Elkarrizketak

Juanra Madariagarekin solasean

"eSPedizioa: mendi ororen pisua" liburuaz egin dugu solasOstirala, 2015-10-09

Juanra Madariagak eSPedizioa: mendi ororen pisua liburua plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik. Bertan Shisha Pangma mendira egindako espedizioa kontatu du, bidaia edo kronika liburutik haratago, bidaiak mendizalearen barne munduan eragindako mugimendua ere azalduz. Egileak berak igorri dizkigun argazkiekin jantzi dugu elkarrizketa.

Juanra Madariagarekin solasean

Irakurlearen eserlekutik ikusita, muturreko esperientzia bat da kontatu duzuna liburu honetan. Muturreko esperientzia baten gisan sentitzen duzu zuk ere?

Himalaiara joan naizen guztietan muturreko esperientzia bizitzera nindoala sentitu dut, alde guztietatik begiratuta, alde fisiko, zein psikiko. Intentsitate eremuak dira horiek, beste kultura, paisaia eta dimentsio batean murgiltzen zarenean. Eta muturreko eremuak direnez, intentsitatez bizi behar dira derrigor, bestela esperientzia ustela izango da.

Shisha Pangmara egindako bidaia erreala kontatu duzu… zein neurritan idatzi zenuen bidaia bera egin ahala, zein neurritan bidaia egin ostean distantziatik?

Hara nire koaderno bat eraman nuen, eta buruari agindu nion zerbait idatzi behar nuela, nola edo hala. Han zaudela, batzuetan ez duzu gogorik, batzuetan ahituta sentitzen zara, edota makaldurik, eta nekez hartzen duzu boligrafoa zerbait papereratzeko. Egia da han nota dezente hartu nuela, lanaren hasierako nondik norako oinarrizkoenak, baina gero, etxeratu orduko hasi nintzen oroimenezko mataza hartatik haria ateratzen; ateratzen eta ehuntzen. Baina distantzia fisikoa baino ez zegoen, sentipenen multzoa oso azalean neraman, eta erraz suertatu zitzaidan eurekin jolastea.

Zenbait ataletan bai markatzen dituzu mendian bertan idatzitako apunteak, inpresioak, esaldiak direla… zaila izango zen horrelako egoera batean burua idazteko edukitzea… edo ez? Zer zen zuretzat idazketa mendian zinenean? Ahalegin handi bat…? Makulu bat…?

Bai, beti ez duzu ez gorputza, ez eta burua idazteko prest ere. Batzuetan sentimendu uholdea dator eta hori aprobetxatu behar duzu zerbait idatziko baduzu, baina beste batzuetan, zail gertatzen da zerbait ganorazko izkiriatzea. Batzuetan ahalegina egin behar zen, eta beste batzuetan egoera latz batetik ihesbide bilakatzen zitzaidan. Idazketa zure barrua arakatzeko modua da alturan. Zure munduarekiko loturak aztertzeko bidea.

Beste liburu batekiko harremanetik abiatzen da kontakizun hau ere, Unai Elorriagaren SPrako tranbia. Liburuan zehar liburuko pertsonaia den Lucasi zuzentzen dizkiozu hainbat lerro eta pasarte, berarekin nolabaiteko elkarrizketan. Zein neurritan eduki zenuen bidaian zehar presente Lucas?

Hara Unai Elorriagaren liburuaren ale bat eraman nuen, eta presente egon zen nire irakurraldietan. Kapitulu batzuk irakurri nituen bertan eta handik sorturiko pentsamenduak paperean jarri nituen. Lucasekin mintzatu nahi nuen, mendi altuek miresten zituelako gizona zelako.

P1010963

Nola sortu zen liburua eramateko ideia?

Mendiko gailurretan beti ixten dira, edota hara beti eramaten dira, norberaren kuttunak. Niri horixe egingo nuela bururatu zitzaidan. Antzinako espedizioetan hala egiten zuen puntara ailegatzeko zortea izaten zuenak azken erpineraino heldua zela baieztatzeko. Horrela SPrako liburuak oso ziklo polita izango lukeela otu zitzaidan eta puntaraino eraman nuen. Seguruenik mendizale-irakurzale askok ideia bera izan dute, eta seguruenik askok hala gauzatuko zuten.

Poesia idazten ezagutu zaitugu, eSPedizioa: mendi ororen pisua narrazio lan bat da, saiakerarekin mugan, baina badu tarteka karga poetiko bat ere, idazkeran sumatzen dena batez ere. Zein neurritan izan zaizu lan honetan ahots poetikoa lagungarri, edo oztopo?

Nire idazteko modua da. Poesian aritu naiz beti eta agian karga hori idazkera horretatik datorkit, baina gauzak gisa horretan esan behar direla (ditudala) sentitzen dut, narratibotasun higieniko eta linealetik aldenduta, batzuetan zati batzuk ilun xamar gelditu daitezkeen arren. Liburuan orokorrean, elementu lagungarria dela sumatu dut, eta hala adierazi didate irakurle dezentek gainera.

Nolanahi ere, une askotan genero artean murgiltzen da liburua: testigantza, bidaia liburua, kutsu poetikoa, kutsu narratiboa, saiakera… non kokatzen duzu zuk liburua?

Argi daukadana da ez dela, nire aburuz, bidaia liburu bat, ez eta kronika liburu bat. Liburuan zehar hainbat hari nahasten dira: liburua tontorrera eramateko desioa, eta zelan beste alpinista batzuk ere horretan saiatu ziren. Eta bestetik mendizaletasunaren grina ere badago. Biak nahastu ditut, mendirako pasioa eta literaturarena, eta narrazio moduan egituratu nahi izan dut, poetikotasun giro sakonaz blaiturik. Baina hauez gainera beste mila hari daudela esango nuke nik (bizitza, pasioa, desamodioak, heriotza, eromenak,…).

Liburuan bestelako bidaien halako katalogo zerrendatze bat egiten duzu, baita horrelako bidaietan bidaiariek (zuk SP bezala) eraman izan dituzten liburuen aipamena ere. Liburua idazterakoan ere, beste bidaiari-idazle batzuen lanei erreparatu diezu?

Bai horixe zen asmoetariko bat. Nik uste dut mendizalea pasioak biziarazten duela, bizitzeko pasioak, eta era berean ezin pasioa modu bakarrean bizi zu zeu pasionala ez bazara. Horrexegatik diskurtsoan mendizaleak amets inutilen jabeak direla planteatzen dut, eta liburu bat tontorrera eramatea amets inutil horietariko bat da, baina era berean oso ederra eta intentsua. Nire aurretik joan zirenen esperientziak ere ikaragarriak izan ziren, batzuenak ia magikoak, beste dimentsio batenak, ia.

tranbia3

Euskal Herrian dagoen mendizaletasuna ikusita, sentsazioa da literaturan horrek ez duela isla handirik. Zure ustez zergatik izan daiteke hori?

Nahiz eta zerbait idatzita dagoen, ez dirudi kirola eta literatura oso lagunak direnik. Mendizaletasunak badu alde erromantikoa eta epikoa: gizakiak mendia menderatu nahi du, eta senperrenak egingo ditu hori lortzeko, baita bizitza galtzeraino ere. Niri alde hori iruditu zait erakargarria, eta horixe jorratu nahi izan dut modu literarioan.

Oso inpaktantea egin zait, kontatzeko moduan, barne bidaia kontatzen duzula topatzeak, bidaia bera baino gehiago. Alegia, sentitzen duzuna begietatik bizi dugu bidaia, ez hainbeste xehetasun fisikoetatik… bada bidaiaren jarraipen kronologiko bat, baina hari narratiboa ez da oso argia edo konstantea zenbait momentutan… ez duzu ohiko bidaia liburu bat idatzi, beste nonbaitetik idatzi duzu, ezta?

Hantxe nengoela, nire gorputza eta nire gogamena askatu nituen. Askapen horretatik idazti nituen hainbat pasarte, batzuetan jakin barik nire barrua zer adierazten ari zitzaidan. Han, “bakearen eta askatasunaren arteko uztardura batek zure energia bitala berrantolatzen dizu”.

Angustiosoa ere bada zenbait momentutan: mendi-igoeraren muturreko baldintzak islatzen saiatu zara? Ez dirudi hitzez jasotzeko gai erraza…

Bai, baliteke zenbait unetan angustiosoegia izatea, baina antzera bizi izan nuen egonaldiaren zatiren bat edo beste, eta hain zuzen, horrexegatik batzuetan sentsazioak islatzea oso zail gertatu zait. Hasieran nik nire buruaren atmosferan deskribatzeko ahalegina egiten nuen, eta horixe eramaten nuen gero paperera. Seguruenik, lantzean behin erdietsi dut, baina ez beti. Agian, horixe izan da erronkarik gogorrena, ….baina edozein idazlerentzat horixe da betiko erronka, ezta?

Bidaia onirikoa bilakatzen da atal batzuetan, adibidez bidaiariek sentitu ohi duten hirugarren baten presentziarena azaltzerakoan (Hirugarren gizakia, Presentziak: horrelako muturreko egoera, baldintzetan, bidaietan, zurekin beste norbait dagoen sentsazioa, horren azalpen zientifikoa, eta ez hain zientifikoa…). Onirikoa, inkietantea, eta hunkigarria ere. Horrelako kontu batekin ematen du hirugarren horrekin fikzioa eta errealitatea benetan nahasten direla, norberak sortutako pertsonaiak eta pertsonak, baina hori gertatzen denean ez du halako literatur kutsurik izango, ezta?

Hor irakurketa asko egin daitezke. Hirugarren hori edo horiek nor diren, nork sentitu dituen, zergatik, ez ote diren zure alter ego bat,… Kontua da alpinista askok sentitu dituztela, eta zerbait harrigarria da, benetan. Agian horrexegatik dauka horrenbeste misterio alturak, eta era berean, erakargarritasuna. “Ez da sentipen faltsu, arin eta azalekoa, poema batek, musika batek sor lezakeen efektu emozionalen antzera, baizik eta ondoan pertsona-jagole zirraragarria dagoelako ziurtasunezko ezagutza. Era berean, sekulako tentsioa eta sendotasuna sentitu daitezke”, hala idazti nuen. Gure adimenak bakarrik ez sentitzeko estrategia bilatzen du, apika.

Funtsean zer izan da zuretzat bidaia hau: abentura bat…? Barne bidaia bat...?

Etxeko atean kanpora begira gelditzea abentura bat da baldin eta lehen urratsa ematen baduzu. Urrunago joatea zer esanik ez. Baina abentura izateaz gain, abentura hori bizitzeko duzun jarrera da interesgarriena, gure zaurgarritasunaren barruan. Horrelako bidaiak introspekziorako beta galanta izaten dira.

Beti esaten dut, horrelakoetara esku hutsik joaten naizela, bakuna, biluzik, eta nire bakoiztasunean errege, gauzak hartu eta hartu ibili ahal izateko. Beteago bueltatzen zara, baina era berean txikiago sentitzen zara gero.

bc-xixa[1]

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)