Elkarrizketak

Iñigo Roquerekin solasean

Fernando Pessoaren poesia antologia publikatu du: 'Poemak pluralean'.Osteguna, 2012-06-28

Iñigo Roque itzultzaileak Fernando Pessoaren poemak euskaraz irakurtzeko aukera eman berri digu. Poemak pluralean izenburua du antologiak, eta Denonartean argitaletxeak kaleratu du.

Iñigo Roquerekin solasean

Lehenik eta behin, zerk erakarri zintuen Pessoatik, horrelako proiektu bat martxan jartzeko?

Urte asko dira portugesezko literaturarekin atzera eta aurrera nabilela, eta, jakina, hor Pessoaren erreferentzia ezinbestekoa da. Ia betebehar bat zen: hutsunea hain zen nabarmena euskaraz.

Nola eta norekin argitaratuko zenuen jakin aurretik hasi zinen lanean?

Bai, hala da. Aspaldikoa dut poesia itzultzeko ohitura. Ariketa bikaina da, estiloa lantzeko eta tresnatzeko. Ahalegin betekoa izaten da, hamaika korapilo izaten baitira, baina oso esker onekoa.

Oraingoan, ordea, Ana Moralesek eskatu zidan zerbait itzultzeko bere audio-blogerako, Xerezaderen Artxiborako, eta, lehendik Pessoaren poema batzuk itzuliak nituenez, horiexek bidali nizkion. Gero, zaletu, guratu egin nintzen, eta, azkenean, pentsatu nuen antologia bat prestatzea.

Ez da erraza poesia argitaratzea, eta hainbat gutxiago itzulia bada. Beraz, gogora etorri zitzaidan Iruñeko Denonartean argitaletxeak Miquel Marti i Pol-en liburu bat atera zuela iaz, eta hango editorearengana jo nuen Fernando Rey bitarte zela. Fernando ezaguna dut, EIZIEtik, eta haientzat lan batzuk eginak zituen. Eta halaxe atera da.

Literaturiako aurkezpenean aipatu zenuen, nola Pessoa eragin handiko idazlea den (gurean ere), eta hala ere orain arte gutxi eta modu sakabanatuan egon den euskarara ekarria. Zure ustez zergatik da hori?

Eta zenbat horrelako? Poesian, batez ere. Ez dugu Pavese, Szymborska, Gelmán, Brecht eta beste hainbaten antologia taxuzkorik, baina, aldizkarietan, Paveseren Verrà la morte e avrà i tuoi occhi famatuaren bost bertsio ditugu. Harritzekoa ere ez da. Irakurle gutxiko hizkuntza da gurea, eta horietatik zenbat dira poesiazale?

Ez dezagun ahaztu, haatik, Pessoak ere hala argitaratu zituela bere lan gehienak, han-hemengo aldizkarietan. Mezua baino ez zuen atera liburu gisa (berak ordainduta argitaratu zituen ingelesezko poema batzuk alde batera utziz gero).

Hitzaurretik atera dugu aipu hau: 'idazleak nahiago du pentsatu bizi baino, nahiago du ikusi parte izan baino'. Funtsezkoa da gogoeta hori Pessoaren lana ulertzeko?

Poesia kontenplatiboa da Pessoarena, haren bizitza bezala: gertakari eta ekintza gutxikoa. Carlos Taibo galiziarraren esanetan, literaturak hutsaldu zuen haren bizitza, baina ni, horretan, Teresa Rita Lopes-en gogaide naiz: Pessoaren «obra-bizitza»z hitz egin beharra dago. Eta hala da, bizitzak obra azaltzen du, eta obrak, bizitza, Robert Bréchon-ek zioenez. Duela gutxi, José Paulo Calvanti Filho brasildarrak erakutsi digu, bere quase-autobiografia paregabean, Pessoaren bizitza beraren hitzak erabiliz konta daitekeela.

Pessoak idatzia da: «Arte bakarra bizitzea da, baina bizitze horrek izutzen eta oinazeztatzen nau».

Era berean, heteronimoak erabilita Pessoa agian ez da 'ikusteko' era bakarrarekin konformatzen...

Pessoak psikologiarako zaletasun handia izan zuen, eta zenbait gutun-truke izan zituen garaiko psikologo entzutetsuekin. Introspekziozko ohar asko utzi zizkigun, denak bere burua hobeto ezagutzeko idatziak. Honela definitzen zuen bere burua horietako batean: «Psikiatriaren ikuspegitik, histeroaneurastenikoa naiz». Eta halakoa izan zen: oso aldartetsua, iritziz aise mudatzen baitzen; ukazioan bizi zen etengabe, hala pertsonalean, nola sozialean; erotzeari ezin sinetsizko beldurra zion.

Horren guztiaren erakusgarri «Psikografia» poema sonatua dugu (Olerkaria itxurazale hutsa duzu...). Poema horrek du gakoa. Bere bizitzaren amaiera aldera, ordea, damu agertu zitzaigun, neurri batean, bizitzeari uko egin izanagatik.

Heteronimia, hala ere, literatura-konstruktu bat izan zen. Poemak luma bakarretik atera ziren, eta ohargarria da, alde horretatik, nola lan batzuk hasieran heteronimo bati erantsi zizkion, gero beste bati eta nola azkenean bere izenean sinatu zituen.

Gerardo Markuleta eta Iñigo Roqueren itzulpenen aurkezpena aurtengo Literaturian.

Proiektuan eta lanean barneratu ahala espero ez zenuen Pessoa bat topatu duzu, edo espero ez zenuen haren ezaugarriren bat?

Harreman luzea izan dut Pessoarekin, poemak itzuli baino urte asko lehenago hasia. Beraz, alde horretatik ez dut ezuste handirik izan. Hala ere, harritu, beti harritzen zaitu zerbaitek, batik bat itzultzaileak ohartukiago irakurri behar dituelako testuak. Eta, alde horretatik, Ricardo Reisen poemek aho zabalik utzi naute behin baino sarriagotan, eta gero, jakina, ahoa itxi behar: nola deabru emango dut nik hori euskaraz?

Zein izan da itzulpena egiterakoan zuretzat erronkarik handiena?

Neurkera zehatzeko poemak izan dira latzenak: errima, silabak, hoskidetasunak... Horiexek dira, hain zuzen, poemon funtsezko balioak, eta, beraz, gorde egin behar, batzuetan erabateko fideltasun semantikoaren kaltean bada ere, baina ezin besterik egin.

Aldi berean, bekokiko izerdi larriarekin birilbildutako horiek izan dira pozgarrienak niretzat.

Eta lanean aurrera egiteko akuilurik handiena?

Gustuz itzuli ditut poemak, gozatuz. Itzultzea, hala ere, zeregin bakartia izan daiteke, eta ingurukoen oniritzia ezinbestekoa izaten da halakoetan, batez ere lana argitaratzeko asmoa baduzu. Aurretik liburuaren lagin bat Xerezaden ateratzea, beraz, abantaila handia izan da, jendearen iritzia jakiteko parada eman baitit.

Asko dira Pessoak zituen heteronimoak, batzuk dira ezagunenak eta haiei heldu diezu. Pessoak berak sinatutako poemak ere atal batean bildu dituzu. Maila horretan zein izan da zure irizpidea eta zergatik?

Liburua ateratzeko erabakia harturik, zerbait kanonikoa egin beharra zegoela iruditu zitzaidan, eta, hala, beste antologia batzuetako aurkibideak hartu eta zerrenda moduko bat osatu nuen. Egia esateko, horietako gehienak neronek aurretik begiz jotakoekin bat zetozen.

Bestetik, nabarmendu beharra dago portugesezko poemak baino ez ditugula jaso, ingelesezkoak bereiz argitaratzekoak direlakoan (horien balioa eztabaidagai baita oraindik). Eta poesia exoterikoa ere kanpoan geratu da, Mezuan horrelako alerik baden arren.

Heteronimoak aukeratzeak, hala ere, ez dit lan handirik eman: Pessoak berak nahien izandakoak daude bilduman.

Bi gutun ere sartu dituzu, zeintzuk eta zergatik?

Bai, horiek ere oso testu ezagunak dira. Cassais Monteirori idatzitako gutuna heteronimia-jolasari buruz Pessoak idatzitako testurik adierazgarriena da. Eta Ophéliari idatzitako agur-gutuna guztiz argigarria da, pertsona ulertzeko, obra bizitzari nola gailendu zitzaion konturatzeko.

Pessoaren heteronimoez ari garelarik, asko geratzen zaigu ezagutzeko?

Pentsa, azken zenbaketaren arabera 127 izen erabili zituen Pessoak (batzuk garatu gabe utzi zituen, haatik). Premiazkoena, ezbairik gabe, Bernardo Soares-en O Livro do Desassossego euskaratzea litzateke, ezinbestekoa baita Pessoa bere osoan ulertzeko.

Zein litzateke zuretzat, itzultzaile gisa, gustura euskaratuko zenukeen hurrengo egile edo lan bat?

Ipurtarin samarra naiz, geldirik ez egotekoa, eta beti bada zerbait. Orain, esaterako, Lobo Antunesen eleberri bat amaitzen ari naiz Literatura Unibertsala bildumarako.

Vinicius de Moraes-en poema batzuk ere euskaratzen hasia naiz, txolartetxoetan; Scott Fitzgeralden ipuin batzuekin ere lardaskan ibilia naiz... Inoiz argitara aterako diren? Ez dakit. Ez dio ardura, gainera: egiteko atsegingarria da niretzat.

Elkarrizketa honen uberan:

Berria

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)