Elkarrizketak

Juan Ramon Makusori elkarrizketa

Hitzak argi (Pamiela) poesia liburua plazaratu berri duOstirala, 2014-05-09

"Hitzak dena biltzen du, maindire batek bezala", halaxe adierazi digu Juan Ramon Makusok. "Gizakiok, errealitatea interpretatzen dugu, berarekin harremanetan jartzen gara hitzaren bitartez. Ni eta errealitatearen artean hitza bitarteko bat da. Eta hitzen bitartez saiatzen gara aurrean daukagun hori, azaltzen. Bai eta hitzen bitartez azaldu ezin dena. Eta hemen poesiaren lekua ikusten dut nik. Barnekoa, esan ezin den hori". Hitzak argi  liburua plazaratu berri du Pamiela argitaletxearekin eta poesiaz eta bere azken liburuaz aritu gara solasean Errenteriako idazlearekin.

Juan Ramon Makusori elkarrizketa

Poesiak hitzak ekartzen dizkigu eta, maiz, falta zaizkigun hitz horiek. Zuk hitzaren aldarria egin nahi izan duzu liburu berri honetan. Hitzaren balioa aldarrikatu nolabait? Hitzak argi (Pamiela), izenburutik beretik hasita.

Bai, horrela da. Hitzak dena biltzen du, maindire batek bezala. Gizakiok, errealitatea interpretatzen dugu, berarekin harremanetan jartzen gara hitzaren bitartez. Ni eta errealitatearen artean hitza bitarteko bat da. Eta hitzen bitartez saiatzen gara aurrean daukagun hori, azaltzen. Bai eta hitzen bitartez azaldu ezin dena. Eta hemen poesiaren lekua ikusten dut nik. Barnekoa, esan ezin den hori. Hemen, Wittgensteinetaz gogoratzen naiz. Berak, Tractatusean, bere azken esaldian, honela dio: “mintza ezin daitekeenaz, hobe isiltzea.”

Hitzaren aldarria ez da hitz hutsaren erabilerara mugatzen. Hitzaren muineraino, mezuraino eraman nahi zenuke irakurlea, ezta?

Irakurleari, hitzen bitartez, nik sentitzen dudana helarazi. Nire emozioak, hitzaren zubitik, bere bihotza ukitu. Dardararazi. Poesiaren hitzak, hori lortu nahiarekin idazten dut. Hitzetan badakit, mezu bat baino gehiago eraikitzen dugula, baina aukeren artean, aukera garbiena saiatzen nahiz aurkezten irakurleari.

 

Ez dut hitzik esango poesiatik kanpo. Hitza duzu bitarteko, eta hitza bera helburu. Hitza bera da gai poetiko, eta hitza poesia idazteko tresna ere.

Galderaren lehenengo esaldia, galderak horrela bihurtu baitu, liburuaren azken poemaren lehenengo bertsoa da. Une honetan, agian gehiegizko zarata sumatzen dut ene bizitzan. Inguruan nolabaiteko zalaparta sentitzen dut. Orduan, poesian nolabaiteko babesa sentitzen dut, poesian hitzak garbiak ikusten ditut. Hitzekin ideien eskultura saiatzen naiz eraikitzen. Hitzak zizelkatu, eta eman. Ideiekin, irudiak margotu.

Herri honetan ere, hitzaren garaia bizi dugu. Zeharka edo zuzenean, bada bizi ditugun garai hauekiko keinurik.

Bai, gure geografian, sekula baino gehiago behar dugu hitzen bitartez bestearengana heldu. Garrasi gehiegi entzun ditugu, isildu egin gara. Elkarrekin ez dugu hitz egin, elkarri ez diogu hitz egin. Entzungor aritu gara. ElkarrizkETA. Poema batean idatzi dut /Eta.. atertu du/ Eta poema horretan mezu garbi azaltzen da: iraganeko oinazeak etorkizunean sendatu beharko ditugu.

“Lirikotasuna ez da lirikokerian erortzen”, hala adierazi zuen Jose Angel Irigaraik zure liburu berriaren aurkezpenean.

Jose Angel Iragaraik horrelaxe azaldu zuen bai liburuan agertzen den poesiaren inguruko lirikotasunaz. Ez zait gustatzen betegarri aritzea. Eta gainera ez litzateke bat etorriko nire asmoekin. Lirikak bere baitan izaera bat du. Hor, gurean, Lizardi da niretzat eredu bat. Lizardi oso lirikoa da, baina ez da txepela.

Kantua, musika tresna liluragarriena

Bost zatitan banatu duzu liburua. Laugarren atala da ezberdinena, poema bakar batez osatzen dena. Poema bakar batez edo akaso kantu bakar batez. “Infinituari kantua” duelako izenburu.

Behar bada poema horretan gordetzen da liburuan dagoen izpiritua. Kontzeptu klasiko bat hartu dut, infinitua, eta berarekin kantu bat egin dut. Horrelaxe baita, kantu bat. Poesiaren hitza musika da, eta hor ariketa bat egin dut. Ideia, kontzeptua, musika bihurtu. Eta kantua, ahotsa, agian, musika tresna liluragarriena da.

Hamar urte dira lehen poesia liburua plazaratu zenuenetik. Geroztik, “poesian bildu dut nire bizitza. Ez da handikeria bat”. Hori esan zenuen liburu aurkezpenean. Poesiaren lurraldean sentitzen zarela erosoen.

Poesia irakurtzen, eta ondoren poesia idazten oso ni sentitzen naiz. Ariketa bi hauek nire baitara biltzea eskatzen didate, eta horrek nire arnasa, bihotza, sentimenduak, nolabait ukitzen ditu. Gero eta gehiago jasotzen dut sentipen hori. Ez da kasualitate bat. Gizakiaren izpiritua bete egin behar da. Ez naiz objektu bat. Alienazioak bai sortzen dio gizakiari objektu bihurtzea, eta aipatutako ariketek, askotan sentitzen dudan alienaziotik urruntzen laguntzen didate. Baina hau ez da ihes bat, bai aldiz, erresistentzia bat.

Itzuli naiz / eta / itzultzea / pentsatzen / dut/ ene bizitzako / egun / guztietan. Bitalista. Hainbat poemetan burura etorri zaigun sentsazioa da.

Bizitzen ari naiz une honetan, elkarrizketan. Bai, bizitza da gizakioi ematen zaiguna, eta une batean guk ere jarraitzen dugu, erabakitzen dugu, bizitza ematen. Gizaki munduratuak gara. Beraz, eutsi, bizi egin behar dugu. Albert Camusek, bere Sisyfon, liburuaren hasieran planteatzen du Filosofian dagoen benetako arazoa, eta ez beste bat, bizitzak merezi duen dela.

"Errealitate askotariko horretan, poesia dago"

1982an nobel saria jaso zuenean poesiaren garrantzia azpimarratu zuen Gabriel Garcia Marquezek. Eta zuk aipamen hori ekarri zenuen gogora zure liburu aurkezpenean. Badirudi poesiaren balioa aldarrikatu beharra dagoela behin eta berriz.

Aldarrikapena baino gehiago, García Marquezek, egin zuena izan zen ohartarazi bere literaturan poesiak duen presentzia. Poesia bere baitan, ez da tristea, ez da iluna; agian sortarazten ditu mota askotako sentimenduak, eta horien artean, aipatu dituzunak. Agian ez gara ohartzen poesiak duen presentzia gure bizitzan, gure bizitzetan. Begiradak, leihotik begiratzea da geratzen zaiguna, eta ikusi aurrean daukaguna. Eta errealitate askotariko horretan, poesia dago.

“Poesia ez da fikzioa. Ihes egiten du artifiziotik. Sentitzen dudana idazten dut, bestela ez nuke idatziko eta, are gutxiago, publikatuko”. Zure hitzak dira hauek. Beraz, zure ispilu dira argitara eman dituzun lau poemarioak?

Poeta klasikoetatik hasita, azken finean poesia egiterakoan, elkarrizketan, hasieran, esan dut, hitzen bitartez azaltzen dugula errealitatea. Beraz, nik, ene poemetan nik nola ikusi, sentitu..., egiten dudan azaltzen dut. Ispiluak dira objektu batzuk ez diezula sekula iruzur egingo. Aurrean jarri eta zu zara. Ez dago tranparik. Beraz, nik poesia horrela ulertzen dut. Iruditzen zait berehala sumatzen dela, poesian behintzat, benetakoa ez dena. Biluztu, eta zure gorputzaren azalaren mapa agerian geratzen da.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)