Elkarrizketak

FEREKA: Txinpartatik sura

Ostirala, 2021-09-10

Fereka poesia liburu ilustratua kea darion kafe-kikara zuri-gorri baten irudiarekin hasten da, Maria Oses Saizen (Arrasate, 2000) eta Libe Argoitia Lezetaren (Arrasate, 2002) ideia asko hasten direlako horrelakoxe kafe beroen bueltan, ia beti Irati tabernan. Argi zegoen, beraz, non elkartu behar genuen.  

FEREKA: Txinpartatik sura

Maria Oses Saizen eta Libe Argoitia Lezetaren lehenengo liburu autoeditatua da Fereka. Mariak azken urteetan idatzitako 24 poemari irudiak jarri dizkie Libek; isiltasunei, kontraesanei edo heriotzari, arrainak, txoriak, eta loreak. Errauts koloreko paisaiak, hari gorriz elkarlotuak.

Ordenagailuan ehunka aldiz birpasatutako orrialdeak buruz dakizkitenez, aitortu dute ia ez dutela liburua zabaldu ere egin. Ez dute «gastatzerik» nahi, «behin eta berriz entzuten diren abestiei gertatzen zaien bezala». Denbora dezente eskaini baitiote proiektuari azkenerako, eta detaile denak zaindu nahi izan dituzte. Liburuak paperean bilduta helarazi dizkiete eskaera egin duten irakurleei, bakoitza bere sokatxo, mezu eta txaparekin. Asteburu oso bat eman zuten Arrasateko gaztetxean sartuta halako artisau lanetan, ez zirelako soilik 50 ale saldu, eurek hasieran espero zuten moduan. Sarean galdetegi bat zabaldu zuten Ferekaren erostun posibleen kopurua neurtzeko, eta harrituta geratu ziren denbora gutxian 200dik gorako zerrenda osatu zela ikusita. Apirilean inprimatutako 300 aleetatik, 290 salduta zeuzkaten ekain hasierarako.

Azken hamar aleak ere abiadura horretan desagertuko balira, dagoeneko eskuratu ezin den liburu esklusibo bati buruzko elkarrizketa izango litzateke hau. Baina ez. Orain arte izandako harrera onak bigarren edizio bat plazaratzeko konbentzitu ditu, eta eskerrak, su hau ezin baitzen hain bizkor agortu.

Liburuarekin batera banatu zenuten txapak hala dio: «Elkar sortzera kondenatuta gaude». Zuek ere hala zeundeten? Zein da zuen istorioa?

Maria Oses: Luzea izan da. Hasi, hasi… duela bost urtetik edo ezagutzen dugu elkar.

Libe Argoitia: Ttaketik. Arrasateko gazte talde bat da. Maria hor zegoen, eta gero sartu nintzen ni.

M. O.: Bi urteko aldea daukagunez, ez genuen beste inon kointziditzen. Baina Ttaken topo egin genuenetik, beti zegoen hor zer edo zer. Libek marraztu egiten zuen, nik idatzi…

L. A.: Ez dakigu noiz egin ginen lagunak.

M. O.: Ni Kanadara joan aurretik, zer edo zer bai. Txinparta bat. Urtebete igaro nuen Kanadan, eta hor hasi zen zerbait. Poema batzuk bidali nizkion handik.

L. A.: 60 poema bidali zizkidan, eta nik batzuk hartu nituen. “Bihotz hesitua” izan zen marraztu nuen lehena.

Liburuko bigarren poemaren izenburua «Gorroto nuen poesia» da. Berradiskidetze bat izan al da hau?

M. O.: Uste dut beti eduki dudala poesia oso idealizatuta, edo ulertzeko oso zaila zen leku batean. Niri gustatzen zitzaidan irakurtzea, asko, baina batez ere istorioak, zerbait kontatzen zutenak. Eta hori neukan buruan sartuta, «nik ez dut poesia irakurtzen, ez zait gustatzen». Baina azkeneko urteetan aldatu egin da. Ez dakit nik poesia idazten ote dudan. Gehiago esaten dut idazten ditudala gauza motzak, ez dakit «prosa poetikoa» deitu, edo zer. Jendeak galdetzen didanean, «zer da, poesia?», nik diot, «beno, ba izango da».

Zer gertatu zen Kanadan?

M. O.: Kanadan egia da denbora asko pasatu nuela bakarrik, eta hor denetik egin nuen: idatzi, marraztu… Agian bai izan zela une bat erabaki nuena zerbait polita egiteko baliatu behar genuela.

L. A.: Baina lehenagotik idazten duzu...

M. O.: Bai, baina argitaratzeko ez.

L. A.: Liburuan aspaldiko poemak ere badaude, 2016koak-eta. Blog bat dauka, Oreztak.

M. O.: Pixka bat zaharkituta dagoena…

Hortik al dator «Oreztak» poema? [«Hauek dira nire oreztak, nire argi-ilunak. (…) Gaur arte irten direnak; batek daki, bihar eguzkia irteten bada, desberdinak izango dira agian»]

M. O.: Nik beti idatzi izan dut, eta aitak beti bultzatu izan nau zerbait egitera horrekin. AEDko (Arrasate Euskaldun Dezagun) literatur lehiaketetatik pasatu izan gara Arrasateko eta Debagoienako gehienok. Garai hartan, aitak esan zidan: «Sortu blog bat!». Hasieran beste bat neukan, erridikulua… «Pipi galtzamotz» deitzen zen. Baina gero pentsatu nuen zerbait duinagoa egin behar nuela. «Oreztak» hitza ez dakit Pipiren liburuan bertan ez ote nuen topatu…

L. A.: Bidali nizun! Pipiri eskaintzen zioten krema bat oreztak kentzen zituena, eta Pipik esaten zion: «Lortzen duzunean krema bat orezta gehiago ateratzen dituena, deitu».

M. O.: «Oreztak» hitz polita iruditzen zitzaidan, nahiz eta esanahia sinplea izan, pekak. Baina jende askok ez zuen hitza ezagutzen, eta sentitzen nuen bazeukala beste kutsu bat. Nire inguruan askok nirekin erlazionatzen dute hitz hori, eta hortik jarri nion izena blogari, eta liburuan ere keinutxo bat egin nahi izan nion.

Zer da ilustrazioa Liberentzat?

L. A.: Duela gutxi zera galdetu zidaten: «Zein da zure txikitako objektua?». Ez nuen erantzuten jakin. Nik ez neukan panpina, dinosauro edo kotxe kuttunik. Nik panpinei klaseak ematen nizkien. Txikitan, batez ere, margotzeko gauzak ekartzen zizkidaten, nire amonak pintatu egiten baitzuen, eta nire amak ere bai. Amak lotarakoan ipuinak kontatzen zizkidanean, beti eskatzen nion: «Ama, egin marrazki bat». Amaren marrazkiak pila bat gustatzen zitzaizkidan. Berak animatu ninduen pinturan apuntatzera. Gerora utzi egin nuen, baina oso harreman ona egin nuen irakaslearekin, eta hara joatea disfrutatzea zen niretzat. Olioekin pintatzea asko gustatzen zitzaidan. Orain amamaren lokal zahar bat nabil berrantolatzen, eta hor hasiko naiz berriro olioekin, teknika hori delako gehien gustatzen zaidana. Eta, bestela, akuarela, arkatza… Pixka bat «anti-kolore» naiz. Lehengoan amari esaten nion, «ama, nire gelan kolore gehiegi daude», eta esan zidan, «Libe, gela honetan liburuek baino ez daukate kolorea, eta liburuei ezin diezu kendu».

M. O.: Libe da beltza. Beno, Liberen arropa da beti beltza.

L. A.: Baina barruko arropak ematen dit kolorea, edo galtzerdiek. Begira, liburuan azkenean ez genuen galtzerdiena sartu.

M. O.: Guri gustatzen zaigu galtzerdi deigarriak eramatea.

L. A.: Orain esperimentatzen ari naiz tabletarekin, baina, bestela, koaderno bat daukat, eta bertan arkatzez marrazten dut.

Eta liburuan, zein teknika erabili dituzu?

L. A.: Hasieran ez nekien nola pasatzen ziren akuarelaz egindako irudiak ordenagailura. Orduan, irudiak arkatzez egin nituen, eta gero horri argazkia atera. Baina orain hasi naiz gauzak ikasten, etorkizunera begira. Eta gero, kaletik nindoala, pentsatzen nuen: ¨Aterako diot horma honi edo lur honi argazki bat», eta testurak gordetzen nituen.

M. O.: Ni harrituta uzten ninduen testurekin.

Zuen unibertsoa gorria, beltza, zuria eta grisa da. Hori transmititu al dizute Mariaren hitzek, Libe?

L. A.: Koloreek badute azalpena. Zuriaren kasuan, niri zuriaren gainean pintatzea gustatzen zait, betidanik egin dudalako horrela. Argi geneukan portada gehienbat zuria izatea nahi genuela. Grisa eta beltza denarekin ondo geratzen direlako aukeratu nituen. Gustatzen zait zuri-beltzaren efektua. Eta gorria… gaztetxean liburua aurkeztu genuenean galdetu ziguten ea gu zein kolore garen, eta nik gorria esan nuen, gorria izan daitekeelako borroka, herrigintza… baina baita zerbait sentsuala ere. Aurpegi asko, identitate asko dauzka gorriak niretzat.

M. O.: Zu gorritik hasi zinen, eta niretzat ere munduko zentzu dena zeukan gorriak. Uste dut nik bi alde ditudala, alde horia eta alde gorria (agian konbinatuta ez direla konbinaziorik onena, baina…). Alde horia da alaitasuna, bizitasuna, eta alde gorria, berriz, zerbait ilunagoa, baina ez du zertan izan zentzu txarrean.

L. A.: Gorria izan daiteke gozoa, baina baita oso zoroa ere. Gainera, ez dakit egia den, baina behin esan zidaten olioarekin gorriz margotzen baduzu, biharamunean ez duzula lortuko gorri berdina ateratzerik, lehortzerakoan aldatu egiten delako. Nik sinetsi egin nuen behintzat.

Idazbaimena aipatzen duzu «Autoak» poeman. [«Auto-hustuketa, norberaren autoaren hustuketa. Nik autoa badut, badut nia. Baina ez dut gidabaimenik. Idazbaimena bai; hori edozeini ematen diote»]. Noiz eskuratzen da idazbaimena?

M. O.: Poema hori arratsalde batean idatzi nuen, dena jarraian, eta aitari erakutsi nion, ea ulertzen zen. Gustatu zitzaion. Nik uste dut zaila dela zure buruari onartzea idazbaimen hori. Inpostorearen sindromea ere aipatzen da orrialderen batean. Uste dut besteen errekonozimendu konstante baten ostean pentsatu dudala, «beno, ba agian bai». Liburua argitaratu baino lehen ere kezkatzen ninduen jendeak pentsatuko zuenak. Norbere buruari aitortzea kostatzen da. Gaur baduzu baimena, eta bihar, beharbada, ez. Ez da behin betirako lortzen den zerbait.

Eta gidabaimena, zenbatgarrenean?

L. A.: Ez dugu eskuratu oraindik. Nire aitzakia zen: «Liburua atera ostean egingo dut», baina orain nire aitzakia berria da: «Oraindik ez ditugu liburu denak banatu».

Behin baino gehiagotan agertzen dira mozorroak, aktoreak, nolabaiteko karetak… Fereka liburuan. Ba al du mozorrorik liburu honek? Edo biluzik datorkigu?

L. A.: Nik uste dut nahiko biluzik ageri dela, bai Mariak berak sentitzen duen bezala idatzi duelako, baita nik marraztu ere, baina agian badaukate guretzat beste esanahi bat atzetik.

M. O.: Iruditzen zait testuaren eta irudiaren arteko balantzak hori ahalbidetzen duela. Ez dut uste maskararik daukanik, baina badaukate guretzat esanahi bat, batzuetan ez dena hain argi ikusten, eta beste batzuetan bai. Eta prozesu oso luzea ere izan da, aldaketa asko egon dira, ez ezer ezkutatzeko edo erakusteko, besterik gabe, aldaketa asko izan ditu hasierako zirriborrotik. Gauza batzuk agertzen joan dira eta beste batzuk desagertzen.

Zenbat Maria eta zenbat Libe daude liburu honetan?

M. O.: Poema batzuk aspaldikoak dira, eta nik oso argi ikusten dut zeintzuk diren lehengoak eta zeintzuk oraingoak, nahiz eta agian irakurleak ez duen segituan igarriko. Ikusten dut zein gai interesatzen zaizkidan lehen, eta orain agian ez hainbeste, eta forma aldetik ere ezberdinak dira, batzuk poemagoak, besteak istoriotxoak. Badago garapen bat: 16 urteko Maria, 17 urtekoa…

L. A.: Nik marrazkiak azken urtean egin ditut, eta garapena ez da hain luzea. Baina badago beste Libe bat, nik orain arte ez dudalako horrela marraztu izan. Eta gero, prozesu gorabeheratsua ere izan denez, egun batean haserre banengoen, ba pintatzen nuen haserre.

Poemetan heriotza agertzen da lantzean-lantzean, baina heriotzaz idazteko modu trankil bat sumatzen da, bainu-ontzi epel bat bezalakoa.

M. O.: Liberen lagunek irakurri zutenean, Liberi idatzi zioten galdetzen ea traumarik neukan gaiarekin. Egia da heriotza badela zerbait beti interesgarria iruditu izan zaidana poetikoki. Pozten naiz modu trankil batean interpretatzen bada liburuan, askotan idatzi izan baitut horri buruz, eta beldurra eman izan dit fribolotzat hartzeak. Nik ez dut bizi izan dolua, eta ez dut nahi hori sentitu duenak pentsa dezan arinkeriaz hartzen dudanik. Zerbait oso handia eta pisu handikoa dela iruditzen zait, baina aldi berean, oso modu sinplean laburtu ahal dena: «Bukatu da, eta kito». Interesgarria iruditzen zait jendeak nola bizi duen, zer espero duen heriotzaren ostetik…

L. A.: Gustatu zitzaidan poeman esaten duenean «heriotzaren ostean dena dago, ez dagoena naiz ni». Niretzako da lokartzearen antzerakoa.

M. O.: Marrazkia asko gustatu zitzaidan.

L. A.: Niri ez.

M. O.: Paperean koloreak aldatu direlako?

L. A.: Hasieratik ere ez ninduen betetzen, eta inprentatik jaso eta kolore aldaketa ikusi nuenean, erabaki nuen: «Bukatu zaizkit marrazki honekikoak». Baina, adibidez ,«Mozorroak zintzilik» poemako marrazkia gustatzen zait, nire etxe pareko balkoia delako. Hango horma horia oso ederra iruditzen zait eguzkiak jotzen duenean. Horri kariñoa hartu diot, jendeak ere esan didalako gustatu zaiola.

Zenbait orrialdetan esaldi motzak ageri dira, irudi handiagoekin.

L. A.: Bai, adibidez hau, «Uretan murgildu, arnasaz oroitzeko». Hemen ura aipatzen delako, baina, inkontzienteki, liburu osoan daude itsasoko elementuen irudiak. Ez genuen nahita egin. Zuri arrainak ez zaizkizu gustatzen, gainera.

M. O.: Ez bereziki…

L. A.: Baina arrainak pintatuta bai gustatzen zaizkizu.

M. O.: Bai, pintatuta bai.

Zergatik ez zaizkizu arrainak gustatzen?

M. O.: Ez naiz inoiz itsaso zalea izan, ez dut itsasoa gertu izan inoiz. Baina kariñoa diet pintatutako arrainei, nire amak ohitura izan duelako gure familia lau arraintxo moduan pintatzeko.

Autoedizioaren bidea aukeratu duzue. Nolakoa izan da prozesua?

M. O.: Egitea erabaki genuenean, hurrengo galdera izan zen: «Baina… zelan?». Behin udalekuetara etorri zineten zuek, Txakur Gorriako kideak, eta eskertu genuen erreferenteak edukitzea, zuei galdetzea zelan egiten diren gauza hauek. Uste dut nahiko argi geneukala autoedizioarena, batetik, argitaletxeen mundua ez dugulako ezagutzen, eta bestetik, prozesu askoz luzeagoa izango litzatekeela uste dudalako, eta jende gehiago egongo litzatekeelako tartean, bai onerako eta bai txarrerako. Biok generaman denbora asko honekin lanean. Nahikoa kostatu zitzaigun dena martxan jartzea, eta uste dut besteren bat horretan sartuz gero, ez genukeela bukatuko sekula.

L. A.: Eta epeak geuk zehaztearen abantaila.

M. O.: Hori da, dena gure esku zegoen. Astelehen batean gaueko hamarretan deitu behar badiot Liberi esaten poema hau kendu nahi dudala, deitzen diot, eta kito. Oñatiko Gertu inprentan egin genuen azkenean. Bertigo konstante bat izan zen une batean, baina liburuak iritsi zirenean, kito, umea hemen daukagu. Polita izan zen.

«Zaindu dezagun sua» dioen postal bat dator liburu barruan. Zer egingo duzue orain su honekin?

L. A.: Gure helburua postala zen.

M. O.: Suarena izan zen, apur bat gorritik tiraka. «Zaindu dezagun sua», interpretatu daitekeen zentzu denetan. Guretzat da txinparta hori, gauzak sortzekoa, elkartzekoa, konpartitzekoa.

L. A.: Barregarria da, ze marrazkia arrain-ontzi bat da, eta sua itzali egiten da urarekin, noski. Kontraesan hori gustatu zitzaidan. Niri ez zaizkit gauza garbiak gustatzen. Agian liburu honek eman dezake garbia lehenengo begiratuan, baina sakontzen hasita, ez da hainbeste. Eta bi txori daude hor, ur hori edo su hori zaintzen.

M. O.: Txoriak gara pixka bat gu. Nik uste dut Liberen lanak koherentzia handia eman diela poema desberdinei.

Fereka bat jaso nahi dutenek, zer egin behar dute?

M. O. eta L. A.: Gurekin harremanetan jarri: osesmaria0@gmail.com edo argoitialibe@gmail.com-era idatzita.

gora bizitza

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)