Elkarrizketak

Garazi Arrula Ruizekin solasean

Ostirala, 2018-02-16

Garazi Arrula Ruizekin mintzatu gara Gu orduko hauek (Txalaparta) liburuko bulkadez, paisaiez, erraiez. (Argazkia: Zaloa Fuertes).

Garazi Arrula Ruizekin solasean

Distantziatik idatzitako narrazioak dira akaso liburu honetan topa ditzakegunak. Pertsonaien arteko harremanak baldintzatzen dituen distantzia: denboran, kilometrotan, oroitzapenetan, isiluneetan neurtu litekeen distantzia. Esan eta egiten denaren arteko distantzia, komunikazioa eta inkomunikazioaren artean sortzen den tarte ia kilometrikoa.

Zortzi narrazioek osatzen dute Garazi Arrula Ruizen Gu orduko hauek liburua. Ezaguna genuen bere sormen lana itzulpengintzaren bitartez plazaratutako lan ugarietan, baina liburu honekin luzatu digu literatura paisaia berrietan murgiltzeko proposamena. Autoitzulpengintzari buruzko tesia amaitzeko lanean murgilduta dabilela hartu du Hitzen Uberanentzat tartea.

Itzultzaile ezagutu zaitugu orain arte. Itzulpenak badu sormenetik ere. Itzultzaile izan zara idazle baino lehenago, edo biak batera?

Nik uste dut nahigabe ere herri honetan itzultzaile garela kasik sortzen garenetik. Gure elebitasun asimetriko honetan interprete lanak egitea tokatzen zaigu sarri. Nik esanen nuke bi bideak nahiko paraleloan egin ditudala. Ez zait iruditzen bi jardunak hain urrun daudenik elkarrengandik, ez behintzat nigan. Beharbada tempoak izanen dira diferenteak, alde horretatik argitaratzeko orduan lehenago jo nuen itzulpenera. Presarik ez nuen sormen propioa argitaratzeko, txukun egin nahi nuelako.

Itzultzaile gisa liburu batzuk publikatu dituzu. Bertigoa ematen du horien aldean sormen propiokoa plazaratzeak?

Bai. Nire esperientziatik hitz eginen dut, eta niri neuri bertigoa ematen zidan. Balantzaren pisuak agindu zuen azkenean: uneren batean gehiago pisatu zuen gordetzen jarraitzeak, orduan erabaki nuen pribatua zen hori plazaratzea. Gainera, hainbeste gauza on daude itzultzeko...! Euskarazko literaturari beste ale bat emateko, norberak norberaren neurrian baina zerbait txukuna izan behar du. Gero irakurleak esan beharko du azkenean hala den ala ez.

Zer nolako idazle-bidaia dago ipuin hauetan? Epe luzez idatzitakoak dira, ahots literario berean kokatzen dituzu zuk guztiak?

Azken hiru-lau urtetan idatzitakoak dira. Une batean esan nuen: hemendik aurrerakoak bilduma batean joateko idatziko ditut. Noski, guztiak dira epe horretan idatzitakoak baina epe horretan idatzitako guztiak ez daude liburuan. Ez dakit ahots bera duten, baina bai esanen nuke guztietan badela tonu bat. “A posteriori” ikusten den zerbait da hori, hala ere: momentuan ateratzen zirenak ziren, gerora egiten da tonuari buruzko irakurketa.

Badira oro har ipuingintzan testu motak zeinetan narrazioaren estruktura nabarmentzen den beste elementuen gainetik, edo gai zehatzen bat, edo estiloa... Liburu honetan pertsonaiak oso presente daudela iruditu zait. Pertsonaietatik idatzi duzu gehien bat?

Bai, egia da pertsonaiak eraikitzen denbora gehiago pasa dudala beharbada, ahalegin handiagoa egon dela beste alderdietan baino. Egiantza izan dezaten eta sendoak izan daitezen pertsonaia horiek. Hala ere, nik uste dut pertsonaia hauek ekintzetatik eta esaten dutenetik eraikitzen direla. Haien ahotsei eman diet lehentasuna. Pertsonaien ekintzek zer arrasto uzten duten pertsonaien tripan, eztarrian eta larruan. Gehien-gehienak, guztiak bat izan ezik, hirugarren pertsonan daude kontatuak.

Oso zehatz marraztuak daudela iruditu zait narraziootako pertsonaiak, arkua konplexua eta zabala da. Lan berezia egin duzu haiek marrazterakoan, edo agian oso obserbatzailea zara berez?

Egia da pertsonok eraikitzen garela baita ere xehetasunetatik, ohitura txikietatik... Historian bezala, eguneroko kontuek egiten dute gauza handia, eta era berean gauza arruntetatik eraikitzen da egunerokoa. Xehetasun txikiek ezaugarritzen gaituzte beharbada. Esanen nuke egoera eta gauza arruntek ere asko dutela artifizialetik edo dekoratutik batzuetan. Iruditzen zait esperantza ere jarri beharko genukeela gauza arruntetan, horiek direlako gehiengoa. Egoera arrunt horiei esker daude egoera ez-ohikoak, eta egoera ez-ohikoak daudelako deitzen diegu besteei arrunt. Kontraste horri esker eraikitzen da bat eta beste.

“Nork nahi du egia norberaren irudia jokoan denean. Nork nahi du zoriona norbera normala izan daitekeenean”. (146)

Era berean ertz ugarikoak dira pertsonaia hauek: konplexuak, klixeak hankaz gora jartzen dituztenak haien harremanetan. Hain dira anitzak zaila egin zaidala haietan “gu” bakar bat sumatzea, eta horrekin berarekin ironizatzen da hain zuzen ere...

“Gu” hori kolektiboaren zentzuan azaltzen da, kolektiboa eta norbanakoaren arteko oposizio edo talka horretatik. Komunitate txiki asko dago liburuan, azken batean kolektiboa norbanakoz osatutakoa delako. Kontraesanetik eta diferentziatik sortzen da liburuko “gu” hori.

Bada gogoeta bat horren inguruan, zer sartzen den “gu” horretan, zer den diferentziatik sortutako “beste” hori, nor nahi dugun “gu” horren barruan. Ematen du badagoela kontsentsu bat esaten denean “gutarrak” edo “gureak”, baina gero hasi beharko bagenu definitzen aldeak aterako lirateke. Ez du inork galdetzen “gu” horretan zer dagoen, eta gero ikusten dira -adibidez bigarren ipuinean, “Etorria” izenekoan- komunitate edo familia batera kide berriak etortzean sortzen diren gatazkak. Gatazka hori da interesantea, hasten zarenean definitzen zein den “gu”, nor sartzen den “gu” horren barruan, zenbaterainoko handia den “gu” hori. Definitzen hasten zarenean kontraesanak sortzen dira eta norberaren mamuak geratzen dira agerian. “Gu” erabiltzen dugu baina beharbada bakoitzak “gu” ezberdin bat du buruan. Horrek lotura dauka ere kategoria sozialekin, norbera non posizionatzen den, nondik begiratzen dion munduari. Nondik mintzo zaren horrek definitzen du inguruaz duzun ikuspegia, atxikimendua multzo edo talde batekiko. Aipu horrek, dena den, liburu bati egiten dio keinu: Why be happy when you could be normal?

Inkomunikazioa izan daiteke liburuko ardatz oso nabarmen bat. Kontzienteki saiatu zara ardatz hori zedarritzen?

Bai, kuriositatea sortzen didan zerbait da. Uste dut pentsatzen dugula komunikazioa zaila dela, ideia horrek kontsentsu zabala du, baina hala ere labur geratzen garela iruditzen zait. Gaitasun handia dugu komunikazio planak diseinatzeko, baina gero aurrez aurrekoan herren egiten dugula iruditzen zait. Beti jartzen dut adibide bera, iruditzen baitzait oso argigarria dela: galderen erabilera. Ematen du beti erantzun baten bila egiten direla galderak, baina hamaika funtzio dituzte berez: zerbait aurpegiratzeko erabiltzen ahal dira, zerbait berresteko, kexa adierazteko... Oso arma boteretsua da galderak egitea.

Horrekin lotua hizkuntzaren erabilera interesatzen zait: ez dut uste daukan pisua ematen zaionik hizkuntzari, edo beharbada ez gara horretaz kontziente. Zer esaten dugun, zer ez dugun esaten, zer isiltzen dugun, esaten den horrekin zenbat uzten den interpretaziorako... Horrek guztiak jakin-mina sortzen dit.

Etiketen aurkako hainbeste kontzientziazio lan pikutara bota dezake pragmatikak. (136)

Ipuin hauek badute gordin puntu bat, pertsonaien arteko harremanetan; edo agian ez, agian soilik errealistak dira?

Beno, errealitatea gordina da. Ez da bata ala bestea, biak izan daitezke. Nik ez dut gordintasuna bilatu beharbada, baina bai esango nuke errealistak direla, nahiz eta elementu fantastikoren bat eduki batzuek.

Ipuin batzuetan badira literaturan ez-ohikoak egin zaizkidan giroak: politikan dabiltzanen mekanismoak, Nafarroako paisaia batzuk, gertuko erreferentzia zehatzak azaltzen dira tarteka (Eako Poesia Egunak adibidez)... Beste era bateko paisaia literarioak agertzen direla iruditu zait.

Ez dut nahita egin. Nafarroako paisaiena adibidez... Segur aski Gipuzkoakoak balira ez litzateke nabarmenduko halako zerbait.

Ez, segur aski ez. Ohikoagoa delako...

Egia da literaturan agian ez dela hainbeste topatzen. Ez dut nahita egin, baina era berean gauza kontzientea da. Hala ere ez dut bilatu nola sartu horiek, zerbait naturala bezala egin dut. Horrela atera da. Nik kontatu nahi nuen hori kontatzeko balio dit Tafallak, Erriberriko merindadeak, Iruñerriak...

Paisaia politikoak ere, politikan dabiltzanen mekanismoak, barne funtzionamenduak... niretzat ez-ohikoa izan da horietan murgiltzea. Hau da, ez dira ez-ohikoak gizartean, baina agian bai literaturan.

Liburuan horrelako paisaiak daude agian nik hurbil dudalako militantzia giro hori. Kopurutan hain dago presente gure egunerokoan azkenean niri paisaia bat ere iruditzen baitzait, beste paisaia mota bat: militantziaren, edo gatazka baten, edo dena delako baten ondorio diren horiek guztiek osatzen duten paisaia mota, izan herri harresi bat, kontenedore bat, edo oktabillak lurrean. Horiek ere eguneroko paisaiaren parte dira. Nik behintzat oso presente ditut, adibidez, kartelak kalean. Berez uste dut kartelak jada ez ditugula ikusi ere egiten, hormen parte bilakatu direlako hain zuzen ere. Farola bat ikusten ez dugun bezala, pintadak eta kartelak berdin kasik, horrek uzten du agerian paisaiaren parte bihurtu direla. Gauza bera gertatzen da beste elementu politiko askorekin.

“Aukera izatea beti da lasaigarria. Nahiz eta, salbuespenik gabe, aukera muga batzuen barruan izan. Aukeratzeko ilusioa. Aukera, nolanahi ere. (101)

Ez dago norbera den horretan ihesbiderik, salbaziorik, gauzak aldatzerik?

Bai, muga batzuen barruan beti ere. Badago aldatzeko aukera noski, eta eskerrak, horrek bizi gaitu ere, hobetzeko eta aldatzeko borrokatzen gara, horrek ematen dio zentzua bizitza askori. Nik uste dut ameslarienak ere ikusten duela mugak badaudela, bestela mundu “happy” batean biziko ginateke. Muga batzuk badaude, nahiz eta malguak izan eta mugi ditzakegun. Beharbada behar ditugu nolabaiteko muga horiek ere. Garaia muga bat da, adibidez, espazioak ere mugak dira, norbanakotik kanpo.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)