Elkarrizketak

Gerardo Markuletari elkarrizketa

"Antologiei esker ezagutu ditugu orain maiteen ditugun poeta batzuk"Ostirala, 2014-07-04

Klasizistak eta abangoardistak, bere herriarekin eta kulturarekin konprometituak, beste hizkuntzetako poeten oihartzunak berera ekarri zituztenak, gaietan nahiz formetan berrikuntzak eta esperimentuak egin zituztenak… XX. mendeko bederatzi poeta katalan aurkituko dituzue Poeta katalan garaikideak (Elkar-Urrezko Biblioteka, 2014) antologian. 1997an Gerardo Markuletak Ibaizabalekin plazaratu zuen antologia bera da hauxe. Ordukoak baina, beste izenburu bat zuen: Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997). "Berriz argitaratu baino gehiago, berpiztu egin dugula esango nuke: izenburu berria dakar, azal berria, hitzaurre berria, eta guztiz zuzenduta eta apur bat emendatuta ere badator", Gerardo Markuletak berak aitortu digunez.

Gerardo Markuletari elkarrizketa

Antologia honek badu aurrekari bat. 1997an argitara eman zenuen Zenbait poeta katalan (Ibaizabal, 1997) izeneko bilduma. 1998 urtearen hondarrean, dataren bat ipintzearren, nekez pentsatuko zenuen edizio berritu bat egin beharko zenuenik. Baina hemen da Poeta katalan garaikideak . Poeta itzuli da poema haietara edo poemak izan dira 17 urteren bueltan poetari deiadarka hasi direnak?

Dakikezunez, antologia hura Literatura Unibertsaleko bilduman argitaratu zen. Orain, bilduma horretako ale hautatu batzuk berriz argitaratzen ari dira, “Urrezko Biblioteka” izeneko bilduma berezian. Poeta katalan garaikideak hau, funtsean, Zenbait poeta katalan hura da, horixe baita “Urrezko Bilduma” horren asmoa.

Urteotan nik ez ditut poeta horiek bazterrean utzi, ezta haiek ni ere, baina ez nuen askorik uste berrargitaratzeko aukera egongo zenik. Egia esanda, pozarren baina enkarguz hartu dut berriro antologia eskuetan. Hori bai, berriz argitaratu baino gehiago, berpiztu egin dugula esango nuke: izenburu berria dakar, azal berria, hitzaurre berria, eta guztiz zuzenduta eta apur bat emendatuta ere badator.

Badu ohorerik lehen edizio hark. Literatura Unibertsalak plazaratu zituen lehen 100 zenbakietatik bakarra baita poesiazkoa. Zenbait poeta katalan hura, hain zuzen. Datu bat baino ez da, baina esanguratsua ezta? Poesia asko argitaratzen da hemen, baina akaso gutxi ekarri da gurera? Alegia, euskarara? Zer pentsatua ematen du horrek. Tira, Munduko Poesia Kaierak etorri da akaso gabezia hori estaltzera.

Gurean ugari argitaratzen da poesia (Pamiela eta Susa etxeen lan iraunkorra aipatu behar da), aukeran gutxitxo irakurtzen da (nahiago dugu kantautoreek onenak hautatu eta musikatzea, eta gero guk entzun, jatorrian poema zirenik ere jakin gabe), eta are gutxiago itzultzen. Ez daukat datu erabatekorik, baina azken urteotako poesia itzuliaren zenbakiak pena emangarriak dira.

Munduko Poesia Kaierak aringarri gerta daitezke, noski, hutsune zabal horiek estaltzeko. Albiste ona da, dudarik gabe. Baina, nik dakidanagatik, poeten eta poemen hautaketa itzultzaileen esku dago, eta horrek aldien eta aldeen desoreka sor dezake nire uste behar bezain apalean.

“Guretzako moduko bertsio bat izan nahi du”, hori adierazi zenuen liburuaren aurkezpenean. Orduan, eta orain, itzultzailea ez da poemak itzultzera mugatu. Euskal irakurlea izan duzu buruan. Hori izango baita azken batean, liburu honen balizko  hartzaile eta erabiltzaile, ezta?

Bai. Poemak hautatzean, liburuari zaletasunez edo plazeragatik helduko zion irakurlea neukan gogoan. Ez unibertsitate ikaslea edo filologoa, adibidez. Testuak aukeratzerakoan laburtasuna eta argitasuna lehenetsi nituen. Poema biribilaren alde egin nuen, euskaraz testu gozagarria sortzeko aukera emango zuten poemen alde. Berba bitan esateko, irakurlearen alde. Euskarazko poema-bilduma bat bezala irakur daitekeela esango nuke, edo hori izan zen nire asmoa behintzat.

Dauden guztiak badira, baina ez daude diren guztiak. Horrelako antologiek, dena den, funtzio jakin bat betetzen dute. Kasu honetan, Kataluniako poesia hurbildu edo ezagutarazi. Akaso helburu potoloegia aukeran. Baina poema hauetako bakoitzak sikiera amu-lana egin dezake ezta?

Antologoak testu ugari irakurri behar ditu bere aukeratze prozesuan. Lan hori, nolabait esanda, aurreztu egiten dio, eginda ematen dio irakurleari, eta bakarrik eskaintzen dizkio onenak, biribilenak, iruditu zaizkionak.

Hautaketa ona bada, erraz gerta daiteke irakurleak lilura edo lotura berezia sentitzea poema edo, are gehiago, poeta batekin edo bestearekin. Orduan ez da zaila irakurle horrek poeta horren material gehiagoren bila jotzea. Batzuek horrela ezagutu ditugu, antologiei esker, orain maiteen ditugun poeta batzuk.

“Poemak bizi-bizirik topatu ditut”

17 urte eta gero, nola topatu dituzu poema hauek? Eta poemen itzulpenak?

Poemak bizi-bizirik topatu ditut, eta haietako batzuk esanahian eta oihartzunean handiturik, zabaldurik, 17 urteko bizipen pertsonal eta kolektikoen ondorioz.

Itzulpenak, berriz, osasuntsu, baina ajetxoren bat edo besterekin, normala denez hizkuntza-normalizazioko 17 urteren ondoren (orduan ez genuen eskura gaur egun sarean dagoen material ugari hori, eta, besteak beste, hiztegi baturik ere ez genuen).

Hori bai, apur bat harritu naiz, ez baitakit nola, garai hartan, adin harekin, gauza izan nintzen bertsio haiek idazteko.

Bederatzi poeten bereizgarri nagusiak

Labur agertzerik posible balitz, zeintzuk lirateke poeta hauen bereizgarri nagusiak?

Lan hori aurretik egina dudanez, hitzaurreko berbekin erantzungo dizut:

Josep Carner: Kazetari, antzerkigile eta itzultzailea. Poeta katalanen “printzea” deitu izan zaio, baina bi aldiz ukatu zioten Letra Katalanen Ohorezko Saria. Poesian berritzaile, Noucentisme izeneko literatur korrontearen ordezkari gorena izan zen.

Lau hitzetan laburbiltzen zuen ideario estetiko berria: klazisismoa, gizalegea, ironia eta samurtasuna.

 

Carles Riba:Poeta eta itzultzailea. Idazle goiztiarra, 17 urterekin itzuli zuen Virgilioren Bucolica. Kazetari eta irakasle ere jardun zuen. Kavafis, Kafka, Hölderlin, Allan Poe eta Rilke itzuli zituen. Haren poesian garai eta leku ezberdinetako ereduak biltzen dira: Greziako klasikoak, Berpizkunde katalana (Ausiàs March) eta italiarra (Petrarca, Dante) eta poesia katalan garaikidea (Josep Carner).

Gabriel Ferrater-en hitzetan, haren poesiaren gai nagusia zen norberaren nortasuna berreraikitzea unean uneko sentimenduen bitartez.

J. V. Foix: Poeta, kazetaria eta saiakeragilea. Abangoardia katalanen ordezkari nabarmenetakoa. Adiskide izan zituen Dalí, Miró, Éluard eta García Lorca. Bere poesian maite du irudi eroak elkarren ondoan jartzea, kolore bortitzetan, oso maiz ukitu onirikoekin; sekula ez, ordea, intelektualismo karratu, sendo eta zurrunik.

Erretorika eta poetika: beti egon izan da bi kontzeptuon arteko nahastea; sarri, oso nabarmen. Erretoriko askori esan izan zaio, bidegabeki, poeta. Poesia, ordea, sorkuntza da. Ez erretorikoa ez akademikoa jo daitezke, berez, poetatzat, neurtizgintza denik eta zuzenena izanda ere. Sistema denik eta originalena izanda ere.

Joan Salvat-Papasseit: Familia apalekoa, umezurtza, ikasketarik gabea. Anarkista, hogeita hamar urtez hil zen, tuberkulosiak jota. Ezezaguna izan zen hamarkada askoan, harik eta Nova Cançó-ko abeslariek bere poemak musikatu zituzten arte. Poesia soil, errealista, alaia, egin zuen. Amodiozko poema xalo samarrak baina zoragarriak.

Gonbidatzen zaituztet, poetok, etorkizun izan zaitezten, hau da, hilezkorrak. Oraina gaurko egun gisara kanta dezazuen, bertsolerroak neurtu ez, hatzekin zenbatu ez, ez eta dirutan kobratu; bizi gai­tezen beti berrikitan. Biharamuna beti da iragana baino ederragoa. Eta errimatu egin nahi baduzue, errimatu; baina izan zaitezte Poetak: harroak, ausartak, heroikoak eta, batez ere, egiatiak.

Pere Quart: Antzerkigile, kazetari, editore eta itzultzailea. Gerra ostean Txilen erbesteratua. Bost poeta katalan onenen artean kokatua. Poesia originala, arina, anekdotikoa eta errealismoaren ukituekin. Munduaren ikuspegi hondamenezkoa eta eszeptikoa. Poema dibertigarriak ditu, ez da ohiko gauza.

Azken batean, poema hauek adiskideei idatzitako gutunen antzekoak dira, edo haiekin etxean izandako elkarrizketa baten modukoak –adiskide minak izan edo ez–. Loturak apur ditzagun, beraz, desbuxatu gaitezen eta tonutik kanpora kanta dezagun, lagunok, guk behintzat; ozenki ez bada ere, bai behintzat harroki.

Salvador Espriu: Antzerkigile eta eleberrigile, hitz lau katalana berriztatu zuen. Garai bateko poesia (estilo modernista egozten zaio) mundu propio batean kokatu zuen: “Sinera” (Arenys, atzekoz aurrera) eta, zentsura saiheste aldera, Espainia izendatzeko judu sefardiek ematen zioten izena erabiltzen zuen: “Sepharad”. Antologiako poetarik ezagunena gure artean, Juan San Martin itzulpenei eta Galeuscari esker.

Goibel eta aske nabil / begira dudan Herioren aurrean, / argitan, nire bertsoen / zilar antigoalekoaren gainean.

Joan Vinyoli: Ikerketa-doinua du haren poesiak, nortasun bizizale eta irrikatsu baten kronika lirikoa, komunikaziorako gaitasun eskergaz. Sarritan ukitu ezkor batekin, guztiz dotorea beti. Poema biribil askoak, irudi indartsuen inguruan eraikiak, “laburpen zoragarriak” tankerako asko.

Fidel izan / gauza txikiei; ez zaizu emana / jausleku isilaren gainean / hegan egiteko dohaina. // Kantu apalaren zubi eskegi / hauskorrean barna saia / bazter honetatik besterako / bide ziur-ez, lainotsua.

Gabriel Ferrater: Alderdi askotako intelektuala (matematikari, hizkuntzalari, itzultzaile, literatur kritikari, irakasle), poeta heterodoxo eta atipikoa izan zen. 60ko hamarkadako “errealismo historikoari” ihes egin, eta “esperientziaren poesian” jardun zuen, Carner eta Riba maisu zituela. Haren lan poetiko guztia liburu bakarrean dago bildurik: Les dones i els dies (“Emakumeak eta egunak”). Izenburu horretan laburbiltzen da haren poesiaren gai nagusia: giza harreman konplexuak, esperientzien dimentsio morala (emakumeak), eta harreman eta esperientzia horiek gertatzen diren denbora-lekuzko testuingurua (egunak).

Poemak idaztera bultzatzen nauen arrazoietako bat hau da: gure mintzairaren energia emozionala noraino altxa dezakegun jakitea.

Vicent Andres Estelles: Kazetaria. Poeta emankor eta originala. Joan Fuster-en hitzetan, haren poesiako gaiek, funtsean, eguneroko bizitzaren soiltasuna dute: gosea, sexua, heriotza. Haren lan poetikoak sailkatzeko, hiru atal bereizi ohi dira: poesia zibila, egunerokotasunaren poesia eta poesia existentzialista. Oso estilo adierazkorra erabiltzen du, erregistro ezberdinak nahasiz, batzuetan Valentziako herri hizkera nagusi dela.

Katalogo tristea eginez noa –estuproen, adulterioen, / bortxaketen katalogo gautar nirea–, / oheen kirrika eta hilkutxen kirrika artean, / idazlumaren hotsa paper lodi-lodiaren gainean, / eta plateren, koilareen, komunen hotsa, / sotoan desegiten ari diren hilotzak.

“Zenbat kantu katalan dakigu buruz?”

Duela 17 urteko ingurugiro soziala eta politikoa beste bat zen. Han eta hemen. Gauzak asko aldatu dira harrez geroztik. Gure ikuspegitik begiratuta, akaso orain bada katalana den ororekiko egarri bat. Baita kultur ikuspegitik ere?

Ez naiz kultura edo politika analista. Hiritar eta itzultzaile xume gisa, esango nuke harremanak errazago direla orain, eta ez bakarrik aurrerapen teknologikoengatik. Bada, bestalde, kultur eragile taldetxo bat, euskalduna eta hango unibertsitatean ikasia, horretan lanean ari dena, eta ekarpen handia egin dezakeena kultur trukaketan. Ez gaitezen engaina, ordea: independentzia-grinaz haien antzekoak izan nahi dugu; baina, liburuak ez aipatzearren, katalanezko zenbat disko ditugu etxean, edo zenbat kantu katalan dakigu buruz?

Beste izenburu batekin atera da orain. Berrargitaratu baino berpiztu egin dela esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Bada beste elementu bat, akaso berpizteari lotuta dagoena. Izan ere, izan badira 17 urteotan literaturara hurbildu direnak. Hori ere izango zen berrargitaratzeari ekiteko motibo bat ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Hori ere aipatu nuen aurkezpenean: Zenbait poeta katalan atera zenean, ez zuen harrera kritiko beroegirik izan, beste garai batzuk ziren. Baina azken urteotan, hainbat gaztek laudorioz aipatu du liburua, ikusi diote meritua. Oso eskergarria iruditzen zait orain liburuari eta irakurle-belaunaldi berriei berrargitalpen honekin ematen zaien bigarren aukera.

“Literatura itzultzea eta literatura idaztea ontzi komunikatuak dira”

Jean Echenozen 14 plazaratu berri duzu Meettok argitaletxearekin. Antologia hau Elkarrekin. Itzultzaile gisa, errekonozimendu bat ere baduzu. Inoizko erosoen sentitzen zara itzultzaile ofizioan?

Duela 15 bat urte, bizimodua literatura itzultzetik ateratzen saiatuko nintzela erabaki nuenean, ez nituen gauzak guztiz garbi ikusten. Zortea izan dut, ez zait enkargurik falta izan, lana franko egin dut, eta hementxe nago, lan itzuli zerrenda ikaragarri bat atzean, eta eskua zaildurik itzultzen jarraitzeko. Egia da tarifak dezente jaitsi direla azken urteotan, baina bizimodu apal eta luxu handirik gabekoa egiteko ematen du lan honek.

Zein neurritan baldintzatzen du Gerardo Markuleta itzultzaileak Gerardo Markuleta poetaren zeregina? Idazten jarraitu duzu azkenaldian? Baduzu poemarik buruan? Zertan da Gerardo Markuleta poeta?

Literatura itzultzea eta literatura idaztea ontzi komunikatuak dira. Jardun batean ikasitakoak berdin antzera balio dizu beste jardunerako. Egia da ordu asko sartu beharra dagoela itzulpenak duin eta garaiz amaitzeko. Baina ni ez naiz sekula izan ugari idaztekoa. Nik Gil de Biedma hetero bat izan nahi nuen, bizi guztian 100 bat poema eder idatzi, eta horrekin lekutxo bat hartu gure literaturaren historia ttipian. Baina hemen ia ehun poema eskatzen dizute poema-liburu bakar baterako!

Jarraitzen dut poesia idazten, bai. Datorren udaberrian aterako da Denbora bere lekura, poema-bilduma berri-berria. Erein etxeak argitaratuko du, eta dagoeneko egin dugu Gasteizen jendaurreko irakurraldi bat, musika eta guzti, Jabier Muguruzak eta biok. Entzun-ikusi zutenek ez omen dute ahazteko.

Hobe kontatzen ez badidazu (Pasazaite) ipuin katalanen antologia

Poema katalanak ez ezik, ipuinak ere itzuli ditu Gerardo Markuletak. Quim Monzo, Imma Monso, Sergi Pamies, Empar Moliner eta Francesc Seres idazle katalanen hamalau ipuin jasotzen ditu  Hobe kontatzen ez badidazu (Pasazaite, 2014) katalanezko ipuinen antologiak. Aritz Galarragak egin du ipuinen aukeraketa (bizirik diren egileen azken urteetako ipuinak hautatuz libururako), eta itzulpenetaz Gerardo Markuleta arduratu da, Poeta katalan garaikideak poesia antologiaren (Elkar, 2014) itzultzailea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)