'Made in Galiza' liburuaz solasean
Sechu Sende idazleari eta Txerra Rodriguez itzultzaileari egin dizkiogu elkarrizketakOstirala, 2012-11-23Sechu Senderen Made in Galiza narrazioen liburua kaleratu du Txalaparta argitaletxeak, Txerra Rodriguezek galegotik ekarria. Liburuaz solasean jardun gara egilearekin batetik, itzultzailearekin bestetik. Besteak beste soziolinguistika, ilusionismoa, Galiza motak... eta nola, ez, literatura izan ditugu hizpide.
SECHU SENDE: Inguratzen nauten afektu eta inteligentzia kolektiboak errepresentatzeko modu bat da niretzat literatura.
‘Made in Galiza’ kaleratu berri du Txalapartak, Txerra Rodriguezek itzulita. Kurdueraz ere eman izan da lehenago, kasu honetan euskarara, kasu askotan galegoaren antzeko problematika duen hizkuntza. Zer suposatzen du zuretzat guk euskaraz irakurri ahal izatea?
Imajinatu egun batean nerabe izanik ipuin bat idazten duzula eta idazlea izatearekin amesten duzula. Eta nik… bada, hogei urteren ondoren liburu honi esker Kurdistanera bidaiatu ahal izan dut, Istanbulera, Kroaziara, Birmingham-era, Parisera… eta Euskal Herrira. Baina bidaia hauek uste dezakezuena baino askoz ere gehiago suposatzen dute. Leku hauetara guztietara nire liburuaren atzetik heldu naiz, eta bai liluratuta ere liburu ustez hain lokala dena, nire tribuarentzat idatzitakoa, nire herriarentzat, munduko beste herri batzuetara tamainako naturaltasunez iritsi izanagatik. Beraz Made in Galiza bezalako liburu bat euskaraz irakurri ahal izatea, satisfazio pertsonalaz gain, munduko herrien arteko anaitasuna eraikitzeko bidean irmoki sinestera eramaten nau. Made in Galiza nazioarte mailan mugitzen ari den zerbaiten sintoma txikia da. Gartxot, Asisko Urmenetaren filma, munduko hizkuntza gutxituen artean eraiki daitekeen komunikazio sarearen –arrazoi eta afektuen sareen- beste adibide bat da.
Bestetik, ni Txepetx-en dizipulua sentitzen naiz. Hogei urterekin Euskadira egindako nire lehen bidaiatik ekarritako altxorrik preziatuena izan zen Un futuro para nuestro pasado izeneko lana. Liburu horren taupada sentitzen da Galizan. Gainera, jende asko dago Galizan Euskal Herrira edo Catalunyara begiratzen duena gure arazoentzako irtenbideen bila, eta Made in Galizaren esportazioak autoestima altxatzen digu apur bat.
Liburua 2007an argitaratu zen, eta bidea egiten jarraitzen du. Nola ikusten duzu orain egindako lana?
Gazte izanik egun batez galego hiztun bilakatzea erabaki nuenetik beti interesatu zait hizkuntza gatazkaren gaia, ordutik nire zentzu guztiak ditut horretara bideratuta. Made in Galiza formazio eta esperientzia pertsonal eta sozialen hamabost urteren burutzea izan zen, ordutik (2007tik) liburuak etapa hori osatzea suposatu du, bidean pausatu nirekin neramana konpartitzeko, eta dagoeneko badira bost urte. Liburuak hainbat gauza aldatu zituen Galizan, niregan, eta hori oso ondo egon zen. Ondoren abenturari jarraipena eman nion, formazioa hartzen eta esperientziak edukitzen. Neofiloa naiz eta bide berriak bilatzen ditut. Gatazkak inoiz baino bortitzago eta gizarteratuago irauten duen heinean suposatzen dut liburuak oraina eraldatzen jarraitzen duela. Dena den, Galiza zazpi urteren buruan apur bat ezberdina da eta horrek literatura ezberdin bat eskatzen du.
Made in Galizak harrera ona izan zuen Galizan bertan, liburuaren gaia ikusita zer da hori, kontraesankorra ala itxaropentsua?
Nik liburu hau beti ikusi izan dut gizarte organismoak sortutako antigorputz baten moduan. Kasu honetan ni neu, idazle gisa baina batez ere hiritar gisa –irakasle, ameslari, ekologista, txirrindulari, eta abar naizen aldetik-, gizarteari egin dioten eraso bati erantzuten saiatzeko tresna bueltatzen dionaren gisan ikusten dut neure burua. Liburuaren harrerak zerikusi handia du horrekin: lehen orritik hasita igorle oso soziala, kolektiboa, komunitarioa duen sorkuntza kulturala da, nahiz eta idazle bakar batena izan, eta hartzaileari dagokionez irakurlego anitz batengana zuzendutakoa, gizartea berdin anitza baita. Liburuak oso ondo funtzionatzen du, esaterako, soziolinguistikoki gutxien kontzientziatutako pertsonekin. Nik ez nuen idatzi liburua literatura galegoa irakurtzen dutenentzat, nire herriko hiritarrentzat baizik. Liburua jende askorengana iritsi zen, aldaketaren zentzuak sortzen duen funtzio errebelatzaile eta eraldatzailearekin, neuk gazte izanik neofalante izatea erabaki nuenean sentitu nuen antzeko aldaketa.
Eta noski, nahiago nuke hiru urteko alabak hemezortzi betetzean garrantzia gutxiago edukitzea liburuak, horrek esan nahiko lukeelako gure hizkuntzaren, identitatearen eta herriaren kontrako bortizkeria murriztu dela. Dena den nik beti izan dut argi hizkuntzaren gaia, futbola edo gastronomia nola, gure herrian gai zirraragarria dela bazkalosteetarako, tabernetarako… beraz kontraesankorra behar litzatekeena da telebistan edo egunkarietan edo irratietan ez hitz egitea sekula gehiago gai horretaz.
Umorea eta ironia darabilzkizu, baina beti ere oinarri kritiko baten gainean, eta maitasun askorekin. Umorea literatura egiteko tresna funtsezko gisa defendatu izan duzu. Faltan botatzen duzun zerbait da?
Bai, kuriosoa da, jende askok eta nik neuk elkarrizketaren batean liburuaz mintzo garenean saiakeragile gisa hitz egiten amaitzen dugu liburua ideologizatuz. Eta ikaragarri aspergarriak jartzen gara. Eta liburua beste gauza bat da. Asko du alde batetik samurtasunetik eta afektibitatetik eta bestetik, ironiatik, ostia txarretik. Galiza ezagunagoa da –botereari barrura eta kanpora begira proiektatzea interesatzen zaion irudia delako- saudadearen tradizioagatik, morriñagatik, elegiagatik. Animoaren egoera depresibo bat. ‘Pausu bat aurrera edo bi atzera, Galiza’, esaten zuen poeta batek. Baina bada beste Galiza bat ere, ‘retranca’ren tradizioarena, errebeldea, intsumisoa, borrokalaria. Diskurtso mota hori da XIX. mendeko ‘escarnho e maldizer’ kantigetan dagoena, Castelaon dagoena, frankismoan dagoena, Nunca mais gatazkan zehar egon zena eta egundaino iristen dena. Castelaok esaten zuen: Mexan por nós e dicimos que chove. O Leok, punk kantari batek, gaurkotu egiten du: Mexan por nós e nós cagamos por eles. Made in Galizak umorera jotzen du umore soziala delako erresistentzia sozialaren ezinbesteko tresna bat, sormen kolektiborako eta une historiko katastrofikoak gainditzen saiatzeko, suntsipen eta bortizkeria uneak, munduko herri askotan ikus daitekeen moduan. Bizitza eta heriotzaren arteko tentsioa.
Esaterako, anekdota bat. Nire testuetako batek honako titularra ekarri zuen La Razon-en: ‘’Las obscenidades también en gallego’’. Eta azpian artikulua zeinean nire kontra egiten zuten, Madrilen jende horrek ez duelako ideiarik ere ‘retranca’ zer den, ez dakitelako mundua ironiatik deskodetzen. Honakoa bezalako gauza surrealistak idatzi zituzten: ‘Un test a estudiantes anima a decir procacidades en ese idioma al hacer el amor’ [‘Drogen eraginpean dauden gazteen inguruko ikerketa soziolinguistikoa’ ipuinari erreferentzia eginez]. Gehiago jakin nahi duenarentzat, HEMEN lotura.
Lan honetako narrazioak laburrak dira, hainbat tonu eta estetika darabilzkizu (gidoiak izan litezkeen elkarrizketak, narrazio batzuen izaera fantastikoa…). Senari jarraitu zenion idazterakoan, edo hainbat estiloetatik ibilbidea egiten saiatu zinen?
Liburuak asko du bat-batekotasunaz eta sormen delirioaz eta apur bat planifikazioaz. Liburuak, bere dimentsio kolektiboagatik, ahots narratzaile asko eskatzen zituen eta berez askoz gehiago nituen; berrogei hauek berrehunen arteko selekzioa izan ziren, haietako asko amaitu gabeak. Esperimentazio asko egon zen, eta ahozkotasunarekiko konfiantza asko. Adibidez, liburuko tonuetako bat irratigintzan izandako esperientziak eman zidan, lagun baten umore saioan egindako lehen kolaborazioaren ostean lagun horrek esan zidan: Sechu, zelako tostoia bota duzun. Hurrengo egunean liburuko lehen kontakizuna izango zena idatzia nuen, bost-sei urteko haur baten ahotsean beste kide batek irakurri zuena. Beste narrazio batzuk surrealismotik heldu ziren, mundu paranormaletik, publizitatetik, poesiatik, beste bat film labur bat egiteko pentsatua zen… moduren batean gure garaiko ezaugarri hori dauka: alde batetik zatikatzea eta dispertsioa, bestetik ihes egiteko eta batasuna lortzeko beharra.
Literatura gai zehatzak esploratzeko modua izan daiteke, soziolinguistika bezalako arloak jendeari beste modu batean gerturatzeko?
Kontua ez da liburu hau –edo beste sorkuntza kultural batzuk- interbentzio soziolinguistikoaren emaitza izatea. Gertatzen dena da liburu hau sortzen dela testuinguru sozial batean zeinean literaturak ez duen parte hartu beste erremediorik. Baina ez normalizazio plan baten barruan, ez ezer antzekorik, sorkuntza esperientzia total batean baizik, sorkuntza bulkada erradikala. Gatazka politikoak, kulturalak, identitarioak bizi ditugun gizarteok, Galiza edo Euskal Herria edo Kurdistan bezala, estaturik gabeko nazioen gatazka, historia osoan zehar idatzi diren maitasuna eta heriotza bezalako gaiez gain beste hainbat kontu ditugu esateko. Noski, estatu handietako literaturak ez dira sekula kezkatu zanpatutako herrien ahotsekin. Nik literatura ikusten dut inguratzen nauten afektu eta inteligentzia kolektiboak errepresentatzeko modu bat bezala, neurri handi batean originala, amestua, asmatua eta idazketaren unean eraikia izanik ere sorkuntza kolektibo prozesu bat sor lezakeena irakurria izateko orduan, eraldaketa soziala azken batean. Baina hau gai hauekin eta beste batzuekin gertatzen da hori.
Made in Galiza atera zenuenetik jarraitu duzu publikatzen, narrazioa, poesia, antzerkia… zen unetan dago Sechu Sende egun?
Nire anaiekin nabil gure Arkakusoen Zirkua berritzen, Galiza Pulgas Circus; Kurdistanera egindako bidaiaren inguruan liburu bat prestatzen; Courel mendiari buruzko bidaia liburua egiten; lehenengo galego-eskola autogestionatuan parte hartzen, Escola Semente; narrazioak idatzi eta idatzi nabil eta noizean behin poemaren bat ere; mugimendu sozial galegoetan parte hartzen; soziolinguistikak ilusionismoa eta telepatiarekin izan dezakeen harreman arakatu nahian, horrekin show moduko ikuskizun bat sortzeko, ahozkotasunaren, magiaren eta ilusionismo soziolinguistikoaren pisu handiarekin; ahal dudan guztia irakurtzen, batez ere lan lusofonoak, afrikarrak, eta oroz gain denbora gehien hartzen didana: nire bi alabak nire ustez XXI. mendeko aita batek eduki behar lukeen ardurarekin hezten, hiru urte bata bi hilabetekoa bestea; horrek oso- oso-oso denbora gutxi uzten dit aurreko guztia edo beste edozein proiektu egin ahal izateko. Eta oso ondo daramat. Gizon guztiok jakin behar genituzkeen gauza asko ari naiz ikasten.
TXERRA RODRIGUEZ: Erronka nagusi bat izan du itzulpenak: soziolinguistikaz berba egiten duen liburua da eta egileak asko jolasten du hizkuntzarekin, hizkuntza moldeekin, hizkerarekin.
Nola sortu zitzaizun proiektu honen ideia?
2008an irakurri nuen liburua eta ipuin batzuk itzuli nituen. Baina orduan ez neukan liburua osorik itzultzeko asmorik. Kurduerara itzuli ostean, esan nion neure buruari: kurdueraz egin bada, euskaraz zergatik ez? Eta orduan hasi nintzen itzultzen serio. Iaz ere udan Galizian izan nintzen eta horrek ere bultzada eman zion itzulpen lanari.
Liburua 'Maite zaitut' poemarekin hasten da, zeinak 2012ko data duen. Egileak edizio honetarako sortu duen testua da?
Ez, ez da edizio honetarako sortutako testua. Sechuk bere blogean eman zuen argitara poema eta niri iruditu zitzaidan polita Made in Galizako euskarazko bertsiorako. Sechuri esan eta berak ere oso egoki ikusi zuen poema hori euskarazko MiGn argitara emateko.
Hizkuntza du liburu honek gai nagusi, galiziera bizitzeko orduan sortzen diren borrokak, egoera surrealistak, kontraesanak, ametsak. Euskal hiztunak eta irakurleak ondo baino hobeto ezagutuko dituen gaiak. Ez gabiltza liburu honetako edukietatik urrun, ezta?
Ez, kasu askotan gainera galiziera kendu eta euskara jarrita eta egoerak berdinak dira. Horixe izan da liburu hau gurera ekartzea bultzatu nauena. Hangoen bizipenak, kezkak, ametsak, borrokak eta gatazkak hemengoen oso-oso antzekoak dira, salbuespenak salbuespen. Gainera, gutako askori ezezaguna zaigu Galiziako egoera soziolinguistikoa eta literatura bide polita da bi herrien arteko hizkuntza bizipenak konpartitzeko.
Zeintzuk izan dira erronkarik handienak liburu hau itzultzerakoan?
Erronka nagusi bat izan du itzulpenak: soziolinguistikaz berba egiten duen liburua da eta egileak asko jolasten du hizkuntzarekin, hizkuntza moldeekin, hizkerarekin. Jolas eta jolas aritu da liburuan zehar, askotan bigarren esangurak iradokiz, beste batzuetan bestelako figurak erabiliz. Eta horiek guztiak gurera ekartzea zaila izan da. Era berean, horietako jolas asko egiteko ere galizierak abantailatxoa dauka, gaztelaniatik oso hurbil dagoen hizkuntza delako. Gurea, ordea, gaztelaniatik nahikotxo aldentzen den hizkuntza izanik, gaitzagoa da horien moduko hitz jolasak egitea. Zailtasunak zailtasun, ez dut uste irakurriko duen inork zailtasunak izango dituen hitz jolas horiek harrapatzeko.
Umorea eta ironia ugari du liburuak, zentzu bikoitzak... Zure lanetik lan berezia egin behar izan duzu umorearen ezaugarriak moldatzeko?
Euskarazko moldeak natural egitea izan dut helburu itzulpen osoan zehar. Pentsa, sei biderrez zuzendu dut itzulpen osoa (gehi beste batzuek egin dituzten ekarpenak). Mila buelta eman dizkiet hainbat puntuei, euskara naturala lortzeko asmotan. Lana ekarri du, lan handia, baina emaitzarekin oso pozik nago, itzulpenarekin oso gustura. Merezi izan du, eta orain arte liburua irakurri dutenek gehien azpimarratu duten kontuetako bat izan da euskarazko testuaren gozotasuna. Horrek poztu egiten nau, zeharo poztu ere.
Prozesuan harremanik izan duzu berarekin, egon da nolabaiteko elkarlanik?
Itzultze prozesu osoan harremanetan izan gara Sechu eta biok. Liburuan zehar hartutako erabaki guztiak berarekin batera hartu ditut. Adibidez, Madrith ipuina gaztelaniaz uztea, liburuko gaztelaniazko zatitxoak ez itzultzea, Euskal Herriko erreferentzia batzuk tartekatzea zenbait ipuinetan eta abar. Nire ustez, eta ahal den neurrian, egilearekin batera lan egitea da egokiena itzulpenetan.
Soziolinguistikaren gaiei heltzen die egileak literaturatik, saiakeretan ez ohikoak diren tonuak eta bideak erabiliz. Bide interesgarria izan daiteke hori, zure ustez, hainbat gairen inguruko gogoetak, eztabaidak eta ideiak zabaltzeko?
Soziolinguistikan aritzen naiz lanean, soziolinguistika aplikatuan hain zuzen ere. Eta beharrezkoak dira ikerketa sakonak, beharrezkoak ikerketa aplikatuak eta beharrezkoak diskurtso teoriko sakonak. Baina, era berean, ezinbestekoa da horien guztien dibulgazioa egitea, adituen artean ez geratzeko, are gehiago hizkuntza komunitatea biziberritu nahi badugu. Eta dibulgazioa egiteko mila modu daude, mila modu. Eta horietatik bat literatura da, ipuingintza nahi bada. Bide oso eraginkorra izan daiteke (beste bide batzuk bezala) eta erabili egin behar da, zentzuz. Gainera, umorea gutxi erabili izan da gure gertaeren berri emateko, gure hizkuntzaren bizitza adierazteko. Agonia asko erabili dugu guk. Ez dut esan nahi ez denik erabili behar. Baina behin eta berriro bide horretatik jo behar da? Beti horiei ekin behar? Beste biderik ez dugu sekula urratuko, apur bat bada ere? Iruditzen zait mila eta bostehun bider abiatu behar dugula bide horietatik, probatu, asmatu, edo ez asmatu, estropezu egin, altxatu, berriro probatu eta abar …
Dibulgazioa egitea ezinbestekoa zaigu euskaldunoi. Hiztun ahalmendunak, boteredunak, harroak eta autozentratuak nahi baditugu, dibulgazioa ezinbestekoa da euskaldun horiek janzteko, euskaldun horiek jabearazteko.
Zera diozu hitzaurrean: 'Izan ere, euskaldunok, hizkuntza kontuetan betiere, lepoa ekialdera bihurritzen dugu gehienetan. Gure ispilua ez da izaten askotan mendebaldean dagoen herri galiziarra, nahiz eta elkarrekin amets egiteko herri ederra den'. Zer dugu komunean? Zer dugu ikasteko?
Komunean gauza asko ditugu, baita ezberdintasun nabarmenak ere. Nik bi azpimarratu nahiko nituzke, bi antzekotasun handi.
Batetik, hizkuntza gutxitu gehienetan aurreiritziak eta estereotipoak oso ohikoak izaten dira. Baina harrigarria da galizierazko eta euskarazko hiztunok jasan behar ditugun aurreiritziak berdin-berdinak direla: baserritarkeria, hizkuntzaren gaineko erabilgarritasun uste faltsuak, gutxiespena, auto-gorrotoa, paternalismoa, …
Beste alde batetik, hirien egoera soziolinguistikoa han eta hemen oso antzekoak dira. Vigo eta Coruñako egoera Bilbo, Iruñea, Baiona edo Gasteizko egoera berdintsua da. Erabilera oso baxua, gazteek jakin bai baina erabili ez. Baserri giroan, ordea, han eta hemen egoera antzekoa bada ere, ezberdintasunak badaude. Gainera, historikoki han eta hemen bertako hizkuntza erabili izan dutenak beti izan dira klase apalak (edo apalenak) eta horren islak gaur egun arte heldu dira.
Ikasteko gauza asko dugu, baina batez ere elkarrekin ikasteko, gu haiengandik eta haiek gugandik. Ez dut sinisten maisukerietan, ez dut sinisten guk haiei irakatsi behar diegunik, ezta alderantziz ere. Baina antzeko egoerak bizi dituzten herrietan ikasgai asko daude, alde batetik zein bestetik. Horietan sakondu eta elkarrekin bidetxoa egin beharko genuke.
Albiste honen uberan:
Irakurri 'Euskaraz hitz egiten hasteko instrukzioak', Benito Fizek euskaratua eta moldatua