Elkarrizketak

Federiciri ikasitakoak

Osteguna, 2020-05-07

Pasa den astean, Langilearen Nazioarteko Egunaren bezperan, Silvia Federiciren hiru liburu “askatu” zituen Katakrak argitaletxeak; haien webgunean deskargatu daitezke, borondatearen truke. Federiciri euskaraz irakur diezazkiokegun lau liburuetako hiru dira: Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeriaMundua berriz liluratuz eta Soldataren patriarkatua, eta Amaia Astobizak itzuli ditu denak –Caliban eta sorgina, berrizEskafandra bilduman argitaratu zen, 2017an, Aitor Arrutik eta Edurne Lazkanok itzulita–. Astobizarengana jo dugu, Federiciz eta haren lanaz galdezka, eta ekarpen teorikoak ez ezik, ekarpen teorikoek norbanakoen bizitzari nola eragiten dioten ikasi dugu.

Federiciri ikasitakoak

Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria liburua euskaratu berri duzu, Silvia Federicirena. Nola eragin dizue osasun-larrialdiak?  

Aurkezpena martxoaren 26rako lotua genuen, baina bertan behera geratu zen, ordurako jada asko murriztu zutelako joan-etorrietarako askatasuna. Halere, geldi-geldirik ere ez da egon; zenbait komunikabidek liburuaren berri eman dute, eta elkarrizketa batzuk ere egin ditugu, nik neuk neure buruari jarria diodan betoa alde batera utzita, egoera honek hala eskatzen duelakoan. Bestalde, liburu-dendetara ere iritsi da, ahal izan den neurrian; gure herrian, adibidez, hasieratik dago geratzen zaigun liburu-denda bakarraren erakusleihoan, eta badakit ale banakaren batzuk saldu dituztela.

Nola aurkeztuko zenuke Federiciren azken lan hau?

Federiciren hasierako asmoa zen Caliban eta sorgina liburuaren bertsio labur eta irakurterrazago bat egitea, behin eta berriro jasotako eskaera bati erantzuteko. Nolanahi ere, horretan zebilela beste ikerketa-ildo bati ere heldu zion, eta, azkenerako, espero baino lan zabalagoa apailatu zuen. Beraz, liburuak bi zati ditu.

Lehenengo zatian, Calibani dagozkion atalak jaso ditu, eta bi gai nagusi jorratzen ditu: batetik, zer harreman dagoen sorgin-ehizen eta lurrak pribatizatzeko erabili ziren prozesuen artean; bestetik, zer harreman dagoen sorgin-ehizen eta emakume-gorputzen itxitura gero eta handiagoaren artean (garai hartan, estatuak areagotu egin zuen emakumeen sexualitatearen eta ugalkortasunaren gaineko kontrola). Alabaina, lehenago ere landuak dituen kontu horiekin batera, bada berritasun bat, eta da Federicik zalantzan jartzen duela ea emakumeek biktimaren rola bakarrik bete ote zuten. Alde horretatik, aztertzen du zer-nolako beldurra zieten emakumeei garai hartan gertatzen ari ziren aldaketen buru ziren gizonek eta agintariek, zer-nolako beldurra zioten emakumeak matxinatzeari. Eta, amaitzeko, artikulu bitxi bat ere badago, non aztertzen baitu ingelesezko ‘gossip’ hitzak historian zehar izan duen bilakaera: emakumeen arteko adiskidetasuna adieraztetik (eta, beraz, konnotazio positiboa izatetik) funtsik gabeko solasa adieraztera igaro da (hau da, konnotazio negatiboa izatera).

Bigarren zatian zer ikerketa-ildo jorratzen du idazleak? 

Bigarren zatian, gaur egun Indian, Afrikako herrialde batzuetan eta mundu zabaleko beste zenbait tokitan gertatzen ari diren sorgin-ehizak ditu aztergai, eta ikaragarriak dira bildu dituen datuak. Nola salatzen dituzten sorgintzat emakume zaharrak, haien ondasunak eskuratzeko; nola jazarri eta ehizatzen dituzten bakarrik bizi diren emakumeak eta nola sutan erretzen; nola sortu dituzten Ghanan sorgin-esparruak babesleku bat eskaintzeko herrixketatik egotzitako eta beren borondatez ihes egindako andre zaharrei edo emakume jada ez-ugalkorrei.

Niri oso deigarria iruditu zait gaur egun ere sorgintzat salatzea baztertu eta desagerrarazi nahi diren emakume horiek, hau da, kontzeptu eta terminologia beretara jotzea emakumeak gutxietsi eta kriminalizatzeko. Nire ustez, horrek are gehiago nabarmentzen du gaur egungo sorgin-ehizek garai batekoen helburu bera dutela: emakumeak kontrolatzea, emakumeei eskubideak kentzea, emakumeak arrastoan sartzea.

Hala ere, hau ez da Federiciri itzuli diozun bakarra. 2017an itzuli zenuen estreinako aldiz haren lan bat: Soldataren patriarkatua. Zer moduz joan zen itzultzeko prozesua?

Soldataren patriarkatuako atal batzuk oso korapilatsuak iruditu zitzaizkidan. Marxismoaren gaia berez da konplexua da, eta halakoa da, baita, Federiciren analisia; eta horrek, noski, diskurtso konplexua eskatzen du. Beraz, bi erronka nituen aurrean: edukia neureganatzea –oso gutxi baitzen nik garai hartan marxismoaz nekiena– eta konplexutasun hori guztia euskarara ekartzea. Kontsulta asko egin behar izan nituen, marxismoaren alorrekoak, sintaxi-mailakoak, terminologia… Webguneak, aldizkariak, corpusak, gramatika-liburuak… denetarik erabili nuen. Itzulpena amaitzen ari nintzela, Calibanen euskarazko bertsioaren argitalpena iragartzen hasi ziren komunikabideetan, eta garrantzitsua iruditu zitzaidan hura eskuratzea eta terminologia bateratzen saiatzea, hemendik aurrerakoan dispertsio handirik sor ez zedin. Beraz, maketa jada aurreratua geneukala, Calibanen itzulpena kontsultatzeko aukera izan genuen, eta terminologia-irizpide gutxi batzuk testu hartara egokitu genituen; gutxi, diot, kasu gehienetan berdin jokatu genuelako bi itzulpenetan.

Bestalde, eta maila pertsonalera ekarrita (baina nola pertsonala politikoa ere baden…), lan horrek une berezi batean harrapatu ninduen. Erabat txikitua neukan autoestimua berreskuratzeko ahaleginean ari nintzen, eta osatze- eta ahalduntze-prozesu ikaragarri gogor batean murgilduta nengoen–; baina, kasualitatez, itzulpena egiteko proposamenak prozesu horretan tarteka izan ohi ditugun goraldi horietako batean harrapatu ninduen, ‘bai, egin dezaket’ ia-ia mantratzat neukan garai batean. Asko pentsatu barik eman nuen baiezkoa, eta gero, behin lanean hasita, zalantza handiak izan nituen; askotan pentsatzen nuen gehiegi zela niretzat, ez nuela emango liburuak merezi eta behar zuen maila… Baina malaletxe apur batekin ere itzuli nuen, testuan aurrera egin ahala nik aspalditik intuitzen nituen kontu asko berretsi ahal izan nituelako; hori ona izan daiteke autoestimurako, baina mingarria ere bada, zaurian piko egitea den aldetik, eta asko haserrearazten ninduen. Eta begira, ziurrenik aldarte horrek salbatu ninduen ez etsitzetik, edo salbatu zuen itzulpena, kar-kar…

Iaz, berriz, Mundua berriz liluratuz euskaratu zenuen. 

Mundua berriz gehiago gozatu nuen. Ordurako jada ezaguna nuen Federiciren idazkera, eta konfiantza gehiagorekin ekin nion lanari (eta malaletxerik gabe…). Zaplazteko batzuk jaso nituen, nire ustezko koherentzia batzuk hankaz gora jartzen zituelako, baina indartsu nengoen, eta ondo-antzean eutsi nien kolpeei. Komunen politika asko interesatzen zait, eta lehenagotik ere baneuzkan irakurriak horri buruzko zenbait liburu eta artikulu; beraz, Federiciren testuak ere bide horretan aurrera egiteko aukera eman zidan. Horrez gain, zenbait komunitatetan emakumeen borroka antolatuaren bidez erdietsitako lorpen ugari biltzen ditu, eta indar handia transmititzen du. Liburu baikorra da, eta hori asko gustatu zitzaidan. Irudipena daukat batzuetan gehiegi tematzen garela arazo bera behin eta berriro seinalatzen, eta apur bat kostatzen zaigula arazoaren identifikazioaren ondorengo urratsei ekitea, hau da, konponbideak proposatzea eta horiek martxan jartzeko saiakerak egitea. Eta hori eskaintzen du liburu honek: energia-baliabideak eta lurrak ematen dizkigun gainerako baliabideak, gure erreprodukziorako ezinbestekoak direnak, modu aske, jasangarri eta kolektiboan erabili eta zaintzeko bideak; horrelako proiektu batzuk badira Euskal Herrian, eta horrek poz handia ematen dit, benetan. Beraz, alde horretatik, liburu gozoa da hein batean, Federiciri itzuli dizkiodan hiruretan atseginena.

Bigarren itzulpen-lan honetan, terminologiaren parte handi bat lehenagotik landuta neukan, beraz, alde horretatik ez nuen izan oztopo handirik, nahiz eta proposamen berri edo erdi-berriren bat ere egin genuen ordura arte euskaraz gutxitan erabili eta eztabaidatutako kontzeptu batzuk izendatzeko (‘slums’: miseria gorriko auzoak, Alberto Barandiaranek ere aurretik erabilia zuena; ‘commoning’: komunagintza; ‘iron rice bowl’: burdinazko arroz-katilua).

Dena den, liburu potoloa da eta atal asko ditu, batzuk oso luzeak. Zail egiten zitzaidan dena kontrolpean izatea, terminologiarekin koherenteki jokatzen ari nintzela egiaztatzea, tonuari eusten niola ziurtatzea, erlatibozko perpausen egokitasunari eta ugaritasunari neurria hartzea… Baina tira, argitaratu ondoren kritika on batzuk iritsi zitzaizkidan, eta horrekin geratzea erabaki nuen.

Azkenaren edukiaz hitz egin dugu jada; nola joan da hori itzultzeko bidea?

Azken liburu honekin ere asko gozatu dut, batez ere lehenengo hilabeteetan, epeekin lasai ibili ginelako eta hasieratik argi ikusi nuelako nola ekarri behar genuen euskarara, Federicik liburuaren sarreran erakusten duen asmoa kontuan hartuta. Hala, erraz (edo errazago) irakurtzeko moduko testu bat sortzen saiatu naiz: aditzak aurreratu, erlatiboaren erabilera ahal bezain ondo neurtu, euskara estandarrean ezagunena den lexikoa erabili… Nolanahi ere, ezin dugu ahaztu Federiciren diskurtsoa beti dela oso jarraitua; abiadura handiko jarioa du, eta esaldi konplexu eta luzeetarako joera; eta bai, kezka horrekin ibili naiz, testuaren irakurgarritasunaren eta konplexutasunaren arteko orekaren bila. Baina, esan bezala, uste dut hasieratik lortu nuela liburuaren erritmoa harrapatzea eta nolabait islatzea, nahiz eta horri eustea izan den liburu honekin izan dudan erronkarik handiena, batez ere amaiera aldera, etxeko kontu batzuk tarteko aurreikusten nuena baino estutasun handiagoarekin amaitu behar izan dudalako.

Honezkero ondo ezagutuko duzu Federiciren idazketa. Baina noiz izan zenuen estreinako aldiz haren berri? Haren ekarpenari dagokionean, zer azpimarratuko zenuke? 

Ba ziurrenik lehenagotik ere edukiko nuen Federiciren berri, baina batez ere 2016tik aurrera hasi nintzen bere testuak irakurtzen. Bide horretan, 2017ko uztailean bere biografia erantsi nuen Euskarazko Wikipedian, eta horretarako ere hainbat testu eta elkarrizketa irakurri nituen, tartean Maria Colerak Elearazirako egindakoa, asko gozatu nuena. Gero, handik edo hemendik Bartzelonako MACBA arte-museoaren web-irratian egindako elkarrizketa bat iritsi zitzaidan, non bere bizipenak eta bere obra laburbiltzen baititu, eta gaur egun emakumeok bizi ditugun ezintasun batzuk aipatzen. Elkarrizketa hura euskarara ekarri nuen, eta, irail hartan Katakrakera etortzekoa zela jakin nuenean, blogean argitaratzeko pasatu nien. Hortik etorri zen gero liburua itzultzeko proposamena.

Pertsonalki, denbora luzez etxekoandreen inguruko gogoetak izan dira bere obratik nigan eragin handiena izan dutenak, 1970eko hamarkadan abiatutako Wages for Housework (WFH) mugimenduaren harira eta haren jarraipen gisa idatzitakoak. Baina ez bakarrik makro-ari dagokionean, hau da, lan erreproduktiboa sistema kapitalistaren oinarria dela eta hori guztia, baita horiek mikro-ra ekartzean dituzten inplikazioak ere –edo, hobe esanda, horiek batez ere–, alegia, norberaren etxean sortzen den mikrosistemari dagozkionak.

Emakume asko egoera edo arrazoi zehatz batengatik hurbiltzen gara feminismora, eta ni neu amatasunetik gerturatu nintzen; zehatzago esanda, amatasunaren ondorioz gizonezko bikotekideek guretzat marrazten duten toki niretzat erabat arrotz, deseroso eta bidegabe hori ez onartzetik, eta ez onartzea ez bakarrik arrazonamenduaren bidez, baita maila fisiologikoan ere. Baina garai hartan ez nuen eskura horri buruzko testurik, eta feminismoarekin lotuta irakurtzen nituen artikulu eta elkarrizketak ez zetozen bat nik barruan neukan zurrunbilo harekin; ez zidaten argirik ekartzen, beste kontu batzuez ari ziren. Lan-kontuak direla-eta, urte hartan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako masterra ere egin nuen, baina hura ere motz geratzen zitzaidan; berdintasunetik haragoko zerbait behar nuen, zerbait sakonagoa, zerbait erradikalagoa, errotikakoagoa.

WFH mugimenduko kideen testuak irakurtzen hasi nintzenean, pentsatu nuen “hau da, hauxe da nik urte hauetan guztietan barruan eduki dudana, hauek dira umetatik gurasoenean eta gero nirean eta inguruan sumatu izan ditudan desorekak eta bidegabekeriak adierazteko eta ikusarazteko behar ditudan tresnak”. Nolabait, Federiciren gogoetek marko teoriko ezin egokiago bat eskaintzen zioten nik ordura arte neure kabuz eta beste testu eta diskurtso batzuen laguntzaz egindako bideari; nik neuk eta beste emakume askok eta askok, noski, baina horixe izan zen nire abiapuntua: nik nire etxean eta nire bikotekideekin eta gure semeekin sortutako mikrosistemak.

Eta orduan lehen aipatu dudan irratsaio hura entzun nuen. Federicik gauza asko esaten zituen, baina niri esaldi bat geratu zitzaidan buruan iltzatuta, euskarazko testuaren izenburura ekarri nuena: “Gaur egun, emakume gehienak edozein unetan krisi bat izateko zorian bizi dira, beren buruentzat denborarik gabe, beren egoera hobetzen lagundu lezakeen lan politikoa egiteko denborarik gabe.” Eta hori, nolabait, inflexio-puntu bat izan zen. Ez zen nire arazoa, emakume askorena zen, gehienona.

Krisi bat izateko zorian. 

Bai, hala egon gara eta hala gaude kolektibo gisa, eta hala egon nintzen ni neu ere luzaz. Eta Federicik ulertu egiten zuen emakumeok egoera horretara heltzea; ez gintuen epaitzen, ez zigun esaten gogorragoak izan behar dugula, beti borrokarako prest egon behar dugula; alderantziz, esaten ziguna zen “nola egongo zarete ba, gainean daukazuenarekin!”. Horrekin ez dut esan nahi irakurketa hori Federicik bakarrik egina zuenik, edo bera eta bere inguruko feministak izan direnik ondorio horretara iristen lehenak. Esan nahi dudana da niri Federiciren hitzek ekarri zidatela ikuspegi hori, nik bere hitzetan aurkitu eta ulertu nuela beste inorenetan baino argiago errealitate hori.

Zein da emakumeek denborarik ez izatearen arrazoia? 

Gure egoera hobetuko duen lan pertsonal eta politikoa egiteko denborari dagokionez, denbora hori ez digu kentzen kapitalak bakarrik, ez. Denbora hori izugarri murrizten zaigu gure bikotekiderik itxuraz arduratsuenek ere ez dituztelako modu parekidean beren gain hartzen ez etxeko eta inguruko lan erreproduktiboak ez haien kudeaketa ere (eta oso inportantea da hori, kudeaketarena), eta ez dutelako onartu nahi horrek guztiak guri emakumeoi eragiten digun kalte larri eta sakona; ezerosoa begitantzen zaie, ahalegin bat eskatzen die, eta ez dute lan hori beren gain hartzeko adorerik, edo gogorik; eroso daude dauden moduan, eta, gainera, horretara jarriz gero, onartu behar lukete haiek ere ez direla ‘beste’ gizonen hain desberdinak. Eta hor, noski, egoekin egiten dugu topo.

Eta etorriko da gizon bat eta esango dit baietz, berak modu parekidean jokatzen duela etxean, galdetzeko bestela bere neska-lagunari. Eta beharbada bai, ehunetik batek (esajeratzen ari naiz) benetan egingo du, eta beharbada bai, beste ehuneko txiki baten emakumezko bikotekideek ere usteko dute hala dela, baina galdetu emakume horiei hau eta beste, egin galdera zehatz batzuk, erreparatu bikote horien eguneroko martxari, batek eta besteak beren zaletasunei (izan kirola, literatura, lorezaintza…) eta etxetik kanpoko militantziei dedikatzen dieten denborari, batek eta besteak zaintzarako hartzen dituzten baimenei, batek eta besteak gurasoen etxekoekiko dauzkaten ardurei… Desoreka nabarmena dago. Eta, egoerarik onenean dauden etxeetan ere, emakumea da gehienetan oreka horri eusten diona, behin eta berriro bere bikotekideari gogorarazita hemen denok jarri behar dugula guretik. Etsigarria da horrela ibiltzea, eta energia asko eskatzen du; energia asko kentzen digu, beste gauza batzuetarako erabil genezakeena lan politiko hori egiteko eta beste gauza askotarako; adibidez, geure buruak zaintzeko eta guk ere gure askotariko zaletasunei heltzeko eta gure gaitasunak garatzeko. Gizonek guri ez dagozkigun zamak jartzen dizkigute bizkar gainean, eta, ondorioz, guk ere geure gain hartzen ditugu guri ez dagozkigun erruduntasunak. Eta hala egoten gara gero, krisi bat izateko zorian, edo, okerrago, krisi bete-betean. Ingurura begiratu, eta horrelako kasu asko aurkituko dituzu; batzuk jada eztanda egin dutenak, beste batzuk agerikoak direnak, asko beharbada inoiz azaleratuko ez direnak.

Horrez gain, lan erreproduktiboei dagokienez, uste dut badela garaia gizonek beren gain har dezaten ez bakarrik maila pertsonalean duten erantzukizuna, baita kolektibo gisa dutena ere. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako aldarrikapenarekin bat egiten duten bezala neurri handi batean, erreprodukzio-lanekiko ere berdin jokatu behar lukete. Baina tira, hori beste kontu bat da.

Federicik, beraz, eragin nabarmena izan du zugan? 

Lan erreproduktiboei dagokienez, Federicik nire intuizio guztiak berresten zituen. Eta, hortik abiatuta, pertsonaletik politikorako bidea egiten hasi nintzen, hainbeste urtez gurasoenekoak eta nire etxekoak izan ziren kontuak testuinguru zabalago batean kokatzen. Eta, behin korapilo hura askatuta eta neure barrua ondo antolatuta, ohartu nintzen ez nuela horretan geratu nahi, beste pauso bat eman nahi nuela, eta nik ere ekarpentxo bat egin nahi niola mugimendu feministari, ez neure burua horretara behartuta, baizik eta eroso sentitzen naizen toki batetik. Hala, feminismoarekin lotutako testuak itzultzen jarraitu nuen, eta herriko talde feministan gero eta parte-hartze handiagoa izaten, herri-mailako beste gai batzuk jorratzen. Beraz, hori da niri Federicik egin didan ekarpen nagusia: batetik teoria, hau da, neure biografiaren parte handi bat munduan kokatzeko markoa; bestetik praktika, alegia, mugimendu feministaren barruan aske eta eroso sentitzeko eta nire bidea egiteko aukera.

Katakrak argitaletxeak atera ditu hiru liburuak, eta apirilaren 30ean, Langileen Nazioarteko Egunaren bezperan, eskuragai jarri zituen sarean, borondatearen truke deskargatzeko moduan. Federicik nola lotzen ditu ikuspegi feminista eta langileria? 

Federici ekintzaile marxista eta feminista da. Marxismoak langileen emantzipazioa badu helburu, Federicik emakume langileen askapena du xede, baina ez bakarrik emakume soldatapekoena, baita etxean zein etxetik kanpo erreprodukzio-lanetan diharduten emakume soldatarik gabekoena ere; hau da, langile-klaseko familia eta etxe orotako emakume guztiena. Izan ere, hori da WFH mugimenduaren helbururik behinena, soldatarik gabeko emakumeei ere toki bat ematea soldatapeko langileak soilik kontuan hartu ohi dituen kontzeptu horren barruan.

Hain justu ere, horregatik eskatzen zuten soldata bat etxeko lanentzat, horretan ziharduten emakumeek ere gainerako langileekin batera eta haien baliabide eta tresna berekin (sindikatuak, grebak…) borrokatu ahal izateko. Hau da, mugimendu horrek ez du justifikatzen soldata-sistema, ez du jotzen ezinbestekotzat; esaten duena da sistema horrek dirauen artean etxekoandreei ere badagokiela soldata bat, sistema kapitalista haien lan-indarraz ere baliatzen delako; are gehiago, hori duelako oinarri.

Besterik? 

Hasieran esan dizut normalean uko egiten diodala elkarrizketak egiteari, eta hara, behin ahoa zabaldu, eta ezin isildu! Baina ‘ni’ horren atzean ‘gu’ zabal bat kabitzen da, eta uste dut inportantea dela ahots horiek entzutea. Ez da erraza jendaurrean hala agertzea, eta nik esandakoei ñabardura asko eransten ahal zaizkie, noski. Baina tira, ahotsez ahots, alez ale, emakumeok bagoaz gure biografiak osatzen eta ulertzen, gure ubeldurak eta gure zapalkuntzak testuinguru zabalago batean kokatzen. Eta, behin hori eginda, behin zauriak osatuta eta erruduntasunak uxatuta, errazagoa da borrokari eta lan politikoari heltzea, bakoitzak bere esparruan eta ahal duen neurrian.

Eta, horretarako, ezinbestekoa da feminismoaren alorreko testuak euskaraz sortzea, zorionez Euskal Herriko hainbat autorek egiten duten bezala, eta ezinbestekoa da, baita ere, Federiciren eta albait autore feminista gehienen testuak euskarara ekartzea, prozesu horiek gure hizkuntzan egin ditzagun, eta gure hizkuntzan jaso dezagun emakumeen aurkako indarkeriaren eta zapalkuntzaren adar askotarikoen berri. Horrekin batera, garrantzitsua da historiaren irakurketa feminista bat egitea, hau da, historian zehar emakumeok jasan dugun zapalkuntzaren berri izatea eta zapalkuntza horren arrazoiak ikertu eta ezagutaraztea; izan ere, historia horrek ekarri gaitu gaur egungo egoera honetara eta, beraz, historia horren ezagutzak gure aurkako indarkeriari eta zapalkuntzari aurre egiteko tresnak ematen ahal dizkigu.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)