Elkarrizketak

"Gu oso konplikatuak gara baina pertsona sanoak eta sinpleak gustatzen zaizkigu"

Astelehena, 2018-12-24

1920. Maria Garrastazu hamasei urteko gazte bat da eta Zestoako bainuetxean ari da lanean. Monsieur Perrin deritzan bezero batek, dandya izatez eta ispilu marka bateko saltzailea ogibidez, berarekin lan egitea proposatuko dio. Gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekingo dio Maria gazteak, lehenik Biarritzera eta gero Parisera eramango duena. " Ispiluak eta itsasoak (Elkar) nobela ez da bidean gehiegi zentratzen", Joxean Agirrek azaldu digunez. "Baina oso bisuala da istorioa. Marrazkilari batentzat adibidez, oso egokia". Gazteei zuzenduriko kontakizun hau saga baten lehen alea da.

"Gu oso konplikatuak gara baina pertsona sanoak eta sinpleak gustatzen zaizkigu"

Maria Garrastarzu nobelako protagonistak bezalaxe, zure amak ere Zestoako Bainuetxean egin zuen lan.

Adin eta garai horretan aritu zen Zestoan lanean. Aizarnakoa zen eta garai hartan eskualde horretako emakume gehienak handik igaro ziren. Hogei bat hotel eta ostatu egon ziren orduan Zestoan (XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan).

Amaren oroitzapenak baliatu dituzu akaso?

Gure ama oso emakume hiztuna zen. Asko hitz egiten zuen familiaz, baina ezer gutxi dakigu garai hartan egin zuen lanaz. Guk ere ez genion galdetzen. Hil arte gurasoei ez zaie ezer galdetzen.

Zenbat kontu galduko ziren horrela.

Askotan esan izan diot arrebari. Ezkondu aurretik, gure amak izango zituen nobio pare bat, ezta? Baina ez dakigu ezer ez.

Dena den, bera izan al da nobela honi ekiteko akuilu nagusia?

Ez du zerikusirik izan. Orain oso zaila egiten zait nobelaren sorburua zehaztea baina esango nuke bestela etorri zela kontakizun honen ideia. Izenburuan agerikoa denez, bi gai nagusi daude nobela honetan: bat ispiluei buruzkoa da eta bestea talasoterapien ingurukoa. Seguraski talasoterapiarekin hasiko nintzen. Horri buruzko zerbait irakurri nuen eta apunte batzuk hartu nituen. Ozeanoa itsasoa Alessandro Bariccoren nobela ere orduantxe irakurri nuen.

Garai beretsuan antzeko lanetan aritu zen arren, Maria Garrastarzu pertsonaiak ez du zure amaren ezaugarririk orduan.

Aizarnakoa zen, baserritarra, bainuetxe batean lan egin zuen garai hartan eta kito. Mariaren pertsonaiak hala ere ez du konplikazio handiegirik. Monsieur Perrin pertsonaia maskulinoak badu beste konplexutasun bat. Ironia, zinismoa, umorea... Nik neuretik ipini diodana. Umore esajeratu hori. Maria ordea naturala da, freskoa.

Tolesdurarik gabea.

Hala da, bai. Eta Monsieur Perrin aldiz dandy bat. Eta dandya ez al da artifizioaren kulmena?

Orduko dandyak gaurko hipsterrak dira.

Hori da. Horrelako gizon heldu batek halako grazia aurkituko dio neska sotil gazteari. Guri ere gertatu izan zaigu. Gu oso bihurriak eta konplikatuak gara baina pertsona sanoak eta sinpleak gustatzen zaizkigu.

Ondo funtzionatzen du kontraste horrek: Maria gaztearen xalotasuna eta Monsieur Perrin zaharraren eskarmentua.

Ados nago. Anbiguo samarra da Perrin. Bainuetxeetan aspertu egiten da baina Zestoan Maria gaztearekin konektatu egingo du. Oso ondo pasatzen du berarekin. “Ni neska honekin ondo ibiliko nintzateke batetik bestera eta lan bat eskainiko diot”. Eta Zestoatik Biarritzera joango dira lehenik eta Biarritzetik Parisera ondoren.

Sinpatikoa izanik ere, oso istorio sinplea da. Kontakizun bakarra izango banu, beharbada gizendu egingo nuke. Baina hiru liburu egiteko asmoa dut eta komeni zitzaidan lehena sinple eta azkar joatea.

Ispiluak eta itsasoak (Elkar) nobelak segida izango du orduan?

Bai, bestela oso arraro geratuko litzateke, ezta? Nobelak ez du bukaera garbirik. Begira, Goldsmithen ikaslea (Elkar, 2017) bukatu nuenean konturatu nintzen lurralde berean nenbilela, mugitu gabe apenas. Aldatzearren, politikarekin obsesionatuta dagoen tipo baten inguruko istorioa idaztea erabaki nuen. Gure belaunaldiak bizitza osoa pasa du politikarekin obsesionatuta eta horretaz idatzi nahi nuen. Buruan banuen ideia baina ez nuen formula egokirik aurkitzen. Ez nuen kronika moduko bat edo errelato errealista bat idatzi nahi, nobela itxura eman nahi nion obsesio horri. Kolpetik hasi gabe, xumeagoa izango zen beste zerbait idazteari ekin nion. Gauza txiki bat. Eta horrela hasi nintzen Ispiluak eta itsasoak idazten. Nobela sinple hauek egitea lasaigarria da niretzat. Ez dut burua asko nekatu beharrik. Istorio polit bat idatzi behar duzu. Kito. Kasu honetan, didaktiboa ere bada. Gazteei azaldu nahi diet gizartean badirela estratu batzuk, klase diferentziak, aberatsak eta pobreak... Ahalegin hori ere badago nobela honen atzean.

Kontraste handiko garaia

1920an, bi gerra handien arteko garaian kokatu duzu nobela. Ez da oso garai ezaguna gurean, ezta?

Artistikoki urte esanguratsuak izan ziren Parisen. Aberatsek txanpaina edan gabe pasa zuten Lehen Mundu Gerra baina guda giroa bukatu zenean sekulako festan murgildu ziren. Europan oso garai indartsua izan zen hura, kontraste handikoa.

Munduaren akaberak ospakizunean harrapa gaitzala, pentsatuko zuten.

Bai, hala da. Bestetik, klase diferentziak agerikoagoak zirela uste dut.

Aizarna eta Biarritz ere aski ezberdinak izango ziren. Belle Epoque garaiko Biarritz irudikatu duzu. Modernoa eta kosmopolita. Aizarnan aldiz, errepidea egin gabe zegoen oraindik.

Argi indarrik ere ez zen.

Maria liluratuta dago itsasoarekin. Aizarnako neska gazte batek itsasoa urrun ala gertu al zuen garai hartan?

Urrun. Ez bazuen senideren bat kostaldean, ez ziren maiz hurbilduko itsasaldera. Zaila da imaginatzea. Joango ziren, baina tira.

Itsasoari dagokionez, betiko zera horiek jaso ditut nobelan: itsasoa beti bat izanik ere beti dela diferentea, itsasoari begira bat ez dela sekula aspertzen, itsasoaren aurrean gaudenean gure baitara sartzeko joera dugula...

Itsasoa ez da beti kontu bukoliko bat izan.

Alderantziz. Itsasoa beti izan da gauza beldurgarri bat, munstroz beteta. Hori oso ondo azaltzen du Alessandro Bariccok Ozeanoa itsasoa liburuan.

Arrantzaleentzat ere ez da kontu samurra.

Manuel Rivasek badu ipuin bat non arrantzale bat agertzen den. Itsasoa kabroia dela esatera dator. Lan egiteko toki arriskutsua behar du izan. Turistaren ikuspuntuarekin aldatu egin zaigu itsasoarekiko dugun irudia. Gaur egun miresmena da nagusi.

Miresmen horrek ekarri zuen bainuetxeen gainbehera. “Ur termalen aroa bukatzera doa itsasoko bainuen mesedetan”, Monsieur Perrinen hitzak dira hauek.

Diskurtso chauvinista bat dago horren atzean: Zestoako bainuetxea Espainiako onena izango da baina ez du zerikusirik Biarritz, Wiesbaden edo Europako beste batzuekin. Bestetik, egia da Biarritz toki esanguratsua zela orduan. XX. mende hasieran, tren bat etortzen zen zuzenean Moskutik Biarritzera. Jende ospetsua hurbiltzen zen. Némirovskytarrak, adibidez. Gerra aurretik ere idazle pila bat ibili zen.

Némirovskytarrak aipatu dituzu. Zure nobeletan margolariak eta idazleak agertu ohi dira. Ispiluak eta itsasoak honetan ere garaiko artisten aipamenak batu dituzu. Gertrude Stein idazlea, esate baterako.

Steinek Amerikatik jo zuen Parisera. Garai hartan, artista onenak Parisen zeuden. 

Parisera, Cavriolet batean

Monsier Perrinek eta Maria Garrastarzuk Zestoa-Biarritz-Paris bidaia osatuko dute autoz. Road movie baten itxura du nobelak.

Cavriolet bat du Monsieur Perrinek! Hala ere, kontakizuna ez da bidean gehiegi zentratzen. Zestoatik Biarritzera adibidez, lau lerrotan doaz. Eta handik Parisera, hamar lerrotan. Baina oso bisuala da istorioa. Marrazkilari batentzat adibidez, oso egokia. Mariaren gurasoak ere irudi batzuk dira. Aitaren txapela, amaren mantala...

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)