Elkarrizketak

«Hizkuntzarekin libreki jolastu nahi genuen, muga asko jarri gabe»

Ostirala, 2020-10-16

Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak osatzen dute Bigara, eta iazko otsailean, abere ba: palindromo ilustratuen piztegia argitaratu zuten, Pamiela etxearen eskutik. Obrarekin lotuta hainbat ekintza antolatuko dituzte datozen hileetan, eta aukera aprobetxatu dugu abereez, palindromoez eta beste hainbat gauzari buruz galdetzeko.

«Hizkuntzarekin libreki jolastu nahi genuen, muga asko jarri gabe»

abere ba. palindromo ilustratuen piztegia izeneko liburua argitaratu zenuten pasa den otsailean. Liburu berezia da, oso. Saiatuko naiz zertan den azaltzen, eta zuek gehitu edo ñabartu nahi adina. Hiztegi bat da, berezia. Hainbat animalia agertzen dira hiztegi horretan, palindromoak dena; bakoitzak badu bere irudia, eta palindromoa osatzen duten hitzen adieren zerrenda ere, zehatza eta literarioa aldi berean. Bestalde, aipatu behar da ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera irakur daitekeela. Nola sortu zen lan hau egiteko ideia? Hasieratik zenuten buruan liburua osatzea?

ITZIAR: Zenbait urtetako bilaketa eta aurkikuntza prozesua izan da. Animalien izenekin palindromo zerrenda luzea eratu eta hauen ilustrazioak sortu arte, ez zen liburua osatzeko ideia gorpuztu.

«Apo zopa», «afari jirafa», «asto hotsa», «erbi libre», «aker oreka», «ele bele», «oilo olio», «alegia igela», «aran enara»... Animalia ugariren izenak hitz bat ezkutatzen du aurkako norantzan eta “kasualitate” hori ederra iruditu zitzaigun. Hainbeste zentzugabekeriak zentzua hartu zuen eta hitzen baitan zegoena argitara ekarri nahi genuen.

Bi hitzek eratzen duten binomioko kontzeptuen arteko loturak ideia berriak piztu eta jarraitzeko gogoa sartu zitzaigun, animalien ilustrazioak letraz eratu, eta hiztegia osatu.

JON ANDER: Bi norantzan irakurtzearen aukera berriz, naturala eta ia halabeharrezkoa iruditu zitzaigun, horrela, bere osotasunean palindromoaren zentzua betetzen duen liburua bihurtu da. Nahiz eta liburu bitxia izan, Pamiela argitaletxeak berehala ulertu eta bereganatu zuen proiektuaren ideia eta haien jarrera baikorra guztiz lagungarria izan da liburua burutzeko orduan. Beraz, URUBI LIBURU. 

Captura de pantalla 2020-10-13 a las 16.21.23

Hizkuntzaren eta animalien arteko lotura maiz aipatzen duzue liburuan (aberea eta abezea), eta webgunean diozue «gure hizkuntza eta alfabetoa animaliengandik eratorria dela baieztatzen duen bikotea» zaretela. Lotura horretan gehiago sakonduko?

Hotsak, hitzak, eta lengoaia bera, jatorrian piztiak bezala irudikatzen ditugu, baina jendartean ematen dizkiegun erabilera, ohitura eta arauekin, hitz eta pitz, piztia aberetu, etxekotu eta menperatu nahi dugu. Hizkuntza gureganatzean, hobeto ulertu eta erabiliko dugu, baina piztiaren jatorrizko eztarriko izaera, basati eta askea galduko du.

Zentzu batean, animaliak hizkuntzarekin esperimentatzeko bidea erraztu diguten zama abereak izan dira. Animaliaren izenetatik beste hitz guztiak sortu dira. Animalien formetatik abezeko letrak sortu dira. Animalien gertakizun eta kontakizunekin kultura bakoitzak munduaren interpretazioa egin du. Katalanezko Capicua  (palindromoa) hitzak burua eta buztana esan nahi du. Animalia da, beraz.

Nolakoa izan da sormen-prozesua? Lehenik palindromoa, gero irudia, gero testuak? Nahasian?

Oso esperimentala eta dibertigarria izan da bidea. Aipatu duzun moduan, lehenik palindromo multzoa zerrendatua genuen eta animalia bakoitzaren irudia zein izan zitekeen otu zitzaigun.

Une batez, abere eta piztien ilustrazioak kapikuak izango zirela pentsatu genuen. Baina bat batean, oso modu soilean, animalia bakoitzaren izenaren baitan, bere figurazioa agertu zitzaigun: barraskiloa “b” etzan batean, jirafa “f” letran, belea “e” karakterean. Abezeko letra bat edo pare baten nahasketa, errekurtso grafiko gutxirekin osatuta eta estanpatutako testurarekin. Honela, prozesuan zehar 101 abere zerrendatu arte.

Eskuartean piztegi edo bestiarium garaikidetu bat genuela iruditu zitzaigun eta hor liburuaren ideia eta testuen izaera argitu zen. Animalia horien izen zientifikoa eta sasi definizioa, palindromoko hitz ezberdinen adierekin modu jostarian lotzen hasi ginen.

AKER OREKA

Biren artean sinatu duzue lana. Kredituetan dioenez, Itziar Aranburu arduratu da palindromoez, testuez eta ilustrazioez, eta Jon Ander Garcia, berriz, grafikaz, ilustrazioez eta testuei ekarpena egiteaz. Nolakoa izan da lankidetza?

ITZIAR: Urteak dira sormen lanak tandemean garatzen ditugula. Modu naturalean ateratzen zaigun hartu emana da. Batek bota, besteak jaso, biek berrikusi, bueltan beste zerbait sortu... Palindromoekin jira eta bira, eta testuen sorkuntzan buru-belarri aritu naiz eta Jon Anderrek etengabeko berrirakurketetan idatzitakoari ekarpenak eta moldaketak egin dizkio.

Bion artean landutako alderdi grafikoaren prozesua, luzea izan da eta azkenera arte iraun du. Nahiz eta forma zein zen erabakia izan, ehundura eta kolore egokiaren bila froga ugari egin ditugu estanpazio teknika eta moldaketa digital aldetik eta batek idatzi bitartean, besteak bilaketa honetan sakondu du.

Sorkuntza prozesuan bueltaka ibiltze horretan, jatorriaren, ekarpenaren eta emaitzaren  egilegoa kolektiboan disolbatu daiteke eta gustura aurkitzen gara hor ere. Aipagarria da liburua eta abereak orrazten jaso dugun laguntza. Horretan, Joxerra Garziaren ekarpen argia eta Ixiar Rozas eta Joseba Osaren begirada fina ere estimatua izan da.

IZARRON ORRAZI

Liburuak aukera paregabea eskaini dit ikasteko eta jolasteko. Nor irudikatzen duzue abere ba eskutan duela, hura irakurtzen?

Hizkuntzarekin jolasteko eta plastikoki sormena lantzeko tresna luzatzen du. Hizkuntzatik, euskaratik sortua da. Ariketa ludikoa da, lengoaiaren hautazkotasunari buruzko gogoeta den bitartean.  Ausazkoa ez, baina ezustekoa den lotura horretan, esanahi eta koherentzia berriak sortu daitezke irakurlearen arabera.

Irakurlegoa anitzarentzat zuzenduriko liburua da. Pertsona eta egoera ezberdinak irudikatu ditzakegu abere ba liburuarekin: hitz-jokoak eta bitxikeriak gustuko dituen zientzialari poeta; Diseinu grafikoa, ilustrazioa, tipografia eta liburua artefaktu bezala gustuko duen gaztea; bere 8-9 urtetako seme-alabarekin gauero abere bat bisitatuko duen gurasoa; euskara-maila aurreratua ikasten duen ikasle adindua; irudietan soilik erreparatzen duen 3 urtetako umea; L.H. 6. mailako ikasgelan palindromo laburrak edo binomio fantastikoak sortzeko pizgarri moduan erabiliko duen irakasle mugitua; palindromoekin lehen aldiz liluratzen den 7 urtetako haurra; lengoaiaren zentzugabekeria eta aldi berean erabateko logika onartzeko prest dagoen norbait. Jolasa serioski hartzen duen edonor. ADIKORRA HARROKI DA

Definizioetan, beldurrik gabe nahastu dituzue era askotako adierak, gaztelaniako maileguak, euskalkiak… Arreta eman dit, bestalde, euskarazko hitzen homonimo erdaldunak ere aipatu dituzuela, adibidez, hala jakin dut «katu» hitzak «kalea» esan nahi duela finlandieraz. Edukiez apur bat hitz egingo zenidakete?

Hizkuntzarekin libreki jolastu nahi genuen, euskaratik, baina muga asko jarri gabe.

Hitzen definizioetan, geruza ugari nahasten dira, hitzak eta hotsak; alderdi formalak, semantiko eta pragmatikoak nahi bezala korapilatuz: homonimia eta polisemiak; anagrama eta palindromoak; onomatopeia eta aliterazioak; errima eta errepikapenak; etimologia eta kode mota ezberdinak; animalia bakoitzarekin lotutako kantu eta bertsoak; ipuin eta olerkiak; usadio eta asmakuntzak; sineskeria eta arketipoak; erreferentzia eta oihartzunak; ezagutzarako eta mundua eraikitzeko erabiltzen ditugunak.

Gainera, palindromoaren bi hitzen artean saihestu ezin daitekeen lotura topatu daiteke adieretan.

AMA LLAMA

Captura de pantalla 2020-10-13 a las 16.22.16

Nondik datorkizue palindromoekiko zaletasuna? Azalduko didazue pixka bat gehiago palindromoen munduaz?

ITZIAR: Aspaldidanik tarteka egiten genituen frogak testu eta hitzak biratuz. Bestalde, helburua ez da bere horretan palindromoak sortzea, baina kasu honetan, egitura emateko esparru egokia bihurtu da. Palindromoak arau bakarra du, oso zehatza, testuaren egitura ispiluan antolatua egotea. Bere adiera nagusiak hau dio: “Eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera berdin irakurtzen den hitza edo esaldia”.  Euskarak badu potentzialitatea palindromoak sortzeko orduan, hitz palindromo edo berehalako palindromo ederrak daude: ama, amama, eme, aisia, zurrumurruz, okerreko, irri, orro, ulu... Testu kapikuak eraikitzeko abiapuntuan esanahiari baino, forma bisual eta akustikoari erreparatzen zaio. Hitzen arteko harreman formala egiturazkoa bihurtzen da. Eta forma eta semantikaren artean sortzen den tentsio horrek erakartzen gaitu, ekintza “dadaista” balitz bezala.

Palindromo hauetan hizkuntza beraren subjektibotasuna dago eta ez egilearena. Egia esan, horrek erantzukizun asko kentzen dizu, kar, kar, kir…“Inoren azti hazi, hezi zara, laguna. Bala berekin airean emekiro “tiro” hitza zain ipiniaz. Azti hori, tori kemena, eria. Nik ere bala banu galaraziz “ehiza” hitza neroni”.

JON ANDER: Simetria, bai naturan, bai arkitekturan, zehaztasun, oreka eta harmoniaren eredutzat hartu izan da. Hori dela eta, antzina, palindromoak pertsonengandik gorako izakiek sortuak zirela sinistu izan zen.

Aldi berean, palindromo laburren kasuan, erraza da zenbaitzu proposamen berberera iristea: “azti hitza”, “autore erotua”, “atrapatu dut aparta”, edo beste hizkuntzetan “catalá al atac”, “se verlas al revés”... Ezin esan horrelakoetan beraz, egilea duenik, ez gutxienez bakarra, sorkuntza partekatua da. Lengoaia bera erabiltzen den leku ezberdinetan eta garai ezberdinetan aurkikuntza berberera irits gaitezke. Palindromoaren ezaugarri hori ere erakargarria egiten zaigu. Baina, batez ere, sorkuntza lantzeko tresna ikaragarria da, begiradarekiko, erlazioekiko, hiztegiarekiko... etengabe bi norabidetako harremana ezartzen duena. ELE BELE

Aurrekari gisa aipatzen duzue, eskertzen atalean, Markos Gimeno Vesga, 131 aza palindromo-liburuaren egilea, besteak beste. Euskal Herrian bada palindromoen inguruan mugimendu edo komunitaterik?

Zenbait egilek palindromoekin edo antzeko hitz jokoen erabilera edo oihartzunak dituzte haien lanetan. Baina zehazki komunitate egituratua dagoenik esaten ez genuke jakingo. Markosen zerorajasoa.com blogean astero palindromo ariketa bat publikatzen zuen eta bazegoen jarraitzaile taldea, eta orain ere, bere hitzekin jolasean egindako lan emankorraren inguruan elkartzen da jendea.

Bestalde, baditugu gertuko eredu edo keinuak: “Inoren ero ni” edo “Akauzazte”ren “Etzazuaka”. Eta atzera begira, 1923an Euzkadi aldizkarian Kirikiñok euskarazko palindromo luzeenaren bila lehiaketa deitu zuen eta Txadin izeneko neskak lortu omen zuen luzeena. Handik eta hemendik palindromoak egitea edo irakurtzea gogoko duen jendea ezagutzen joan gara edo gugana zuzendu dira azken denbora honetan. Agian bertan sartuak gaudelako da, baina azkenaldian, gaiari buruz gero eta gehiago entzuten ari gara eta sareetan palindromoen inguruko komunitate bizia dago, beste hizkuntzetan batez ere, eta badago nazioarteko palindromista kluba ere.

ZE KIRIKINO, NIKIRIK EZ?

Azken horrekin lotuta, ulu ala ele izeneko emanaldi bat egin behar zenuten, Okene Abrego, Ixiar Rozas eta Iban Urizarrekin (Amorante), baina bertan behera geratu zen, osasun-larrialdia tarteko. Beste noizbait egiteko asmori ba al duzue?

Une honetan proiektu ezberdinetan murgilduak gaude bakoitza, baina, 2021eko martxoan ulu ala ele emanaldia egiteko asmoarekin gaude. Liburuan idatzitakoa eta beste testu palindromoak ahots bihurtzeko aukera paregabea eskaintzen digu. Irudi, soinu, denbora eta mugimenduaren simetriarekin esperimentatzeko lekua izango da.

ASTO HOTSA

bigara osatzen duzue. Berriki, Ixiar Rozasen unisonoa liburua diseinatu duzue, besteak beste. Aipatuko zenidakete zer proiektutan eta zelako lanetan aritzen zareten?

ITZIAR: Ixiar Rozasen Beltzuria eta argitaratu berri duen unisonoa liburuaren grafikan elkarlanean aritu gara. Oso proiektu aberasgarriak izan dira eta asko ikasteko aukera eman digute ere. Bi kasuetan, liburuaren edukia eta honi emandako forma bana ezina da eta horrek erronka ederra suposatu du. Ixiar ere bidaide izan dugu abere ba liburuaren prozesuan.

JON ANDER: Bigara moduan jarduten gara elkarrekin sormen lanean eta, sorkuntza esparru asko jorratu izan ditugu bi hamarkada pasa hauetan. Esperimentatzea gustuko dugu: abere ba liburuaren aitzindarien artean, gure lehen urteetan, irudi palindromo edo simetrikoak sortu genituen eta errefrakzioa eta testu eta irudi alderantzikatuekin lan egin genuen bideo eta instalazioetan ere komunikazio-inkomunikazio bikoarekin lotuta.

Azken urteetan, lan grafikotan eta talde prozesu sortzailetan parte hartzera jo dugu, batik bat. Emaitzan baino prozesuetan zentratu dugu interesa, ikaskuntza egoera eta esparruetan ere metodologia hauek aplikatzeko.

bigara.info webgunean jasotzen dugu azken urteetan sortutako zenbait lan.

AIROX TXORIA

Oker ez banaiz, promozio-ekintzen erdian harrapatu zintuen konfinamenduak. Zein izan da liburuaren bidea, argitalpenetik hona? Zer plan duzue etorkizunerako?

2020ko otsailaren 2an, data kapikuan aurkeztu genuen proiektua. Lehen aste horietan, Donostiako San Telmo Museoan modu performatiboan partekatu genuen, eta bilaketa-jolas bat antolatu zen museoko erakusketan zehar. «Abere ba, aber ba» tailerra eskaini genuen baita ere, palindromoa abiapuntu hartuz, hitz eta hotsekin jolasteko.

Udaberri hasierarako Poesialdiaren baitan, erakusketa eta beste sortzaileekin batera “Ulu ala ele” emanaldia prestatua genuen, baina astebete lehenago, dena gelditu zen.

LO KARAKOL

Baina abereak loalditik esnatu eta bidea egiten jarraitu dute. Aipatutako erakusketa berrantolatzen gabiltza. Bertan, liburutik ateratako ilustrazioak, palindromoak eta hitz jolasak erakutsiko dira eta Begiaundipress estudioarekin eta Zazpi t´erdirekin lanean jardun gara. Azaro erdialdetik urtarrila bitartean, Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean izango da erakusketa.

Besterik aipatu nahi?

maa, bee, orro, karrak, ulu ulu, …

Bat-batean, aberetxoek bertsoak asmatu zituzten  belarrientzako eta abereek abezeak sortu begientzako; astoak hotsak eta atsotitzak amilotsak; izkirak hizkiak  eta hitzak zimitzak; beleak ele berriak eta harrak ele zaharrak; igelak alegiak, alegia; ipurtargiek ipuin argiak eta izkirak izkirimiri barregarriak; kantuak koroan katuak eta kakatuak; koral piloak korapiloak, perpausak pinpilinpausak eta zaldiak hitzaldiak; liburuak zapaburuak eta trikuak haikuak.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)