Elkarrizketak

Isa Diazi elkarrizketa

Ostirala, 2020-09-25

Isa Diazek hirugarren poesia liburua plazaratu du, Sano erradikal (Alberdania). Bertan poesia forma ugari topatzen ahal dira eta, oinarrian, munduko gordinkeriari zuzenean so egiten dion bizipozaren aldarri bat.

Isa Diazi elkarrizketa

Aurreneko liburuak publikatu zenituenetik hogei urte baino gehiago pasa da. Ez genuke idaztea argitaratzearekin soilik lotu behar, zuk prentsaurrekoan aipatu zenuen urte hauetan guztietan idazten egon zarela. Edozein modutan, argitaratu gabeko epe osoan idatzitakoa da liburu hau, edo azkenaldiko testuak bildu dituzu gehiago?

Aspaldiko testuren bat edo beste badago liburuan, baina moldatua. Poema gehienak azken urteetakoak dira, azken labealdikoak. Aspalditik nuen buruan liburu honen proiektua: banekien zer idatzi nahi nuen, zeri buruz eta nola. Urte asko dira azken liburuak publikatu zirenetik eta pentsa daiteke urte hauetan idatzitakoaren bilduma bat dela honakoa, baina ez da horrela. Urteotan idatzitako testu asko gordeta dauzkat, agian noizbait aterako dira argira.

Oso urrun ikusten duzu aurreko liburuetako Isa Diaz?

Ez, oso gertu dago. Nire ustez Ontzi iluna (Kutxa, 1999) egilea nor den jakin gabe irakurtzen baduzu, eta segido honako hau, hogei urte pasa diren arren egilea berehala identifikatuko duzu.

Lehen esan duzu hasieratik bazenuela liburu bat buruan. Zein zen liburu hori?

Funtsean, jarrera aldaketa bat zen haren oinarria. Hau da, anbizio faltari ataka bat jartzea eta neure buruari esatea “Ez, polita, idazten ari zara publikatzeko ardurarik gabe. Denbora aurrera doa, gu harekin, bizitzak buelta asko ematen ditu, ados, baina bada momentua esateko: anbizio pixka bat eduki, idazten duzunak balio du liburu baterako, kalitate minimo bat badago”, eta erronka bezala hartu nuen. Azken liburua literatur lehiaketa batetik ateratako lana zen, ez zuen jaso kritikarik inon, oharkabean pasa zen. Orduan, zure buruari galdetzen diozu, “Zertarako?”. Baina ez, neure buruari esan nion: "Idatzi, egituratu buruan ikusten duzun bezala, eta gero liburu horren alde egin borroka, zeure buruarengan konfiantza izanda eta idazten duzun horretan sinetsita". Eta horrela izan zen: ahalduntze prozesu bat, emakume bezala eta idazle bezala. Emakume idazlea naiz, bi ahalduntze prozesu horiek bat egin dute prozesuan, eta horren emaitza da liburua.

Ahalduntzeaz ari zarela, liburua orainean guztiz errotuta dagoela esango nuke, feminismotik egun planteatzen diren gauza askorekin bat egiten duela. Feminismoa ez da sekula izan moda bat, nahiz eta askok horrela saldu nahi duten, baina eztabaidaezina da olatu historiko berri batean gaudela. Horrek busti zaitu, kutsatu zaitu, edo berdin-berdin aterako zenukeen orain atera den bezala, demagun, duela zortzi urte?

Bai eta ez, bietatik dauka. Alde batetik, urte hauetan guztietan nire baitan ere eman da ahalduntze hori, hainbat ikastaro, lanketa, irakurketa eta sakontze lanen bidez. Atzetik datorren kontu bat da beraz, urte askotako prozesua. Baina gero, baita ere, egia da azkeneko bi-hiru urte hauetan bizi izan duguna eztanda baten modukoa izan dela, bada bizi gaituen eztandaren eragina ere.

Titulura etorrita, ez zen hasieran pentsatua zenuen titulua, azpititulu gisa geratu den “Ijiji!” oihua baizik. Sano erradikal amaiera aldera dagoen poema baten titulua da, manifestu kutsua ere izan lezakeena, baina batez ere iruditzen zait “sano” eta “erradikal” hitzek oso ondo islatzen dutela liburuaren energia: “erradikal” hitzaren indarra eta “sano” umore eta positibotasuna. Liburu osoa bi energia horien arteko talkan eta dialogoan oinarritzen da?

Nik hasiera batean “Sano erradikal” azpititulu bezala nuen aukeratua, eta titulu bezala “Ijiji!”. Editorearen iradokizuna izan zen alderantziz egitea. Ni neu ere bai dudatan ibili nintzen hasieran, “Ijiji!” oihu honetan “sano” eta “erradikal” hitzak hor barnean zeuden, baina klaro, niretzat, ez halabeharrez irakurlearentzat. Uste dut editoreak bete-betean asmatu zuela aldaketarekin.

isa 1

“Ijiji!” hala ere presente dago liburuan: poema batean, aitzin solasean... Hitzaurre gisako poema idatzi duzu, gozatzeko gonbita gisa. Nori dago zuzendua gonbita hau?

Mundu guztiari, izan gizonezko, emakumezko, gorputz bat edo bestea, zure bizitzaren momentu batean egon edo bestean, berdin dio generoak, sexuak... Gozatzeko zergatik? Borrokatzea gogorra delako, eta bizitza oso gogorra da; etsipenean erortzea eta etsituta egotea bizitzak berak ematen digun zerbait da, eta horri ere aurre egin behar zaio, eta horren kontra borrokatu ere bai, bizi pozaren eta bizitzaren aldeko apustua eginez. Bizi dugun sistema kapitalista honen kontra zer aldarrikatuko dugu, bizipoza eta bizitza duina ez bada? Gutako guztiona gainera, bakoitzaren bizitzak balio duelako. Sistemaren aurka egiteko festa, irria, algara eta ondo pasatzea ere, elkarrekin eskutik lotuta, lepotik helduta.

Poema bat amaitzen duzu esanez: “Eta bai / egiazki bizitza ederra ere bada. / Benetan”. “Ere” horretan dago gakoa, liburuak ez baitu ukatzen gordinkeria, hitz asko oso pisutsuak dira: justizia, interdependentzia, falokrazia... baina beti dago bizitzaren edertasunaren aldeko aldarri bat. Zerekin nahi zenuke geratzea jendea liburua irakurtzean?

Nik bete betean bizi izan nituen 80ko eta 90eko hamarkadak, Euskal Herriko historian oso gogorrak izan ziren urteak. Garai haiek emandako kolpea gurekin daramagu. 80ko hamarkadan zegoen leloa, benetan sinetsita geunden gainera, “No future” zen. Punk garaiaren esentzia biltzen zuen lelo horrek. Nik bizi izan dut lehen pertsonan, adinagatik, benetan sinetsita ginen ez zegoela etorkizunik, ez humanitatearentzat, ez langileentzat, ez gazteentzat... Denbora aurrera doa, eta esaten duzu, “Bai, egia, garai hura markatuta dago eta esaldi horrek biltzen du haren funtsa, baina horri orain zer jarri aurrean? Bai, gordinkeria badago, baina bizitza ederra ere, bada. Eta etorkizun hori hemen dago, guk egunero egiten dugu, eta gure esku dago aldatzea bestelakoa izateko.

Deigarria egin zaidan beste gauza bat da zenbat dialogatzen duzun pertsona konkretuekin: Virginia Woolf, Idoia Beratarbide, Josu Erkorekaren rekortea, Gallinulo Porphyriori, Moio... Beharra sentitzen zenuen dialogo batzuk edukitzeko?

Bai, elkarrizketa horiek guztiak, norbaiti zuzentze horiek guztiak, Koldo Izagirrek oso ondo izendatu zuen bezala, mintasun batetik dator, mintasun handi-handi batetik. Ez da min abstraktua, konkretua baizik. Egiten dugunak, esaten dugunak, entzuten dugunak gure egunerokotasunean arrasto bat uzten du; arrasto hori hor dago eta erantzuleak badira, eta bakoitzak bere erantzukizunak hartu behar ditu. Min hori barruan daukat eta barruan errotuta geratzen zait, poema bilakatzen den arte; min hori hor dago, izen-abizenak ditu, min kolektibo bat da, eta elkarrizketa beharrezkoa da bestearekin.

Ahots bakar bat dago liburuan, baina forma ezberdinak hartzen ditu: poema laburrak, arnas luzekoak, musikalak, jostalariak... “Sagar sareak”ek adibidez, erritmoa oso landua dauka. Poesia forma ezberdinak erabiltzeko hautua kontzientea izan da, zeozerren bila ari zinen?

Denetik dago. Nire bizitzan gehien irakurri dudan gehiena poesia da, poesia mota ezberdinak: laburrak, aforismoak, poesia narratiboa... Guztia hartzen dut kontuan, baina ez kontzienteki, funtsean paperaren aurrean idazten hasterakoan barruan duzun zurrunbiloa pixkanaka doa forma hartzen. “Heteronormatibatearen etikatik at” poemak, kasu, argi ikusten nuen perkusioa zuela, eta jendea irudikatzen nuen borobilean musikaltasunez irakurtzen. Amaierako “Asanblada” poeman berriz, hitzek berauek zuten musika, hura idazterakoan kantatu egiten nuen. “Sagar sareak” idaztea oso ederra izan zen, asko gozatu nuen: hitza aukeratuz, sentsualitatea eta sexualitatea bilatuz, balada moduko erritmo bat da.

Beste poema batzuek manifestu kutsua dute, manifestu zorrotzak baina oso humanoak era berean...

Bai, horixe bera. Ez duzu manifestu bat edo panfleto bat idatzi nahi, poesian edertasuna horren gainetik dago, nola esan zerbait modu eder batez. Humanoa da alde horretatik. Bestea interpelatzen dudanean astindu moduko bat ematea helburua: “E! Sufritzen ari gara; e! Zapalkuntza historiko batetik gatoz, eta hor sartuta gaude oraindik ere; e! Begira gaitzazu, aurrez aurre, maila berean; humano zu, humano ni, humanoak denak”. Inguratzen nauen min eta zapalkuntza eta bidegabekeria guztien aurrean, nik eskatzen posizionamendu bat hartzea eskaten dut. Interpelazioa bide horretatik doa.

Esan duzu batez ere poesia irakurtzen duzula. Zer nolako poesiak mugitzen zaitu gaur egun?

Orain asko ari naiz disfrutatzen, adibidez, Munduko Poesia Kaierekin. Aurretik oso azaletik ezagutzen nituen egileak, erdarazko erreferentzietatik askotan,  eta orain aukera dago euskaraz irakurtzeko. Asko ari naiz disfrutatzen horrekin. Gozamena da, duela hamar urte ez genuen horrelako aukerarik. Beti egon izan dira euskaraz gauza batzuk, poema solteak, antologiaren bat, baina ez orain bilduma honekin bezala: modu jarraian argitaratuak, egile aukeratuekin, sekulako lana dago hor.

Eta zure ustez, zer ahal du poesiak?

Beste edozein kultur adierazpenak ahal duen gauza bera, lotuta doa dena. Poesia, edo antzerkia, edo musika... Humano garen aldetik humanoago egiten gaituen adierazpen bat gehiago da poesia, beharrezkoa duguna gure bizitzan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)