Elkarrizketak

«Guztia lurrundu aurretik, likido zenaren lekukotasuna jaso nahi izan dut»

Ostirala, 2021-05-28

Nerea Arrien elkarrizketatu dugu, Jende likidoa ipuin-liburua kaleratu berri baitu Erein argitaletxearen eskutik. Argazkia: Paula Arbide

«Guztia lurrundu aurretik, likido zenaren lekukotasuna jaso nahi izan dut»

Jende likidoa izeneko ipuin-liburua argitaratu berri duzu. Zer moduz? Gustura geratu zara emaitzarekin?

Batzuetan gustura; beste batzuetan, ez hainbeste. Honetan ere, likido (kar-kar).

Egitura berezia du, bi ildoz osatua: batetik, uraren fenomenoekin loturiko pasarte laburrak daude, ipuin bakoitzeko bana, atari bat balitz bezala; bestetik, ipuinak eurak. Zein izan zen istorio hauen abiapuntua eta nolatan egitura duzu horrela zure lana?

Perspektiba ariketa izan zen abiapuntua. Hasiera batean, kanpo ertz batetik begiratu nion gizarte likidoari eta bertako gai orokor batzuetan pausatu begirada, hala nola polimaitasuna, bakardadea, huts sentsazioa, maitasun likidoa, irudiaren tirania, migrazioa, globalizazioa… Gai hauek izango dira ipuinetako habeak eta nolabait, pertsonaiak bustiko dituzte. Pertsonaiek gai hauekiko iragazkorra den kanpo azal bat izango dute, beraien minak, bideak, pozak… bustiko dituena. Pertsonaiok nahiz eta gizarte likidoari uneoro interpelatu, ez dira jabetuko bere minen jatorri likidoaz. Irakurlea bai, ordea. Ñabardura hau izan da liburuaren erronketako bat. Horregatik aukeratu dut fikzioa. Bestela, saiakera zantzuak nabarmenegiak izango lirateke.

Kanpo narratzaile horren presentzia hori ere, ildo horretatik doa; zoom baten bidez pertsonaietara hurbildu eta urrundu daitekeena. Uraren zikloaren azpiatal horien bidez azaltzen dena.

Hurbiltze horietan, pertsonaia bakoitzaren ur txikiak ezagutuko ditu. Ur hauek ez dute epika itsastarrik. Ez datoz naufragioetatik edota balea harrapatzetik. Bestelako ur prosaikoagoak dira. Adibidez; lixibaz betetako balde bat, estoldak, txitxarroak, malkoak, ur-amniotikoak…. eta elementu hauei lotuta sortu ditut pertsonaiak. Bebarru garbitzailea, labarretan etxeak egiten dituen arkitektoa, seigarreneko idazlea, Mai Elkano…Nolabaiteko marea osotzen dute denen artean eta liburuaren egitura beraien arteko korronteek mantentzen dute.

Bestalde, ipuinak independenteak izanagatik, lotuta daude elkarren artean, pertsonaiak errepikatzen dira. Batzuetan, ikuspegi batetik ezagutzen dugu istorio bat, eta handik hiru ipuinera, beste protagonistaren «bertsioa» ezagutuko dugu. Aberasgarria iruditu zait, ertzak gehitzen dizkie pertsonaiei.

Beharbada, buruhauste gehien sortu didana likidoari ubidea edo edukiontzia aurkitzea izan da. Hasieran, ipuinetan tantaka bildu nahi nuena eleberritzen ari zela konturatu nintzelako. Ipuinen artean horma huts bat egon da eta ipuin bateko oihartzuna bestean entzun zitekeen, gure etxeetan bizilagunak aditzen ditugun modura. Ipuin batean protagonista izan dena, bestean, sekundarioa izan da eta hurrengoan, hortik pasatzen den bat. Identitatea, nolabait, kolokan jartzeko modu bat. Artefaktu bat da identitatea gizarte likidoan. Edozer izateko aukera ematen dizu: ama, emakumea, langilea… denak batera. Gehiago bazara, gehiago kontsumituko duzu. Horregatik aukeratu nuen uraren zikloaren metafora. Urak nahi du likidoa izan eta solido eta gas… baina ezinbestean, bere horretara bueltatuko da. Uraren zikloan kateatuta dago eta hortik ezin da atera. Horixe da gizarte likidoaren tranpa. Eta liburuko pertsonaia guztiak biribil horren barruan dabiltza bueltaka.

2018an argitaratu zenuen helduentzako liburu bat estreinako aldiz: Hirutter. Bien artean zer-nolako aldea egon da, idazketa-prozesuari dagokionez, zeure posizioari dagokionez idazle gisa, etab.? 

Bien artean, hiru urte eta posizioari dagokionez, hankaz gora edo buruz behera. Betiere, deserosoa. Baina hau izaera kontua da. Kar-kar. «Literatura likidoa» narrazioan azaltzen diren miseria batzuk ditut: fantasiarako joera bortitza, surrealismo zaletasuna, gezurretan ahalduntzea, egiturekiko fetitxismoak....berun baten falta, azken finean. Gorputzaz idazten dudala esatea gustatuko litzaidake baina gezurra esango nizuke. Beharbada, azken liburu honetan, horixe izan da deskubritu dudana; uste baino kirurgikoagoa eta hotzagoa naizela. Gustatzen zaidala ihes egitea. Ertzetan mantentzea. Likidoetan bustitzen ez den polidazle sigi-sagatsua izatea. Gustatu zait ipuin guztietan, eta batean ere ez, egotea. Beharbada, horixe da gogokoen dudan posizioa.

Auskalo, hurrengo liburuan.

Lehenengo ipuinean, «Literatura likidoa», narratzailea idazle bat da, eta zera dio: «Autoz doan fikzioa da niretzat autofikzioa. Konturatu orduko, ihes egiten dit, azkar-azkar». Asmoen adierazpen bat?

Ez da autofikziozko liburu bat, oso neureak diren gauzak egon arren. Adibidez; idazlearen jaioteguna, kostaldeko herri txikia, Donostia… Galderan adierazten didazun hori lehenengo ipuinean plazaratzen dut, «Literatura likidoa» delakoan. Ipuin hori oso garrantzitsua izan da lana zuzentzeko orduan. Alde batetik, pudorearen apurketa antzeko bat suposatu duelako. Idazten hasten zarenean badago horma hori. Nolabaiteko pudorea. Horregatik, asmatu nuen balizko idazle hori. Neu ez nintzena baina nolabait, horma gainditzen lagunduko zidana. Bestalde, idazte prozesuaren hausnarketa bat egin nuen, ipuinean bertan. Garai hartan, Flannery O´Connor idazlearen Misterio y maneras idazketa prozesuari buruzko saiakera bat irakurtzen nengoen. Eta beharbada, horren eraginari zor zaio liburua zuzentzeko egin nuen lehenengo ipuin hau. Neure idazle likidotasunaz zer pentsa eman zidana eta bide batez, liburuko pertsonaia garrantzitsuena oparitu zidana.

Ipuinetako asko Donostian gertatzen dira, baina bada beste presentzia bat, «kostaldeko herri txikia», toki geografiko erreal gisa agertzen dena, baina baita haurtzaroko oroitzapen baten moduan ere, jende-modu jakin baten jatorri moduan.

Kostaldeko herri txiki hori abiapuntu bat da. Uraren zikloaren lehenengo elementua. Herri horrek solidoa errepresentatzen du. Aldatzen ez dena. Ohitura zaharrak, arrainak, identitate gogorra, aldaezina… beti hortxe dagoen zerbait. Portua. Itzultzeko dagoen leku hori. Likidoa eta gasa, solidora bueltatzen dira. Baina, halabeharrez (edo ez hain halabeharrez), solidoa bera ere aldatzen da. Herri horietan dagoeneko ez dago alturarik edo baxurarik, bertako zaharrak badoaz, karriketako berdina sikatzen da… Solidoa, azken finean, likidoaren aztarna fosil bat baino ez da. Likidoan barreiatuta dauden pertsonaiak solido horren bila ere badabiltza. Berun baten premia dute baina beruna ere urtzen da eta zikloaren barruan mareatzen dira. Hortik, beraien noraeza, jitoan ibiltzea.

Era askotako pertsonaiak agertzen dira hemen, baina denek partekatzen dute halako noraez bat… Beren adinaren ondorio da? Garai likidoen fruitu? 

«Urezkoak ginen. Etortzear ziren garai likidoen aldean, benetakoak». Esaldi honek liburuaren esentzia jasotzen du. Gure txikitako ur haiek, ukitu zitezkeenak (portukoa, hondartzakoa, arrainena…) eta geroagokoak, ukitu ezin ziren gizarte likidokoak batzen dituelako. Ur bi horien artean ibilitako kinta horretakoa naiz ni. Eta nire adin bueltan mugitzen dira liburuko pertsonaiak. Likido haietatik gaurkoetara egin dugun saltoak nahiko alderrai utzi gaituela uste dut. Betikotasuna zuten gauzetan hezi gintuztelako. Irauten zuenaren alde egiten genuelako. Likido berri honek, ordea, betirako zena eraman egin digu: gure lana, gure amets erromantikoak, gure ezkontza eraztunak... eta moldatu behar izan gara, bestelako uren ezaugarriak erabiltzen ikasi behar izan dugu. Orain, gauzek ez dute irauten, maitasuna likidoa da, arrainak transgenikoak eta marinelek baporetan ibili beharrean, hotz-kamioiak gidatzen dituzte.

Horrez gain, likidotasun hau harrapatzeko ezintasunaz jabetu naiz. Nolabait, dagoeneko likidoa baino gasa den garai batean gaudelako. Orain, dena joan zaigu hodeira. Pandemian bertan ikusi dugu: eskola, medikua, aisia, gimnasioa... dena lurrundu zaigula hodeira. Maitasuna bera ere, hor dugu, Tinderrean. Horregatik, guztia lurrundu aurretik, likido zenaren lekukotasuna jaso nahi izan dut. Garai bateko fauna akuatiko postmodernoa.

Nabarmentzekoa iruditu zait ipuin askotan ageri den estilo lirikoa, poetikoa. 

Bai. Epikan baino erosoago nabil lirikan. Lehen esan bezala, uraren epikatik alde egin nahi izan dut. Moby Dick, marinel, pirata, naufragioak alde batean utzi eta uraren bestelako ezaugarriak ekarri nahi izan ditut narrazioetara: isiltasuna, baretasuna, higatzeko ahalmena, moldagarritasuna... egunerokotasunari doitzen zaizkion ezaugarriak. Egunerokotasunak ez zaituelako olatu baten antzera jipoitzen, baina pixkana higatzen zaitu. Ez du bapora berehala apurtzen baina etxeko paretak umeltzen ditu. Badauka halako ahalmen geldo bat. Eta geldiro doazen gauzak adierazteko poesia behar dut. Ez adjektibo demasak edota, adornoak. Bai, ordea, irudiak. Atmosferak. Soinuak. Hots abisalak berbek baino hobeto irudikatu dezakeelako huts sentsazioa. Edo, etxearen bakardadea hoditeriaren istilak. Ez dakit nola esan zehazki, baina horretarako behar dut poesia.

Harreman interpertsonalak lantzen dira nagusiki ipuinotan; hala ere, testuinguru soziala eta historikoa presente dago, zipriztin edo iruzkin baten gisara batzuetan, zarata baten moduan beste batzuetan: Afrikatik Europara datozen pertsonen egoera eta patua, sare sozialen erabilera, koronabirusa…

Perspektiba ariketa bat den aldetik, testuinguru orokor bat marraztea beharrezkoa zitzaidan. Garai honetako ur handiak ere presente egon behar zuten. Hala nola mediterraneoko urezko horma, sare sozialetarantz lurruntzen ari den belaunaldi oso bat, pandemia berak errematatu duena... bizitza bera sostengatzen dituzten ur batzuk daudela agerian jarri nahi nuen. Ur batzuetatik besteetara aldea dagoela azpimarratu. Eta gero, ur txikiagoetan dzanga egin dut. Horretarako erabili ditut harreman interpertsonalak eta horrela bistaratu dut jende likidoa. Garai honek ekarri duen despertsonalizazioa zer edo zelan lantzeko, marea likidotik bereizteko, bakoitzari ur txiki bat eman diot (arrainontzi bat, lixiba balde bat, oligoelementuak, eskafandra bat…) eta likidoan hedatzen utzi ditut. Teatralizatzeko beldur barik, karikaturetan erortzeko pena gutxirekin. Nahikoa homogeneizatu gaitu garaiak eta. Honen harira, paragrafo batean biltzen dut liburuan nire asmoa: «Ohituta nago Groseko lauza hexagonaletara. Jendearen piura ere, ez zait arrotza egiten. Herriko beraneanteen antzekoa. Portu-kume ginenon oso diferentea. Hondartzako gardena eta kaiko gasolina-ura konparatzearen parekoa. Edota haien moreno urrekara eta gure ijito beltza. Orduan, garbi genuen nor zen nor. Gaur, ordea, gurutzatu naizen edonoren antzekoa naiz. Alienazioa, indefinizioa, miseria. “Jende likidoa”, idazleak dioen bezala».

Elkarrizketa honen uberan

Txema Arinas Uberaneko komunitateko kidearen iruzkina, Jende likidoa liburuaren harira

«Intimitatea elipsi bat da» (Nerea Arrieni elkarrizketa, Hirutter eleberriaren harira)

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)