Elkarrizketak

Javier Aramendirekin solasean

Verba polita, bere lehen poesia liburua plazaratu du EreinekinOstirala, 2014-10-31

"Ez da arima urratu bat bertsoetan adierazten dena. Ez nabil zergatien edo katarsiaren bila. Uneko sentsazioak, sentimenduak, gogoetak eta abar azaldu nahi ditut. Unean uneko aldartea ere bai. Ez gaude beti triste. Gainera, ironiak edo umoreak zama ilun hori arintzeko balio du". Hala azaldu digu Verba polita (Erein, 2014) poesia liburuaren egileak. Formari, hitzen itxurari erreparatzen dio Javier Aramendik. Hitzak protagonista dira hainbat poemetan, bizirik daude, eta irakurleari ari dira hizketan.  "Uste dut ona dela hitzekin, hizkuntzarekin jolastea, mezu formaletatik ihes egin tarte batez, eta hizkuntza gozatu, hizkuntzaz gozatu".

Javier Aramendirekin solasean

Lau ataletan banatu dituzu poemak. Bizitzaren garai bati dagokio atal bakoitzak: Haurtzarokoak, Nerabezarokoak, Oraingoak, Zahartzarokoak. Dena den, hau ez da zure bizitzan zehar idatzitako poemen katalogo bat, ezta?

Ez horixe. Nire Opera prima berandu samar idatzi dudanez, konturatu nintzen idazle baten ibilbidearen ohiko etapak saltatuak nituela, eta horregatik antolatu nuen nire lanen balizko antologia bat bezala. Bistan da hori aitzakia literarioa dela, aukera ematen didana hainbat gai jorratu eta hainbat baliabide erabiltzeko. Hala izan ez balitz, “Oraingoak” ataleko tonu intimistaren eta serioagoaren ikuspegitik egingo nukeen liburua.

Tematika aldetik atal denak dira oparoak baina, definitzekotan, nola definituko zenuke atal bakoitzak jasotzen duena?

Bai, hala da. Atal guztietan denetarik badago ere, joera batzuk gailentzen dira, garaia zein den.

Hasierakoan, haurtzaroko oroitzapenak, fantasia, alegiak eta jokoak jasotzen dira, haurtzaroari loturiko kontuak eta ikuspegia. Esnezalearen agurrarekin bukatzen da atala, desagertu den mundu bati agur esan, eta garai berri bat hasteko.

Gero, nerabezaroa dator, estetikaz kezkatzen hasten garen garaia, eta hor amodioa, sentimenduak, umorea, erotismoa eta esperimentazio gogoa nabari dira. Enaren agurrarekin - malenkoniaren, amodioaren edo lirismoaren sinboloa izan daitekeenarekin- bukatzen da, hurrengo garaia hasteko.

Hurrengoa gaur egungoa da. Tonu serioa gailentzen hasten da, umorearen eta ironiaren zipriztinak han-hemen daudelarik. Badira elkarrizketak nire arimarekin eta nire buruarekin, baina ez zergatien bila, nolakoak garen adierazteko baizik. Hitzak ere poesien protagonistak bihurtzen dira, eta idazteari buruzko hausnarketak ere ageri dira, eta plastikoak diren batzuk. Deklarazio moduko poesia batekin bukatzen da, garai hori ez baita bukatu oraingoz.

Azkenekoan, zahartzaroko gaiak omen direnak jorratzen ditut: denboraren iragatea, nostalgia... Azken poesian, poema bilduma ixten duen horretan, zer dudan edo izan dudan kantagai agertzen dut.

Liburua gai askotarikoa dela esan zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Eguneroko sentsazioak, nostalgia, denboraren iragaitea, porrota…”, gai ilunak dirudite, baina ilunetik baino argitsutik dute poema askok. Tonu alai bat nagusitzen dela esan daiteke, edo jostalari bat akaso.

Bai, ez da arima urratu bat bertsoetan adierazten dena, eta esan bezala, ez nabil zergatien edo katarsiaren bila. Uneko sentsazioak, sentimenduak, gogoetak eta abar azaldu nahi ditut. Unean uneko aldartea ere bai. Ez gaude beti triste. Gainera, ironiak edo umoreak zama ilun hori arintzeko balio du.

Bestalde, nik uste ona dela hitzekin, hizkuntzarekin, jolastea, mezu formaletatik ihes egin tarte batez, eta hizkuntza gozatu, hizkuntzaz gozatu. Hizkuntza ere bada jolasteko, gastatzeko. Izenburua bera hitz joko bat da. Ez da bizkaiera ortografia okerrarekin, latina baizik. Liburu hasieran eta amaieran hitz jokoaren bi alderdiak jarri ditut: izenburuan latinezkoa, eta amaieran, euskarazkoa, hitz horiexekin bukatzen baita azken poema. Beraz, izenburua bera jostalari samarra da, eta zer datorren gero iragartzen duena, nolabait.

Horretaz gain, finean, beste planteamendu estetiko bat da, poesiagintzan tokia baduena.

Baina itzalak ere behar dira, argiaren dizdiraz jabetzeko. Enbata eta Badoa ibaia izan daitezke horren lekuko. Oreka ematera datozenak akaso.

Bai, halaxe da, zuk aipatzen dituzun horiek eta beste hainbat. Liburua ez da monotematikoa, gu ere monotematikoak ez garen bezalaxe. Eta oso ondo iruditzen zait gai baten inguruko liburu bat osatzea, ez nago horren kontra, baina nahiago izan dut honela egitea.

Oreka aipatzen duzu, eta egia da: badago jokoa, badago ironia edo alaitasuna, eta badira tonu iluna dutenak ere. Hiru liburu bakar batean sartu ditudala esatea gehiegitxo litzateke, baina aipatzen dituzun bi poesia horietan une ilunak ekartzen dira gogora, eta umorea edo ironia bezala, tonu iluna dutenak ere han-hemen ageri dira liburuan, eta amaierako atalean batez ere. Ez da jolas eta kanta hutsez osaturiko liburua. Hasierako aipamenean esaten den bezala, badira lanera doazen poesiak, dantzan dabiltzanak eta kantari datozenak, eta bai, nolabaiteko oreka bat bilatu dut. Gu ere oreka hori lortuta ibiltzen gara mundutik, batzuetan burua tente, eta beste batzuetan burumakur. Seguruenik lehengo lepotik burua ibiliko gara mundutik, baina lepo hori askotarikoa da.

Hitzak bizirik daude, gaixo jartzen dira, doluan ere ikusiko ditugu zure liburuan. Alegia, hitza bera da gai eta protagonista hainbat poemetan, ezta?

Paralelismo bat egin nahi izan dut gure bizitzaren eta hitzen artean, hainbat gai jorratzeko: porrota, bete gabeko desioak, idaztearen problemak, etsipena... Pentsatu nuen, hartara, aldentze bat, distantziamendu bat lortzen nuela bizipenak esparru horretara eramanda, eta ez nire ikuspegitik zuzenean azalduta.

 

Erritmoa, eta musikaltasuna

Estilo aldetik, bertso librean aritu zarela aitortu zenuen liburuaren aurkezpenean. Erritmoari erreparatu diozu, eta musikaltasunari. Kantua, bertsoa, musika Ukitu horiek ageri dira poema hauetan.

Eta bertso moldeak ere bai. Nik uste bertso librea prosa hutsetik aldendu behar dela, edo horretan ahalegindu, behintzat. Liburuaren izenburua horren harira dator: hitz distiratsuak. Eta distira hori lortzeko, erritmoa, musikaltasuna, behar da, hitzak horren arabera aukeratu behar dira eta lerroak eraiki. Gainera, erritmoa eta musikaltasuna maiz erabiltzekotan, non hobeto poesian baino?

Bertso libreak eta bertso moldeak, biek ala biek, beren alde onak eta txarrak dituzte. Moldeak euskarri bat eskaintzen dizu, baina kortse bat da aldi berean – kortse bikoitza: orriarena eta estrofarena -. Moldea daukazu eta bete lana egin behar duzu.

Libreak, ordea, askatasuna ematen dizu, baina euskarririk gabea, eta haritik zoaz edozein momentutan erortzeko zorian, bidea zuk zeuk egin behar duzula. Eta pausoak sendo egiteko, erritmoa eta musika euskarri egokiak dira. Gainera, estilo horretan nire ahots propioa ikusten dut, eta hori da inportanteena.

Forma aldetik ordea, bada saiakera berezi bat. Enarak izango da akaso horren adibide argi bat. Zure gustuko poetek ere joera hori al dute?

Bertsoek zirrara eta sorpresa sortzen duten bitartean, edozein bide da egokia, edozein estilo. Kaligramak, poesia espaziala edo grafikoa oso ondo dago, baina tarte baterako. Nire liburuan ale bat edo beste besterik ez dago, eta Enarak izenekoan hori egitea egokia iruditu zitzaidan, Nerabezarokoak atalean, berrikuntzen garaian, kokatuta dagoelako, eta poesia horren gaia jorratzean, gaia indartzen zuelako.

Galderari helduta, zirrara eta sorpresa bilatzen ditugu poesietan eta hori edozein estilo eta garaitan topa dezakegu, ez nahitaez garai bateko abangoardian.

Irudi eta margo batzuk ageri dira poemen artean (eta zu ere irudikatuta agertzen zara margoren batean). Zein funtzio dute liburuan?

Nire lehen liburua zenez, nerabeak jendaurrean, gizartean, aurkezteko, herrialde batzuetan egiten diren festa horien antzeko zerbait egin nahi nuen. Dotore jantzi eta lagunek lagunduta irten plazara. Horregatik eskatu nien lagun batzuei marrazki bat edo beste uzteko, liburu “nerabe” hau irakurleen aurrean aurkezteko. Bi marrazki egin dira bi poesietarako zehazki; besteak, ordea, gaia ezagutu gabe aukeratu zituzten, nire erretratua, esaterako. Helburua ez zen poema indartzea edo osatzea, liburua bera apaintzea, osatzea, baizik, eta zerbait gehiago eskaintzea irakurleari, beste zerbait iradokita aldi berean. Azalarekin ere berdin jokatu nuen. Amaia Zaitegiri azala egiteko eskatu nionean, ez nion gaiaz ezertxo ere aipatu. Ez nuen nahi azalak inolako loturarik sortzea gaiekin. Eta uste dut asmatu egin duela, azal atsegin bat egin baitu, irakurtzera gonbitea egiten duena. Nik uste edizioa - azala, letra tipoa, formatua, papera eta irudiak - zaindu egin behar dela. Gehiago apaindu nahi nuen, baina ez zen posible izan, halako argitalpenek beren mugak baitituzte, normala dena, bestalde. Gainera, poemak txarrak izanez gero, irakurleak, behinik behin, azal eta marrazki polit batzuk ikusiko ditu... Gaitzerdi!

“Gutun irekia nire editoreari”

Bulkada ludikoa, alaia duela liburu honek. Hala esan zuen Iñaki Aldekoak, Ereineko editoreak. Keinu ere egin diozu, hain juxtu, Gutun irekia nire editoreari poeman.

Iñakiri egindako poesian idazle lanaz aritzen naiz: ezin asmatuz gabiltzanean, hitza edo bidea ezin aurkituz edo gaia ezin lotuz. Hori adierazteko, etsipenezko tonua erabil nezakeen, baina umorezkoa aukeratu nuen, bide batez, nire buruaz trufa egiteko. Gainera, pentsatzen dut ez dagoela gauza okerragorik editore batentzat hitzartutako proiektu bat idazleak berak bertan behera uztea baino, hori kontatzen baita poesia horretan, eta keinu hori egin nahi izan nion.

Miquel Marti i Poli ere eskainia diozu poema bat. Solasaldi gisara emana edo. Ez da bakarra, auto-elkarrizketa itxura ere badute beste hainbat poemek.

Badu Martí i Polek bere herriari egindako aspaldiko poema bat. Notario bat balitz bezala zerrendatzen ditu bere herrian dauden gauzak, pertsonak eta abar. Hori oinarri hartuta, erantzun egiten diot nire herriarekin konparatuta. Eta diozun bezala, badira elkarrizketak nire arimarekin eta nire buruarekin. Lehen esan dut nire planteamendua ez dela barrenak hustea edo zergatiak bilatzea, halakoak garela adieraztea baizik, eta baliabide hori egokia iruditu zitzaidan distantzia pixka bat lortzeko, eta erradiografia edo argazki moduko bat egiteko. Gainera, estiloa ez hanpatzeko, ez trinkotzeko edo ez gordintzeko balio du elkarrizketak, eta nire ahots propioa azaleratzeko.

“Gozatuz egiten da lan”

Nolakoa izan da lehen liburua osatzearena. Zenbat izan du estualditik, zenbat gustagarritik?

Gozamena. Ia San Virila bezala ibili naiz: joan zen baso batera eta urretxindorraren kanta adituta, gozamenaren gozamenaz, 300 urte eman zituen han, basoan, konturatu gabe. Bueltatu zenean, beste garai batean zegoen eta inork ez zuen ezagutzen. Nire kasuan, epea askoz laburragoa izan da, eta bueltan, ingurua berdin zegoen. Hala ere, luze egiten da noiz argitaratuko zain egotea - hasi berri baten ezinegona -; gainerakoan, gozatuz egiten da lan. Oztopoak gainditu, eta segida dagoen bitartean, ez dago arazorik. Zailena izaten da lana eta idaztea bateratzea, bizimodu eskizofreniko bat eramatera eramaten zaituena, idazten eskarmentua dutenek nik baino askoz hobeto ezagutuko dutena. Bolizko Dorrerik salgai ez dagoenez, etxe arrunt batean bizi behar, betiko bizimodua eraman behar, interferentziak, etenaldiak, eta guzti.

Eta opera prima honek, izango al du segidarik?

Segidarik izango ote duen ez dakit. Lehenik irakurleen erantzuna zein den ikusi behar. Gero, zer kontaturik ote dudan, eta azkenik, editorerik ote dagoen.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)