Elkarrizketak

Eneko Aizpuruari elkarrizketa

Herensuge gorriaren urtea (Erein) nobela plazaratu berri duOstirala, 2014-01-31

Lapurretak, iruzurrak eta erasoak nabarmen ugaritu dira aspaldi honetan Goierri partean. Herritarrak kalera atera dira segurtasun ezagatik protestaka. Hori gutxi balitz, badirudi baten batzuk hitzetatik ekintzetara pasatu eta justizia beren kabuz egin nahian hasi direla. Giro horretan hasi beharko du lanean Mikel Egileor kazetaria. Era honetan, Errauts (Erein, 2011) nobelako protagonistari segida eman dio Eneko Aizpuruak. "Iruditzen zait Mikel Egileorrek joko gehiago eman dezakeela, eta pertsonaia hori sendotu eta garatzea gustatuko litzaidake. Ideia batzuk badabilzkit bueltaka…". Beraz, nobela beltzan ohikoak diren saga horietako baten aurrean gaudela esan daiteke.

Eneko Aizpuruari elkarrizketa

Errauts-en zure aurreko nobelan bezala, Mikel Egileor da nobela berri honetako protagonista. Egileorri segida nola eman, errepikapenean erori gabe. Kezka hori izan al duzu?

Bai, saiatu naiz arrisku hori saihesten, eta, besteak beste, horregatik kokatu dut protagonista egoera berri batean, bide batez esanda, azken urte hauetan nahiko ohikoa bihurtu dena bazter guztietan. Krisia dela medio, baina Errauts nobelan egin zuen ikerketa ere arrazoietako bat izan daitekeela ahaztu gabe, egunkaritik kaleratu dute Egileor, eta orain ozta-ozta ateratzen du bizimodua, agintzen dizkioten lan bakanak eginez.

Erredakziotik kanpo dago orain Mikel Egileor kazetaria. Baina honakoan lankide ohi bat du bidelagun. Bere partehartzea txikia da baina bere funtzioa betetzen du.

Egileorren lankide ohia eta aspaldiko adiskidea da Goiko. Hain zuzen, beraien arteko adiskidetasun horri esker, esku bat eman eta sos batzuk irabazteko eta jausi den zulo beltzetik irteteko aukera eskainiko dio Goikok Egileorri.

Aurreko nobelan, Mikel Egileorren lanpostua kinka larrian zen. Nobela honetan, Herensuge gorriaren urtea (Erein) izenekoan, dagoeneko egunkaritik kanpo dago baina kazetari lanetan jarraitzen du, freelance moduan. Kazetariaren figura nobela beltzari oso ondo josten zaio. Kazetariarenak ere baduelako asko ikerketatik, ezta?

Ikerketa kazetaritzak pisu handia izan du betidanik kazetaritzan, eta, aldi berean, ikerketa kazetariaren lanak antzekotasun handiak ditu nobela beltzetako detektibe edo ikertzaileen lanarekin. Beren ikerketei esker gizartean nagusi diren Egi gezurtaezinak eta bertsio ofizialak zalantzan jartzen dituzte. Horregatik ez da harritzekoa hainbat nobela beltzetako protagonistak kazetariak izatea.

Krisia, iruzurra, inmigrazioa, arrazakeria... Liburuan oso presente daude gaur egun puri-purian diren kezkak, ezta? Urrutira joan gabe, bertatik bertara, ia eguneroko bihurtu den errealitatea izan duzu inspirazio iturri?

Bai, hurbileko gertakari batzuk izan nituen inspirazio iturri. Duela bizpahiru urte edo, gertatu ziren lapurretak eta erasoak tarteko, giroa asko gaiztotu zen Goierri aldean. Manifestazioak eta protestak egin ziren, eskualdean zegoen segurtasunik eza salatzeko. Bolada batez denen ahotan ibili zen eskualdeko gazte litxarrero baten izena. Bazirudien eskualdeko gertaera ilun guztien atzean bera zegoela. Nolabait esatearren, eta adarrik ez bazuen ere, Etsai Nagusi bihurtu zen. Beraz, egun haietan jazotakoak nituen gogoan, nobela hau idazten hasi nintzenean. Dena den, eleberrian agertzen diren gertakariak fikziozkoak dira.

“Saiatu naiz intrigari bukaeraraino eusten”

Tatuaturiko pertsona baten bila joko du lehen lehenik Mikel Egileorrek baina ustekabeak bata bestearen atzetik emango dira. Hari mataza hori bukaeran askatuko da baina.

Hasiera batean nahiko kasu erraza ematen du. Izan ere, Egileorrek berehala identifikatuko du susmagarri nagusia. Herensuge gorri baten tatuajea dauka Egileor bila dabilen morroiak. Baina, nobela hasierako aipuak dioen bezala, zazpi buru eta hamar adar ditu “Herensuge gorri” horrek, eta bere atzapar luzea oso urrun iristen dela konturatuko da Egileor. Horregatik hainbat haritatik tira egin beharko du, nobelaren amaieran hari mataza askatu baino lehen. Saiatu naiz intrigari bukaeraraino eusten, irakurlearen arreta erakartzeko.

Elkar gurutzatu egiten dira xenofoboa den talde bat (Benetako Euskaldunak) eta bazterreko negozioak. Zoritxarrez, ez da urrutira jo behar horrelakoak ikusteko?

Talde eta diskurtso xenofoboen berrindartzea Europa osoan gertatzen ari den fenomeno bat denez, hemen ere gerta liteke noizbait antzeko zerbait.  Eta Egileorrek hipotesi horri helduko dio gertaerak ikertzen hasten denean. Baina, bestalde, niri atentzioa gehien ematen didana da era eta pentsamolde guztietako talde eta eragileen arteko norgehiagoka edo xake partida amaigabe bat jokatzen dela egunero gizartean, eta norberak bere interesen arabera mugitzen ditu bere peoiak taula gainean. Jendeari begira egiten diren mintzaldiak daude batetik eta benetako asmo sekretu eta ezin aitortuzkoak bestetik. Alde horretatik, gaur egun bizi dugun errealitatea ez da oso desberdina aurreko mendeko amerikar nobela beltzetan deskribatzen zen errealitate hartatik. Eta norberaren interesak eta beharrak asetu nahi horrek bidaide bitxiak egiten ditu sarritan. Gaurko etsairik handiena, biharko lagunik handiena izan daiteke.

Nagusiki, Goierrin eta Donostialdean kokatzen da nobela. Gertutasun horrek ere sinesgarritasun gehiago ematen dio akaso tramari? Toki batzuk xehetasun handiarekin deskribatu dituzu.

Nire kasuan, normala da toki horiek aukeratzea nobelarako, gertuen ditudan eta ongien ezagutzen ditudanak direlako. Eta hurbiltasun horrek eroso sentiarazten nau idazten ari naizenean. Gainera, inguruko bazterrei eta kontuei buruz idazteko asmoa ere badago hautu horrean atzean. Nobela beltzak aukera ematen dit, zeharka eta helburu nagusi bihurtzeko asmorik gabe, toki horiei buruz eta haietan gertatzen diren kontuei buruz aritzeko.

“Pozik nago Mikel Egileor pertsonaiak izan duen harrerarekin”

 

Errauts (Erein, 2011) izan zen plazaratu zenuen lehen nobela. Pozik zaude nobela hark izan zuen ibilbidearekin? Harrera ona izango zuen, bigarren nobelak ere Mikel Egileor duelako protagonista.

Bai, pozik nago Errauts  nobelak eta Mikel Egileorren pertsonaiak izan duten harrerarekin. Azken batean, hezur-haragizko pertsona bat da Egileor, beste edonork bezala bere eguneroko bizitzan arazoak eta gorabeherak dituena, baina, aldi berean, jakin-mina pizten duten gertakari ilunetan buru-belarri murgildu eta ikertzen saiatzen dena.  Eta pertsonaia berarengan bi alderdi horiek uztartzea da agian irakurlea gehien erakartzen duena.

Esan bezala, Herensuge gorriaren urtea (Erein, 2013) nobelan ere, Mikel Egileorren ibilerak topatuko ditu irakurleak. Nobela beltzan, ohikoa den saga horietako bat osatzeko asmoa duzu akaso?

Iruditzen zait Mikel Egileorrek joko gehiago eman dezakeela, eta pertsonaia hori sendotu eta garatzea gustatuko litzaidake. Ideia batzuk badabilzkit bueltaka… Nolanahi ere, denbora eta gogoa tarteko, ikusiko dugu zertan gauzatzen den.

Epe erdi eta luzera ere, Uzta Gorria moduko sail batean ikusten dituzu zure fikzio lanak?

Gero zer izango den ez dakit, baina orain gustura ari naiz nobela beltzak idazten. Erein argitaletxearen Uzta Gorria sail aproposa dela iruditzen zait, nire lanak argitaratzeko. Nobela beltzari erabat eskainitako saila da, eta horrek gure artean orain arte ez zuen eta pixkanaka lortzen ari den nabarmentasun bat ematen dio genero beltzari.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)