Elkarrizketak

Joan Mari Irigoienekin solasean

Bi urtetako kronika fakultatiboa 2012-2014 (Elkar) eta Txantxanberde kantaria (Egilea editore) liburuez egin dugu solasOstirala, 2015-05-08

Joan Mari Irigoienek bi poesia lan ekarri ditu aurten plazara: Bi urtetako kronika fakultatiboa 2012-2014 (Elkar) eta Txantxanberde kantaria (Egilea editore). Lehenengoa martxoan aurkeztu zuen, bigarrena maiatzaren 14an aurkeztuko du. Bi lanak izan ditugu mintzagai elkarrizketa honetan.

Joan Mari Irigoienekin solasean

BI URTETAKO KRONIKA FAKULTATIBOA (2012-2014) 

Arnas luzeko lanetan trebatua zaitugu, baina lan berri honetan sakontasuna lerro artetik dator, biluztasunaren gerizpetik. Zer nolako lanak ematen dizkizu batak (hitzen zehaztasunez janzteak) edo besteak (biluztuz sakontzeak)?

Egia da liburu honetan hitzen zehaztasuna bilatu dudala (ez ahaztu Zientzietakoa naizela, azken batean), baina egia da, halaber, testu sakon bat bilatu behar nuela (gizakiongan gai funtsezkoa da osasuna, funtsezkoena ez bada: osasuna falta denean nabaritzen da hori…), ezin aurki nezakeena biluztasunaren bidetik baizik. Emaitzari dagokionez, ez dakit liburua ona den ala ez, hori irakurleek esan beharko dute, baina ezin ukatu dut, liburuaren lanketan, beti izan dudala Baltasar Graciánen esaldi ezaguna gidari: “Lo bueno, si breve, dos veces bueno”.

Baziren urte batzuk ez zenuela poesia argitaratzen, lan honek segur aski ez du zer ikusirik poesiaren arloan aurretik argitaratutakoekin. Gaixotasunaren esperientziak estututa bueltatu zara poesiara, barrura egiteko beharrak akuilaturik?

Bai. Izan ere, minaren esperientzia positiboa ere izan daiteke, mina muga batzuen barruan mugitzen den bitartean; behin mugak hautsi eta minezko min bihurtzen denean, ordea, edozein baliabide hartzen dugu aintzakotzat, mina leuntzeko edo barrua asaskatzeko asmoz: nik hitzean aurkitu dut baliabide hori, hitz poetikoan.

Gaixotasunaren gaiak gidatzen du liburua. Baina ez dago gaixotasunaren agerpenaren barruan idatzirik, asimilazio prozesu baten une batetik aurrera baizik. Nolabaiteko distantzia bat behar da horrelako gai bati buruz idazteko? Zein unetan izan zara gai jazotzen zaizunaz idazteko, non topatu zenuen motorra?

Egia da jota zaudenean jota zaudela, eta muturreko baldintza horietan nekez aurki daitekeela ihesbiderik. Ondorioz, distantzia gutxieneko bat ezinbestekoa da, edo minezko minaren amore emate gutxieneko bat, bestela esanda, gaixotasunaren prozesuan. Onerako bilakaera hartan, nik ere aurkitu nituen, halako batean —sei-zazpi-zortzi hilbetera—, arnasgune batzuk, eta handik hasi nintzen idazten; guztiaz ere, esan beharra dut, neure ahalegin hartan, poema umoretsuak atera zitzaizkidala, lehenik eta behin. Handik gutxira, berriz, beste momentu bat iritsi zen, zeinean nire esperientzia mingarriaz mintzatzeko gai sentitu bainintzen. Handik aurrera, ordenagailuaren aurrean eseri, eta lanari ekin nion.

“Aitortza”ren eremuan kokatu zuen Anjel Lertxundik liburua aurkezpenaren inguruan. Ez dirudi erraza aitortzaren eremuan idatziz murgiltzea; aitortza bera ekintza bat ote da, literatur lan bat baino gehiago? Alegia, aitortza bera da motorra, forma baino gehiago?

Nik behar nagusi bat sentitu nuen hasieran: munduko gaixo guztiekin bat egitekoa, depresioak jota daudenekin bereziki. Gero, ahots bat eman nahi izan nien. Izan ere, badago gaixotasun horretan halako arduragabekeria eta halako banalizazio bat, nik bizi izandako esperientzia gogorraren ondotik biziro gorrotatzen dudana. Gaur mundu guztia, izan ere, depreak jota dago. Ikustekoa baita zer arintasunarekin erabiltzen dugun hitz hori, deprea gora eta deprea behera! Baina nik neure egia esango dizut: depreak benetan jota dagoena, ez da inoiz depreaz mintzatzen: depreak benetan jota dagoenak aski eta sobera du bere minezko mina pairatzearekin. Bai, badakit hitz horrek —depreak, alegia— bi adiera dituela gaur egun: alde batetik, depresioa izendatzeko era laburtua da; bestetik, guztiok izaten ditugun beheraldi edo tristuraldi ohiko horiek izendatzeko modu bat da, depresioarekin zerikusirik ez duena eta, besteak beste, urtaroen aldaketak eragina izan dezakeena. Nik, egia esan, erabat baztertuko nuke deprea gure hitz egiteko era guztietatik, eta depresioa erabili. Horrela, bukatu egingo lirateke arinkeria eta anbiguotasun guztiak: depresioa, izan ere, oso gauza serioa da, pisu handiko hitza, zentzua bere osoan hartzen duena eta ez laburbideetan. Bestelakoan, buruan nerabiltzàn ideia horietan eta aitortza horretan aurkitu nuen, bai, motorra.

irigoien 2

Nori zuzentzen zaio aitortza? Publikoari? Norbere buruari? Bata edo bestea izan, zergatik egin?

Zergatik egin… zergatik ez egin? Galdera hori ere bururatu zitzaidan, ez uste: gainera zetorkidàn guztia isil-isilik sufritu ahalik eta elegantziarik handienarekin, eta kito. Modu hori, gainera, lotuago dago nire izaerarekin, nik uste, baina hara: aurreko galderan eman dizkizudan arrazoiak burura etorri, eta arrazoi horiek erabaki zuten, hondarrean, nire jarduna.

Deigarria eta mirestekoa den ezaugarri bat liburuan: umorea. Zer garrantzia du honek, zer nolako heldulekua da?

Niretzat umorea hil ala biziko heldulekua izan da beti; are gehiago: sarri-askotan, nire arnasa da, nire udaberria… Kontrastean, baina, gai batzuk serioegi hartzen ditut: politika, adibidez; edo bizitzaren zentzuari lotutako kontu pertsonalak, e.a. Baina aitor dut: txantxazalerik txantxazaleena bezain txantxazale eta adar-jotzaile izan naiteke maiz, azken bolada honetan beheraldiak behin baino gehiagotan jo izan banau ere.

Gaixotasunarekin lotuta depresioa, beheak jota egotearen berri ematen da. Muturreko egoerek elkar ukitu egiten dutela esaten da, badirudi zenbaitetan depresioa eta zoriontasuna oso gertu daudela, batak bestera daramala. Hala sentitu duzu?

Behin edo behin, bai… baina minezko mina nagusitzen denean, akabo! Niri mistizismoaren gaia interesatzen zait… baina ez naiz Sienako Santa Katalina, eta jendea ere, normalean, ez da. Esaiozu bat-bateko haginetako min jasanezina errotzen zaion gizaki arruntari irripartxo bat egitea, eta antzarak ferratzera bidaliko zaitu.

Idaztea bera agertzen da liburuan aurrera jarraitzeko motor handi baten moduan, baina era berean ezintasun iturri. Zer da idaztea, liburu honetan?

Argiak eta itzalak, hori da gure bizitza. Eta idazteak ere baditu bere argiak eta itzalak. Gaixotasun baten esperientzia idaztea: horra nire liburu honen helburua. Baina hitza ez da helburura iristeko gai. Zer da, izan ere, mina? Esperientziaz dakigu gorputzean ezkutatzen den minik gordeena ere ageri-ageriko errealitate bat dela, bizia bezain gordina. Baina misterio bat ere bada. Eta misterioa berez da atzemanezina. Are gehiago: mundu atzemanezin horren mami funtsezkoa atzeman nahi izaten dutelako egiten dute poeta batzuek poesia. Zientzialariek bezala… batzuen eta besteen abiapuntua (hitza vs. zenbakia) guztiz desberdina bada ere.

 Azkenik, liburuaren amaieran bada zikloak ixteko behar bat, bilobekin, aurrera begiratze bat. Zer sentsazio gorde nahi izan duzu amaierarako?

Esperantzarena, inozentziaren irria zerumuga. Liburu hau ez bainuke idatziko, esperantzarik ezean.

TXANTXANBERDE KANTARIA

Beste poesia liburu bat ere kaleratu behar duzula jakin dugu. Zer nolako liburua da honakoa?

Altzatarrei bereziki eskainitako liburu bat da, baina, altzatarrek ez ezik, euskaldun orok irakur dezake lasai-lasai. Bertan, mota guztietako poemak jasotzen dira, ekologia bere zentzurik zabalenean ardatz hartuta. Liburuak bere atalak ditu, bakoitza bere izenarekin: 1) Sorlekuaren inguruko kezkak piztu zuen, lehenik eta behin, nire kontzientzia ekologikoa; 2) Askatasunaren abenturari ekin ez beste ekin nion neure kontzientzia ekologikoa zabaltzeari; 3) Askatasunaren aldeko poema bat ere, mitin batean irakurritakoa, ekintza ekologiko bat da, bere xumean… Era honetan, hamar ataleko poema-liburua osatu dut… gehi atariko atala eta gehi epilogo bat. Horietatik bat azpimarratu nahi nuke: 9) Jolasa eta umorea eta irria… eta nork bere buruari barre egitea batez ere ezinbesteko ekologikoak dira. Poema gehien dituen atala da, eta, bertan, biografia moduko bat eraikitzen saiatzen naiz, honako titulu honen pean: Nire biografia, benetakorik benetakoena baino benetakoagoa, gezurra dirudien arren. Gainerakoan, poema horietako batzuk zorrotzak dira, besteak erdi naïfak… Poema horiek, egia esan, nik neuk hartzen ditut poematzat, baina aitor dut, poesia zeregin sakratutzat dutenek nekez hartuko dutela poesiatzat; aldiz, funtsik gabeko ahalegintzat hartuko dute: zabortzat edo kaka-mokordotzat, alegia. Baina hara: lagun batzuei utzi dizkiet poema horiek, eta asko gustatu zaizkie, oro har. Horregatik eman dut argitara atal hori: horregatik… eta sinetsia nagoelako gure osasun mentalarentzat ere ezin osasuntsuagoa dela guztion baitan bizi den haurrari bere protagonismoa ematea: ezin dugula, alegia, bizi gaituen haurra hiltzen utzi; aitzitik: ezin hobeto elikatu beharko genuke noizbehinka.

Autoedizioaren bidetik plazaratu duzu, zergatik?

Autoediziora jo dut, bai, esango dizut zergatik. Liburuan esplikatzen dut nola, gazte nintzenean, jasangaitz egiten hasi zitzaizkidan bilerak, hain nuen beroa irudimena, irudirik ezustekoenak burura ekartzen zizkidana, baita, noizean behin, pentsamenduen lotura egokia eragotzi ere… Beste alde batetik, banuen kontzientzia politiko bat, Gandhiren ideien bidetik bultzatu nahi nuena. Hartarako, baina, jendearekin bildu behar nuen, ezinbestean… Nola, baina, jendearekin bildu irudimen sutsu harekin…? Harik eta, handik urte gutxi batzuetara, neure bidea egitea erabaki nuen arte, lumari edo idazmakinaren teklei emanez. Ondorioz, beti izan dut halako erruduntasun konplexu bat neure erabaki harengatik eta Altzako lagunei behar bezala ez laguntzeagatik, geure herri-proiektuan. Ordainean, liburu hau egitea bururatu zitzaidan, oso berezia dena, eta poema-liburu-bilduma ohikoetan tokirik izango ez lukeena. Horregatik autoedizioaren kontu hori. Jendeak badaki, gainera, nola nagoen, esklerosiak jota: Txantxanberde kantaria, beraz, liburu egokia izan daiteke… baita despedida gisa planteatuta ere, kar-kar-kar…

Maiatzean aurkeztuko duzue Altzan. Nolako aurkezpena izango da?

Aurkezpen xume bat izango da. Liburuaren aurkezlea Juan Ramon Makuso izango da. Altzatarren bat ere egongo da aurkezmahaian, gezur batzuk esateko: espero dezagun… Bertan egongo dira, halaber, ekitaldira doazenak… baita, Tomasene Kultur Etxeko hormetan zintzilik, nire anaia Manuelek azalerako proba gisa egin dituen txantxanberdeak ere… gehi beste koadro bat, Azken urtetako kronika fakultatiboaren azala egiteko erabili genuena. Behin hona iritsita, gauza bakarra falta zait: proiektu honetan —bai liburuaren moldaketan eta bai aurkezpen ekitaldian ere— lagundu didaten guztiei eskerrak ematea: Elkar-eko langileei, Altzako elkarteetako kideei, Manueli, Igorri… A!, eta ez ahaztu Tomasenen egongo direla poema-liburuaren berrogeita hamar ale salgai, ea negozio-munduarekin lotuta dagoen lan berri honi etekin dirutsua ateratzen diodan, Bárcenas eta Rodrigo Ratoren bideak eta jokamoldeak imitagai…

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)