Elkarrizketak

“Gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea da, desira esplizitatzeko era bat, minari eta heriotzari buruz hausnartzeko bidea”

Asteazkena, 2019-10-30

Miren Agur Meabe elkarrizketatu du Kattalin Minerrek. Meabek udaberrian argitaratu zuen Hezurren erretura liburua, Susa argitaletxearen eskutik, eta argitalpen horren haritik tiraka mintzatu da Minerrekin. Irudia: Dani Blanco, ARGIA.

“Gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea da, desira esplizitatzeko era bat, minari eta heriotzari buruz hausnartzeko bidea”

Kristalezko begi bat (Susa, 2013) argitaratu zenetik, sei urte eduki gaituzu zain zure zaleak. Aurten Hezurren erretura (Susa, 2019) kaleratu duzu. Zein denbora eta aldartetik idatzia izan da?

Kristalezko begi bat argitaratu eta laster hasi nintzen ipuinak idazten. Ez nekien zer etorriko zen: intuizioari uzten diot gidatzen, plangintza zehatzik gabe. Ipuinak bildu ahala, ohartu nintzen askotan agertzen zela iragana, umetako oroitzapenak-eta, eta berez ari zela sortzen ardatz bat. Beste ipuin batzuk, berriz, helduaroan girotuta zeuden. Orduan eskema bat egin nuen multzo biak orekatzeko, liburuaren hezurdura osatzeko, nolabait esatearren. Apurka-apurka idatzi ditut testuak, baina azken urte bietan materialean murgilduago ibili naiz, burutu ahal izateko.

Liburu haubeste hartatik dator, begi hartatik hezur hauek, esango genuke: gaietan badira loturak; adibidez, nortasunaren eraikuntza, oroimenaren balioa, maitasun eredu erromantikoaren kuestionatzea, bakartzearen eta ahalduntzearen arteko gatazka, idazteari buruzko gogoetak... Estiloan ere badaude antzekotasunak: bietan erreferentzia literario franko, eta fragmentazioaren ideia.

Zer bilatzen zenuen liburu honekin, eta, espero zenuen harrera izan al du?

Beste narrazio mota bat probatu nahi nuen. Mariasun Landari irakurri nion behin, gutxi gorabehera, erronka gisa hartu behar dela hurrengo lana, eta urrats bat egin, ez duenaz zertan kilometrikoa izan, baina bai pauso bat aurrera egiten saiatu.

Harrerari dagokionez, oso pozik nago, bai irakurleek emandako iritziengatik, bai han-hemen argitaratu diren kritikengatik.

Kasu honetan, 21 narrazioko bilduma ekarri diguzu, baina zurea den tonu poetiko eta lirikoz osatua. Badago zure idazkeran genero literarioen berezko nahastatze bat, hautu bat?

Gustatu egiten zait hibridazioa, collagezalea naiz. Umeentzako lanetan ere konbinatu izan ditut tipologia testualak, narrazioa, poesia, oharrak, gutunak, errezetak eta abar uztartuz. Uste dut testu motak nahasteak aberastu egiten duela irakurketa eta arreta erakartzen ere lagun dezakeela. Bestalde, lirikaren baliabideak erabiltzen baditut ere, tonu poetikoa bridatzen saiatzen naiz, eta batez ere joera enfatikoa, sentimentalista eta kosmetikoa uxatzen.

Tonu poetiko eta lirikoaz gain, hain bereizgarria zaizun hitzen hautaketa, ekarpena, eta sorkuntza bera ere agerikoa da. ‘Erretura’ hitzetik has gaitezen, zer dio hitz honek? Zenbat gauza biltzen ditu?

Metafora bat da. Protagonistak bere egunerokoan adierazten du: “Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin”. Horrek esan nahi du oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta hausnarketa guztiek —edozein hezurrek— erreturarako balio dutela, hau da, idazkuntzaren lehengaia direla. Erretura egitea eraldatzea da, literatura eginez. Eta erretzean ezereztu egiten dira soberako sasiak eta lohiak, garbitu, eta aldi berean beroa, argia eta ongarria sortzen da, beste energia bat.

Kontakizun hauek pasarte zehatzak kontatzen dizkigute, adin-tarte, edo garai desberdinetan kokatuak (haurtzaroa-helduaroa garaiak tartekatuz), baina ohikoa duzun pertsonaia edo ahots beretik idatziak. Halako memoria errepaso bat ere izan al da?

Memoria toki antzeko bat da, inoiz bizi izan ginena, eta bizitoki pribatua ere bada, eta geu gara haren jabe bakarrak inork ezin duelako segurtatu zerbait era batera edo bestera gertatu zen. Alde horretatik, memoriarekin lan egitea oso emankorra gerta daiteke, ez iragana gogoratzeko bakarrik, baizik eta asmatzeko. Liburuan eskaintzen dena memoria fikzionatua da: testuen oinarrian benetako gertaerak daude, baina garapena ez da beti erreala, ezta autobiografikoa ere, autobiografiak leialtasuna zor baitio errealitateari, posible den neurrian. “Miramar” ipuinean esaten denez, “oroimenak baldarki arpilatzen du iragana, atzazal iruzurtiekin harramazka eginez”.

Askotan galdetu edo egotzi izan dizute auto-fikzio edota auto-biografiatik idaztearena. Non kokatzen zara honen aurrean? Zein lekutik idazten duzu?

Nire idatzietan ia beti ageri da ni narratzaile edo poetikoaren eta ni biografikoaren arteko identifikazioa, baina ez da izaten ehunetik ehunekoa. Liburu honetan agertzen den ni hiperprotagonista ez naiz neu une oro. Pasarte batzuk ia autobiografikoak dira, beste batzuk autofikziozkoak, badira fikzio hutsa diren asko eta baita autofikzio “diferitua” ere bada: protagonista neu naiz partez, baina baita nire belaunaldiko beste pertsona batzuk ere, haien kontuak testura ekarrita neureak balira legez.

Liburuari so eginez, hainbat tematika eta irudi errepikatzen dira narrazioetan, esaterako, familia. Oso presente dagoen elementu bat da. Ama, aita, amabitxi, osaba… halako mapa familiar bat errazten dio irakurleari, denboran zehar aldatzen doana. Garrantzitsua (izan) al da zuretzat?

Noren kasuan ez da garrantzitsua familia? Eta orain gehiago, aurreko guztiak falta direla. Gero eta falta handiagoa sumatzen dut, haiekin berba egin nahi nuke, gauza batzuk argitzeko, beste batzuengatik barka eskatzeko, baina batez ere haien lagunarteaz gozatzeko, zentzunez. Gurean zazpi heldu eta bi ume bizi ginen. Bakoitzak bere estiloan irakatsi eta eman zidanak nire izaeran izan du eragina. Zahar maitetsuen artean hazi nintzen. Guk ikastea zen haien ilusioa. Orohar, gizatasun ereduak izan ziren niretzat, eta haiei buruz idaztea presente bihurtzeko modu bat da.

Zaintza-lanak ere ageri dira behin eta berriz; denbora saltoetan, narratzailearen helduaroko ahotsean, familiari lotuta ez-ezik, lurrari eta etxeari lotuta ere. “Denon artean zaindu. Nor gara denok. Kexak txirikordatzen jarraitu dut”.

Hain zuzen ere, nukleo hori erabat desegin delako. Iazko Gabonzaharra bakarrik ospatu nuen, lehen aldiz, ez familia eta ez maite-lagunik gabe. Sentsazio berria izan zen, gazi-gozoa, bitxia. Horixe dauka bizitzak. Hala ere, zenbatek ez luketen bakarrik egon gurako halakoetan, konpromisoetatik libre? Beraz, naturaltasunez hartu, eta lixto.

Klase soziala. Norberaren jatorria azaltzerakoan azpimarratzen da, adibidez, etxebizitzari lotuta: “Aitita-amumei handiki batzuek alokairuan utzitako antzinako pisu batean bizi ginen eta horrexegatik genuen bainuontziaren pribilegioa…” edota beste pertsonaia batzuen jatorri edo bizilekuei lotuta.

Hala zen. Amaren partetik, baserritik kalera etorritakoak ziren, eta aitaren partetik, itsastarrak, batzuk eta besteak behargin hutsak, jende xumea, familia asko bezala. Adoretsuak ziren. Denda ipini, ortuak gobernatu, lanak banatu, eta denen artean aurrera egin… Ekonomia familiar sano samarra, klase ertainetik gero eta hurbilago.

Eskolan eta kalean nahastean ibiltzen ginen kanpotik etorritakoekin eta guardia zibilen seme-alabekin. Liburuan jatorri horiek aipatzen ditut pertsona bakoitzaren atzean istorio bat zegoela nabarmentzeko.

Beldurra. Badira hainbat pasarte, zehazki neska zein emakumeon aurkako erasoak zein beldurraren eraikuntza kontatzen dituztenak. Baita hausnarketak ere: “Badakit izua neure burmuinean dagoela, neu sortzen ari naizela, baina antzinako barne-ahots bat larderiaz galdetzen ari zait ea oraindik ikasi ez ote dudan geure kabuz ibiltzeak baduela preziorik. Ezer ez da debalde”.

“Gratis et amoreipuinak badu lerro artean Txanogorritxuren oihartzuna. Kontuz bakarrik ibiltzearekin: otsoak ez ditu neska zintzoak jaten, okerrak baizik. Zeu bila bazabiltza, hor konpon. Otsoaren tokian esan bortxatzaile, adibidez, eta horrekin dena esanda dago.

Bada Rousseauri buruzko zita bat, halako ohartze bat adierazten duena: “Hain misoginoa eta hain zitala Jean-Jacques anpolaia, eta ni hamarreko sinopsiak egiten koloretako errotulagailuekin”.

A zer desilusio hartu nuen jakin nuenean praktikan zelakoa izan zen Rousseau. Umeak modu idealean hazteko eta hezteko tratatua idatzi, Émile ospetsua, eta berak bere seme-alabak umezurztegira bialdu. Pater familias figuraren bultzatzailea, emaztea bere menera erabili zuena gupida gutxirekin. Elementu ederra. Institutuko garaian ilustratu ilustrea zena, koipelustre bihurtuta. Haren desmitifikazioa islatu nahi izan dut esaldi horrekin.

Badago haurtzaroari lotuta ere, ‘neska izatearen’ kontzientzia zein irakurketa: “Mutilek hankak kentzen dizkiete karramarroei. Mutilek arratoiak ehizatzen dituzte txinberekin (…). Karramarroak, arratoiak, barraskiloak, usoak, sugandilak gara mutilentzat”.

Txikitan asko jolasten ginen zelaietan, kalean, portuan, hondartza aldean… naturarekin harreman zuzenean, eta horregatik genituen animalia txikiak eskura. Gure zirkulutik kanpoko mutil batzuk —amen lagunen semeak ziren gure zirkulukoak— gaiztoak ziren, jo egiten gintuzten, harriak bota, eskumuturrak bihurritu… Biolentzia pasadizo horiek ez genituen sexu-indarkeria gisa definituko orduan, baina oinarrian bazegoen zer hori, nork agindu nori.

Animaliak aipatuta, presentzia handia dute narrazio ia guztietan animalia bat agertzeraino. Arratoiak, katuak, apoak, atuna, tigreak, ahateak, urtxintxak, untxiak… Zertarako eta nola erabiltzen dituzu?

Batzuek esanahi sinbolikoa dute eta beste batzuek ez. Arratoiak desoseguaren eta denborak eragiten duten gainbeheraren erakusgarri gisa; ahateek sexu-indarkeriazko testuingurua azpimarratzen dute; urtxintxa ere bada, narratzailearen totem modukoa; eta beste batzuk: arranoa, ugatza, loroa, belea, dortokak, erbia, izurdea, tximeletak... Bizitzako seinaleekin eta gure premia intimoekin dute zerikusia, kasuan kasu.

Beste batzuek ez daukate zentzu hedaturik: atuna atuna da, tigreak tigreak dira, beste ezer iradoki gabe. Alabaina, bat nabarmendu behar, Colette katua, protagonistari bizitzako aldi baten amaiera irakasten diona.

Denboran egindako saltoez gain, badira espazioan egindako saltoak ere. Estatu Batuak, Polonia, Italia, Amsterdam, Paris… nora joan edo eraman gura zenuen irakurlea? Zer kontatzen digute espazio aldaketa hauek? Zer alderatu hemen/han jolasean?

Neure bidaietan ezagututako lekuak dira, eta horrexegatik erabili ditut ipuin batzuetako eszenatoki gisa. Aproposak iruditzen zitzaizkidan era bateko edo besteko tramak girotzeko. Espazioen eta paisaien ugaritasunak izan lezake irakurlearen alde sentsoriala eta irudimena kinatzeko gaitasuna, koloreak, soinuak, usainak, testurak eta zaporeak biziarazi ahal dizkiona.

Lagunak, adiskidetasuna ere ageri da. Haurtzaro eta nerabezaroan, zein helduaroan. Nadine bezalako pertsonaia batek adibidez, zer kontatzen digu? Garrantzitsua al da laguntasuna helduaroan?

Nadinek pertsonifikatzen ditu konplizitatea, konfiantza, askatasuna, eroapena, eskuzabaltasuna, babesa, elkartasuna… adiskidetasunaren ertzak, azken batean. Lagun piloa ageri da liburuan, txikitakoak eta bizitzan zehar egindakoak. Balio handia ematen diot adiskidetasunari. Pasarte batean esaten da benetako lagunek betetzen dutela ez daukagunarenn hutsunea. Adinean aurrera egin ahala, ataka gaiztoetatik ateratzea askoz zailagoa edo ezinezkoa izango litzateke lagun egokien arrimua izan ezean. Lagun onak hurbil egoten daki, begi-bistan egon ez arren, eta aterkipean sartzen da zurekin ekaitza pasatzeko, uzten badiozu behintzat. Nahi nuke nire lagunen mailakoa izan, beraiek ni behar nautenean. Zoritxarrez, behin, dena delakoagatik soka hausten bada, dolua ez da izaten ahuntzaren gauerdiko eztula.

Zeure idazketaren ibilbideari so eginez, gorputzaren presentziak pisu nabarmena izaten jarraitzen du (Azalaren kodea, Bitsa eskuetan, Kristalezko begi bat, Hezurren erretura). Esango zenuke, ezinbestean zeure idazkera gorputzetik abiatu edo pasatzen dena?

Gorputza konstante bat da nire lanetan, bai. Autoerretratuek, adibidez, identitatearen bilaketarekin eta nortasuna berrestearekin dute zerikusia. Hasieran, naturala gertatzen zitzaidan gorputzari buruz idaztea neure bizipenak adierazteko; geroago, kontzientzia-jarrera bat bihurtu da: gorputzaz idaztea emakume subjektua aldarrikatzea da, desira esplizitatzeko era bat, minari eta heriotzari buruz hausnartzeko bidea, eta abar.

Amaitzeko, ezinbesteko galdera: zertan zabiltza orain? Proiekturik ba al dabilkizu buruan?

Gauza askotan nabil, enkarguetatik aparte. Poema bilduma bat lantzen ari naiz, datorren urtean kaleratzeko. Beste alde batetik, Forugh Farrokhzad-en poeta irandarraren testuak itzultzen ari naiz Munduko Poesia Kaierak sortarako. Eta umeei begira, poema liburu bat —Begiak zerumugan—eta Katta urtxintxaren ipuinak ere badira martxan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)