obra da. Hemingway da frankismoaren beste biktima bat. Harrigarria da zelako biografiak idatzi diren Nafarroan ez den Hemingway bati buruz.
Bai akaso batzuei komeni zaien Hemingway.
Bai, ez duena iraganik, ez dena errepublikanoa, ez zena komunisten laguna izan, ez zuena euskara aipatu Fiestan, liburu honetan.
(Une batez erakutsi diot Fiesta lanaren euskarazko itzulpena, Koro Navarrok itzulia eta Ereinek argitaratua Literatura Unibertsala bilduman 2021ean. Bertan, Anjel Lertxundiren hitzaurrean, esaten da Hemingway hiltzailea izan zela). Asesinoa izan zen Hemingway?
Ez, gezurra da hori. Fanfarroia zen, eta noiz galdu zuen burua, ze galdu egin zuen, ez dago argi. Gutun batzuk idatzi zituen, zoroak, eta batean esan zion lagun bati akabatu zituela 122 alemaniar. Hori ez da egia. Badago liburu bat, ni Estatu Batuetan egon nintzen 2002an…
Bai, eta liburua idatzi zenuen bidaia horri buruz.
Egia, Koioteren arrastoa (Susa, 2006). Eta hor gauza batzuk topatu nituen. Bat izan zen Papa goes to war liburua (Charles Withingek idatzia 1990ean) non aztertzen den legenda militar hori. Hemingwayk ez zuen tiro ziztrin bat jo bere gerretan; ez Lehen Mundu Gerran, ez Espainiako gerran, ez Bigarren Mundu Gerran. Liburu horretan planteatzen da nola Estatu Batuetako goi-agintariek gerra kontseilua egin nahi izan zioten Hemingwayri Europan eta hau bertan behera geratu zen egin baino lehen aitortu zuelako dena gezurra zela. Berak idazten zuen granadekin ibiltzen zela eta gezurra zen. Kazetariek ezin zuten armarik eraman aldean, Ginebrako Konbentzioagatik. Begira, Estatu Batuen historiako sniper edo frankotiratzaile arrakastatsuenak 130 gizaki akabatu zituen. Badakizu zer den 122 pertsona hiltzea banan-banan? Ostia, ezin da. Norbaitek hori sinistu badu, errespetu guztiarekin diot, ez du begiratu, ze guzti hori interneten dago, eztabaida hori. Izan ere, biografoak hortik gainetik pasatu dira. Biografia kanonikoak badauzkat, Hemingwayrenak, eta inork ez du aintzat hartu hori, ezta beste gauza asko ere.
Hemingwayri buruz bihar aurkeztu behar dut zerbait (erakusketa muntatu du Gernikan, Euskal Museoan, idazle amerikarrari buruz) eta badaukagu aukera hemendik Hemingwayri begiratzeko, gure esperientziatik. Beste alde batetik, erakusketa horretan planteatzen dena da hark nola begiratu gintuen gu. Hori zen nire liburuaren helburua. Munduan ezaguna den eta ikonoa dena. Beharbada gorrotagarria, beharbada higuingarria, hori batek daki, baina industria den horretan, Estatu Batuetan, estreinatu da biopic bat, sekulakoa, Estatu Batuetako gidoilaririk eta dokumentalgilerik hoberenek egindakoa. Zergatik joan dira orain hori egitera? Horrek daukan garrantzitik, galdetzen diot nire buruari, zelan ikusi gintuen? Ze, bera gaztea zela, 23 urte ingururekin, Iparraldeaz ezagutu zuenarekin maitemindu egin zen. Eta bere hirugarren emaztea, Martha (Martha Gellhorni buruz ari da), 1937an, baskoekin, Madrilera iritsi zenean maitemindu egin zen. Martha Gellhorn Hemingwayrekin Zarautzen egon zen, besteak beste, eta kazetari honek bere obra guztian hondartza bat aipatzen du, Zarautzekoa. Zer gertatu zitzaion Marthari? Besterik gabe. Nork zelan begiratu gaituen, beti ibili izan gara horretan, erromantikoetatik hasita: Victor Hugo, Steer… Hemingway egun oraindik industria kulturala da XXI. mendean, ez sinestekoa.
Bizirik den idazlea bada.
Polemikoa da.
Gaiz aldatuz, hemeroteka arakatzen aurkitu dut 1998an Iruñean eman zenuen Itsasoa eta Literatura hitzaldian (Egunkariak dakar albistea urte horretako urtarrilaren 23an) oso interesgarriak diren itsasoa ikusteko hiru modu aipatu zenituen: Herman Melvillerena, Joseph Conradena eta Robert Louis Stevensonena. Bestalde, salatu zenuen ere harrigarria dela euskal literaturan itsasoak izan duen presentzia txikia eta diozu inork ez duela hartu Stevensonen itsaso hautua, abentura espazio eta utopia-irlak eraikitzeko gunearena. Posible da egun Donostian girotzea nobela bat eta itsasoa ez aipatzea. Zergatik da hori zure ustez? Bizkarra eman diogu itsasoari euskaldunok?
Niretzat harritzekoa izan zen hau topatzea. Hemen gaude, Mundakan, itsasoa hor dago, gure amama arrain-saltzailea zen, gure amak arrain-fabrikan lan egin zuen, anaietako bat arrantzalea izan da urteetan eta beste batek portuan egin izan du lan tailerrean.
Zu ere izan zinen marinel?
Bai, nik eduki dut bitan ontzia. Eta ibili izan naiz turismo egiten eta titulua ere badaukat, etxeko itsaso honetan jardunda eta ez arrantzale. Hor ere planteatu nuen itsaso bi ditugula euskaldunok edo baskook: bata da urruneko itsasoa, zeinetara trenez edo hegazkinez joaten den eta bestea bertako itsasoa. Esan behar dut bide batez guztiz dela terapeutikoa itsasoa, horregatik engantxatzen da jendea ontzi txikiekin eta hor ibili izan naiz. Nire esperientzia horrainokoa da.
Hau da zure «Itsasoaren aurrean» olerkian (Haragizko amoreak, Susa 2010) aipatzen duzun, liburu osoa aintzat hartuta metafora bera bitan ageri da, amoniteek izan zuten amaieraren esperoan egotea?
Lehenengo eta behin itsasoaren beste definizio bat da gure muga infinitua dela. Hemen ikusten dugu, hemen daude neska-mutilak kiroldegitik irtenda orain: honantz begiratzen badute ikusiko dute herria eta hau edo bestea; harantz begiratzen badute, itsasora, ez dago mugarik. Beraz irudimenaren mugagabeko muga da. Horregatik fikziorako ere leku infinitua da. Amoniteen kontuaz, jabetu nintzen hau guztia [ingurua seinalatzen du] fosila dela; harria begiratzera bagoaz, harriak fosilak dira, guzti hau koral itsasoa zelako duela milioika urte. Fosilen artean amoniteak daude eta harrigarria da amonitearen taxua giza ipurdiarena dela, ondo begiratzen bada. Amoniteak ederrak dira, saldu egiten dira, imitatu... Gu ere, espeziea, humanitatea, desagertu egingo gara. Gureak egin egingo du. Amoniteak izango gara noizbait, fosilak, eta guzti hori. Irudia, fosilarena, indartsua da niretzat. Begira, Bizkaiko fosil-depositorik inportanteena hor bertan dago, hemendik 40 metrora. Jakina, gu umetan hor ibiltzen ginen, fosilak ikusten genituen eta ez ginen konturatzen. Gerora, uste dut, Italian ohartu nintzela amoniteen edertasunarekin. Egunen batean amoniteak izatera iristen bagara ez da izango amaierarik txarrena, beraz.