Iñaki Irasizabali elkarrizketa
Politika zikina (Elkar) nobela plazaratu berri duOstirala, 2017-05-05Genero beltzaren estiloko lan ugari plazaratu ondoren, Iñaki Irasizabalek beste ildo narratibo bati heldu dio. Politika zikina (Elkar) nobelan, alderdi politiko baten barruko borrokak eta estrategia-jokoak irudikatu ditu. "Narratiboki politika oso interesgarria iruditzen zait", halaxe aitortu zuen liburuaren aurkezpen ekitaldian.
PSOE alderdia primarioetan da egunotan. Politika zikina (Elkar) nobelan irudikatu duzun alderdi sozialista bezalaxe. Kasualitate hutsa izango da, baina testuinguru honetan nobelaren irakurketak beste kutsu bat hartzen du. Ekidin ezina da konparazioa.
Hala tokatu da. Baina primarioak oso maiz ematen dira, ezta? Alderdi batean ez bada, bestean. Politika nahikoa modan dago orain. Azken hogei urteotan ahaztu samar egon da, militanteen esku baino ez. Baina orain modan jarri dela esan daiteke.
Larunbat gaueko prime-time delakoaz jabetu da politika. Nork esango luke duela hamar urte, ezta?
Hori da bitxiena. Debate politikoek audientzia handia dute. Sálvame eta horrelakoen parekoa ia.
Maiz, antzeko kutsua dute bateko zein besteko saioek.
Joera hori da. Sekulako pertsonaiak agertu dira, Marhuenda, Inda... Friki samarrak. Eta sekulako arrakasta dute programa horiek.
“Narratiboki, politika oso interesgarria egiten zait”. Hori aipatu zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian.
Egunero-egunero politika albiste ugari dago. Tarte oso garrantzitsua dute hedabideetan. Hori gertatzen da, berez, gai bezala politika interesgarria delako.
Bestetik, joko asko ematen du politikak. Kirol profesionalarekin alderatuko nuke. Udaberri honetan, adibidez, badira liga irabaziko duten taldeak. Edota Champions League delakoa eskuratuko duenik. Edota ezer gabe geratuko denik. Ba politikan ere, hauteskundeak dauden bakoitzean antzeko gertatzen da. Irabazle garbiak daude batetik, eta galtzaileak bestetik. Eta hori narratiboki oso interesgarria da.
Euskal Herriko hiri imaginario batean, PSE alderdiak galdu egin du alkatetza eta primarioak deituko dituzte. Esan dugun bezala, fikzioak bat egin du errealitatearekin. Zure hitzei jarraiki, lasterketa horretan irabazten duenak dena irabaziko du: lidergoa eta alderdiaren babesa. Eta galtzen duenak, aldiz, dena galduko du.
Ez dago erdibidekorik. Game of Thrones telesailan gertatzen den bezalaxe. Susana Díaz eta Pedro Sánchez, biak daude lehian. Bakoitzak bere soldaduak ditu eta soldaduek ere, dena irabazi edo dena galduko dute. Pedro Sánchezek primarioak irabaziko balitu, Odón Elorza pil-pilean legoke berriro. Duela pare bat urte, dena galduta zuen. Orain Sánchezen gizon indartsuenetakoa da eta Pedro Sánchezek irabazten badu, Odón Elorza garrantzitsu bihurtuko da berriro. Eta alderantziz. Susana Díazek primarioak galtzen baditu auskalo zer gertatuko den Andaluzian, ikusteke dago presidentziari eutsi ahal izango ote dion. Eta haren alde daudenak ere, lehen lerrotik desagertu egingo lirateke.
Games Of Thrones aipatu duzu eta, nobelan ere, protagonista batzuk telesail famatua hartuko dute hizpide. Bilduko zinegotzi batek eta Marta hautagai sozialistaren bikoteak, zehatz esanda. Zubilana egingo dutenak ere beharrezkoak dira, ezta?
Euskal politika apur bat malgutu egin da azken urteotan. Lehen askoz zailagoa zen Ezker Abertzaleko batek PSEko batekin lagunarteko harreman bat izatea. Baina gaur egun ez dut uste hain bitxia denik. Nahikoa sinesgarria egiten zitzaidan, Martaren bikoteak ez duelako politikaz gehiegi hitz egiten. Hitz egiten du baina ez bere ideietatik abiatuta. Nahikoa pragmatikoa da.
Alderdi baten barruko lehian, ideologikoki ez da alde handirik izaten. Zioa lidergoa lortzean datza.
Kanpainaburuen lana hori da, diferentziak ezagutaraztea. Martak ikuspegi ezkertiarragoa ordezkatuko luke. Beste hautagaiek betiko alderdi sozialista ordezkatzen dute, apur bat estatalistago edo direnak.
Errealitateak fikzioa gainditzen duenean
Primarioen lasterketa horretan, Marta hautagai gazteak euskararen aldeko argudioa baliatuko du.
Bera euskalduna da, Dylan du aldamenean, oso ezkertiarra den aholkulari bat. Karta hori jokatzea erabakiko dute. Baina egia da diozuna. PSOErena alde batera utzita, orain Madrilgo PPn gertatu dena oso adierazgarria da. Ignacio González eta besteak kartzelan sartu dituzte Cristina Cifuentesek salatu egin dituelako. Eta hori hala da, euren artean sekulako liskarrak dituztelako. PPren ustelkeria kasuetan gauza bitxi bat eman da. Bakarra ez da argitara eman poliziaren ikerketa baten ostean, denak izan dira barruko norbaitek “kantatu” egin duelako. Hori da alderdi barruan bandoak daudelako. Eta euren arteko gerra baten ondorio izan da Madrilgo PP alderdiaren ustelkeria agerian utzi duena.
Alderdi politiko erreal batean oinarritzen da nobela baina hiri imaginario batean kokatu duzu. Hiri hori oso gertukoa egingo zaio irakurleari. Donostia, Bilbo edo Gasteiz izan daiteke. Alderdi politiko imaginario batekin ez luke berdin funtzionatuko, ezta? Gertutasun horrek ematen dio sinesgarritasuna tramari.
Hori da. Hasieran hori nuen buruan. Alderdi imaginario batekin ez daukat ezer neurtu beharrik. Askatasun handiagoa izango dut argudioa garatzerakoan, eta gauzak egingo ditut nobelaren onerako. Baina idazten hasi ahala, konturatu nintzen ez zuela inolako interesik.
Alderdi politikoak benetakoak badira, ordea, joko eremua zedarritu egiten da eta hor gauzak estutu egiten dira. Eta ondorioz, apostua igo egiten da. Askoz arreta gehiagorekin irakurtzen delako.
Gertutasun horrek morboa ere pizten du.
Hala da.
Nobelak vs. Saiakera politikoak
Pertsonaia nagusia, ahots narratiboa, langabezian da eta Marta, bere bikotea, PSEko zinegotzia da udaletxean. Primarioen aurrean, bere bikote zinegotziaren comunity managerra bihurtuko da. Politologoarena egingo du, nolabait esanda.
Bere zaletasunik handiena hori da, politikarena. Bere neskalaguna kultura zinegotzia izandakoa da eta gehien bat nobelak irakurtzen ditu. Protagonistak ez, saiakera politikoak eta politikarien biografiak irakurriko ditu. Bere zaletasun handiena hori baita, informazio politikoa jarraitzea. Horregatik bera izango da bere neskalaguna konbentzituko duena primarioetara aurkeztu dadin. Ez alderantziz. Zeren Martak, hasiera batean, ez du interes handirik agertuko.
Marta izango da bilakaera handiena izango duena. Makiabelikoena bera izango da, azken batean. Tira, horretan bat dator Ainhoa Iturrirekin, primarioetako beste aurkariarekin.
Politikako goi karguetara iristeko, bilakaera hori egon beharra dago. Bestela ez zara horraino iritsiko. Hasieran, ideia batzuei jarraiki murgilduko zara politikan. Gauzak ez dira hain errazak ordea, eta pragmatismoa dator gero. Politikan ematen den bilakaera hori erakutsi nahi nuen. Martaren moduko politikari gazte batean ematen den bilakaera. Boterea ezagutu ahala, pragmatismora jotzeko ohitura dagoelako. Hasieran, Martak oso ideia sinpleak ditu, borondate oneko asmoak. Baina alderdian garrantzia irabazten hasi ahala, pragmatikoago bilakatuko da.
Guztiz mediatikoa bilakatu da politika. Aholkulariek eta asesoreek indar handia hartu dute.
Dylan bezalakorik ez dakit asko egongo denik. Komunikabideetan aspalditik eman da politikarekiko joera. Azken urteotan, ordea, sareak (Internetek) izugarrizko garrantzia hartu du. Nobelako protagonistek dirurik ez dutenez, sare sozialen bitartez egingo dute kanpaina.
Dylanek zeresan handia izango du Martaren ibilbidean.
Okupa bat da eta PSEren alde egiten du lan. Kontraesankorra dirudi, baina helburu bat du eta helburua lortzeko bide bakarra hori izango du.
Nobela beltz ugari plazaratu ondoren, liburu honekin generotik aldendu zarela esan daiteke. Hurrengo lanarekin itzuliko zara berriro nobela beltzara?
Hurrengo nobela ez da beltza izango, ezta politikoa ere. Ez da generokoa izango. Harreman pertsonalei buruzkoa izango da, eta hau baino luzexeagoa. Orain datozkidan ideiak ez dira genero beltzean idaztekoak.