Elkarrizketak

"Krisialdi baten kontakizuna egin nahi nuen, zergatik eta nola datorkion protagonistari, nola egiten dion aurre..."

Ostirala, 2020-01-10

Aspalditik idatzia zeukana iaz argitaratu zuen Nerea Baldak: Atzerrian izeneko nobela da, eta Pamiela etxearen eskutik atera du. Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi zuen, Hainbat ahotsek kontatzen dute protagonista izengabearen historia. Jarraian dituzue Baldak liburuaz aletu dizkigunak.

"Krisialdi baten kontakizuna egin nahi nuen, zergatik eta nola datorkion protagonistari, nola egiten dion aurre..."

Maiatzean argitaratu zenuen zure estreinako eleberria, Atzerrian, baina 2018an saritu zizuten. Pasa da tarte bat testua amaitu zenuenetik. Gustura geratu zinen? Nolakoak izan dira idatzi eta publikatu ostekoak?

Ramiro Pinilla lehiaketa irabazi nuela jakitea sekulakoa izan zen, aurretik hainbat lehiaketatan saritua izana nintzen: bigarren, hirugarren sariak, aipamenak… Baina hura zen irabazten nuen lehena, eta argitaratzeko bidea emango zidana. Iruñeko liburu azokan aurkeztu genuen, eta hango saltokietan ikustea, beti miretsi izan ditudan idazleen liburuez inguratua, hunkigarria izan zen benetan. Ondoren, bizipen aberasgarri asko ekarri dizkit, aurkezpenak direla, elkarrizketak direla… Oso bitxia egin zait, esaterako, irakurleekin biltzea –izan ere, orain arte oso jende gutxirekin hitz egin dut nire lanari buruz–, eta konturatzea nik kontatu nahi nuenaz gain, oharkabean beste hainbat gauza transmititu ditudala. Haragitan bizi izan dut orain Sarah Bloom nire pertsonaia, eta ulertzen dut irakurleei esaten diena, baina niri iritzi bakoitza banaka iritsi zait barneraino, agian, esperientzia berria delako niretzat. Getxoko irakurle gazte batek esan zidan irakurri bitartean protagonista sentitu zela; itzela da hori!

Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua? Nondik hasi zinen, nola jarraitu…

Liburua aspaldi idatzia nuen, baina hortxe neukan, inprimatua, “zuzentzeko alea” izenburupean gordea. Hasieran agertzen den aireportuko eszenarekin hasi nintzela oroitzen dut, asko pentsatu gabe, asko planifikatu gabe, idatzi ahala sortu ziren pertsonaiak, haien arteko harremana… Horrela funtzionatzen dut askotan, ideia xume batetik abiatu, nahiz eta non bukatuko dudan argi ez izan, eta idatzi ahala argitzen dut nora jo. Idazten hasi nintzenean hartutako erabaki batzuk zergatik hartu ote nituen ahaztua dut, baina gogoan dut erronkatzat hartu nuela, esperimentatu nahi nuela, eta hortik narratzaile desberdinak, izenik gabeko protagonista edo elkarrizketak adierazteko modua. Askok galdetu didate zergatik ez nuen lehenago argitaratzeko saiakerarik egin. Ez dakit, orain pentsatzen dudanean ziurtasun falta izan zitekeela bururatzen zait. Kontua da urteak eman dituela zirriborroak azken bultzadaren zain, Ramiro Pinilla lehiaketaren berri izan eta hartaz oroitu nintzen arte. Orduan, irakurle gisa hartu nuen ia, eta nahiko garbi ikusi nuen lehen zirriborro hartan zer gustatzen zitzaidan eta zer ez. Funtsean hasierako bertsioari eutsi nion egiturari zegokionez, baina atalen bat erabat ezabatu eta atalen arteko lotura batzuk argiago gera zitezen saiatu nintzen. Estilo aldetik, zertxobait “arindu” nuen, idatzi nuenean esaldi luzeagoetarako joera nuela ohartu bainintzen.

Liburuko narratzaileetako batek dio: “Esan nahi duzuna nola esan ez badakizu, zer esan nahi duzun ez dakizun seinale”. Esaldi sinplea dirudi baina ederki adierazten du mamiaren eta azalaren arteko lotura zein den. Liburu honen kasuan, hainbat ahotsek eraikitzen dute liburuaren ehundura. Nola lotzen da egitura hori kontatu nahi zenuenarekin?

Pertsonaiaren adierazi ezina nabarmena da testuan zehar: Moritzi gertatzen zaionaz hitz egin nahi dio, baina inoiz ez du une egokia topatzen, aitzakiak beti; Sarah Bloomekin hitz egin nahi luke, baina lotsak geldiarazten du; Suzanneri deitzeko unea atzeratzen du; amari ez esandakoek min ematen diote… Egitura eta gaiari dagokienez, nik krisialdi baten kontakizuna egin nahi nuen, zergatik eta nola datorkion protagonistari, nola egiten dion aurre, zer eragiten dion… Protagonista da narratzaile nagusia, baina sentimenduez ari garela, badira zenbait gauza pertsonaiak berak azaldu ezin dituenak –aitortu nahi ez dituelako, ohartzen ez delako…–, eta horretarako narratzaile orojakile bat behar nuen, pertsonaiaren barruan sakonago arakatzeko. Bestalde, protagonistak orainaz hitz egiten digu, baina hori ulertzeko bere iraganak ere garrantzia zuela uste nuen, eta horretarako, alabari zuzentzen zaion ama narratzaile hoberena iruditu zitzaidan. Esana dut esperimentatzeko gogoa nuela, pieza desberdinekin puzzlea osatzeko erronka bota nion neure buruari.

Liburuko beste pasarte bat: “Boredom, ennui, noia, langeweile. Asperdura. Aspaldi ez naiz hitzen jokoan aritu. Garai batean nire buruarekin egiten nuen jokoa zen; epe jakin batean gustuko nuen hitza batean parekoak aurkitu behar nituen ahalik eta hizkuntza gehienetan”. Tarteka-marteka agertzen da jokoa, hainbat hitzekin liburuan zehar (amorantea, zirrara). Izenburura ere eraman duzu hizkuntzen aniztasuna.

Hizkuntzarekiko jakinmina da protagonistak niregandik jaso duen ezaugarririk nabarmenena, ni hizkuntza irakaslea izatera eraman nau, eta bera itzultzaile. Joko hori nik mintzamena lantzeko erabili izan dudan joko batean oinarritzen da. Zerrenda horietan agertzen diren lehen hitzak, euskaraz gain, hizkuntza hegemonikoetako hitzak dira, protagonistak dakizkien hizkuntzak irudikatzen dituzte. Londresen, eta jatorri ezberdineko protagonistak izanda, hizkuntza aniztasuna agerian uztea ezinbestekoa zen. Baina zerrenda horietatik kanpo, hizkuntza txikiei ere garrantzia eman nahi izan nien, konturatu bainintzen pertsonaien sorterrietan hizkuntza handiez gain, badirela hizkuntza txikiak ere, Austrian esloveniera, adibidez, eta Belgikan flandesera. Bretainia handian ere badira ingelesarekin batera bizi diren hizkuntzak, galesera, esaterako. Euskaldun gisa, horiei keinu egitea garrantzitsua iruditu zitzaidan, gure hizkuntzaren biziraupenaren alde ari garen hizkuntza komunitate bakarra ez garela gogorarazteko.

Protagonista Londonen bizi da, aurrez beste hainbat tokitan ibili ondoren, itzultzailea da, eta bete du txikitako ametsa: konferentzia-interprete gisa lan egiten du erakunde garrantzitsu batean. Baina ametsak badu itzalik, ezta?

Ez da ohikoa hain gaztetatik zein bide egin nahi duzun garbi izatea. Askotan gertatzen da, ordea, bizitzaren zati handi bat zerbaiti eskaintzea, eta bat-batean motibazio hori desagertzen delarik, noraezean gelditzea, egoera berrian bizitzen ikasi behar izatea. Eleberri hau idazten ari nintzela, askotan entzuten nuen Gariren Hil ez denak kanta, leloan hauxe dioena: “inoiz minik behar du, inoiz zalantzarik, inoiz bizirik sentitu, hil ez denak”. Nire protagonista ekartzen zidan gogora, beti orekatua eta ziurra izan denari egoera berri horretan beldurra, zalantza, ezinegona, ziurtasun falta pizten zaizkio; ez da arraroa, bizitzaren parte da eta guztioi gertatu ahal zaigu. Beste ahapaldi batean “zure keinua bilatzen dut irauteak merezi duela jakiteko” dio kantak, protagonistak ere zerbaiti heldu behar dio, ilusio bat behar du aurrera jarraitzeko, eta hortxe agertzen zaio Sarah Bloom, benetan zer behar duen konturatzen den arte.

Atzerrira joatea ihes egiteko modu bat izan daiteke? Hala da protagonistarentzat?

Hala izaten da batzuetan, baina nik ez dut uste kasu honetan hala denik. Gurasoek bultzatuta joaten da hasieran, alabak hizkuntzetarako erraztasuna duela ikusten dutelako. Berak abenturatzat hartzen du, esperientzia berriak bizitzeko modutzat, zirraragarria zaio eta, gainera, bere bokazioa betetzeko bidea da. Iruditzen zait gure ingurune hurbiletik kanpo ateratzen garenean, guztia biziago sentitzen dugula, sakonago, onerako eta txarrerako: adiskideak adiskideago dira, baina bakardadea bakardadeago ere bai. Nik, behintzat, hala sentitu izan dut, distantziak guztia areagotzen du. Horrela, ilusioz egon den bitartean hain zirraragarria eta ona izan den atzerri berak beldurrak eta zalantzak areagotu dizkio ondoren.

Protagonistaren bi lankideek ere egiten dute nork bere bidea liburuan: Moritzen mina arintzen da eta Suzanneren azalkeria arrakalatzen.

Protagonistaren begiradatik ezagutzen ditugu bi pertsonaia horiek. Horrela ikusten dugu Moritz zein estimu handitan duen, bere sostengua ere badela ikus daiteke askotan, eta hura galtzeko beldurrak ere asaldatzen du noiz edo noiz. Halere, Moritz ere gizakia da, eta sufritu du, baina lasaia da, eta batez ere baikorra, eta lortu du horri aurre egitea. Protagonista Moritzekin lehen unetik ongi moldatu bada, kontrakoa gertatzen zaio Suzannerekin, bere gabezia batzuk ageriago gelditzen baitzaizkio harekin. Elkarbizitzak ika-mikaren bat sortzen dien arren, hurbildu ere egiten ditu nolabait.

Liburuan, literaturak badu presentziarik. Joan dira Moritz eta protagonista lehenengoaren irakurle-taldera, eta Sarah Bloom –idazle gonbidatua– hizketan hasi denean, hauxe sentitu du protagonistak: “Eta orduan urduritzen hasi naiz, Bloom bere bizitzaren kontakizuna egiten hasi eta niri buruz idazten ari zela iruditu zitzaidanean”. Zer egiazko idazlerekin gertatzen zaio hori Nerea Baldari?

Poesia idatziz hasi nintzen idazten, eta hasiera haietan Sarriren poesiak liluratzen ninduen, baina, tira, ez naiz sekula hain obsesiboa izan! Egia esan, idazle jakinak baino, obra batzuk gelditu zaizkit iltzatuta denbora pasa arren, oso idazle desberdinen obra desberdinak: Otto Pette, Gorde nazazu lurpean, Nora ez dakizun hori, Ezinezko maletak… dira horietako batzuk; ez hainbeste identifikatuta sentitu naizelako, baizik eta gaia eramateko modua, estiloa eta idazkera gustatu zaizkidalako. Oro har, euskal literatura jarraitzen saiatzen naiz –nahiz eta ez naizen guztira heltzen, jakina–, baina badira irrika handiagoz hartzen ditudanak, noski, Unai Elorriaga eta Harkaitz Cano, adibidez. Ezezagunago direnei aukera ematea ere gustatzen zait, eta horrela deskubritu ditut azken boladan Irati Elorrieta eta Beatriz Chivite, esaterako.

Sarah Bloom, izan ere, fikziozko idazle bat baita. Protagonistak itzulita iritsiko zaizkio irakurleari Bloomen testu batzuk. Deigarria iruditu zait estrategia narratibo hori. Sakonduko zenuke pixka bat, zertarako eta zergatik baliatu duzun?

Esana dut aspaldi idatzi nuenez erabaki batzuk zergatik hartu nituen oso garbi ez dudala, baina esperimentatzeko gogoa nuela, eta horri lotuko nioke estrategia hori ere, funtsean. Sarah Bloomen pertsonaiak protagonistarengan duen eraginagatik hartzen du garrantzia istorioan, eta protagonista itzultzailea izanik, irakurleari jatorriz ingelesez liratekeen testuak euskaraz iristeko modu egokia iruditu zitzaidan. Testu horiek nik ordurako idatzita edo zirriborratuta nituen, eta protagonistak kontatzen zuenarekin lotura izan zezaketela pentsatu nuen, ez nituen zehazki Sarah Bloomentzat idatzi, baina lekua izan zezaketela iruditu zitzaidan. Pertsonaia beste modu batera azaleratzeko modua zela pentsatu nuen.

Liburuko beste esaldi bat: “Itzultzailea da idazlerik sekretuena”. Bat zatoz? Sakonduko zenuke horretan?

Moritzek egiten duen gogoeta da. Protagonistak une batean bere buruari galdetzen dio lagunaren gogoeta guztiak bereak ote diren edo nonbait irakurritakoak. Moritzek nekez irakurriko zuen Sarrionandiaren Hitzen ondoeza obran irakurri nuen nik itzultzailearen definizio hori, eta bikaina iruditu zitzaidan. Itzultzaileak idazketaren inguruan erabaki asko hartu behar ditu, are gehiago literatura itzultzen duenean, eta gero jendeak Auster, Lemaitre edo dena delakoa irakurtzen ditu, jende gehiena ez da ohartzen itzulpenaren lan horretaz, niri neuri gertatu izan zait.

Sarah Bloomek hala azaltzen du nola hasi zen idazten: “Bizitza guztia nirekin eginagatik literatura benetan bizi gabe nuela konturatu nintzen. Ohartutakoan idazteari ekin nion. Sukar ilunaren kontrako arma. Eta botikek, agian, epea luzean lortuko zutena erdietsi zuten neure ipuin eta poemek berehalakoan. Bizipozerako literatur terapia”. Zer da zuretzat literatura bizitzea?

Ez dut uste modu bakarra dagoenik. Nire protagonistak literatura itzuliz gozatzen du literatura. Literatura bizi daiteke besterik gabe irakurlea izanik, horrekin soilik nahikoa baduzu. Txikitan, irakurtzen nuenean, erabat murgiltzen nintzen istorioetan, irakurtzeari utzi eta kostatzen zitzaidan errealitatera itzultzea. Nik beti izan dut idaztea gustuko, baina bolada luzeak izan ditut batere idatzi gabe, agorraldi luzeak; horrelakoetan, gogoratzen dut neure buruari esan izana: “zu irakurlea zara, kito”. Hala ere, hortxe nuen har hori, argi dago barne-barnean ez nuela besterik gabe irakurlea izan nahi.

Bergarako Idazle Eskolan ibilitakoa zara. Nolako esperientzia izan da zuretzat? Badago halako eztabaida amaiezin bat, idazten irakats eta ikas ote daitekeen; zein da zure iritzia?

Irakaslea naiz, eta gaitasun gehienak berezkoak direla ikusten dut, baina, era berean, gehienetan gaitasun edo erraztasun hori izatea nahikoa ez dela argi daukat. Gaitasun fisiko handia duenak entrenatuz lortuko du bere hoberena, lidergorako gaitasuna duenari ongi etorriko zaio zenbait trikimailu ikastea. Nire kasuan, Atzerrian Idazle Eskolan hasi aurretik idatzia nuen, baina hortxe neukan, geldi. Nik ziurtasuna behar nuen, nire buruarengan konfiantza, idazten nuena norbaiti interesatuko zitzaiola sinestea. Hori Idazle Eskolak eman zidan. Ni motibazio bila joan nintzen hara, inguruan ez nuen nire zaletasun bera zuen inor, ez nuen horretaz norekin hitz egin. Bergaran, kideekin esperientziak partekatu eta beste idazle batzuen esperientzien berri izatea oso aberasgarria izan zen. Idazteko motibazioa eta ziurtasuna lortu nituen bertan, eta, gainera, oso jende jatorra ezagutu nuen.

2018an, Ramiro Pinilla sariaz gainera, Iruñeko egile berriendako lehiaketa ere irabazi zenuen. Narrazio hori argitaratuko den badakizu?

Urtero argitaratzen da modalitate desberdinetan saritutako lan guztiak biltzen dituen liburua. 2018koa dagoeneko kalean da, eta bertan irakur daitezke nire bi lanak: Ahizpak izenburuko narrazioa eta Patriketan gordeak izeneko poema sorta.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Ezer argirik ez oraindik. Azken hilabeteetan poesia idatzi dut, eta hasita ditut narrazio pare bat, baina oraindik ez dakit norantz joko dudan. Liburu bat kaleratu izanak badu presiorik, jendeak hurrengoa noizko izango den galdetzen dizu… Makineria martxan dudala probestea da nire helburu bakarra, eta ikusiko dugu zerbait ateratzen den!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)