Elkarrizketak

"Kultura batek mendetan garatutakoa ezagutu, baloratu eta transmititu beharra die hurrengo belaunaldiei"

Ostirala, 2020-06-19

Juan Carlos Etxegoien Juanarena (1956), Xamar, Garraldako Xamarrena etxekoa da . Egun hanka bana du aetzak Iruñea eta Garraldan, Bilbon ere arnasa hartzen duelarik. Idazlea, euskararen eta euskal kulturaren dibulgatzailea, irakaslea… Beti euskal kultur ondarearen zaintza eta hedapen lanetan. Azken Euskadi Sarietan saiakera arloko saria jaso izanak ezagunago egin du bere lana eta Aezkoan euskararen berreskurapenak kuraiaz eginiko bidea. Egoerak hala aginduta bide telematikoz egin behar izan dugu elkarrizketa hau, Garraldako herriko ostatuan aspaldi batean hitzartua zena betez.

"Kultura batek mendetan garatutakoa ezagutu, baloratu eta transmititu beharra die hurrengo belaunaldiei"

Ezin hau galdetu gabe geratu, kontuan harturik etxealdiak denok astindu gaituela. Zer bizipen utzi dizu berrogeialdiak?

Berrogeialdia umiltasun kanpaina izaten ari da. Ustez eta gure gizartea Erdi Aroko izurriteen gainetik zegoela, eta hara non gauden. Honek oroitarazten digu zein hauskorrak garen, ez izatetik zein hurbil gauden. Zartako ederra "gizarte aitzinatu"-arendako.

Orain, zure mesanotxean kuxkuxeatzen utziko bazenit, zer liburu aurkituko nuke berton? Zer ari da irakurtzen orain Xamar?

Ba, orain berean, Pierre Duny-Pétréren Idazlanak; donibanegaraztarra zen hura, alemanen kontrako makis ibilia, frantses polizia izana eta, batera, Enbataren sortzaileetariko bat, euskaltzalea eta Iruñeko Prícipe de Viana aldizkarian kolaboratzailea… Hala ere aski ezezaguna eta arras interesgarria.

Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen Trikua esnatu da, Fernando Maioraren Reino de Navarra. Fiestas, costumbres eta Juan Antonio Urbeltzen Danza vasca. Aproximación a los símbolos.

Asmoa da, Xamar, ondo baderitzozu bederen, zure obran ikusi ditudan bi zutabe ezberdinen materiala arakatzea: euskara eta Aezkoa. Jakina, hau sinplifikazio dorpe bat da, izan ere beste hamaika kontu lantzen baitira zure lanetan… Beno, ekin diezaiogun bi gaiak lotzen dituen kontu bati: behin entzun nizun, Aezkoan, euskara arriskuan dela gaztelania beste, bizitza bera dela arriskuan biztanleria jaitsieragatik… Berdin pentsatzen jarraitzen duzu? Ikusten duzu baikortasunerako zantzurik? Badakit, esate baterako, Zerika euskalkia berreskuratzen ari den gazte ekimena begiko baduzuna…

Bai, berdin jarraitzen dut pentsatzen zenbakiek beharturik… Azken hogei urte hauetan 1128tik 853ra jaitsi da Aezkoako populazioa eta horietarik ugari Iruñean gaude aste barnean. Ez da ikusten baikortasunerako arrazoirik. Hala ere, urte hauetan aldaketarik izan da, egun dauden haur guziek euskaraz ikasten dute guti badira ere, pentsaezina zena gu gazte ginelarik.

Zerika taldea horren fruitu ere bada eta bertan ere banabil. Euskara batua eskolan ikasitako gazte batzuei interesa piztu zitzaien aezkera ezagutzeko, berezko hiztunak oraindik badirelakoz. Ez, azpieuskalkia berreskuratzea ez da posible izanen, ez baita aski jende, baina, bederen, erabiltzen duten batuari (ez gaitezen engaina, aski gipuzkera dena) bertako kolore bat eman diezaiokete, haustura ez dadin hain bortitza izan lehengo eta oraingo hiztunen artean.

Esku artean dut Puy Ziaurritzen liburua, Nafarroako Gobernuak argitaratua, Aezkoa eta aetzak izenarekin, eta arreta deitu dit lehen orrian bertan mugaren kontzeptua nabarmentzea. Hala dio: Era guztietako mugak ditugu Aezkoan. Nazioartekoak (Frantzia eta Espainiaren arteko 14 kilometro), ibarren artekoak eta are Aezkoako herrien arteko mugak ere. Gizakiok “mugak” bereizteko sortu baditugu ere, ezin uka mugak berak erlazio bereziak sortzen dituela mugakideen artean. Ezin baita ahaztu mugakidea dena auzokidea ere badela.

Esango nuke aetz askok ez bezala zuk asko zaindu dituzula harremanak “mugaz” bestaldeko lagunekin, baduzula garaztarren ez ezik baxenafar eta zuberotarren ezagutza “mediaz gorakoa”. Zer suposatu du mugak Aezkoarentzat eta zuretzat?

Aezkoarendako galbidea eta salbabidea izan da muga, garaiaren arabera. Galbidea Espainia eta Frantziaren arteko gerretan, bereziki Konbentziokoan eta Frantsestean, herrien abantxu erabateko suntsiketa ekarri zutena. Salbabidea bertze gerretatik ihes egiteko (karlistaldiak, 36koa…), lan edota ardien neguko bazkaleku bila joateko, merkatal harremanak izateko (legezkoak ala ez), ezkontzak eta familia harremanak handiak ziren lehen, oro har Iruñearekin zegoen lotura baino estuago zen Baxe Nafarroarekin. Orain, aldiz, muga ez omen delarik, sekulan baino harreman gutxiago dago. Bazekiten noiz kendu, behar ez delarik.

Neretako erreferente bat da. Aezkoan ez bezala, han hiztun komunitate trinko bat zegoen eta mugimendu kultural interesgarria, Irulegi Irratia hasi, toberak segituz, libertimenduak, bertsolariak, antzerkiak, ihauteriak, pastoralak… beraz, nola ez hurbildu?

Etxera bidean (Pamiela, 2018) da zure azken lana, eta errekonozimendu orokorra lortu du. Honela hasten duzu berari euskaraz egiteagatik deseroso zen amatxiren hitzekin: -Pero… ¿por qué hablas así, mi chico? Hitz horiei erantzuna da liburua?

Horrela uler daiteke bai. Amatxiren ateraldia iltzaturik gelditu zitzaidan gogoan eta, Aezkoako historia hurbilari buruz idazten hasteko, ezinbertzeko sarrera zela pentsatu nuen, aski adierazgarria zelakoan. Liburuak bi helburu ditu, gure letretan ageri ez den Aezkoa kontatzea alde batetik eta, bertzetik, transmisioaren katea berriki hautsirik atzeman genuenen istorioa azaltzea. Etorkinen seme-alaba batzuek (Jon Maiak eta Sonia Gonzalezek, adibidez) maisuki kontatu dute haiendako zer izan zen etxean jaso ez zituzten mintzoa eta kulturarekin topo egitea baina, nire ustetan, larriago zen gu, etorkinak ez izanik, egoera berean egotea. Gurean arazoa konplexuagoa zen, poza aurkikuntzagatik eta min sakona hausturagatik, ondorioz erantzule bila abiatu ginen etxetik kanpora, bai eta etxe barnea ere arakatu genuen. Hori kontatu gabe zegoela iduritu zitzaidan.

Antzeko berbak “Mi padre solo hablaba vasco pero yo ni jota” entzundakoa naiz Orbaitzetan, baina han zure belaunaldia etxe bila ari da oraindino. Zergatik Garraldan bai, ze elementu zenuten hor? José Rota, eskultorea, izan liteke giltzarri? Badu honek garrantzia bat zure lan horretan…

Bai, Aezkoa barnean bereziki Garralda nabarmendu zen berreuskalduntzean. Ez dakit zehazki zergatik gertatu zen gurean, ni baino bortz edo sei urte nagusiago zirenak abiatu ziren lehenbizi. Egia da José Rota eta bere inguruan biltzen zena arras garrantzitsuak izan zirela ibilbidean. Kulturan ezagunak ziren jendeak ibiltzen ziren bere etxean eta guretako ikasteko gunea zen, gure "unibertsitatea", baina ez soilik izenez, izanez ere, literalki. José arront inportantea izan zen guretako, dudarik gabe.

Unea berezia zen eta gu kontziente ginen ez genekiela deus, hau baldintza sine qua non zen ikasteko, ireki egin baikintuen, eta nonahi ikasteko prest jarri. Gaur egun, gure Herriari buruzko kultur gaiak azaltzerakoan, gazteak oro har hertsiago ikusten ditut, dena balekite bezala, eta hori oztopoa da zerbait berri ikasteko. José Rota artista zen, liburuetan edo akademietan hala errekonozitu ez arren. Jakintza titulu batek edo ofizialtasunak ematen duela eta herritarrek deus ez dakitela dioen ustea okerra da, Rotak asko erakutsi zigun.

Berdin gertatzen zen Auritzeko Jose Angel Irigarairekin, kultur gizona eta ekintzailea. Eskualdean bertatik pentsatu ekimenak bultzatu ditu beti, bai kultura arloan, bai ekonomian.

 

Etxera bidean obraren eskaintza kolektiboa da, etxera itzuli diren guztiei egina. Taldeari ematen diozu garrantzia handia, ez da hala?

Bai, niri iduritzen zait kontziente izan behar dugula garena garela gure harremanen –erran nahi baita, hartu eta emanen– ondorioz. Absolutuki segur naiz ez nituzkeela egin ditudan lanak bururatuko, ez banu garai batean Garraldako adiskideekin bide hura egin. Ez gara bizi bakarturik uharte batean.

Bestalde, bada gaztaroan ematen diren jabetze horiekin lotura bat, haurra zarenean ohartzen ez zaren hamaika kontu daudenez gero. Burua altxatzean, zer ikusi zenuten 70eko hamarkada horretan Aezkoan?

Behin kontzientzia harturik, hondamendia ikusi genuen, kulturaren hondamendia. Herri suntsipenaren hondarrak baizik ez, eta horren aitzinean ni, bederen, umezurtz sentitu nintzen, literalki. Gurasoek ezin gintuzten lagundu, hautsitako katebegia ziren. Horregatik, bide berean zeudenekin batera erantzun bila abiatu nintzen, hondar haiek bilduz ebatsi ziguten jatorrizko Aezkoa euskalduna ezagutzeko.

Artean espero ez genuena ere azaleratu zen, ibarraren izaera liberal eta antiklerikala adibidez. Guk somatzen genuen bazela zerbait hor eta, historia ezagutuz eta testigantzak bilduz, garbi ageri zen topikoetatik urruntzen den laborari gizarte baten aitzinean ginela.

Oso idazkera literarioa du zure azken lanak, saiakera bat izanik. Hemen pasarte bat, 109. orrialdekoa, adibide gisa: Ortzian kurriloek V bat idurikatzen zuten hego alderako bidaian gru-gru-gru batean. Iluna bazterrak hartzekotan zen, Irupagotairano ez zen ibilbide luzea, urratsa azkartuko nuen, izerditzeko beharra bainuen. Planteatu al duzu inoiz fikzioa idaztea prosan edo poesian? Bide hori jorratzeko tentazioa izan duzu inoiz?

Liburua saiakera edo, batzuek hartu duten bezala, eleberri ote den erabakitzea ez dago nire kezken artean. Banuen kontatzeko istorio bat eta, bai eta literatur kutsua emateko nahikeria ere; horregatik liburua saiakeratzat hartu izanak nire "porrota" agerian uzten du [irriz]. Pentsatu nahi dut pasarte batzuk aski literarioak direla baina, iduriz, literatur hutsa ez dena saiakeratzat hartua da.

Gotzon Barandiaranek komentatzen zidan jende ugarik arras ongi idazten duela baina kontatzeko guti daukatela. Hor ikusten dut arazoa, errateko zerbait interesgarria izatea. Etxera bidean garatzen den istorioa ulertzeko eta liseritzeko berrogei urte behar izan ditut, beraz bertze ideia distiratsurik etorri ezean, nekez ausartuko naiz.

Etxera bideanobrak Euskadi Saria jaso zuen 2018an, saiakeraren arloan. Zer suposatu du zuretzat lan horrek? Izan ere, badut susmoa, urte askoan egin duzun lan eskergak ez duela izan merezi zuen babesik erakundeen aldetik. Hor dago, Euskara Jendea dvd-sorta ederra eta oso baldintza prekariotan egina, ETBren beste saio batzuekin alderatuta. Zer sentitu zenuen sariaren berri izan zenuenean?

Saritarako izendatu izanak harritu ninduen bereziki. Ez nekien nola funtzionatzen zuen istorio horrek eta, diozun bezala, dibulgazio arloko lanak ez dira sarietan sartzen, eta ez dute merezi duten babesik eskuratzen. Beraz, mundu horretatik guziz kanpo nengoen, Pamielara deitu nuen galdeginez ea haiek aurkeztu ote zuten liburua sarietara.

Bai, badirudi saria lanaren onarpen publikoa dela. Aurkeztu gabe sari bat ematen dizute… ba, esker mila. Orain, ez gaitezen engaina, aski erlatiboak dira, badakigu arront eztabaidagarriak direla, matematikoki ala photo finish bidez neurtzen ezin diren emaitzak beti izanen dira ezbaian emanik. Oraingoan ere epaimahaiaren iritzia bertze baten alde izan zitekeen eta, nire ustez, ongi emana zen gisa berean.

Bozkariorik handiena, dena den, liburuak izan duen harrera onak eman dit, pentsatzen bainuen, erabiltzen den euskara jokoengatik, nekez aterako zela Aezkoako mugetatik. Bai, ezagutzen dut zer den lanak plazaratzea eta batere aipamenik ez biltzea, ez on, ez eta txar ere: Euskara Jendea dokumentalak, Etxea. Ondarea… Beharrik, hala ere, beti zabalpen txukuna izaten dutela, dibulgazioaren beharra frogatzen duena.

Ogibidez, irakaslea zara Iruñean, eta elkarrizketaren batean aditu dizut hor jabetu zinela dibulgazioaren garrantziaz. Adibidez Orhipean, Euskara Jendea eta Etxea lan oso nabarmenak dira: testu aberatsak astun izan gabe, irudi nahiz argazki erakargarriak… Nola ekin zenion zehazki lan honi?

Hala da, irakasle izatearen ondorioa da. Ikastolan lanean hasirik, batere formakuntzarik gabe, galdea zen zein zen helburua, erdal eskola bezalako zerbait baina hizkuntza soilik aldatuz ala eduki propioak dituen eskola bat sortzea? Ikasi berria nuen auzia ez zela bakarrik mintzaira kontu bat, hizkuntz komunitatearen, kulturaren, alegia, nazioaren izaera zegoela jokoan.

Ikerketa interesgarriak eta sakonak badira historian, etnografian, zuzenbidean, folklorean, ondarean… Baina jakintza hori gero dibulgatu beharra dago, mailaz jaitsi edukiaren mamia ahalik eta gehien zabaltzeko. Hau eskolan funtsezkoa da eta, gure gabezia historikoak kontuan hartuz, beharrezkoa publiko zabalaren esku uzteko, ene ustetan. Kultura batek mendeetan garatutakoa ezagutu, baloratu eta transmititu beharra die hurrengo belaunaldiei, egin dezaten nahi dutena ondare horrekin baina ongi ezagutu ondoren.

Honek guziak Herri egiten du eta, ezbairik gabe, bururatzen zaidan euskararekiko motibapen sendoena da. Nola lantzen da motibapena sozialki beharrezko ez den hizkuntzarekiko?

Panorama horretan Jaurlaritzak ere ez du euskal curriculumik egitea lortu. Adostasunetik egin behar omen da, inozokeria galanta, ukatzen zaituenarekin ez baita adostasunik sekulan erdietsiko.

Gainera, txoritxo batek esan zidan salmenta eta hedadura handiko lanak direla. Esate baterako, Bilbora doazen turistentzako denda erreferentzialean oso demandatua ei da Orhipeanen ingelesezko edizioa… Zergatik ez da egiten euskararen eta Euskal Herriaren sustapen kontzienteago bat gure herrian?

Norbere kulturaren/buruaren ezagutza, ikerketa eta dibulgazioa alor estrategikoak dira nonahi, komunitatea elikatzen duen lehengaia baitira. Eta libre den gobernu orok halaxe bermatzen du legeen, eskolen, unibertsitateen, idazleen, filmen, subentzioen… eta abarren bidez. Libre ez diren herriek, biziko badira, are eta beharrezkoagoa dute hori guzia, bertzenaz urtuko dira kultura/identitate menperatzailean.

Gero, material hori itzulirik, kanpotarrei nor zaren erakusteko balio du, Guggenheim-eko liburu-dendak edo Donostiako Aquariumek frogatzen duten bezala, Orhipean liburua Euskal Herri osoan gehien saltzen dutenak baitira.

Hemen segitzen dugu pentsatzen kultura denbora-pasa istorio bat dela, Xabier Letek edo Mikel Laboak kanta eta olerkien bidez Herri eraikuntzan gehiago egin zutelarik edozein politikok baino, ene ustetan.

Eta Bilbo aipatuta, baduzu harreman estua ere, “Zenbat gara?” Elkarteko jendea tarteko, Bizkaiko hiriburuarekin. Zer da Bilbo Xamarrentzat?

Salbabidea. Zenbat Gara? elkartean eta Gabriel Aresti euskaltegian ulertu zuten orain berean aipatu duguna. Euskaltegian aspaldidanik ohartu ziren gramatika erakustea soilik ez zela aski eta Orhipean liburua asko erabiltzen zuten, artean plazaraturik nuen bakarra. Elkar ezagutu genuelarik, galdegin zidaten ea gisa bereko bertze libururik egiteko asmoa ote nuen, baietz baina, ikastolan lanean egonik, arras zaila nuela. Orduan, bilbotar erara, kontratatu ninduten haiekin lan egiteko: irakasleen formakuntzan, kultur tradizionalaren ikastaroak eta hitzaldiak ematen, irrati dibulgazio saiotan, liburu berriak sortzen… Zernahi sor zitekeenarendako. Horrela gauzatu zen, adibidez, Euskara Jendea liburuan oinarriturik dokumentalen egitasmoa.

Bilbori zor diot azken hogei urte hauetan egin dudan guzia, nekez gauzatuko nituzkeen ikastolan lanean segitu izan banu.

Euskaltzale elkarteen mugimenduan ere buru-belarri aritu izan zara, Karrikiri Iruñeko Euskaltzaleen Elkartearen jiran. Mugimendu horren garapenerako Sánchez Carrión Txepetx autore funtsezkoa da eta hari nahiz hizkuntzen ekologiari eskaini zenion Orekan lana. Badut susmoa Txepetxen transmisioa eten egin dela belaunaldi gazteenei dagokionean. Nola dakusazu hori?

Ados, berriz ere. Salbuespenak salbuespen (HUHEZIn testu-liburua da Orekan) ez gazteei, ez eta interesa lukeenari ere, nire ustez. Orekan Txepetxen teoriaren dibulgazioa lana da, iduritzen baizitzaidan interesgarriago zela gazteek hizkuntz borroka ulertzeko gako batzuk ikastea batxilergoan, Axular zer etxetan bizi izan zen erakustea baino, adibidez. Duela hogeita hamar urte, soziolinguistikan, Txepetx zen erreferentea Kataluniako batxilergo liburuetan. Atera kontuak.

Argian, 2014an ondorengoa esan zenion Sustrai Colinari elkarrizketa batean:  Euskara hiztegi eta gramatika bat dauzkagunetik salbatuta dago, euskarak ez du sufritzen. Sufritzekotan, euskaraz bizi nahi dugunok sufritzen dugu. Gure hizkuntz komunitatearen geroa da auzitan dagoena. Zeintzuk dira zure iritziz hizkuntza komunitatearen geroa bermatzeko gakoak?

Hasteko egoeraren nondik norakoak ulertzea eta, batez ere, koherentzia erraten eta egiten dugunaren artean, bizi dugun eskizofrenia gainditzeko. Ikusten duzularik gure politiko euskaldun alfabetatuak eta euskaltzaleak espainolez argitaratzen edo nonahi mintzatzen erdaraz, bai eta itzultzaileak dauden legebiltzarretan ere… Alferrik dira euskararen aldeko kanpaina guziak.

Baduzu proiektu berririk esku artean? Etxera bidean lanaren tonuak, akaso, badu itxieratik zerbait, baina gazteegi gara zure irakurleak orain umezurtz geratzeko…

Dibulgazio mailan ez dut finituko egiteko dudan guzia, baina Etxera bidean bezalako lan gehiago zail ikusten dut. Aipatu dugun bezala, idazteko zerbait zinez interesgarria behar da eta ez dakit aurkituko dudan. Hala ere, nork daki.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)